Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - HIRUTASUN SANTUA - 2019.eko Ekainaren 16a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak sinesmen eta anaiarteko bilera honetara.

Senideok: gaur HIRUTASUN SANTUAren festa ospatzen dugu; Jainkoa bere misterioaren bihotzean eta agerpenik sakonenean ez dela bakardadea, FAMILIA dela gogorarazten digu gaurko festak. Jauna komunikazioa da, maitasunezko komunikazioa, seme-alaba egiten gaituen Maitasuna, senide bezala elkartzen gaituen Maitasuna, bere Espirituarekin munduan zehar bidaltzen gaituen Maitasuna.

“PRO ORANTIBUS” EGUNA:
KONTENPLAZIOZKO BOKAZIOEN JARDUNALDIA





Gaur Elizak, gainera, beren bizitzak otoitzari eta kontenplazioari sagaratu dizkien gizonak eta emakumeak gogora ditzagula nahi du; milaka gizonezko eta emakumezko gure alde eten gabe otoitzean. Gaur, batez ere, horietako bakoitzaren alde jasoko dugu gure otoitza.

Has dezagun gaurko ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Esaera Zaharrak 8, 22-31

Lehengo irakurgai hau, Jakinduria pertsona bezala hartzen duen olerki didaktiko baten zatia da. Sorkuntza guztiak baino lehenagokoa den Jakinduria. Gaurko Festaburuak, benetako Hitza den Jesu Kristo, Jakinduriarekin bat egitera garamatza. Onar dezagun Testamentu Zaharreko fededunak eskaintzen digun gogoeta sakon hau.


2. irakurgaia: Erromatarrei 5, 1-5

Bihotzaren bakea, eramanpena eta itxaropena fedearen emaitzak direla esango digu san Paulo apostoluak. Gure gizarteko gizon eta emakume askok behar dituzten errealitateak hauexek. Guztioi dagokigu beharrean daudenentzat argi, atseden eta itxaropen izatea. Onar dezagun apostoluaren fede aitormena.


Ebanjelioa: Joan 16, 12-15

Jesusek etsipenez josita dauden bere ikasleei zuzenduriko agurreko hitzaldiaren zatia da gaurko ebanjelioko pasarte hau. Une latz honetan, Jesus Maisuak, bere lagunei eskaintzen die Espirituaren dohaina. Horregatik, Espiritu Santuak, Kristo errebelatzen jarraitzen du, bere jarraitzaileak benetako egia ezagutzera eta historiako gertakizunetan salbamen misterioa aurkitzera eramaten ditu. Hauxe da mezua. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jainko Elkarte eta bizi-iturriarengana irekita, gizadi osoaren alde egiten diogu otoitz.

1.- Gure Eliza maite eta gaixoaren alde: barkamena eta senidetasuna ahalbidetzen dituen elkarte irekia izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gobernuetan erantzukizun ardurak dituzten guztien alde: mundu solidario eta elkartuagoa egiteaz egunero ardura daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Baztertuak eta zapuztuak sentitzen diren pertsonen alde: atsedenerako bihotza eta laguntzeko esku leiala gugan aurki ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Beren bizitzak otoitzari eta kontenplazioari emanak bizi dituztenen alde: Jainkoarekin duten harremanaren testigantzak, eraman gaitzala kristauok Jainkoaren esperientzia xamurrera. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan elkartu garen guztion alde: Espirituaren indarrak elkarte senideagoa eraikitzera eraman gaitzala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



UME TALDE BATEK «AINTZA AITARI…» ABESTEN DU

(Elkarteko ume guztiak edo aukeratutako zenbait haurrek egin dezakete. Aurretik entseiatzea nahitaezkoa da. Abestu ondoren, harretako batek aurkezpena egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur benetan pozik gaude eta gure kantua poz horren adierazgarri da. Hirutasun Santuan goratzen zaitugu, Jauna. Zuen artean dagoen maitasunaren ezaugarri izan daitezela gure familietako harremanak.


“PRO ORANTIBUS” EGUNEKO KARTELAREN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egin dezake. Eta azalpena egiten du:)

OTOITZA – AZALPENA: “Pro orantibus” eguna gogoratzen digun paretako kartela dakarkizut, Jauna. Horrekin batera, gauza ederrak utzi, eta isiltasunean eta otoitzean zure bila dabiltzan hainbeste gizonen eta emakumeren bizitza ederra eta isila aurkezten dizugu. Sendo itzazu, Jauna, eta zure Erreinuaren poza aurretiaz bizitzeko aukera eman iezaiezu. Eta gu, batez ere gazteok, zure deiari eta zure borondateari zabalik bizi gaitezela.


LUR GLOBO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du; gizarte zerbitzuren baten dabilen batek egiten badu, hobe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, haur eta gaztetxoak mundua hobeto ezagutzeko eta gehiago maitatzeko gizarte ikasketetan erabiltzen duten lur globo hau dakarkizut. Eskuetan harturik, inor kanpoko edo atzerritar ez, baino denok hiritar sentitzeko, gizaki askok amesten duten auzo handi hori dirudi. Jauna, arrazakeri eta erlijio ezberdinak sortzen dituzten gorrotoak desegitea eskatzen dizut. Jesusen jarraitzaileok, baztertzaile ez, baino bateratzaile izan gaitezela. Tolerantziaren, elkarrizketaren, elkar ulertzearen eta maitasunaren lekuko egin gaitzazu.


KATILU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egiten du. Katilua hutsik dago; sinesmendun bezala betetzen joateko konpromisoa hartzen dugu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katilu honekin, nik eta kristau guztiok hartzeko daukagun jarrera agertu nahi dizut. Mariaren antzera eta zure lekuko izan diren askoren antzera, zure Hitza eta zure grazia hartzeko prest gaudela agertzen dizut. Haiek barik, txiki gelditzen gara eta Zugandik urrunduta bizi. Jauna, bete itzazu gure bihotzak zure graziaz.

Agurra

Senideok: Jaunarekin topaketa egiteak, Haren maitasun inguratzaileak, gure planteamenduak, jarrerak eta bizitza bera aldatzera gonbidatzen gaitu. Topaketak gure maitasun esperientziaz jabetzera eta horren berri ematera eragiten digu. Gure eguneroko bizitzara eta gure zereginetara bihurtzean, Jaunak digun maitasuna zabaltzeko gai izan gaitezela munduan eta gizartean.

Egun honetarako gogoeta

“Yo Jaun bakarra, sinesmen bera, Bataio bera
Jainko Aita-ama bakarra”.




Bazko aldiko liturgia bizi izan badugu, AITA, SEMEA eta ESPIRITU SANTUA ere gogoratu zaizkigula konturatuko gara. Hainbat aldiz izendatuak izan dira. Gaurko festa honetan, hirurak BATERA kontenplatzen ditugu: HIRUTASUN SANTUAREN festa da. Hau da: JAINKOA ELKARTEA DELA. Hauxe da egun honen mezu nagusia.

Norbaitek esango du: “misterio handi bat da”. Beste batzuek diogu: “Bai, MAITASUNAREN MISTERIOA da”. Horrelakoxea da gure Jauna eta horrelaxe agertzen zaigu: herriaren leialtasunik ezaren aurrean, Jauna leiala da; herria Harengandik urrundu arren, Jauna bere herriaren ondoan dago; bere seme-alaba egin gaituenez gero, “AITA”, “AMA” deitzen diogun Jainkoa dugu.

JAINKO HIRUTASUNA sinestea zaila dela? Ulertzea zaila dela? Jainkoa maitasuna dela onartzea beste; eta maitatzen duenak Jainkoa nor den badaki; eta maitatzen ez duenak (baietz pentsatu arren ere) Jaunari buruz oso gutxi daki.

ZORIONTSUA JAINKO MAITASUNEAN sinesten duena,
bere bizitzan argia izango baitu!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Egiaren Izpirituak egia beteraino gidatuko zaituzte"

(Jn 16, 13)

 

 


bidean@bidean.net
orue