Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Biderako ospakizunak

#
#

IBILIAN - Bidea hasten dugu

# # #

IBILIAN - Bidea hasten dugu

#

# # #
#
#
# # #

Girotu

 

AURRETIAZKO OHARRA

Ospakizuna modu errazenean aurkezteko, hemen argibide-oharrik ez sartzea erabaki dugu.

Ospakizun honi erantsitako WORD artxiboan otoitz-ospakizunaren dinamikan lagundu eta erraztu dezaketen pastoraltzarako ohar ezberdinak eskaintzen ditugu. Kontuan izatea gomendatzen dizuegu.


SARRERA OHARRA

Anai-arrebok eta lagunok: bidean jartzen gara.

Maisuak gonbidatzen gaitu. Hilabete batzuetako ibilbidea hasten dugu. Eta ondo hasteak bere garrantzia du: begiak zabalik eta bihotza adi.

Bidean ustekabeak izango ditugu eta pozezko uneak ere bai: gozatzeko, dastatzeko eta elkarbanatzeko prestatzen gera. Izango dira, noraezean edo galduta lez sentitzen garen uneak.

Jar ditzagun gure begiak eta gure bihotza Maisuarengan, bera gurekin dator… eta ezagutzen du bidea. Abantaila hori dugu. Horregatik “beldurrak” eta “atzera begiratzeak” ez dute balio.

Elkarrekin bidea egin nahi dugunok elkartu gara gaur. Hauxe da otoitz giroan egiten dugun proposamena.

Isil unetxo baten, geure begiak eta bihotza irekiz, Jesus Maisuaren posterra begiratzen dugu. Isiltasunean, gure hitzak eta sentimenduak berari zuzentzen dizkiogu.


KANTUA

Gure gogoak biltzen ditugu eta elkarrekin kantatu.

Maitasun ta zuzentasunez dezagun
lortu anaien askatasun,
badator eta Jaunaren betiko egun.
Hor dugu distiratsu egunsentiko argitasun.

ELKARTUTA GOAZEN AURRERA KANTARI,
BIDEAK ZABALDUZ BETIKO POZARI (bir).


Zerua eta lurra berriztaturik,
orduan ez da izango minik,
ez da izango negarrik, ez heriotzarik,
Jainkoa gure Jainko, gu bere herri betiko pozik.

ELKARTUTA GOAZEN AURRERA KANTARI,
BIDEAK ZABALDUZ BETIKO POZARI (bir).

# # #
#
#
# # #

Ezaugarriak

 

BIZKAR-ZORROA ETA MAKILA

OHARRA: Jauna, bidea egiteko, bizkar-zorro eta makila hau aurkezten dizkizugu. Zuk dioskuzu, “jaiki eta ibili”: gonbidapena eta agindua dugu. Jauna, ilusioa eta beldurrak nahastean bizi ditugu, baina nahi dugu. Zu gurekin zatozela jakinik, aurrera egin nahi dugu.


IKAS URTEKO PASTORAL EGITARAUA

OHARRA: Jauna, ez dugu nahi inuzenteak izatea, ezta “datorrena” beste barik hartzea. Ez. Horregatik egin nahi duguna idazten ahalegindu gara eta gaur hemen aurkezten dizkizugu.


BIBLIA

OHARRA: Zure Hitza aurkezten dizkizugu, Jauna. Gure bidea argitu eta zuzenduko duana zure Hitza izatea nahi dugu. Bakarka eta elkartean zure hitza irakurriz zure proposamenak eta eskaintzen diguzun bidea kontuan izatea nahi ditugu. Zure Espirituak lagun gaitzala.

# # #
#
#
# # #

Aldarria

 

OHARRA

Anai-arrebok: gure herrietako jaiak eta beste jai berezi batzuk ere euren iragarpena edo pregoia izaten dute. Gehien bat zer ospatzen dugun eta zelan ospatuko ditugun agertzeko izaten dira. Baita ere herria parte hartzera gonbidatzen da.

Jesusen jarraitzaileok ere badugu zerbait aldarrikatzeko. Gure pozak eta alaitasunak sustrai sendoak ditu eta ondo datorkigu hori gogoratzea.

Ibilbidearen hasieran presta gaitezen gure gogoak agertuz bidean aurrera egiteko.

Sinesmenez eta pozez entzuten dugu.


IRAGARPEN-PREGOIAREN ALDARRIA

Anai arrebok:
gaur eta hemen, Jesukristo Berpiztuak
elkartu gaitu
eta hurrengo hau gogoratzen digu:
“Bi edo hiru nire izenean elkartzen direnean
euren erdian nago ni”
.

Gure bihotzak berotzeko
Bera gure artean dagoela konturaturik
barru-barrutik,
sinesmen gorapen hau aldarrikatzen dugu:

Danok:
JESUS MUNDUKO ARGIA.
JESUS ZINEZKO EGIA.
JESUS BETIKO BIZIA.


Jesus Jauna,
Zuk argitzen duzu gure bidea;
Zu gurekin zatoz;
zure Erreinuaren proposamena egiten diguzu,
Aita-Amak zuri egindako proposamena guri luzatuz.
Zure hitzak guretzat benetan janari dira;
zure mahai inguruan elkartzen gaituzu
anaitasunaren indarra gure barruan sartzeko.
Horregatik berriro diotsugu:

Danok:
JESUS MUNDUKO ARGIA.
JESUS ZINEZKO EGIA.
JESUS BETIKO BIZIA.


Jesus Jauna,
gaur hasten dugun ibilbide berria
Zurekin batera egin nahi dugu;
zure arnasa sentidu nahi dugu;
gurekin batera izerditan ikusi nahi zaitugu;
zure ezpainetatik
BIZIAREN EBANJELIOA entzun nahi dugu,
bere freskotasuna eta indarra sentitu,
bere deiak eta proposamenak.
Zuri entzunez,
zure Ebanjelioaz maitemindu nahi dugu.
Horregatik diotsugu:

Danok:
JESUS MUNDUKO ARGIA.
JESUS ZINEZKO EGIA.
JESUS BETIKO BIZIA.


Jesus Jauna,
barrutik ezagutzen gaituzu,
gure ilunaldiak eta neke aldiak ezagutzen dituzu.
Baina gure gogoa,
ilusioa eta itxaropena ere ezagutzen duzu.
Horregatik gaur berriro diotsugu,
Zugan SINESTEN dugula, Zugan ITXARON,
Zurekin batera BIDEA egiteak pozten gaituela.
Jesus Berpiztua, konta gurekin
eta elkarrekin Aita-Amaren egitasmoa
egi bihurtzen joan gaitezela.
Horregatik diotsugu:

Danok:
JESUS MUNDUKO ARGIA.
JESUS ZINEZKO EGIA.
JESUS BETIKO BIZIA.

# # #
#
#
# # #

Hitzaren argitan

 

OHARRA

Anai-arrebok: Maisuari entzuteko prestatzen gara, bere Hitza onartzeko. Hitz esanguratsuak entzungo ditugu, baita zorrotzak ere. Jesus bera ere bere “Orduan” aurkitzen da; Aita-Amak beretzat pentsatuta duen egitasmoaren aurrean, aske egon onartzeko.

Onena zer den badakielako, ez inork ez ezerk ez du geldituko. Ziur egote horretatik, eta Bera ezagutu nahi dutenei erantzuna izan dezagun, BIDE konkretu hau eskaintzen digu. Entzun dezagun.


EBANJELIOA: Joan 12, 20-28.

Jaietan Jainkoari kultu ematera joan zirenen artean baziren greziar batzuk. Hauek Galileako Betsaidako Felipegana hurbildu eta eskabide hau egin zioten:
- «Jauna, Jesus ikusi nahi genuke».

Felipe Andresi esatera joan zen, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi jakinarazi zioten. Jesusek erantzun zien:
- «Iritsi da Gizonaren Semearen aintza azalduko den ordua. Bene-benetan diotsuet: gari-alea, lurrean sartu eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; hiltzen bada, ordea, fruitu asko ematen du. Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du.

Nire zerbitzari izan nahi duenak jarrai biezat eta, ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dena Aitak ohoratu egingo du.

Larri dut orain neure barrua. Baina zer esan? Larrialdi honetatik ateratzeko eskatuko al diot Aitari? Ez horixe, honetarakoxe etorri bainaiz! Aita, azaldu zeure aintza!».


IRAKURRITAKO ZATIARI BURUZKO GOGOETA LABUR BATZUK

(Beharrezkoa ikusten baldin bada)


ELKARTEAREN ERANTZUNA

Danok:
ZU GABE, JESUS NORA
JOANGO GARA GU?
ZUK BETIKO BIZITZAKO
HITZAK, JAUNA DITUZU.


Zu gure maisu zaitugu, zu gure gidari,
zure Hitza guretzat indar eta argi.

Maitasunezkoa dugu, Jauna, zure Hitza,
zu zaitugu egia, bidea, bizitza.

# # #
#
#
# # #

Otoitz unea

 

OHARRA - AZALPENA

Jesusen PROPOSAMENA entzun dugu. Bihotzera hitz egin digu. Orain gure barrua Berari eta anai-arrebei zabaltzen diegu.

Otoitzerako minutu batzuk izango ditugu. Bakez. Prisa gabe. Sakontasunez. Gure bihotz barruaren isiltasunean egiten dugu otoitz.

Baina apaltasunez gure hitza ere erabili genezake, Jesusi zerbait esateko, otoitz bat egiteko, zerbait eskatu, batez be otoitzean elkartu garan Taldearen alde eta gure ELKARTE osoaren alde.

Parte hartzera animatzen bagara, bakoitzaren ondoren ere isilunetxoa egiten dugu, entzundakoa geureganatzeko.

Bakez sentitzen gara une honetan.


NORBANAKOEN OTOITZA

(Aurreko oharra jarraituz egiten da.

Gura izan dutenak parte hartu ondoren, ELKARTEKO OTOITZA egiten da; ondoren datorrena edo beste bat)


ELKARTEKO OTOITZA

JESUS JAUNA

Jesus, ez duzu eskurik;
gure eskuak bakarrik dituzu,
zuzentasunezko eta anaitasunezko
mundu berri bat eraikitzeko.

Jesus, ez duzu oinik;
gure oinak bakarrik dituzu,
zapalduak askatasun bidean ipintzeko.

Jesus, ez duzu ezpainik;
gure ezpainak baino ez dituzu,
behartsuei askatasunaren Berri Ona iragartzeko.

Jesus, ez duzu bitartekorik;
gure ekintza baino ez duzu,
gizon-emakume guztiak anai-arreba izan gaitezen.

Jesus, ez duzu iragarlerik;
bakarrik gure testigantza,
biziaren bide bila dabiltzanak aurkitu dagien.

Jesus, zure Ebanjelioa geu gara,
gure bizitzak, ekintza eta hitz eraginkorrak badira,
jendeak irakurri lezaken Ebanjelio bakarra.

Jesus, zure elkartean,
gure eliz elkartean,
zure aurpegia munduari erakutsiko dien
pertsona bokaziodunak behar ditugu.

# # #
#
#
# # #

Konpromezurako unea

 

OHARRA - AZALPENA

“IBILIAN. BIDEA HASTEN DUGU”: batzar honen eta ospakizunaren goiburua izan dugu. Bukatu aurretik, ahalegintxo bat egingo dugu, hemen entzundakoa, hausnartutakoa eta ospatutakoa, bakoitzak zelan bizi izango dugun agertzeko. BAKOITZAREN KONPROMISOA agertzeko unea dugu.

Otoitz giroan egingo dugu; zentzuz eta elkarteko konpromisoari begira bizitzeko era bakarra dugu.

Era bitara egin genezake: norberak duan konpromisoa era laburrean esanez; edo, ospakizunaren hasieratik aurrean ditugun ezaugarrietako bat hartu (niretzat esanguratsuena dena) eta elkarteari erakutsi, bere lekuan utzi eta norberaren tokira joan. Bigarren era hau isiltasunean egiten dugu.

Bakarkako konpromisoa, ahoz esaten denean, ondoren abestu genezake:

ESKERRIK ASKO, JAUNA BIHOTZ BIHOTZETIK.
ESKERRIK ASKO, JAUNA, ORAIN ETA BETI.


Une hau askatasunez biziko dugu. Garrantzitsuena bakoitzak bere barnean hartu duan konpromisoa da.

# # #
#
#
# # #

Agurra

 

OHARRA

Anai-arrebok: ospakizun hau amaitzera goaz. “IBILIAN. BIDEA HASTEN DUGU” izan da proposamena. Honek esan nahi du erronka ederra dugula aurrean. Ospakizunaren amaieran, Mariarengana hurbiltzen gara: bere bizitza osoa bidean egotea izan zen. Nazareteko Maria dugu, Jesusen Ama. Bere laguntzak, segurutik, ziurtasuna sortuko digu.

Berari abestuz bukatzen dugu gaurko ospakizuna.


AZKEN ABESTIA

Zure errukizko begiak, Ama,
arren itzuli izkidazu.
Negarrez dagon seme gaixoa
gozatutzen badakizu.
Ama zara ta semeen alde
zuk zer egingo ez duzu?
Gure saminak gozatutzeko
zaude bai hor altaran zu.
Ama zara ta semeen alde…

Hortikan zaude Euskal herriko
seme gaixoei begira;
gaur zure seme horien kontrako
etsaiak ugari dira.
Zugana gatoz, Ama maitea,
zure babespe argira;
isuri zazu zure indarra
Euskal bihotzen erdira.
Zugana gatoz Ama maitea…

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue