Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Biderako ospakizunak

#
#

MARIAREKIN JESUSEKIN bat egin

# # #

MARIAREKIN JESUSEKIN bat egin

#

# # #
#
#
# # #

Girotu

 

AURRETIAZKO OHARRA

Ospakizuna modu errazenean aurkezteko, hemen argibide-oharrik ez sartzea erabaki dugu.

Ospakizun honi erantsitako WORD artxiboan otoitz-ospakizunaren dinamikan lagundu eta erraztu dezaketen pastoraltzarako ohar ezberdinak eskaintzen ditugu. Kontuan izatea gomendatzen dizuegu.


SARRERA

Senide eta lagunok: ondo etorriak ospakizun honetara.

Har dezagun Mariaren irudiarekin eman zaigun orritxoa, eta isilunea egiten dugu, begiratzeko, pentsatzeko eta otoitz egiteko.

(isilunea)

ABENDUAN gaude, graziaz eta biziaz beteriko aldia. Itxaroten genuena eta gure artean dugunaren bila irteteko aldia. Horregatik ez da gertatutakoaren “gogoratze hutsa”; gure jarrera benetakoa bada eta bera hartzeko prestatzen bagara GAUR eta HEMEN ere gertatuko da.

Eta ibilbide honetan NAZARETEKO MARIA lagunik onena dugu. Itxarote hori, beste inork bizi izan ez duen bezala bizi izan zuen berak. “Jainkoa gure artean” izatearen aurrean, “Amari” eta “sinesmendunari” begiratzea lagungarri zaizkigu: Hortik gaurko ospakizunaren ikurra edo esaldi nagusia: “Mariarekin Jesusekin bat egin”.

Mariarekin bat egiten dugu, eta itxarote aldi honetan berari begiratuz eta bere sentipenak geureganatzen ahaleginduz, Mariaren begiekin eta bihotzarekin begiratzera konbidatuak gaude. Bakez egiten dugu.

Ospakizun hau isiltasunean hasten dugu. “Estalpera” ere begiratzen dugu, bizia emango dien elementuak gogoratuz.

(Isilune luze samarra)


KANTUA

Otoitzean elkartu eta Maria ondoan sentitzearen poza agertzen eta eskertzen ditugu hurrengo kantu honekin.

AMA ZARA TA

1

Ama zara ta Birjina,
Jesusen Ama Maria;
agur zuri, agur ta erdi,
sortzetik garbi garbia. Amen.

2

Egilearen alaba,
Ama zaitu Egileak;
zure sabela izan du
sorleku Jainko-Semeak.

3

Espiritu Santuaren
egitez sortu zenduan:
geroztik dago gurekin
Jainko-Semea munduan.

# # #
#
#
# # #

Ezaugarriak

 

LAU KANDELAK

OHARRA: Abenduko koroia eta lau kandelak gure elizan ditugu eta ezaguna egiten zaigu. “Lau kandelak” abendu aldiko, Jesusen etorrera prestatzeko lau igandeak gogoratzen dizkigute. Jesus gurekin egotera dator eta hori prestatu beharra dago. Bihotzez prestatu eta bizitzen ahaleginduko gara.


KARTELA

OHARRA: Zerbait inportantea gertatu behar denaren aurrean Mariaren jarrera gogoratzen digu kartel honek. “FIAT” – “EGIN BEDI” horrekin Mariak bere jarrera agertzen digu. Bera prest dago; Jainkoaren gurariak betetzeko prest.


KUTXATXOA

OHARRA: KUTXATXO honekin hauxe agertu nahi dugu: Mariak altxor bat daukala eta guri eskaintzen digula. Altxor hori JESUS dugu: Jainkoa gure artean. Hurbildu gaitezen altxor horretara eta ikusi, ukitu eta gozatu dagigun.

# # #
#
#
# # #

Aldarria

 

SARRERA

Senideok: jaien hasierak momentu berezi bat edukitzen dute. Pregoiak, egun horiek lagun artean jai eginez eta pozez bizitzera konbidatzen gaituzte.

Guk, gaur gizadiaren historian behin bakarrik gertatutako zerbait berezia dugu ospatzeko: Jainkoak gizon egitea erabaki du, gizakiokin, BIZITZAREN BIDEA egiteko. Albiste ederra.

Baina Jainko honek ez du inor behartzen; berak ESKAINTZA egiten du, eman egiten zaigu, baina BAKOITZAK ONARTU behar du. Horrela ez baldin bada, ezerezean geldituko da dena eta ez du gure bizitza ukituko.

Barri Ona sinesmenez entzun eta onartzeko prestatzen gara.


IRAGARPEN - PREGOIAREN ALDARRIA

Senideok:
Graziazko aldian gaudela iragartzen dizuet:
ABENDUAN gaude.
Horregatik, jaso begiak eta begiratu zerumugara.
Oraintxe da ordua,
ireki gure begiak eta bihotzak
gure historiaren ateak joten dabilen
BERRI ONA onartzeko:
Profetak iragarpen hau egiten digu:
“Jeseren enborretik kimu berria irtengo da,
sustrai berria loratuko”
.
Gu, anai-arrebok,
Berri On hau eskaintzen zaien
pribilegiatuak gara.

Egia dela sinisturik,
eta gure barnea uki lezakeela onarturik,
bihotzez esaten dugu

Danok:
ZATOZ, JAUNA, LEHENBAITLEHEN,
ZATOZ, ZURE EGARRI GARA.
ZATOZ, JAUNA, LEHENBAITLEHEN,
ZATOZ GUREGANA.


Anai-arrebok,
beste behin ere zerumugan itxaropena sortzen da.
Ostean, egunsentia lez, EGUBERRIAK ditugu.
Eta bidean,
emakume apal bat
presentzia berriaren SEINALE dugu.

NAZARETEKO MARIA dugu.
Jainkoaren ezustekora irekirik bizi da,
eta baldintza bako “FIAT” esaten du,
Jainkoaren promesak beteko direla itxaroten dualako.

Danok:
AMA MAITE, MARIA,
EGIGUZU LAGUN,
ZURE BITARTEZ JESUS
IKUSI DEZAGUN.


Gaur, anai-arrebok,
Mariaren antzera,
Jainkoaren AGINTZARIEI irekitzen diegu gure barnea,
eta profeten iragarpenak entzuten,
Jainkoa bere herria ikustera datorrelako.

Mariarekin batera goaz,
gure gogoa
BAKEAREN MEZULARIAREKIN AURKITZEA delako,
Jesu Kristo berbera,
Mariak bere sabelean daramana.
Horregatik erregutzen dugu:

Danok:
ZATOZ, JAUNA, LEHENBAITLEHEN,
ZATOZ, ZURE EGARRI GARA.
ZATOZ, JAUNA, LEHENBAITLEHEN,
ZATOZ GUREGANA.


Eta zu, Maria,
itxaropenaren emakumea eta etorriko denaren Semearen Ama,
hartu gaitzazu zure ondoan,
zure antzera,
Jainkoaren nahia onartzen ikasi dezagun,
naiz eta batzuetan ulertu ez bere bideak.

Gure Ama,
zure presentziak konfiantza ematen digu,
Jainkoaren maitasunaren Berri Ona dakarkigun
Harengana heltzeko,
BIDERIK ziurrena zaitugulako.
Horregatik bihotzez diotsugu:

Danok:
AMA MAITE, MARIA,
EGIGUZU LAGUN,
ZURE BITARTEZ JESUS
IKUSI DEZAGUN.

# # #
#
#
# # #

Hitzaren argitan

 

SARRERA

Senideok: Jainkoak bere herriari zuzendutako Hitza entzutera goaz. Hitz horrek momentu berezi bat izan du: Bere Semeagan gugana hurreratu den momentu paregabea.

Gaur, bihotz apalez entzun eta onartuko dugun zatia, herriko emakumea den Isabelek, Mariagan Jainkoaren miragarriak aurkitzen dituan unea da. Jainkoaren Espirituaren eraginez, Mariari hitz gozoak eta ederrak zuzentzen dizkio; MAITASUNAREN MISTERIOA aurkitzen lagunduko diguten hitzak dira. Mariak ere, berak bizi duan guztia, kantu eder baten labur bilduko digu: bere sinesmenaren laburpena bezala dugu.

Isabelengan eta Mariarengan izan zuen eragina, gugan ere izan dagian, Biziaren Hitz hori onartzeko eta hausnartzeko prestatzen gara.


EBANJELIOA: Lukas 1, 39-56.

Aldi hartan, Maria jaiki eta bizi-bizi mendi-aldera joan zen, Judeako herri batera; eta Zakariasenean sartu, eta Isabeli agur egin zion.
Isabelek Mariaren agurra entzun zuen orduko, jauzi egin zion haurrak sabelean. Isabel Espiritu Santuaz bete zen, eta honela esan zuen oihu handiz:
- «Bedeinkatua zu emakumeen artean, eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua. Nondik niri, nire Jaunaren ama nigana etortzea? Zure agurra nire belarrietara iritsi orduko, jauzi egin dit haurrak pozez sabelean. Zorionekoa zu, sinistu duzulako, beteko bait du Jaunak esan dizuna!».

Orduan Mariak esan zuen:

- «Handiesten du nire arimak Jauna,
pozaren pozez daukat nire barrena;
Jainkoa bait da nire salbamena,
ikusi bait du mirabe honen ezereztasuna.
Dohatsu deituko naute gaurdanik gizaldi guztiek,
handiak egin bait dizkit Ahalguztidunak:
Santua da Haren izena,
eta Haren errukia gizaldiz gizaldi,
beldur diotenengana.
Bere besoaren indarra erabili du,
buruharroak suntsitu ditu;
bota ditu beren aulkitik handizkiak,
eta gora jaso ditu ezerezak;
ondasunez bete ditu gose zeudenak,
eta esku-hutsik bidali asko zutenak.
Bere gain hartu du Israel, bere morroia,
errukia gogora zaiola;
gure gurasoei hala zien hitzemana,
Abrahani eta ondorengoei betiko esana».

Hiru hilabete-inguru egon zen Maria Isabelekin, eta gero etxera joan zen.


IRAKURRITAKO ZATIARI BURUZKO GOGOETA LABUR BATZUK

(Beharrezkoa ikusten baldin bada)


ELKARTEAREN ERANTZUNA

SARRERA

Jainkoaren Hitza entzun ondoren, hurrengo kantu honen bidez, Abendu giroan sartzen ahalegintzen gara.

Zatoz, Jauna! Gaur zain duzu mundua,
zorigaitzez hain da hondatua!
Zatoz, Jauna! Zabal, otoi, zerua:
Etor bedi zure erreinua. (bir)

Zatoz, Jauna! Nausi da-ta dirua:
jendea maiz dauka zapaldua.
Entzun, Jauna, behartsuen oihua:
Etor bedi zure erreinua. (bir)

Zatoz, Jauna! Hor gabiltza gauez gau:
biztu gugan fedearen sua.
Zatoz, Jauna! Argitu Zeuk mundu hau:
Etor bedi zure erreinua. (bir)

Zatoz, Jauna! Maitasunez gu bete:
jendeek alkar ezin hartu dute.
Zatoz, Jauna! Zuk bat egin mundua:
Etor bedi zure erreinua. (bir)

# # #
#
#
# # #

Otoitz unea

 

OHARRA - AZALPENA

Ebanjelioko zatian, gure sinesmenerako hain garrantzi handiko momentua prestatzeko eta bizi izateko emakume biren JARRERAK entzun ditugu. Euren bizi izateko, sinesteko eta itxaroteko era, Salbatzailearekin elkartu nahi dugunontzat, era jatorra eta benetako BIDEA dugu.

ELKARTE bezala OTOITZ egingo dugu. Bakez egingo dugu, prisa barik, bihotzez. Mariari begiratuz, gure bihotzaren isiltasunean egingo dugu otoitz.

Otoitz alditxo honetan Maria dugu bide-lagun. Bere jarrera, bere berbak, bere era… geureak egiten ahalegindu. Eta geure barruan sentitzen duguna, guztion onerako esan nahi baldin badugu, askatasun guztiarekin egiten dugu.

Elkarteko otoitz honetan, Belenera doan bide horretan aurkitzen ditugun ezaugarriak ere lagungarriak gerta bekizkigu.

Une hau bakean gozatzen dugu.


NORBANAKOEN OTOITZA

(Oharrean esandako eran egiten da)


ELKARTEKO OTOITZA

AGUR ZURI, MARIA

Agur diotsut, Maria,
Jauna zurekin dagoelako,
zure etxean, zure kalean, zure herrian,
zure besarkadan, zure erraietan.

Agur diotsut, Maria,
beldur izan zinelako
-nor ez beldurtu horrelako albiste baten aurrean?-,
baina laster bakez eta adorez jabetu zinen
eta har-lako bidali bati sinistu zenion.

Agur diotsut, Maria,
ulertu ez zenuena galdetu zenuelako
-goitiko mezua izan arren-,
eta ez zenuen eman bai arin eta bai itsu bat,
bestela baizik, zerorren hitzez elkarrizketara jo zenuen.

Agur diotsut, Maria,
sortu eta argitara ekarri zenuelako
haur bat, Jesus, bizia;
erakutsi ederra emanez:
bizia sortu eta landu egin behar dela
Jaungoikoa presente egin nahi badugu.

Agur diotsut, Maria,
Espirituaren esanera jarri zinelako
eta bere itzalean iraun zenuelako,
nola ekaitzean, hala barealdian,
Jaungoikoari Jaungoiko izaten utziz
eta zu zerori izateari utzi gabe.

Agur diotsut, Maria,
gure bizitzari aukera berriak zabaldu zenizkiolako,
zure lehengusua zaintzera joan zinen,
berriona berarekin konpartitu zenuen,
eta ez zinen aspergarri egin.

Agur diotsut, Maria,
Yaberen hondarren arreba erromesa.
Zatoz bidean gurekin,
besteekin batera eraman gaitzazu
eta eutsi gure sinismenari.


Ulibarri, Fl.

# # #
#
#
# # #

Konpromezurako unea

 

OHARRA - AZALPENA

“MARIAREKIN JESUSEKIN BAT EGIN” izan da otoitz-ospakizun honen goiburua. Abenduko bidean, gutariko bakoitzak zelan bizi izango dugun agertzeko unea dugu orain. NIRE KONPROMISOA bizitzeko eta agertzeko unea da.

OTOITZ giroan egiten dugu, horrela lortuko dugu pozez beteko gaituen konpromiso bat egitea.

Ezaugarri batekin hasten gara: elkartzeko buru egiten duanak, JESUS UMEA aurkeztuko digu, eta erdizka dagoen “jaiotza” horretan ipiniko.

Une hau barne-barnetik bizi dugu.

(Isiltasun osoz egiten dugu)

Jarrai dezagun. Elkartean bakarka hartu dugun GURE KONPROMISOA onartzen du Jesusek.

Nahi duenak, elkartearen aurrean esaten du bere konpromisoa. Guztiok geure bihotzean erabiltzen dugu konpromiso hori.

Konpromisoak esan egiten badira, eskerrak emanez erantzuten dugu:

ESKERRIK ASKO, JAUNA, BIHOTZ BIHOTZETIK.
ESKERRIK ASKO, JAUNA ORAIN ETA BETI.

Inor ez behartu; aske eta bare sentidu gaitezela. Garrantzitsuena bakoitzak bere barnean hartzen duan konpromisoa da.

# # #
#
#
# # #

Agurra

 

OHARRA

Senide eta lagunok: otoitz-ospakizun hau bukatzera goaz.

“MARIAREKIN JESUSEKIN BAT EGIN” izan da hasieratik agertu zaiguna. Maria, Isabel eta bihotz oneko beste pertsona askoren antzera, EGIN BEHAR DUGUN BIDEA proposatzen zaigu.

Aukera ederra dugu abendu eta Gabon aldian. Gure bizitzan hartu genezaken erregalurik ederrena izango dugu.

Isabel eta Mariaren arteko hitzak gogoratuz, kantu honekin bukatzen dugu gure otoitz-ospakizuna.


AZKEN ABESTIA

Gora ta gora daukat bihotza nik kantari,
gora ta gora Jaun onari.


Gora ta gora / daukat bihotza / nik kantari,
gora ta gora / Jaun onari.
Pozaren pozez / gainezka daukat / nik gogoa
Salbatzaile dut / Jaungoikoa.

Mirabe honen / ezereza du / Hark ikusi,
ta munduak ni / handietsi.
Handiak egin / dizkit guztia / dezakeenak
Santua du Hark / bere izena.

Bere errukia / gizaldietan / gainez dago
beldur dioten / denentzako.
Bere besoaz / harrigarriak / egin ditu;
bihotz harroak / barreiatu.

Ahaltsu direnak / euren aulkitik / bota ditu,
apalak, berriz / goraltxatu.
Gose direnak / ondasunetan / ditu ase;
aseak, berriz / utzi gose.

Aintza Aitari / gizon egin zen / Semeari
ta Espiritu / Santuari.
Lehen zen bezala / eurei aintza / orain ere
hala dadila / beti ere.

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue