Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Pazkoa - 4. igandea - 2019.eko Maiatzaren 12a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Bazko aldian aurrera goaz.

Artzain Onarena esaten zaion laugarren igande hau SAGARAPEN BEREZIKO BOKAZIOEN aldeko otoitz eguna da Elizan.

Gure gizartean badira hamaika errealitate egituratzen eta agintzen dituzten buruzagiak. Entzule ugari dituzte. Komunikabide guztiek jasotzen dituzte horien hitzak. Baina Kristo da gidaria, maisua eta artzaina. Horren salbamen egitasmoak ez du inor baztertzen. Ez du bereizketarik egiten pertsonen artean, eta inoren alde egitekotan, eskortatik kanpora daudenen alde egiten du. Isila da bere egitekoa; isilik eta mendian gauzatzen du. Galdurik dabilena bilatzen du, eroria suspertzen, hautsia berritzen eta zauria sendatzen.

Eukaristia honek lagun diezagula Kristoren ahotsa aurkitzen. Berak gonbidatzen gaitu meza honetara. Entzun dezagun haren deia gure bihotzaren isiltasunean.



BAZKO ZUZIA PIZTEA ETA INTSENTSATZEA

(Bazko aurreko igandeetan bezala, egokia da hasierako ibilaldia egitea. Presbiteriora iristerakoan, ospakizun buru egiten duenak Bazko Zuzia hartu, piztu eta intsentsatu egiten du, elkarteak sarrerako kantua abesten jarraitzen duela).


UR BEDEINKATUAZ ZIPRIZTINTZEA

Senideok: betiko bizitzako uretara bere herria eramaten duen Artzaina -Jesu Kristo- aurkeztuko digu gaurko Liturgiak. Horregatik, guk, gaur, Jesu Kristoren heriotzan eta piztueran bataiatuok, eta zoriontasunaren eta biziaren iturrietara deituok, gaurkotu egingo dugu GURE BATAIOA, gure zintzotasunik eza aitortzen dugula eta bere barkamena itxaroten dugula.

(Ospatzaileak Bazko gauean bedeinkatutako ur apur bat hartzen du urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten du, eta gero elkartea zipriztintzen du. Bien bitartean, denak abes dezakete Elkartean ezagutzen den kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jainko errukiorrak garbi gaitzala bekatutik eta, ospakizun honen bidez, gure egarria betiko bizitzako iturrian asetzeko duin egin gaitzala. E./ Amen.


AINTZA

(Bazko aldiko domeka guztietan kantatua izango da).

Bere bizia gugatik eman zuen Artzain onaren ardi bezala, gure erospenaren eta bizi berriaren poza kantatzen dugu, Jesus eta gure senideekin Jainko Aita-Ama goratuz: AINTZA ZERUETAN

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 13, 14. 43-52

Lehenengo Kristau Elkartearen esperientzia entzuten jarraitzen dugu. Salbamena, Kristoren Pazkoaren emaitza, unibertsala da. Paulok eta Bernabek, hebertarrek Ebanjelioari uko egiten diotela ikustean, jentilengana ireki zituzten Kristoren ateak. Horrela ireki zitzaizkion atea Ebanjelioari, Berri Onaren iragarpenari. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Apokalipsia 7, 9. 14b-17

Apokalipsi liburuaren egileak begi aurrean jartzen digu Artzain bakarra goratzen duen egundoko jendetza eta hori salbamenaren unibertsaltasunaren ezaugarri da. Artzainaren ezaugarriak, ebanjelioan emango zaizkigunak, identitate berria aurkitzen du Apokalipsian. Kristok, Artzain Onak, bere bizia eskaini du eta pazko bildots opaldu bihurtu da. Pozez onartu dezagun mezu eder hau.


Ebanjelioa: Joan 10, 27-30

Ebanjelioko pasartean, Jesus Artzain On bezala aurkezten zaigu; ardi bakoitza eta guztiak ezagutzen ditu; guztiak zaintzen, guztiak babesten, eta ardien alde ematen du bizia. Ongi ezagutzen ditu bereak eta gure alde eskaintzen bere burua. Guk ez dugu ezer eskatzeko eskubiderik. Benetan, proposamen bikaina hemen egiten zaiguna. Onartu dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Otoi diezaiogun Jainko Aita-Amari, bere Espirituaren indarrez Jesukristo piztu duenari, gizaki guztienganako maitasuna adierazten duenari.

1.- Mundu osoan zehar zabaldurik dagoen Elizaren alde: gizaki guztien arteko senidetasuna iragar dezala eta, zuzentasunean eta bakean, Jainkoak nahi duen familia eraiki dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gero eta gauza gehiagoren jabe izan nahi duen gure munduaren alde: Jainkoak bidal diezazkiola, beren izatea eta ondasunak behartsuekin banatuko dituen, zerbitzari ugari. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Bilaka ari diren pertsona guztien alde: senideen artean bihotz zabal bizitzera dei egiten dien Jainkoaren ahotsa entzun dezaten, eta bidean lagunak aurki ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gazteen alde: Kristoren deiari bihotza ireki diezaioten eta gizaki guztien onerako, beren burua hari sagaratzeko prest bizi daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Elkarte hau osatzen dugunon alde: Berpiztuaren indarrak bizkor ditzala pertsonen arteko harremana, begirunea eta elkarrenganako barkamena. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta Pazkoaldiko denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Buru egiten duenak edo Pastoral Kontseilua zuzentzen duenak egin dezake aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Makila hau dakarkizut, Jauna. Agintearen ezaugarria da. Honekin batera, zerbitzatzeko prest egotea eskaini nahi dizut. Izan ere, Artzain Onaren ikasle naizenez, badakit besteei norbera ematea eta baldintza gabeko zerbitzua direla zure familian dagoen aginte bakarra. Eman iezadazu indarra, nire ardura horren gaitasuna gehi dadin. Elkarte guztiaren izenean ere, denei zerbitzatzeko gaitasuna eskaintzen dizut, jakin badakigulako denok garela bata bestearen artzain. Zabal ezazu gure artean maitasunaren sarea.


SENDAGAI BATEN AURKEZPENA

(Nahikoa litzateke sendagaiaren azala, irudia izateko. Osasun zerbitzua ematen duen norbaitek egin dezake aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Sendagai bat dakarkizut, Jauna. Artzainaren oinarrizko berezitasuna den errukiaren ezaugarria dela uste dugu. Horixe izan nahi dugu: besteentzako sendagaia. Besteen zauriak sendatuko dituen gantzua eta olioa. Besteen arazoak arinduko eta bigunduko dituen entzuteko gaitasuna. Eta zure Seme Jesu Kristoren antzera egin nahi dugu. Gizon-emakumeekin egin zuen eta gurekin egiten duen antzera.


EZINDU BATEN AURKEZPENA, BERE GURPIL AULKIAN

(Begirune osoz eta mingarria izaten ez bazaio. Erizain batek, familiakoa izan edo ez, zaintzen duen batek)

OTOITZA – AZALPENA: Ardi makalenekin eta behartsuenekin arduratzen da gehien artzaina. Horregatik, Jauna, gure elkartearen bizitzaren errealitate bat dakarkizugu, gure artean premia gehien daukatenekin konpromisoa hartzeko gogoa adierazteko.


“BAI” IDATZITA DUEN POSTER BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egiten du eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire izenean eta gazte eta ume guztien izenean, “Baietz” hau dakarkizut. Zure ahotsa eta zure deia entzuteko zuhur gaudela esan nahi du. Munduan zarata eta ahots asko entzuten dira. Ez diezazkigutela gure belarriak itxi. Inork ez diezagula eragozpenik jar zure deia entzuteko. Eta emaguzu, guztioi eta bakoitzari, deitu diguzun bokazioan zure pausuak jarraitzeko behar dugun indarra.


ERLIJIOSO GIZON NAHIZ EMAKUME BATEN, EDO ORDUEN LIBURUAREN AURKEZPENA

(Aukeratu egin behar. Elkartean erlijioso bizitzara kontsakraturik ez balego, elkarteko edozeinek, gazte batek bada hobeto, Orduen Liburua eskainiko du, sagaratutako bizitzaren ezaugarri gisa)

OTOITZA – AZALPENA: Zuetariko askok ezagutzen nauzue. Badakizue nire izena eta zer naizen. Uzten badidazue, azkar-azkar azalduko dizkizuet nire bizitza eta nire bokazioa…
Ez dago esan dizuedan guzti horretan nire aldetik meriturik. Jainkoaren grazia hutsari zor zaio dena. Horregatik, eskerrak ematen dizkiot barren-barrenetik. Zuen aurrean, Jainkoari eskaini nahi natzaio, eta Jesu Kristo bere Semearen eskaintzari bat egiten natzaio. Beragan du zentzua nire buruaren eskaintzak, eta beragan bihurtzen dira borroka nire makalaldiak, osotasunera iristeko.

(Nire aldetik, Jauna, Orduen Liburua dakarkizut. Elizan hainbeste emakumek eta gizonek sagaratutako bizitzan beren buruak eskaintzearen ezaugarri da. Liburu honekin batera, har ezazu gizon eta emakume horien bizitza. Horiei esker daki Elizak badela zure Erreinua eta gure artean dagoela. Hau ere eskatzen dizut, Jauna: sorraraz ditzazula, gure artean, sagaratze berezia duten bokazioak).

Agurra

Senideok: elkarri agur esatean, sendo ditzagun gure maitasuna, eta beste batzuekin batera gure fedea ospatzen dugun elkarteari gure buruak ematea. Baina ez gaitezela itxi elkartearen baitan; Kristoren, Artzain Onaren antzera, eskain ditzagun gure hitzak eta gure egiteak, munduak errazago aurki ditzan Jaunaren argia, bakea eta itxaropena. Kristau testigantzatan aste oparo zoriontsua!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jainkoak bedeinka gaitzala Bazko honetan eta haren errukiak gorde gaitzala gaitz guztietatik. Amen.

- Kristoren Berpizkundearen bidez salbatu gaituenak aberats gaitzala betiko biziaren sariarekin. Amen.

- Jaunaren Bazkoa pozez ospatzean, betiko Bazkoaren itxaropenez alai gaitezen. Amen.

- Eta bedeinka gaitzala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. Amen.

Egun honetarako gogoeta

“Neu naiz Artzain ona,
ezagutzen ditut neure ardiak,
eta ni ere ezagutzen naute neureek”.





Bazko bidean, laugarren igandera iritsi gara. ARTZAIN ONArena dugu eta Elizak SAGARATZE BEREZIko Bokazioen alde OTOITZ EGITEKO adierazten digu.

Bide berriak jartzen dizkiguten buruzagi asko ditugu gaur egun. Baina horien artean gutxi dira euren bizia emateko gertu daudenak. Hori beste gauza bat da. “Nola iritsiko gara, ba, horra?”. Ba, Jesusek salatu egiten ditu gezurrezko artzain horiek eta ARTZAIN ONA izena ematen dio bere buruari, eta bere maitasun espirituan eta bere heriotzarainoko zerbitzuan oinarritzen du izen hori. Berak irekitzen digu Jainko-Aitagana iristeko bidearen atea; eta ez dago beste biderik.

Horregatik da hain konprometitua egun honetako mezua: benetako bizitza berrirako irekitzen den ate bakarra dago, MAITASUNArena eta doan egiten den ZERBITZUArena eta NORK BERE BURUA EMATEarena.

Horregatik egiten dugu otoitz, Artzain Onaren egun honetan, SAGARATZE BEREZIAren BOKAZIOen alde. Eta dena, helburu argi batekin: gizon-emakumeen zerbitzuan jartzeko eta beren bizitzaz eta hitzez, Jainkoaren Berri Ona iragartzeko.

Bedeinkatuak beren BIZITZA
BESTEN ZERBITZUAN jartzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Nire ardiek nire ahotsa entzuten dute"

(Jn 10, 27)

 

 


bidean@bidean.net
orue