Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Pazkoa - 5. igandea - 2019.eko Maiatzaren 19a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak sinesmen ospakizun honetara.

Senideok: Bazko-aldiko igande guztiek bezala, alaitasuna darama ezaugarri igande honek. Baina desadostasunak diren lekuan ezin da izan alaitasunik. Gure arteko desadostasunak berehala gainditzera, elkarri begirune izatera, senide gisa elkarturik bizitzera gonbidatzen gaitu Jaunak.

MAITASUNA da Jesusen elkarteko bezala tokatzen zaigun berezitasuna, guztienganako onarpena, zuzentasuna, bake-ezaugarri izate nahi zintzoa gure ezaugarria. Maitasunaren agindua da ospakizun honen barne oihartzuna.

Presta gaitezen sakonki bizitzeko; Jaunak ireki ditzala gure bihotzak haren mezura eta indar eraldatzailera. Has dezagun ospakizuna.


BAZKO ZUZIA PIZTEA ETA INTSENTSATZEA

(Bazko aurreko igandeetan bezala, egokia da hasierako ibilaldia egitea. Presbiteriora iristerakoan, ospakizun buru egiten duenak Bazko Zuzia hartu, piztu eta intsentsatu egiten du, elkarteak sarrerako kantua abesten jarraitzen duela).


UR BEDEINKATUAZ ZIPRIZTINTZEA

Anaia-arrebok: ur hau bedeinkatu genueneko Bataio gaua ospatu ondoren, berrizta dezagun, berriz ere, geure Bataioa, Jaunak dakarzkigun barkamenari gure bihotzak zabal diezazkiogun, eta utz diezaiogun Jainkoari gure bataio grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Bazko gauean bedeinkatutako ur apur bat hartzen du urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten du, eta gero elkartea zipriztintzen du. Bien bitartean, denak abes dezakete Elkartean ezagutzen den kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jainko Aita-Ama errukitsuak, Jesusengan benetako Bidea, Egia eta betiko Bizia agertu dizkigunak, bete gaitzala bere dohainez eta betiko biziaren iturrietan gure egarria asetu. E./ Amen.


AINTZA

(Bazko aldiko domeka guztietan kantatua izango da).

Senideok: Bere Semearengan bedeinkatu eta herri santu eta aukeratua izatera deitzen digun gure Jainko Aita-Ama onari zuzentzen diogu gorespen kantu hau: AINTZA ZERUETAN

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 14, 21b-27

Lehen Kristau Elkartearen ibilbidea entzuten jarraitzen dugu. Paulo, lehen bidaia misiolaria bukatu ondoren, Antiokiara itzuli zen bizi izandako esperientziaren berri ematera, jentilek Berri ona nola onartzen zuten esatera. Gero eta estuagoak ziren elkarteen arteko maitasun-loturak. Misioaren zailtasunak jasaten ditu Paulok eta hartutako aginduari leial izaten saiatzen da. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Apokalipsia 21, 1-5a

Hainbeste zorigaitzek inguratzen gaituztenean, hainbeste berri txar eskaintzen zaizkigunean, zein gozo gertatu behar duten gure belarrietan Apokalipsi liburuaren egileak esaten dizkigun “zeru berri eta lur berrien” itxaropenezko hitzak. Izadi osoa bere baitan itxia eta gizakien egoismoz kateatua, askatua izan da, etorkizunerantz irekia, eta geuk izan behar dugu etorkizun berri horren testigu. Hau da irakurgai honen gonbidapena.


Ebanjelioa: Joan 13, 31-33a. 34-35

Maisuari entzuteko prestatzen gera. Maitasuna zerbitzua dela eta zerbitzu horrek guztiengana hedatua behar duela, baita etsaiengana ere, baita bizia arriskuan jarrita ere, hori guztia Jesusek egintzen bidez erakutsi diguna. Jesusek argi gogoratzen digu: pertsonak maitatuz maitatzen dela Jainkoa, Jainkoa ezin dela gizakiagandik aldendu. Lagun hurkoei diegun maitasuna dela Jainkoari diogun maitasunaren froga bakarra. Gogoeta bikaina benetan eskaintzan zaiguna.

Jainko herriaren otoitza

Otoitz diezaiogun Jainko gure Aita-Amari, bere Espirituaren indarrez Jesukristo berpiztu zuenari, gizaki guztienganako maitasuna adierazten duenari.

1.- Bost kontinentetan zehar zabaldurik dagoen Elizaren alde: adieraz dezala, alaitasunez, Jainkoak digun maitasuna, gizaki guztiok Aita-Amari beraren seme-alaba bezala bizi gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko nazio guztietako agintarien, baina bereziki, gure herrikoen alde: gizaki guztientzat bake eta askatasun-bideak sustatu eta bultza ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Familietako gurasoen alde: haien eginahal guztiek maitasun erantzuna izan dezatela, eta beren etxeetan maitasunaren, gorputz eta arima aritzearen, alaitasun eta batasunaren eredu izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Bazko aldi honetan Lehen Jaunartzea egingo duten neska-mutilen alde: kristau heldutasunerako bidean elkarteetan eta beren familietan onartuak eta lagunduak izan daitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen gauden guztion alde: maitasunaren agindu berria bizi dezagun, eta inguratzen gaituztenentzat atseden eta pausaleku izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta Pazkoaldiko denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALMENDRO LORE SORTAREN AURKEZPENA

(Edozein zuhaitzetako loreena izan daiteke sorta, eta elkarteko edozein helduk eskain dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, lore sorta eder hau dakarkizut. Baina Kristorekin bat eginik ez daudenei jazotzen zaienaren irudia da. Izan ere, instant baten joaten da bere edertasuna. Loreak ihartu egiten dira, eta adarrak biluzik geratzen dira eta heriotza bidean jartzen dira. Jauna, guk ez dugu nahi lore sorta hau bezalako ederrak izatea, baina bai, nahi dugu, Zure laguntzaz, Haren bitartez ematen diguzun graziaren bidez, zure Semea bizi zen moduan bizitzea.


INAUSTEKO GURAIZE BATZUEN AURKEZPENA

(Inausteko guraize batzuk aurkezten ditu beste heldu batek. Emakumea izan daiteke, aurreko eskaintza gizonezkoak egin badu, edota alderantziz)

OTOITZA – AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, inausteko guraize hauek dakarzkizut. Denok dakigu zein den beren zeregina. Azalekoa hilik, bizitza berria eta indartsuagoa sortzen dute. Badakigu, baita, zure Seme Jesu Kristorekin egoteak inausteko zorian jartzen gaituela, hiltzeko eta berpizteko zorian, hain zuzen. Inausteko eragozpenak ez gaitzatela aldendu Jesu Kristoren moduan bizi izatetik, Haren antza hartzetik eta Harekin bat egitetik.


HAUR BATEN AURKEZPENA

(Haurraren amak berak egin behar du aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Neure erraietako fruitua dakarkizut, Jauna. Bederatzi hilabete luzean izan nuen neure barrenean, neure pentsura oso-osorik. Oraindik neure pentsura dago. Hain izaki makala izanik, ez litzateke izango bere kabuz bizitzeko gauza. Baina badakit haurra pertsona desberdin baten egitasmoa dela. Bere garapenak lagunduko dio horretan. Horrelakoxeak izatea nahi dugu gu guztiok ere, zure Seme Jesu Kristori lotuta bizitzeko. Harengandik hartu dugu bizitza, baina geuk izan behar dugu aske eta protagonista geure bizitzan. Hezi gaitzazu, Jauna, askatasunean eta erantzukizunean.


HIRI BATEN MAPAREN EDO PLANOAREN AURKEZPENA

(Berdin da bideetako mapa edo hiri bateko planoa izatea. Elkarteko edozein kidek egin dezake aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bide bila dabiltzanentzat lagungarri izaten den mapa hau (plano hau) eskaintzen dizut gaur. Gaurko gizonak eta emakumeak ere, guk geuk, gogotsu bilatzen dugu gure izatearen eta gure bizitzaren zentzua; askok ez dute aurkitzen.

Ezaugarri hau eskaintzean, Zure Seme Jesu Kristo dela gure bizitzako bideak zein diren jakiteko gure maparik onena eta bakarra aitortu nahi dugu agiri-agirian. Izan ere, Bera ibili zen bide horietatik lehendabizi. Baina hau ere eskatzen dizugu gaur: gure bizitzak iluntzen badira, edo ezbaia eta tentaldia sortzen badira, argi gaitzazula, zure Semearengan eta zure Semearengandik gure norabidea berreskuratzeko.


HARRI BATEN AURKEZPENA

(Ez dadila handiegia izan, baina suma dadila eraikuntzarako dela. Eraikuntzan lana egiten duen elkartekoren batek egin behar luke eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire lanagatik, ondo dakit zer dakarkizudan eta zertarako den. Harria da, eta sendotasunez eraikitzeko erabiltzen dugu. Horren antzerakoa, eta gehiago oinarria delako, da zure Seme Jesu Kristo gure elkartearentzat eta Elizarentzat. Berak eusten dio eraikuntza guztiari eta Harengan aurkitzen du honek bere izatea.

Gaur eskaintza hau egitean, gure espiritu eraikuntza, gure elkartean haragi egiten den zure Semearen Gorputza, eskaini nahi dizut, elkarte guztiaren izenean. Gure arteko batasunaren eta munduari buruzko zerbitzuaren esperientzia izan nahi du gure eskaintza honek.

Agurra

Senideok: sekula ere ez dugu behar adina azpimarratuko elkar maitasuna dela Jesusen elkarte izan nahi duen komunitatearen egiazko froga. Kristau elkarte baten egia begi-bistako egiten duena, ez dira haren ideiak, araudiak, haren antolaketa. Ezagutzeko bidea, gaur ere bai, Jesusen Espirituak eraginda bizi izandako maitasuna da. Hau da jasotzen dugun gonbidapena: Jesusen maitasunari gure buruak eraldatzen uztea, geuk ere ingurua eralda dezagun. Senideok: izan gaitezen Berri honen ezaugarriak. Aste zoriontsua guztioi!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jainkoak bedeinka gaitzala Bazko honetan eta haren errukiak gorde gaitzala gaitz guztietatik. Amen.

- Kristoren Berpizkundearen bidez salbatu gaituenak aberats gaitzala betiko biziaren sariarekin. Amen.

- Jaunaren Bazkoa pozez ospatzean, betiko Bazkoaren itxaropenez alai gaitezen. Amen.

- Eta bedeinka gaitzala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. Amen.

Egun honetarako gogoeta

“Agindu berri bat ematen dizuet:
nik maite izan zaituztedan bezala elkar maite egizue”.




Bazko bizikizunean aurrera goazelarik, Kristau Elkarteak benetan eta serio hartu behar duan gai bakarra proposatzen digu Jesus Jaunak: “Honetan ezagutuko dute guztiak nire ikasle zaretena: elkar maite baduzue”. Hauxe da gure NORTASUN EZAUGARRIA, izaera berezia ematen diguna, izateko eta bizitzeko era berezia ematen diguna. Bazko poza ospatzen gaudelarik, Jesusek, saldu eta heriotza aurretik, utzitako mezu nagusia gogoratzen zaigu.

Gaurko liturgiak, naiz eta egunero ikusi ezinaren, minaren eta heriotzaren izatea, “zeru berria eta lur berria” aipatuko dizkigu. Jesukristoren berpizkundearekin beste “ZERBAIT” hasi da, eta hortxe agertu zaigu benetan BERRIA dena: gugatik bere bizia eman duen Jainkoaren maitasuna.

Munduaren aurrean Jainko Aita-Amaren irudia agertu nahi badugu, eta lur hau itxaropen eta bizi seinale egin, Jesus Jaunak utzi digun agindu BERRIA betetzea da bidea: maitasunari maitasunez erantzutea dagokigu. Berak maite izan gaituan lez elkar maite badugu, mundua birsortzen goaz, gure itxaropenaren berri ematen dugu eta lotzen eta askatasuna kentzen diguten kateak apurtzen ditugu; berradiskidetzeko bideak errazten ditugu. Maitasun agindu hori betetzeak, zeru berri eta lur berrirako gizakiak sortzeko indarra dauka.

Zoriontsuak Piztueran sinesten dutenak
eta MAITASUN AGINDUA biziaz agertzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Maita ezazue elkar, nik maita izan zaituztedan bezala"

(Jn 13, 34)

 

 


bidean@bidean.net
orue