Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Biderako ospakizunak

#
#

Jaun BERPIZTUAREKIN bat egin

# # #

Jaun BERPIZTUAREKIN bat egin

#

# # #
#
#
# # #

Girotu

 

AURRETIAZKO OHARRA

Ospakizuna modu errazenean aurkezteko, hemen argibide-oharrik ez sartzea erabaki dugu.

Ospakizun honi erantsitako WORD artxiboan otoitz-ospakizunaren dinamikan lagundu eta erraztu dezaketen pastoraltzarako ohar ezberdinak eskaintzen ditugu. Kontuan izatea gomendatzen dizuegu.


SARRERA

Senide eta lagunok: PAZKO ZORIONTSUAK guztioi!

Elkarri eskaintzen diogun agurra da. Badugu horretarako arrazoirik. BERE IBILBIDEAN laguntzen digun eta BERE JARRAITZAILEAK izan gura dugun Jesus hau, honek garaitu du gaitza eta heriotza bera. Jainko berbera izan da horrela erabaki eta burutu duena. Hauxe da gure pazkoko agurraren arrazoia.

Horregatik, GAUR, Pazkoko aldi honetan, poz honetan sakontzeko eta hain sakona den ESPERIENTZIA hori GAURKOTZEN eta BIZIBERRITZEN elkar animatzen gara. Izan ere, Pazkoa, Jaun berpiztuarekin AURKITZEKO gonbidapen pozgarria da; utzi diezaiogun gure bihotza ukitzen eta eraldatzen bere bizi-estiloa guganatu arte.

Hau da gure gaurko topaketaren arrazoia. Hori dela eta ZEINU berezi batekin hasiko dugu: INTSENTSUAK topaketa-ospakizun hau girotu dezala eta bere anai-arreben artean aurkitzen den Jaun Berpiztuaren aintzarako izan dadila.

Bakez eta pozez bizi dugu momentu hau. Jaun Berpiztuari egiten diogun agurra dugu.


KANTUA

Orain, kantu honekin, gure pazko poza agertzen dugu.

Abestu dezagun denok
misterio handiena;
garaiturik heriotza,
piztu da Jesus Jainkoa.

Aleluia!, Aleluia!
hilobitik piztu Jauna! (bir)


Ekaitzaren ondorean
eguzkia agertzen da;
garaiturik heriotza,
Jesus ona berpiztu da.

# # #
#
#
# # #

Ezaugarriak

 

PAZKO ZUZIA

OHARRA: Jauna, Pazko Gaubeilako su berrian isiotutako PAZKO ZUZIA begira gaude. Bertan zure presentzia bizia ikusten dugu. Zuzi honek gure ibilbidea argitu, gure bihotza berotu eta gure sinesmena sendotzen du. Eskerrik asko, Jauna, egin diguzun erregaluagatik.


UR BEDEINKATU ONTZIA

OHARRA: Jauna, Pazko Gaubeilan URA beste elementu garrantzitsu bat izan zen; Egiptoko esklabotasunetik askatzea agertzen du batetik, eta Kristo Berpiztua den UR BIZIAN murgiltzea bestetik. Gure BATAIOA han berritu genuen eta Jesusen antzera BIZI BERRI bat bizitzeko konpromisoa eskuratu. Eskerrik asko, Jauna, gure Bataioaren dohainagatik.


KANPOKO LORA SORTA BAT

OHARRA: Lora sorta honek, Jauna, Jesusen Pazkoan bizi berria agertzen digu eta horrek dakarren edertasuna. Eskerrak bihotzez, pazko honetan bizi dugun guztiagatik. Gure bizitza edertasunez beteriko lora txorta honen antzekoa izatea gustatuko litzaiguke.


INAUSTEKO ARTAZIAK

OHARRA: Baina kontzienteak gara, Jauna, Jaun Berpiztuarekin AURKITZEAK, gure bizitza landu beharra ekarriko digula. Zure laguntzarekin, prest gaude zuk gure bizitzak landu ditzazun, fruitu berriak eta ugariak eman ditzagun.

# # #
#
#
# # #

Aldarria

 

SARRERA

Senideok: Pazkoak, kristau sinesmenaren jazoerarik nagusiena den ezkero IRAGARPEN BAT, PREGOI bat eskatzen du. Jainko Aita-amak arrazoia eman dio Nazareteko Jesusi BETIKO BIZIA emanez.

Badugu arrazoirik pozik egoteko. Bere Elkartekook, bere Eliza garenok, lau haizetara aldarrikatzen dugu, gure KANTU, HITZ eta EKINTZEKIN. Jesukristoren piztueraz MUNDU BERRI berri baten hasiera aldarrikatzen dugu.

Momentu hau sakontasunez bizitzeko prestatzen gara; Jesu Kristorengan BIZITZA BERRI baten hasiera dugu.

Buru-belarriak zuhur izanez entzuten dugu.


IRAGARPEN - PREGOIAREN ALDARRIA

1.

Argia, lurraren mugetara arte egin dadila
eta poztasunak gizakien bihotzetan gainezka egin;
bakearen itxaropena berriz jaio dadila;
bizitza indarrarekin agertu dadila,
eta maitasuna indartsu isuri dadila
gure erlazioak harmoniaz betez.
Graziazko eta bakezko urte berri honetan
indartsu eta itxaropentsu iragartzen dizuegu:
Kristo bizi da berpiztu delako!

Ebanjeliotik agertzen den indarrarekin
iragartzen dugu,
kristau guztiontzat Jainkoaren ahalmena den
eta gure oihua
eguneroko ohiturakerian galduko ez den itxaropenarekin.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



2.

Nire ahotsak gizakien bake oihua izan nahi du,
Elizaren oihua,
Kristo biztu dela
eta gu ere biztuko garela aldarrikatzen duen oihua.

Ahots barik geratu arte
nire ahotsak aldarrikatuko du
merezi duela
bizi izatea eta bakeagatik borroka egitea,
maite izatea eta sufritzea,
kantatzea eta arriskatzea,
Kristo berpiztu delako!

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



3.

Eta gertaera honek, anai-arrebok,
komunitatean elkartuta mantentzen gaitu;
bata bestearen ondoan jartzen gaitu,
Kristok inauguratzen duen giza solidaritate berrian;
gure aurpegietan irribarre berria sortzen du
eta gure eskuak lanerako prest jarri;
zeruetako Aita-Amari eskerrak ematera garamatza
bere denda gure artean jarri duelako,
eta berpiztutakoak,
gure poztasunak eta tristurak
gure grinak eta egonezinak partekatzen ditu.

Kristo berpiztu da. Kristo bizi da.
Pazkoa, graziazko, maitasunezko,
poztasunezko eta bakezko aldia da.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



4.

Lurreko behartsuak
zoriontsu diren denbora dugu,
pobreziatik irtetera bultzatzen duen indarra
Kristo delako.

Ezer ez dutenak,
zoriontsu diren denbora dugu,
Kristok lurraren nagusitasuna ematen dielako.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



5.

Sufritzen dutenen eta negar egiten dutenen denbora da,
Berpiztearen osotasunetik
euren zoriontasuna argitzen delako.

Euren borondatez bizitza behartsuen artean
bakeagatik eta zuzentasunagatik arriskatzen dutenen denbora da
Kristoren garaipena euren garaipena delako.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



6.

Torturaren bidegabekeria eta kartzelako izen galtzea
sufritzen dutenen denbora da,
euren bidea Piztueran amaitzen delako.

Milaka BOLUNTARIOEN denbora da
fededunak eta ez fededunak,
mundu guztian zabalduta,
behartsuenen artean Jainkoaren errukiari,
eskuak, oinak, aurpegia, eta bihotza jartzen dietela.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



7.

Gizarte indartsu eta farisearrak
baztertutako guztien denbora da,
bekatari eta emagalduekin batera
Jainkoaren Erreinuan lehen izatea itxaron dezaketelako.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



8.

Senideok: Pazkoa da,
Jauna pasatzen da bere herriaren erditik;
askatasunaren eta bakearen aldia dugu.
Pregoi honek, gizaki askoren bihotz gogortua ukitu
eta bigundu gura du,
Jainkoaren maitasunari atea irekitzeko.
Zergatik bilatu hilen artean bizirik dagoena?

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



9.

Gure Pazkoa izango da,
indarrez agertzen zaigun Kristo aintzatsuari
gure bihotza irekitzen badiegu.
Gure herriko eta munduko bakearen alde
bakoitzak bere neurrian
gure bihotza lanerako irekitzen badugu.
Kristo berpiztu da. Kristo bizi da.
Eta elkarrekin gurea ere baden
bere garaipena ospatzen dugu.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.



10.

Elkarrekin zatitzen dugu ogia,
eta gure bihotza pozten duen ardo berria edaten.
Jainkoa eskaintzen zaigun ITUN hau onar dezagun,
lur berri baten alde jokatzeko poza eta eskaera da,
esker onari eta itxaropenari geure bihotza irekiz,
gure ahotsa,
Jauna maite, itxaron, otoitz eta abesten duen
Jainko herriaren ahotsarekin bat egin dezagun.
Jainko eta errege bizi da eta gizaldi eta gizaldietan.
AMEN.

Danok:
BIZTU DA KRISTO, ALELUIA.
GUREGAN DAGO ALELUIA.

# # #
#
#
# # #

Hitzaren argitan

 

SARRERA

Anai-arrebok: Biziaren Hitza entzuteko prestatzen gara. Jaun Berpiztuaren lehen lekukoak testigantza argi bat eskaintzen digute: Berpiztuak, “Idazki Santuak ulertzeko beren adimena ireki zuen”. Eta hemen egoen euren aldaketaren giltza.

HITZA, EUKARISTIA eta ELKARTEA, Jesus Berpiztuarekin aurkitzeko prozesuan, elementu garrantzitsuak izan ziran. Poliki-poliki PRESENTZIA BERRI baten esperientzia egi bihurtzen joan zen, eta honek euren bizitzak aldatu zituen.

Gu ere bidean goaz; Jesus berpiztuarekin AURKITZEAREN ESPERIENTZIA guganatzeko gogoarekin. Bere hitza geure barruan onartuz, argitu gaitzala, eta gure sinesmenaren lehen testiguen antzera gu ere aldatu gaitzala.


EBANJELIOA: Lukas 24, 13-35.

Jesusen bi ikasle, Jerusalendik bi orduko bidean dagoen Emaus izeneko herri txikira zihoazen. Eta gertakizun guztiez elkarrekin hizketan ari ziren. Elkarrekin hizketan eta eztabaidan ari zirelarik, Jesus berbera hurbildu zitzaien, eta haiekin batean zihoan; haien begiak, ordea, itsu zeuden eta ez zuten ezagutu.

Hark esan zien:
- «Zer da, bidean dakarkizuen hizketa hori?».
Eta goibeldurik gelditu ziren. Kleofas zeritzan bietako batek hitza hartuz, honela esan zion:
- «Zu bakarrik al zaitugu horren arrotz Jerusalenen, egun hauetan han gertatu direnak ez jakiteko?».
Jesusek erantzun:
- «Zer, bada?».
Eta haiek:
- «Nazareteko Jesusi gertatua. Profeta bat zen, egitez eta hitzez gizon ahaltsua, Jaungoikoaren eta herri guztiaren aurrean; nola apaiz nagusiek eta gure agintariek heriotzarako eman eta gurutzean josi zuten. Guk, berriz, Israel askatuko zuena Bera zela uste genuen; baina hirugarren eguna da hori gertatu zela. Gure arteko emakume batzuek, berriz, harrituta utzi gaituzte: goizean goiz hilobira joan eta Jesusen gorputzik aurkitu gabe itzuli ziren; eta bizi dela zioten aingeruak ikusi omen zituzten. Joan ziren gutar batzuk ere hilobira; eta emakumeak esan bezala aurkitu zuten; Bera, berriz, ez zuten ikusi».
Orduan Jesusek esan zien:
- «Bai zentzugabeak zaretela eta Profeten hitzak sinesteko motelak! Ez al zuen, bada, Mesiasek hori jasan behar, bere aintzan sartzeko?».

Eta Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuan Hartaz idatzitako guztia agertu zien.

Zihoazen herrira iritsi zirenean, Berak aurrera zihoalakoa egin zuen. Baina haiek, geldiarazi nahiez, honela zioten:
- «Zaude gurekin; berandu da eta eguna iluntzera doa».
Eta sartu egin zen haiekin egoteko.

Haiekin mahaian zegoela, ogia hartu, bedeinkapen-otoitza egin, zatitu eta eman zien. Orduan ireki zitzaizkien begiak eta ezagutu zuten. Bera, ordea, itzali egin zitzaien.

Orduan honela esan zioten elkarri:
- «Ez al genuen sutan gure bihotza, bidean hitz egiten zigunean, eta Liburu Santuak adierazten zizkigunean?».

Eta berehala altxa eta Jerusalena itzuli ziren. Han aurkitu zituzten Hamaikak eta haien lagunak, esaten:
- «Piztu da Jauna egiaz eta Simoni agertu zaio».
Haiek adierazi zuten bidean gertatu zitzaiena, eta nola ezagutu zuten ogia zatitzean.


IRAKURRITAKO ZATIARI BURUZKO GOGOETA LABUR BATZUK

IRAKURKETARAKO LAGUNGARRIAK

- Emausko ikasleei Jesus agertu zitzaieneko kontaketa honek kristau bizitzako sinesmen bidea ezagutzera ematen digu, bi oinarrien gainean: Jaungoikoaren Hitza eta Eukaristia. Jaunarekiko esperientzi hau bi momentu erabakigarritan agertzen zaigu: a) Ikasleak Jerusalendik, hau da, elkartetik aldentzea, Jesusen sinesmenetik, eta lehengo bide zaharrera itzultzea (13-29. aa.); b) Jerusalenera itzaltzea, ikasleen elkartearen poza eta sinesmena berreskuratuz (30-35. aa.).

- Hasierako nahaste-borraste barruan, Jesus, bidari baten itxuran, ikasle burumakur eta kikilduengana hurbiltzen da, eta, haiekin elkarrizketan sartuta, lagundu egiten die, Eskriturak argituz, Jaungoikoaren asmoak azalduz eta galdutako itxaropena berreskuratuz. “Eta Moisesengandik hasi eta, profetarik profeta, Liburu Santuan Hartaz idatzitako guztia azaldu zien” (27. a.). Lukasen katekesia argia da: Kristau Elkarte bat Jaunaren Hitza entzutera prestatzen denean, Eskrituretan agertzen denez, eta Eukaristia bere bizitzaren erdian jartzen duenean, pixkana sinesmenera itzultzen da eta Jaun Piztuaren esperientzia egiten du. Hitzak eta Eukaristiak osatzen dute mahai zabal bakarra, Eliza Aitaren etxeranzko erromesaldian janarituz. Emausko ikasleak, Jesusekin izan zuten esperientzia honi esker, berehala konturatu ziren Jaun Piztua aurkitzen dela, anai-arrebak Pedroren inguruan bilduta dauden lekuan.

BIZITZARAKO ARGIBIDEAK

- Zoragarria Lukasek eskaintzen digun bere eta kristau Elkartearen sinesmenaren katekesia! Zehaztasun guztiak daude bertan bilduta sentiberatasun eta psikologia girokoak batez ere. Ikasleak lur-jota eta gogo-galduta, azaleko oinarri gaineko sinesmenez (Mesiasi buruzko beren “iritziak”), etxeranzko bidea hartzen dute, lehengo mundu zaharreko bidetik doaz: “Guk uste genuen”... (21. a.); orain hor doaz burumakur eta lur-jota; gainera, beren begiak ere motelduta daude eta ez dute ezagutzen. Alderantziz, atzeranzko bidea guztiz ezberdina da: pozez beterik, Eskrituretako argiz plen-plen, beren artean bizi izandako esperientzia elkar banatuz, Elkarteari noiz iragarriko, anaiartean noiz egongo egarriz. Harantz honanzko bidea luze egin da.

- Eskritura Santuak ulertzeak eta aztertzeak asko lagundu zien Piztuaren presentzi berria ezagutzeko; “ogia zatitzeak”, Eukaristiak, iritsi dute haien begiak argitzea eta... “orduan ireki zitzaizkien begiak eta ezagutu zuten” (31. a.). Eskriturak esnatu die bihotza; Eukaristiak guztiz aldatu du haien bizitzaren ikuspegia. Orduan hartzen dute Elkarterako bidea, anaiartera; han jarraitzen dute elkartuta, haiek ere Piztuaren presentzia berria txastatuz. Lukasi zor diogu Piztuarekin topo egiteko bideko gora beherak: ziur edukiz, Bera agertuko zaigula (nahiz eta lehenbizikotan ezagutu ez), hor daude Eskriturak, hor dago Eukaristia edo ogi zatitzea; hor dago Elkartea eta bertan anai-arrebak. Hortxe egiten da presente -eta nola egin ere!- Piztua.


ELKARTEAREN ERANTZUNA

SARRERA

Jaun Berpiztuak gurekin kontatzen du. Pentsa dezagun ze bide egin behar dugun berarekin aurkitzeko. Berarekin aurkitzen dena, bidalia; Jaun Berpiztuak bidaltzen gaitu bere LEKUKO izatera.

KANTUA

Bizi da Jauna, bizi da! (bir)
Bizi da, bizi da, bizi da Jauna,
bizi da gure artean! (bir)


Pazko goizean hutsik dago hilobia.
Piztu da, Kristo piztu, gure eguzkia,
nagusi da argia.

Ilunpetatik Berak gu atara gaitu;
munduaren diztira Berak dau barritu,
Berak gaitu biztu.

# # #
#
#
# # #

Otoitz unea

 

OHARRA - AZALPENA

BIZIAREN HITZA entzun dugu. Hitz horrek, Emausko ikasleen bihotza ukitu zuen lez, gurea be ukitu dezala. Berpiztuaren BIZI BERRI horretan murgildu gaitezen, hausnartuz, gure bizitzan eragina izan dagian.

Otoitzerako MINUTU BATZUK uzten ditugu. Pakean. Prisa gabe. Gogoz. Gure bihotzaren isiltasunean egiten dugu otoitz.

Baten batek, elkartearen onerako zerbait esan nahi badu, askatasun guztiarekin egin dezala; otoitz bat, eskari bat, esker oneko eskaria…

Berbaz parte hartzen badugu, batetik bestera isilunea egiten dugu, esandakoa norberaganatzeko.

Bizi dezagun une hau bakez eta esker onez.


NORBANAKOEN OTOITZA

(Oharrean esandako eran egiten da)


ELKARTEKO OTOITZA

JESUS JAUNA DA

Esan ezazu bihotzez: Jesus Jauna da.
Esan ezazu ezpainez: Jesus Jauna da.
Itsas ezazu zure erraietan: Jesus Jauna da.
Zure ahotsez abes ezazu: Jesus Jauna da.

Jesus Jauna da:
askatasun argi-zuzi,
alaitasun iturri,
bake haize,
heriotz guztien gain garaipena;
lurraren gailurrean garaikur,
gure izatearen sakonean eguzki,
gure ibilbidearen helmuga,
bizitzan eta itxaropenetan lagunkide…
inork inoiz kenduko ez diguna.

Jesus Jauna da:
berarengandik sortzen da bizia,
berarengan gure itxaropena,
berarekin on guztia,
berari gure aintzaren aitorpena,
berarentzat gure gogoa,
beragatik gure betetasuna;
bera da zuzentasuna,
bera gure salbamena...
inork inoiz kenduko ez diguna.

Jesus Jauna da:
jadanik ez da beste jaunik;
diruaren eta osasunaren jaunak,
armen eta legeen jaunak,
boterearen eta negozioen jaunak,
demokraziaren eta estatu egoeraren jaunak,
haragiaren eta jauretxearen jaunak,
mundu honetako printze guztiak,
ilunpeetako jaunak
menderatuak dagoz.

Jesus Jauna da:
bizi dena eta biziarazten duena;
sendatu, biziberritu eta salbatzen gaituena
atzo, gaur eta beti.

Jesus Jauna da.
Ez dago beste jaunik.
Jesus gure Jauna da.


Ulibarri, Fl./font>

# # #
#
#
# # #

Konpromezurako unea

 

OHARRA - AZALPENA

“JAUN BERBIZTUAREKIN BAT” izan da gaurko otoitzaldiaren proposamena. Horrela bizi gura izan dugu. Orain, nahi duenak, Pazko aldian zelan bizi izango duen esango du. NIRE KONPROMISOA bizitzeko eta agertzeko unea da.

OTOITZ giroan egiten dugu, horrela lortuko dugu pozez beteko gaituen konpromiso bat egitea.

Berbaz edo isiltasunean egin genezake. Askatasun guztiarekin. Baina ondo legoke Jesukristo berpiztuaren JARRAIPENEAN egiteko prest gauden zerbait esatea.

Keinu bat ere egin genezake. UR BEDEINKATUAREN ONTZIRA hurreratu, eta “Aitaren” egin.

Ekintza honekin gure BATAIO EGUNA gogoratu eta berriztatzen dugu; baita be Jaun Berpiztuak gugan sortzen duen BIZI BERRIA. Berak LEKUKOAK behar ditu eta gu horretarako prest gaudela agertzeko era bat da.

Jendeak parte hartzen badu, bakoitzaren ondoren antifona labur bat abestu daiteke (hurrengo hau edo beste ezagun bat).

Izan zaitez beti, Jesus maitea,
gure bihotzaren Jaun ta Jabea.

Bakoitza lasai eta aske sentitzea da bidezko. Garrantzitsua bakoitzaren konpromisoa baita.

# # #
#
#
# # #

Agurra

 

OHARRA

Senide eta lagunok: gaurko ospakizun hau amaitzera goaz. “JAUN BERPIZTUAREKIN BAT” izan da proposamena. Gure eguneroko bizitzan ERRONKAK hor jarraitzen du.

Jaun Berpiztua gutaz FIATZEN DA. Lehen lekukoak bidali ziten antzera, GAUR gu bidaltzen gaitu; gure bihotzetan sartu duen BIZI BARRIAREN lekukoak izatera bidaliak gara.

Badugu ZEREGINA. Jaun Berpiztuaren presentzia eta bere Espirituaren indarra ia sentitzen ditugun. Jesusen ama Maria gurekin dator gu laguntzen eta animatzen. Izan bihotz!

Itxaropena eta konpromisoa agertzen duen kantu honekin amaitzen dugu.


AZKEN ABESTIA

Maitasun ta zuzentasunez dezagun
lortu anaien askatasun,
badator eta Jaunaren betiko egun.
Hor dugu distiratsu egun sentiko argitasun.

Elkartuta goazen aurrera kantari,
bideak zabalduz betiko pozari. (bir)


Zerua eta lurra berriztaturik,
orduan ez da izango minik,
ez da izango negarrik, ez heriotzarik,
Jainkoa gure Jainko, gu bere herri betiko pozik.

Elkartuta goazen aurrera kantari,
bideak zabalduz betiko pozari. (bir)

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue