Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Pazkoa - 3. igandea - 2019.eko Maiatzaren 05a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: ongi etorriak guztiok ospakizun hontara.

Jauna presente dago Elizan haren Hitzez, Gorputz eta Odol santuaz eta haren Elkartea garenon bidez. Gaurko ospakizun honetan haren Gorputzaz elikatzeko deia jasoko dugu, ondoren Kristoren testiguak izan gaitezen.

Jauna ezagutzeko, harekin topo egiteko, bihotzeko begiak garbiak eta aurre-iritzi eta egoismoetatik aske izan behar ditugu. Bestela, Jaunaren presentzia oharkabean gal dakiguke, hasieran apostoluei bezala.

Jaunak ireki diezazkigula buru-bihotzak haren mezua gu baitan sakon sar dadin, eta ospakizun hau indartsu bizi dezagula. Has dezagun..



ELIZ BIRA ETA BAZKO ZUZIARI INTSENTSUA

(Ospakizuna hasi orduko dago piztuta Bazko Zuzia. Ospakizun buruak eta laguntzaileek eliz bira egiten dute, udaberriko lorezko adarrekin eta “Nire Jaun eta nire Jainko” dioen pankarta batekin. Bazko abesti bat abestuko du herriak. Tokira heldutakoan, Bazko Zuziaren ondoan jartzen da pankarta eta intsentsatu egiten da Bazko Zuzia).


UR BEDEINKATUAZ ZIPRIZTINTZEA

Anaia-arrebok: ur hau bedeinkatu genueneko Bataio gaua ospatu ondoren, berrizta dezagun, berriz ere, geure Bataioa, Jaunak dakarzkigun barkamenari gure bihotzak zabal diezazkiogun, eta utz diezaiogun Jainkoari gure bataio grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Bazko gauean bedeinkatutako ur apur bat hartzen du urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten du, eta gero elkartea zipriztintzen du. Bien bitartean, denak abes dezakete Elkartean ezagutzen den kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jainko errukiorrak garbi gaitzala bekatutik eta, ospakizun honen bidez, gure egarria betiko bizitzako iturrian asetzeko duin egin gaitzala. E./ Amen.


AINTZA

(Bazko aldiko domeka guztietan kantatua izango da).

Senideok: Bazko pozez beterik goratu dezagun gure Jainkoa: AINTZA ZERUETAN

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 5, 27b-32. 40b-41

Jesus berpiztuaren inguruan Lehen Kristau Elkarteak egindako aitorpenak entzuten jarraitzen dugu. Pedro eta apostoluak laster konturatzen dira zer dakarren Kristo berbiztua aitortzea eta iragartzea. Apostoluen testigantzak Jerusalemgo agintari politiko eta erlijiosoen ondoeza sortzen du. “Jainkoaren esana egin behar da” diosku Pedrok. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Apokalipsia 5, 11-14

Apokalipsia liburuaren egileak beren ikuspegia eskaintzen digu: Jainkoa aulkian jarrita eta zenbatu gabeko aingeruak bera gurtzen. Bizitzaren eta historiaren misterioa, hil eta berpiztua izan den Bildotsaren misterioa, Jainkoarengan Beragan dago. Ikuskari-errebelazio hau izaki guztien gorespen kantuarekin bukatzen da. Saia gaitezen testigantza honen mezua ulertzen eta onartzen.


Ebanjelioa: Joan 21, 1-19

Ebanjelioko atalean agertzen zaigunez, Tiberiades lakua Berpiztuarekin aurkitzeko tokia da. Mirarizko arrantza haren inguruan, Jesusek apostoluei jatekoa eskaintzen die, Pedro bere misioan baieztatzen du, eta elkarte hasi berriaren eta pastoral eginkizunaren oinarrian MAITASUNA jartzen du. Ireki dezagun gure bihotza topaketa honek eskaintzen digun mezura.

Jainko herriaren otoitza

Otoitz diezaiogun bere Espirituaren indarrez Jesu Kristo piztu duen eta gizaki guztienganako maitasuna azaltzen duen Jainko gure Aitari.

1.- Elizaren alde: munduak jartzen dizkigun zailtasun guztiak gorabehera, Ebanjelioa iragartzeko izan dezagula apostoluek zuten ausardia. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau Eliza guztien alde: beren arteko harremanak maitasun, elkar onartze eta lankidetza giroan gara daitezen, eta gizaki eta herri guztiek elkar topa dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko agintarien alde: herri guztiak gizakien egiazko aurrerapenerantz gida ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Sinesten ez dutenen alde; Elizarengan uste onik ez daukatenen edo Jesu Kristogan fedea aitortzen jarraitu arren Eliza bertan behera utzi dutenen alde: Berpiztuaren presentziaren ezaugarriak ikus ditzala beragan eta guk, geure bizitza dela-eta, Jesus Jaunarekin topo egiten lagun diezagula. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Fededun guztion alde: bizi garen inguruan, beldur eta aurre-iritzietan erori gabe, Jainkoaren testigantza eman dezagula, Kristo berpiztuarengan dugun fedea adieraz dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta Pazkoaldiko denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HAURREN EKINTZA

(Azkar-azkar jartzen da, aurretik umeekin gertatu edo prestatu dena: abestia, dantza edo ekintza laburra eta atsegina. Amaitutakoan, eskaintzaren aurkezpena egiten du haurretariko batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hor uzten dizugu elkartearekin batera eduki nahi izan dugun alaitasuna. Uste dugu Zeu zarela gure barruan poz hori piztu duzuna eta berari eutsi eta bera gehitzen duzuna, guk besteei zabal diezaiegun. Badakigu nagusiek, helduek, eragozpenak izaten dituztela eta horrek kezkak eta tristura sortzen dizkietela. Horregatik, euren aringarria izan nahi dugu, eta, noizean behin ez bada bere, irribarretxo bat atera nahi diegu.


ARRAIN BATZUEN, OGI ZATI BATEN ETA ARDO PITXAR BATEN AURKEZPENA

(Eskaintza hau egiteko ibilaldi antzerako bat gertatu edo prestatu behar da. Aurretik, banan-banan, eskaintzak daramatzanak joango dira; atzetik, irakurriko duena. Edozeinek egin dezake, nahiz eta hobe izan adin desberdineko lauk egitea, janaria eta ospakizuna elkarte guztiarena dela adierazteko. Eskaintzak buru egiten duenari emandakoan, hauxe dio laugarrenak:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, mirarizko arrain harrapaketaren ondoren zeurekin jatera deitu zenien ezagutu zintuztedan ikasleei. Gaur, Zeuk emandako dohain horiek eskaini nahi dizkizugu, Zeuk, zeure borondatearen beste ezaugarri berri baten bitartez, gure alde emandako zure Gorputzaren janari bihur ditzazun. Piztu ezazu gure fedea, Jaunartzea Zeurekin bat egitea izan dadin eta mundura eta bizitzara eraman gaitzan, zure testigantza eman dezagun eta gaur egun Zeu biziko zinatekeen moduan bizi gaitezen.


SAREEN AURKEZPENA

(Irakurtzen duenak egingo du eskaintza, edota katekista batek nahiz helduren batek:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik sare hauek dakarzkizut. Zuk gizon-emakumeen arrantzale egin aurretik apostoluek utzi zituztenen irudi dira. Eurekin batera, gure ebanjelizatzeko konpromezua eskaintzen dizugu. Jakin ere badakigu eta, zuk eman dizkiguzun fedearen oparia ez dela gu bakoitzaren burua goratzeko, ezta, talde bakarra edo sekta bat bihurturik, gure elkartearen barnean sartuta egoteko, misiorako eta, hainbatetan ezer aurkitu gabe, bila dabiltzan gizon-emakumeekin gure fedea, alaitasuna eta zoriontasuna elkar banatzeko baino.


EGUNKARIA AURKEZTEA

(Ofizioko batek edo herri mailan agirian ari den elkarteko batek edo eguneroko jazoerak ondo jarraitzen dituen batek, aurkeztu behar lezake eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik, gaur, egunkari hau dakarkizut. Gaur jazotzen denaren islada da. Gure ondoan eta gugandik urrun gertatzen dena, nahiz eta beste batzuei jazo edo gertatu. Berri ematea hain ugaria denez, ez gaitu kezkatzen, jakitunek diotenez. Egunkari hau eskaintzerakoan, konpromezu hau hartzen dut, denen izenean: albisteen eta eurak bizi dituzten edo jasaten dituzten gizon-emakumeen bihotzera begiratuko dugula orain zer gertatzen den irakurtzen dugunean. Eta Zuk ez gaitzazu utzi gure bihotz gogorkerian. Ireki itzazu gure bihotzak elkartasunera.


BIBLIA AURKEZTEA

(Ez dugu gaur lehenengoz aurkezten. Oraingo honetan, elkarteko apalenetariko batek egin dezala aholkatzen dugu)

OTOITZA – AZALPENA: Nik, Jauna, Biblia dakarkizut, guretzat idatzitako zure Hitza. Eta, eskaini berri dizugun egunkariaren beste aldetzat jotzen dut. Horrekin batera, Zeuri entzuteko beti gertu egotea eskaintzen dizut. Baina ez zeure Hitzaren bidez bakarrik, baita egunkariak islatzen dituen jazoeren eta gertaeren bitartez ere bai. Zu, Jauna, ez zaitez behin ere isilik geratu. Eutsi zure Hitza zuzentzeari. Bera da gure bizitzak argitzen dituen argia. Baina ez ahaztu gure bihotzak ukitzea, Zeuk zuzentzen diguzun Hitzari behin ere itxi ez dakizkion.

Agurra

Senideok: Joan “ikasle maitearen” arabera, testigantza emateko zerbait bizi egin behar da edo gertatutakoaren esperientzia zuzena izan behar da. Horrela, Kristau Elkarte bat ezin da konformatu Jesusen bizitzako jazoerak jakiteaz eta kontatzeaz; guzti horren ESPERIENTZIA izaten ahalegindu behar gara.

Ebanjelioa, barrutik Jesusek eta bere egitekoak aldatutako Elkartearen testigantza da; Aitaren egitasmoa eta misioa aurrera eroan gura duan elkartearen testigantza. Jainkoaren maitasuna gizaki guztiek ezagutu dezaten gure testigantza ematera deituriko elkartea gara. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jainkoak bedeinka gaitzala Bazko honetan eta haren errukiak gorde gaitzala gaitz guztietatik. Amen.

- Kristoren Berpizkundearen bidez salbatu gaituenak aberats gaitzala betiko biziaren sariarekin. Amen.

- Jaunaren Bazkoa pozez ospatzean, betiko Bazkoaren itxaropenez alai gaitezen. Amen.

- Eta bedeinka gaitzala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. Amen.

Egun honetarako gogoeta

Biztu egizu gure bihotza zure hitzetara”.




Bazko barruan jarraitzen dugu eta gure kristau izatean dena da garrantzizkoa: Bazko gabe ez dago sinesmenik ez ezer hurreratzen zaionik. Eta igande honetan hurrengo galdera egiten dugu: nire kristau sinesmenaren gauzarik garrantzitsuena eta sinesmena bera ahalbideratzen duana, Bazkoa ote da?

Itaun hori “tokiz kanpo” dagoela uste baduzu, zure kristau fedea nola dagoen begiratu beharko duzu. Lehen kristauak ere zalantza berdina eduki zuten: “Jauna ikusi dugu” sinestea ez zaien egin batere erreza; hori aitortzea arriskutsua zen, Jaunarekin bat egiteak EUREN BIZITZA ALDATZEA eskatzen zielako. Eta hau gauza serioa da. Horregatik, guretzat ere galdera berdina da: benetan esan dezaket Pazko honetan “Jauna ikusi dudala”? Berak bakarrik aldatu dezake nire bizitza.

Argi dago, GAUR aurrean daukaguna eta bizi duguna beste egoera bat dela; gaurko tentaldi bat, “salbamenik ez dugula behar” pentsatzea da; eta hori horrela izanik, BAZKOAK ez dauka zentzurik, ez dugu behar. Bazkoak, Jesusen estilora osotasunean bizi nahi duten GIZAKI BERRIAK sortzen ditu. Zelan sentitzen naiz... aurrera pausorik ematen dut... Jesukristo Berbiztuarekin aurkitzearen esperientziarik badaukat...?

ZORIONTSUAK Berpiztuaren esperientzia bizi dutenek:
BIZITZA OSOTASUNEAN izango dute-ta!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Eta hainbeste izanik ere, ez zen sarea apurtu"

(Jn 21, 11)

 

 


bidean@bidean.net
orue