Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Biderako ospakizunak

#
#

JAUN BERPIZTUAK bere ESPIRITUA ematen du

# # #

JAUN BERPIZTUAK bere ESPIRITUA ematen du

#

# # #
#
#
# # #

Girotu

 

AURRETIAZKO OHARRA

Ospakizuna modu errazenean aurkezteko, hemen argibide-oharrik ez sartzea erabaki dugu.

Ospakizun honi erantsitako WORD artxiboan otoitz-ospakizunaren dinamikan lagundu eta erraztu dezaketen pastoraltzarako ohar ezberdinak eskaintzen ditugu. Kontuan izatea gomendatzen dizuegu.


SARRERA

Anai-arreba, senide eta lagunok, Jaun berpiztuaren eta bere ESPIRITUAREN presentzia bego gurekin.

Pazko aldian Jaun Berpiztuaren presentzia bizi izan dugu. Gure bihotza eta bizitza aldatzeko gauza den esperientzia sakona: biziera, jarrerak, pertsonak, historia eta jazoerak ikusten laguntzen diguna.

Gaur berriro deitzen digu, guztioi deitu ere, daukan gauzarik ederrena eskaintzeko, gure ibilbidea argiz, pozez eta adorez bete dadin. Ez gaitu, beraz, bakar eta abandonaturik utzi nahi. Bestetara baizik, pertsonalki eman nahi digu bere DOHAIN NAGUSIA den ESPIRITUA, gure bidelagun izan dadin. Hauxe orain hemen biltzearen arrazoia.

Oraindik, Jaun berpiztuaren seinale den PAZKO ZUZIA dugu ospakizunaren ikur. Utz diezaiogun keinu horri girotu gaitzan. Poz eta bake ederrez ospa dezagun gure fedea.


KANTUA

Ondoren, Jaun Berpiztuari gure lehen otoitza, abesti honen bidez, bere Espiritua eman diezagun.

Zeru-lurren egile zeran
Espiritu Santua:
zatoz eta bete bihotzak
piztu gugan maite sua. (bir)

Zentzuari argi emanez
eta bihotzari su,
Jaun onaren irudi bizi
denok bihurtu gaitzazu. (bir)

Behartsuen Aita zaitugu,
lanpean atsedena.
Nahigabean gure barrengo
poza sortzen duena. (bir)

Aldendu, bai, gure etsaiak
ta arimako kalteak;
gugan beti iraun dezala
Zuk emandako pakeak. (bir)

Aita eta Semearekin
Hirutan bat zerana:
orain hemen zaindu gaitzazu
gero eraman Zugana. (bir)

(Powerpoint bat ikusteko aukera eskaintzen dugu “ZATOZ, ESPIRITU SANTUA”)

# # #
#
#
# # #

Ezaugarriak

 

PAZKO ZUZIA ETA ESPIRITUAREN DOHAINAK

OHARRA: Jesus Jauna, begira gaude Pazko Gaubeilan bedeinkatu zen sutatik piztu zen PAZKO ZUZI hau. Gure Elkarte erdian zuk duzun presentzia ikusten dugu hor. Zuzi honek argitzen digu bidea eta, fedea piztuz, bihotza berotzen.

Eskerrak, Jauna, egin diguzun erregali honengatik. ESPIRITUA EMANEZ eskaintzen dizkiguzun DOHAINEZ inguraturik gaude. Ireki, Jauna, gure bihotzak zuk eskaintzen diguzuna pozez har dezagun.


FRUITU EZBERDINEN SAKI EDERRA

OHARRA: Jauna, nik fruituen saki hau dakartzut. Mendekoste, juduen jai bat zen, Pazko jaitik berrogei eta hamar egunera ospatzen zena, eta biltzen ziren lehen fruituak Jainkoari eskaintzeko ospatzen zutena. Guk ere, fruitu hauek eskaintzen dizkizugu. Zuk errukiz eta eskuzabalez emanak dira; eta gaur, zure Espirituaren dohainen ezaugarri ditugu. Espirituak GU DENOK egin gaitu dohain ugarien saki eder. Zure ELKARTEA gara: fruitu ezberdinak baina batasun eta maitasun ontzi.


BANDEJA BATEN, KRISMA ONTZIA ETA LEGAMIAREN PLATERTXOA

OHARRA: Bi ezaugarri berezi eta fededunontzat esan nahi handikoak. Bata, BATAIOA eta SENDOTZA sakramentuan erabiltzen den olio bedeinkatua. KRISMA deritzana. Bataioan eta bizitzan Jesusen eta bere Ebanjelioaren alde aukera egin dutenen izaera berria adierazten digute.

Eta bestea, LEGAMIA, irinez egindako orea jaso dezakeen substantzia. Gure gizarte honen barruan zure Seme maitearen Biziaren aldeko proiektua eta bere BERRI ona aldarrikatu nahi ditugu. Gure ibilbidean lagun dugun Espirituaren dohaina da hau.

# # #
#
#
# # #

Aldarria

 

SARRERA

Senideok: Pazkoak, kristau sinesmenaren jazoerarik nagusiena den ezkero IRAGARPEN BAT, PREGOI bat eskatzen du. Jainko Aita-Amak arrazoia eman dio Nazareteko Jesusi BETIKO BIZIA emanez.

Badugu arrazoirik pozik egoteko. Bere Elkartekook, bere Eliza garenok, lau haizetara aldarrikatzen dugu, gure KANTU, HITZ eta EKINTZEKIN. Jesukristoren piztueraz MUNDU BERRI baten hasiera aldarrikatzen dugu.

Momentu hau sakontasunez bizitzeko prestatzen gara; Jesu Kristorengan BIZITZA BERRI baten hasiera dugu.

Buru-belarriak zuhur izanez entzuten dugu.


IRAGARPEN - PREGOIAREN ALDARRIA

Jesus Piztuaren Espiritua,
geure pobretasunetik esaten dizugu: etorri zaitez;
geure ahultasunetik esaten dizugu: etorri zaitez;
geure fedetik esaten dizugu: etorri zaitez;
geure guraritik esaten dizugu: etorri zaitez.
Maitasunez esaten dizugu: etorri zaitez.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAINEZ BETE MUNDUA.



Aita-Ama, bidali zeure Espiritua:
aldien hasieran nahaste-borrasteen gainetik zebilen Espiritua:
kreazioaren sorreratik dena biziz betetzen duen
eta unibertsoa indarrez betetzen duen Espiritua;
basamortutik zehar zure herria agindutako lurrera bideratzen zuena;
profeten bidez hitz egin zuena eta gaur ere egiten duena,
eta haizeak eramaten dituen hitzak baino hitz ozenagoa duena;
bihotz gogorrak aldatzeko gai dena;
isiltasunaren eta ahazmenaren
haranean sakabanaturik dauden hezurrei
bizia eman ahal diena;
zeure Semearen Espiritua.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAINEZ BETE MUNDUA.



Jauna, bidali zeure Espiritua
eta ireki iezazkiezu gure bihotzak
gizon-emakumeen sufrimenduari
eta gurutze, heriotza, odol, garrasi,
bihurtutako zotinari eta minari.
Atera ezazu gure begietatik harrokeriaren gure estalkia
eta ikus dezagula bizitza hau guztia dela, dena batean:
dohaina, norbera ematea, oparia, entzutea, errukia, gorespena,
zerbitzua, borroka eta otoitza.
Zure Espiritua, Jauna, isuri dadila gure gainera
eta Hark bideratu, igurtzi eta zureak egin gaitzala.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAINEZ BETE MUNDUA.



Eman iezaguzu gai ez denaren, txiroaren, apalaren zentzua;
gutxiaren, ezerezaren, ahultasunaren zentzua;
zorionaren, pozaren eta jaiaren zentzua.
Emaguzu anaia-arrebei laguntzeko gauza den bihotz apala.
Emaguzu zure errukia suma dezan
eta gure norberekeriaren hesia hauts dezan bihotza.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAINEZ BETE MUNDUA.



Isur ezazu gure eskuetara zeure Espiritua,
bidal ezazu sua gure bihotzetara.
Bota zure arnasa sinesten dutenengan, ezbaian daudenengan,
maite dutenengan, bakarrik daudenengan,
zuzentasunaren alde jokatzen dutenengan,
bakearen alde borrokatzen dutenengan,
etorkizuna eraikitzen dutenengan.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAINEZ BETE MUNDUA.



Berri Ona iragartzeko,
munduan maitasunaren lekuko izateko,
elkartea eraikitzeko eta ondasunak elkar banatzeko,
mahaia denei eskaintzeko eta anaia-arrebei atea zabaltzeko, ordua da.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAINEZ BETE MUNDUA.



Espirituaren eguna da,
elkartearen eta egiaren ordua,
askatasunaren helduera,
Espirituz eta Egiaz gurtzen dutenen tokia,
berriz jaio nahi dutenen aldia.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAINEZ BETE MUNDUA.



Denerako ahalmena ematen duen Espirituaren aldia da.
Orain, Erreinua martxan jarri da, eta Jauna dugu gure indarra.
Orain, fededunok esan dezakegu:
“Bakea eta poza iragartzera bidali nau”.
Hemen eta orain, zure lekuko izan nahi dugu, Jauna.

Danok:
JAINKO JAUNAREN ESPIRITUA
ZURE DOHAINEZ BETE MUNDUA.

# # #
#
#
# # #

Hitzaren argitan

 

SARRERA

Senideok: Pregoia entzun ondoren, BIZIA DEN HITZA onartzeko presta gaitezen. Lehen kristauek esperientzia hauxe izan zuten Jesus Elkartearen erdian eta iragartzen zen Hitzean sentitzeko.

Jesus berpiztuarekin topo egiterako bidean garrantzi aparta izan zuen, elkarturik zeuden senideentzat, HITZAK, EUKARISTIAK eta ELKARTEAK. Poliki-poliki, Berpiztuaren presentzia azaltzen joan zitzaien eta beren bizitzak aldatzen.

Baina, prozesu hau bere betera eraman zuen Berpiztuak dohain handi bat emanez: Biderako laguna eta Maisuak proposatzen zien Misiorako bultzada gertatuko zitzaien ESPIRITUA.

Hemen gaude, gaur ere, Berpiztuarekin TOPO EGIN nahirik eta bere Erreinuko hazia ereiteko eta Aitak aginduriko Misioa betetzeko asmoz.

Bihotz onez onar dezagun Ebanjelioko atal hau eta utz diezaiogun argi gaitzan


EBANJELIOA: Joan 20, 19-23

Astearen lehenengo eguneko ilunabarrean, etxe batean bildurik zeuden ikasleak, ateak itxita, judutarren beldurrez. Sartu zen Jesus eta, haien erdian zutik, honela esan zien:
- «Bakea zuekin».
Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Eta ikasleak pozez beterik gelditu ziren, Jauna ikustean.

Jesusek berriz ere:
- «Bakea zuekin. Aitak ni bidali nauen bezala, Nik ere bidaltzen zaituztet zuek».
Eta hori esanez, haize eman zuen haien gainera, eta esan zien:
- «Har ezazue Espiritu Santua: zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei, barkatuak gelditzen zaizkie; eta lotzen dizkiezuenei, lotuak gelditzen zaizkie».


IRAKURRITAKO ZATIARI BURUZKO GOGOETA LABUR BATZUK


ELKARTEAREN ERANTZUNA

SARRERA

Jaun berpiztuak GUREKIN KONTATZEN DU. Hitza entzun ondoren eta eskaini digun bideak onartuz, gure asmoen berri azaltzen dugu orain. Espirituaren laguntza dugula ez dezagun ahaztu.

KANTUA (Salmoa)

ZURE ARNASA BIDAL GUGANA,
TA LUR AZALA BARRITU, JAUNA. (bir)


Ene arima, goratu egizu Jauna!
Guztiz handi zaitut, Jauna, ene Jainkoa!
Bai ugari direla, Jauna, Zuk eginak,
zuhurtasunez eginak zeharo,
lurra zure sorkariz betea dago.

ZURE ARNASA BIDAL GUGANA,
TA LUR AZALA BARRITU, JAUNA. (bir)


Izan bedi Jaunaren ospea sekuletan,
poztu bedi Jauna berak eginetan.
Atsegin bekio nire olerkia,
nire poza da Jainkoa.

ZURE ARNASA BIDAL GUGANA,
TA LUR AZALA BARRITU, JAUNA. (bir)

# # #
#
#
# # #

Otoitz unea

 

OHARRA - AZALPENA

BIZIA DEN HITZA entzun dugu. Jesus berpiztuaren garaipenetik sortu ziren bizi berriaren testiguei eta Espirituaren dohainak bere betera eraman zieten dizipuluei bezala, indartuko digu guri ere bihotza.

Har dezagun otoitzerako unetxo bat. Bakez. Presa gabe. Gogotsu. Bihotzaren isilean, egin dezagun otoitz.

(1. “ESPIRITUAREN DOHAINAK” (Powerpointa) ikusi.

2. “Azalpen orria” hartu eta dohain bakoitzaren aldarrikapen bat egin.)

Dohain bakoitzari dagokiona entzun ondoren, adieraz diezaiogun elkarri, gu bakoitzari Espirituak esana. Edo eta, otoitz dezagun Jesusengana hurbilduz, hemen elkartekide ditugunon alde zerbait eskatuz.

Parte hartze bakoitzaren ondoren, isilunetxo bat utziko dugu, entzun duguna onartuz eta egin den otoitza geure eginez.

Bakez egin dezagun otoitz.


NORBANAKOEN OTOITZA

(Oharrean esandako eran egiten da)


ELKARTEKO OTOITZA

EZ DUT, EZ, NIK LURRIK BERTAN BEHERA UZTEN,
EZ DUT NIK GIZONIK INOLAZ AHAZTEN.
BANAUZUE ERE BEGITATIK GALTZEN,
BERRIZ IKUSIKO NAUZUE ETORTZEN.


Zertan zaudete hor zerura begira?
Zuen pozaldiak norantz galdu dira?
Aldenduagatik zuen idurira,
zeuron bizitza naiz ta bizitz-pilpira.

Hasirik duzue zeruko bizitza,
zuek zaituet nik fruitu aberatsa.
Aitak hor zaitue onartu bakoitza,
zeruan nirekin dagizuen aintza.

Zoazte mendebal ta eguzki-aldera,
urten sinistedun danak salbatzera.
Hotsegin: "Kristoren ordua bete da".
Zuen zereginak orain du hasera.


ELKARTEKO OTOITZA

AITA, ESKERRIK ASKO ESPIRITUAGATIK

Bedeinkatzen zaitugu, Aita-Ama, Espirituaren dohainagatik,
zure Semearen bidez munduari eskainia.

Hasieran egin zenuen, gauza guztien hasieran,
unibertsoa Espirituaren berotara sortzen ari zinenean
mundu argitsu eta bizia eginez
eta bertan gizakia jarriaz.

Eskerrak ematen dizkizugu, Espirituaren bitartez,
sortzen, zaintzen eta edertzen jarraitzen duzulako,
gure ibilbidea alaitzeko
eta zure Erreinuaren hasikinak gozatzeko.

Bedeinkatzen zaitugu, zure Espiritua
gizon eta emakume, ume eta helduetan ipintzearren;
eta giza historian
dohain hori beti erabili izan duzulako:
epaile eta agintarietan, indar Espiritua;
lider leialetan, zuzendari Espiritua;
ikertzaile jakintsuetan, sortzaile Espiritua;
artista eta olerkarietan, amets Espiritua;
bidali pobreetan, solidaritate Espiritua;
betiko herrian, bizi Espiritua.

Bedeinkatzen zaitugu, batez ere, Jesu Kristogatik,
munduko gauzarik ederrena,
paregabeko gizon “espirituala”.
Espirituaren argitara bizi izan zen,
pobreak ebanjelizatuz,
guztiak lagunduz eta indartuz...
biztu zenean,
Elizari eta bihotz zintzoz bila dabiltzan guztiei
Espiritu berbera iragarri arte.

Zure Espirituaren ekintza goratzen dugu
profetengan,
erreformatzaileengan,
hezitzaileengan,
iraultzaileengan,
martirienagan,
santuengan,
pertsona on guztiengan...

Espiritu horrek eman diezagula
egiaren, zuzentasunaren eta maitasunaren alde
borrokatzeko indarra,
guztiak ulertzeko argia,
zerbitzeko laguntza,
maitatzeko bihotz handia,
bizitzeko solidaritatea,
itxaroteko eroapena...

Aita-Ama,
zure Espirituaren haizea bidal Elizara,
batasuna eta ebanjelio bizigarria emanez;
herri, arraza eta nazio guztietara
askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna ekarriaz.

Munduan eta historian
zure Espirituaren eragina ikusi dagigula.
Zientzian, kulturan, lanean, teknikan
aurkitzen lagun iezaguzu;
zeru berrien eta lur berrien etorrera,
gizakia eta Espiritua
elkarrekin prestatzen dabiltzan gauza guztietan.

Jesukristo, zure Seme berpiztua eta gure anaiaren bitartez.
AMEN.



ESPIRITU SANTUA, ERAKUTS IEZAGUZU

Espiritu Santua,
Jesusen Espiritua,
zatoz guregana,
ernaldu
gure elkarteak,
emaguzu indar eta kemen
Ebanjelioa bizitzeko
eta Erreinuaren alde borrokatzeko.

Espiritu Santua,
Jesusen Espiritua,
adore eman gure indarrei,
eutsi gure ezinetan,
lagundu bereizketak egiten,
gatazkak
ez gaitzan gelarazi.
Jesusen apustuan
aurrera egin behar da!

Erakuts iezaguzu
nola gaurkotu
Jesusen Erreinuko
baloreak eta aukerak.

Espiritu santua,
Jesusen Espiritua,
aditzera emaguzu
Aitaren aurpegia,
bere argitan,
bila dezagun
bere Proiektuari zerbitzatzea
justizian
eta denentzako bizian.

# # #
#
#
# # #

Konpromezurako unea

 

OHARRA - AZALPENA

“JAUN BERPIZTUAK BERE ESPIRITUA EMATEN DU”, hauxe izan da ospakizun honetarako gaia. Hori bizi nahi izan dugu. Ondoren, guzti hori nola biziko dugun agertzera goaz. Bizi nahi duguna agertzeko unea da. NIRE KONPROMISOAREN ordua da.

Otoitz giroan jarraitzen dugu. Hortik lortuko bai dugu gure konpromisoa sendoa eta pozgarria bihurtzea.

Otoitz apal batzuen bidez edo eta isilean, Jesus berpiztuari eta bere Ebanjelioari nola jarraitu nahi diogun bakoitzak agertzea ondo legoke. Joka dezagun askatasunez.

Hona hemen, expresa-bide erraz bat: POSTAL bat eman zaigu ospakizunera sarreran. Gure konpromisoa, Espirituaren dohain bat aukeratuz idatzi dezakegu, eman diren azalpenak erabiliz, eta ahotsez azaldu taldekideei edo nire dohaina kartoizko tiran aurkitu, postalarekin ukitu, aitaren egin eta nire ezarlekura bihurtu.

Ezaugarri honekin gure BATAIOA gogorarazi eta BERRITZEN dugu; eta aldi berean, Jesus berpiztuak bere Espirituaren bidez ematen digun Bizi Berria adierazten dugu. Konpromiso honen bidez bere LEKUKO edo TESTIGU izan nahi dugu.

Konpromiso bakoitzaren azalpen ondoren, antifona bat abestuko dugu.

GORA JAINKOA, EGIN KANTU,
BIHOTZ HAUTSIAK BIZTEN DITU.

Bakoitza lasai eta aske sentitzea da bidezko. Garrantzitsua bakoitzaren konpromisoa baita.

# # #
#
#
# # #

Agurra

 

OHARRA

Senideok: ospakizuna bukatzera goaz. “JAUN BERPIZTUAK BERE ESPIRITUA EMATEN DU”, da egin zaigun proposamena. Orain dugu aurrean erraza ez den ERRONKA.

Baina, Jaun Berpiztua GUREKIN FIDATZEN da. Eta garai hartan apostoluak bezala, gu bidaltzen gaitu gaur gugan piztu duen Bizi Berriaren lekuko izatera.

Badugu zer egin. Senti dezagula Jaun berpiztuaren eta bere Espirituaren presentzia gugan.

Eta, ziur gaude, ANDRE MARIA, Jesusen Ama, bidelagun dugula, gure ahaleginean indar eta poz. Eta Ama. Ongi izan!

Bidalien kantu honekin bukatzera goaz ospakizuna.


KANTUA

Maitasun ta zuzentasunez dagigun
lortu anaien askatasun,
badator eta Jaunaren betiko egun.
Hor dugu distiratsu egun sendiko argitasun.

ALKARTUTA GOAZEN AURRERA KANTARI,
BIDEAK ZABALDUZ BETIKO POZARI. (bir)


Zerua eta lurra berriztaturik,
orduan ez da izango minik,
ez da izango negarrik, ez heriotzarik,
Jainkoa gure Jainko, gu bere herri betiko pozik.

ALKARTUTA GOAZEN AURRERA KANTARI,
BIDEAK ZABALDUZ BETIKO POZARI. (bir)

# # #

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa



 

 


bidean@bidean.net
orue