#
#

Bedeinkapenak

# # #

BIZI-HITZAK ETA KEINUAK

Honelaxe izendatu nahi dugu gure webguneko "txoko" berri hau. Egia esan, "bedeinkazio" kontu honek eta antzeko gai askok "bestelako konnotazio" batzuek eduki dituzte eta edukitzen jarraitu dezakete eta ez hain gozoak eta onurakorrak; alderantziz, magiko eta mirarizko "kutsuz" sarri askotan eta, beste batzuetan, ilundura itxuraz eta, batez ere, beldurra sortuz.

Gure ustez, "BEDEINKATZEAK", beste ezer baino lehen, badu helburu eder, baikor eta gozoa. Hortik dator... "BIZI-HITZAK ETA KEINUAK". Guk uste osoa dugu honetaz, gauzak beren zentzurik egokienean planteatzen eta erabiltzen badira. Hauxe da guk planteatzen dugun HELBURUA, txoko berri hau zabaltzean, egia esan, xumea, baina samur-samurra eta pertsonengandik hur-hurrekoa, haiek bizi dituzten egoeratan eta eguneroko bizibidean laguntzeko.

Izan ere, "BEDEINKATU" diogunean, lehenengo eta behin adierazten duguna Jainkoarekin dugun harremana da: Bera GORETSI eta ESKERTU bere dohainengatik, gure bizi-martxan duen presentziarengatik: "Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna..." (Mt 11, 25), pozarren "oihukatzen" zuen Jesusek. Horregatik, Jaungoikorengana ZABALDU eta bere azkengabeko maitasuna aitortzea da lehenengo pausoa eta... hau giza-bihotzarentzat oso ederra eta onuragarria da!

Eta Jaungoikoak "BEDEIKATZEN" duenean eta hori bihotzez nahi dugunean, orduan gure jarrera ESKARI eta ERREGU bihurtzen da, horrela gure mugatasuna eta bere laguntzaren premia agertuz. Jaungoikoaren bedeinkapenaren zain jartzea ebanjelioan oinarritzen den jarrera oso jatorra da eta, beharbada, pozezko eta gozamenezko bide berri baten hasiera.

Hori dela eta, guzti hauek "bizi-hitz" eta "keinu" dira, beren barruan daramaten EDUKI aberatsa adieraziz. Horrela, ez dezagula izan bedeinkapenen "beldurrik". Honen berri jakiteko, jo dezagun Ebanjelioetara eta han aurkituko dugu Jesus haurrak, gaixoak, ogia eta ardoa bedeinkatzen... horrek adierazi nahi digun guztiarekin. Ez gutxi ere!

Beste datu bat gehiago: "bedeinkatu" edozein fededun gizon nahiz emakumek egin dezake. Hau da, ez da behar apaizik, edozein egoeretan aurkitzen ditugun pertsonei opari hau eskaintzeko. Hori bai, sinismen eta otoitz giroan egin behar da eta modu apal xumean, eskaintzen diogunari on egingo dion segurtasunez.

Bukatzeko eta dena laburbilduz: maite dugun bati opatu genezaizkion onginahirik goxoenak eskaintzeko, hona otoitzik ederrena: "Jainkoak bedeinka zaitzala". Ziur egon ez diozula inori kalterik egingo eta baliteke bakez eta bizipozez betetzea. Proba ezazu, nahi baduzu!

# # #
 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

 

 


bidean@bidean.net
orue