Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Garizuma - 5. igandea - 2019.eko Apirilaren 07a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak ospakizun honetara.

Aste Santura eta Pazko Hirurrenera hurbiltzen ari gara. Munduaren salbamenerako bere burua heriotzara eman zuen Jainkoaren Semearen misterioa sakontzen lagundu nahi digute liturgiako testuek. Hurbil dugu Aste Santua.

Baina, oraindik ere, garaiz gabiltza geure buruari galdetzeko nola baliatzen garen Garizuma honetaz; zertan diren Garizumaren hasieran egindako egitasmoak. Berehalako izan behar du gure BIHOTZ-BERRITZEAK; lanari biziki ekiteko orduan gaude.

Has dezagun gure ospakizuna pozez eta itxaropenez.

Irakurgaientzako oharrak

1.Irakurgaia: Isaias 43, 16-21

Testamentu Zaharreko irakurgaia entzungo dugu. Israel herria erbestean, Babilonian aurkitzen da. Urte asko igaro dira eta profetak, galdutako itxaropena berreskuratu nahirik, erbesteratuei askapena iragartzen diote. Irteera berri baten aurrean aurkitzen dira. Bere herria salbatzen duen Jaunagan itxaropena jarriaz, aurrera egiteko hitzak dioskuz profetak. Onar dezagun beren itxaropenezko mezua.


2.Irakurgai: Filipotarrei 3, 8-14

Paulo apostoluak bere aurreko bizitza ezereztzat botatzen du, Kristoren ezagutzaz konparatuz. Aurrera bakarrik begiratzen du, bere begiak helmugan jarriaz. Kristorekin bat egiteak, bera eta bere bizitza ezagutza osoa eskatzen du, heriotza eta Piztuera fruituak norberaganatzeko. Apostoluak hortxe jartzen du bere bizitzako egitasmoa. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Joan 8, 1-11

Ebanjelioko pasarte honetan, Jesusek ez du epaitzen, onartu egiten du; ez du zigortzen, barkatu egiten du. Gutako edozeinen irudi izan daiteke emakume ezkontza-nahaslea, adulteriogilea, Jesusen ondoan. Onartuak izan premian gaude eta eskatzen ausartzen garen baino onartuagoak gara, legeak eta gizarteak baino askoz onartuagoak. Entzun dezagun adi eta jaso dezagun gure seniderik ez epaitzeko Jesusek egiten digun deia.

Jainko herriaren otoitza

Apaltasunez, seme-alaba jarreraz irekitzen diogu gure barrena Biziaren Jainkoari eta aurkezten dizkiogu gizadiaren beharrak.

1.- Elizaren, Jainkoaren herriaren alde: gizakien artean adiskidetzearen legami izan dadin eta mundu hobearen alde lan eginez itxaropena zabal dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: beren legeak direla eta, ez ditzatela ito gizakien artean sortzen diren maitasun, zuzentasun eta senidetasun ahaleginak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gorputzean edo espirituan sufritzen ari direnen alde: horien samina eta oinazea ez dakizkigula oharkabean pasa, eta guretzat solidaritzarako dei gerta daitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Bizitza honetan, euren asmo eta ahalegin guztiak edukitzen eta ondasunak pilatzen jarri dituenen alde: bihotz-berritzera eta bizitza aldatzera deitzen duen Jainkoaren ahotsa entzun dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion eta bakoitzaren alde: Jesusen jokaerari jarraiki, ez dezagula epai, ez dezagula gaitzetsi gure aldamenekoa, eta Jainkoaren maitasunaren eta barkamenaren ezaugarri bizi eta hurbilekoak gerta gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ESKUBETE GALGARAUEN AURKEZPENA

(Nekazari batek -Elkartean holakorik balitz- ospakizunaren aldare ostean dagoen ontzitik hartzen du esku bete galgarau, kontuz-kontuz aldarera eraman eta ospakizuneko buruak duen ontzi berri baten uzten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzen dudan esku berdinekin eskaintzen dizut gaur, Jauna, esku bete galgarau, bizitzaren eta piztueraren ezaugarri gisa. Zure Semeak erabili zuen metafora gisa, hauxe erakusteko: ez dagoela piztuerarik, heriotzarik gabe, ezta galbururik, lurrean hildako galgaraurik gabe. Guk gaur zure Semeak erabilitako konparaketa geuretzat hartzen dugu, gure bizitzak eskaintzerakoan, bizi betean berreskuratuko dugunaren itxaropenez.


LORE BATZUEN ETA LANDARE BIZI BATZUEN AURKEZPENA

(Elkarteko beste kide batek eskaintzen ditu orain lore edo landare batzuk, egunean bertan han edo hemen bildutakoak. Eta dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Gure zelaietako fruitu hauen bidez, gure itxaropena dakarkizut nik, Jauna. Itxaropen honen oinarria zera da: Jesusen eskaintza eta heriotza baliagarri izan zirela, Zuk, Aita, bere hatzaparretatik askatu zenezan. Horregatik, guk eskaintzen dizkizugu gaur gure sufrimenduak, oinazeak, destainak, burlak… Emaguzu zure grazia lagun dugula, geroko aintzaren itxaropena.


KOLONIA ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Lehenengo gure ospakizunean esan genuenez, aurkezpen hau emakume batek egitea hobe legoke, gizonkeriaren keinutzat jo gabe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik kolonia ontzitxo apal hau aurkezten dizut eta ospakizun leku hau usain gozotzen dut. Bizi usaina da, Piztueraren lurrina. Eta Elkarte osoaren izenean eskatzen dizut, gutariko bakoitza eta guztiok, gure hizketen, gure bizitzeko eren eta jokabideen bitartez, Jesus berpiztuaren bizi berriaren usain gozo eta ezaugarri izan gaitezela


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsona nagusiak egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gatzontzi bete hau, elkartearen, militante guztien eta nire izenean dakarkizut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure ebanjelioa zabaltzen egiten dugun ahaleginaren ezaugarri bezala dakarkizut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, nahiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dugu. Emaguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez dadin gezatu.

Agurra

Senideok: bikaina gaur Jaunak eskaini digun mezua: guk bezala pentsatzen ez dutenak edo gure irizpideen arabera bizi ez direnak, Elizatik eta Elizaren izenean hain erraz epaitzen eta gaitzesten direla ikusten dugun aldi honetarako.

Gaur Jesusek, legearen hitz hotzetatik, inor ez epaitzera gonbidatzen gaitu; aldiz, gure portaera pertsonaletik haien egoera ulertzera. Inor harrikatzen hasi aurretik, azter dezagula geure bekatua. Eta orduan ikusiko dugu, askok behar dutena ez dela legearen zorroztasuna, baizik birgaitzen, zutitzen lagunduko dien eskua. Aste honetan, gutxienik, izan gaitezela beharrean dagoenari laguntzeko luzatzen den, irekitzen den esku errukitsua. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Bihurtu zaitezte Nigana bihotz-bihotzez,
bihotz-behera eta errukitsua bai naiz”




Geroago eta hurbilago dugu ASTE NAGUSIA, ASTE SANTUA. Honek esan nahi du “prestatzeko aldia” bukatzen doala, benetako ordua gainean dugula. Hau da, gure bizitza Berarenarekin parez-pare jartzeko ordua; gure jarrerak ea zerikusia daukaten Jesus Jaunaren jarrerekin: bizitza ulertzeko eran, maitatzeko eran, gure jokatzeko eran. Berari begiratuz, BERARI GURE BARRUA ALDATZEN UZTEKO sasoian gaude.

Bosgarren igande honetako mezua BARKAMENA da, ulertzea eskatzen duen barkamena, ahulena zaintzearen barkamena. Barkamen hori Jainkoaren dohaina eta anaiei egiten zaien erregaloa da. “Pekaturik ez duenak bota diola lehenengo harria”. Sinesmendunak bere ezina edo mugak aitortzen ditu, eta Jainkoaren barkamena eta errukia onartu. Jainkoak barkatua sentituz, kristauak bere anaiekin ere ERRUKITSUA IZAN BEHAR DU. Besteak salatzen ezezik, besteak onartzen egin gure ahalegina.

Gure inguru honetan eta gure bizitzan gaurkotasunez beteriko mezua dugu! Gure herriak eta gure kulturak adiskidetze eta barkamenaren premia handia du! Sinesmendunok badugu zer jorratu. Pazko jaiak prestatzen joateko era konkretu bat dugu hau.

ZORIONTSUAK BARKATZEN dakitenak
eta beti ONARTZEKO gertu daudenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Bekaturik gabe dagoenak jaurti diezaiola lehen harria"

(Jn 8, 7)

 

 


bidean@bidean.net
orue