Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 13. igandea - 2019.eko Ekainaren 30a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak guztiok!

Senideok: Jainko Aita-Amaren aurrean gaudela gogoratuaz, ematen diogu hasiera Eukaristiari.

Behin eta berriz sentitzen dugu Jainkoaren Hitza entzun beharra. Jesusen jarraipenak ahalegina, erabatekotasuna eskatzen du. Pobretasuna besarkatu eta lotura guztiei, familiakoak barne, uko egitea eskatzen du eta, behin ere atzera begiratu gabe, aurrera egitea, gaur entzungo dugunez. Horrela egin zuten antzinako profetek, eta historian zehar, hainbat gizon eta emakumeek ere bai. Jesus gure kaleetatik dabil gaur ere eta berari jarraitzera gonbidatzen gaitu. Zein da gure erantzuna?

Ospakizun honek bete gaitzala indar eta adorez, Jainkoaren partaide egiten gaituen zereginean beti aurrera egiteko.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Erregeak 19, 16b. 19-21

Lehenengo irakurgai honetan, Testamentu Zaharreko pasarte bat entzungo dugu. Eliasek bere ikasle Eliseori deitu zion. Eliasen misioan lankide egiten zuela adierazten zion Eliseori profetak gainjantziaz inguratzeak. Eliseok biziera berria hasi zuen, zituen ondasun guztiak utzita. Onartu dezagun, gogo biziz, testigantza hau.


2. irakurgaia: Galaziarrei 5, 1. 13-18

Paulo apostoluak dioenez, askatasuna da Kristogan dugun dohain utziezinetako bat. Kristau askatasunaren, bilatzen eta irrikitzen dugun balio absolutuaren adierazpena dira irakurgai honetako lehen hitzak. Kristau askatasunak Kristogan sinestea eta Espirituaren arabera bizitzea eskatzen du. Apostoluaren testigantza sakona benetan!


Ebanjelioa: Lukas 9, 51-62

Ebanjelioaren pasartean ikusten dugunez, Jesus, Jerusalemera bidean, Jainkoaren Erreinuaren balioez katekisatzen ari da. Bideko herrietan bere mezua iragartzen du. Zorrotzak haren hitzak; erradikaltasuna eskatzen du. Hauxe da guretzat ere gaur dakarkigun proposamena. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoaren Espirituak eraginda, aurkez diezazkiogun Jainko Aita-Amari gure otoitzak eta premiak.

1.- Mundu osoan zabaldurik dagoen Elizaren alde: Jainkoaren Hitzaren entzule leiala izanik mezu hori bere bizitza bihur dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Hezitzaileen alde: pertsonei elkarrekiko begirunean eta tolerantzian bizitzen lagunduko dien bizitza eta balioak transmititzen saia daitezen. Eta gu, gizadia astintzen duten gerraren eta indarkeriaren, gosearen eta gaixotasunaren eta hainbeste arazoren aurrean sentikor egin gaitzala eta konponbide bila saia gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gazte eta haurren alde: adoretsu erantzun diezaiotela besteekin partekatzeko, eta solidaritatean eta senidetasunean bizitzeko Jesusek egiten dien deiari. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Ospakizun honetan elkarturik gauden guztion alde: bizi dezagula Jainkoarengandik datorkigun egiazko askatasuna eta jarrai dezagula Jaunaren nahia bakoitzak jaso dugun bokazioan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure parrokiako Elkartea egiten dugun guztion eta bakoitzaren alde: Jesusen indarrez beterik, Ebanjelioaren testigu sinesgarriak izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HAZI BATZUEN AURKEZPENA

(Gari garauez beteriko kristalezko ontzi baten egiten da. Emakume batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egun honetan gari hazi hauek aurkezten dizkizut. Zeugandik hartu ditugu eta euren garapena ere Zeuk zaindu eta babestu ditzazula eskatzen dizugu. Bizidun guztiak bere heldutasunera heltzeko zure laguntza behar du. Gure eta gure gazteen bihotzetan erein egizu zure Eliza zerbitzera eroango gaituen hazi ona. Kristau elkarte guztiak izan dezatela laguntzaileren bat!


ONTZI BATEN LEGAMIAREN AURKEZPENA

(Elkarteko militante batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko ona, ore guztia eraldatzeko gai den legami pixka bat dakarkizut. Gizarte gizakoiago, berdintsuago eta solidarioago baten alde lanean gabiltzan militante guztien izenean egiten dut eskaintza hau. Gizon-emakume asko izan dira konpromiso honen erakusle. Onar itzazu haien bizitzak. Lan horretan aurrera egiteko behar dugun laguntza eta gaitasuna eskatzen dizugu.


KRISMA ONTZIAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Sakramentuetan erabiltzen den krisma ontzi hau aurkezterakoan, bataioan eta sendotza egunean, mundu honen erdian zure lekuko izateko hartu genuen konpromisoa gogoratu eta gaurkotu nahi dugu. Sarritan kontrako indarrak, lotsak edo beldurrak gehiago egiten digute. Emaguzu, Jauna, zure grazia eta laguntza, mundu honen erdian, zure lekuko izan gaitezen.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsona nagusiak egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gatzontzi bete hau, elkartearen, militante guztien eta nire izenean dakarkizut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure ebanjelioa zabaltzen egiten dugun ahaleginaren ezaugarri bezala dakarkizut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, nahiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dugu. Emaguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez dadin gezatu.

Agurra

Senideok: Jesusi jarraitzearen erradikaltasuna aipatu zaigu, baina ez dezagula ahaztu, kristau izatea Kristoren Espirituaren arabera bizitzea dela. Hitz bigunak eta gogorrak aldi berean; bihotzari eragiten eta berritasuna sustatzen dute; zeru ertzak irekitzen eta kateak puskatzen dituzte. Erantzun betea eskatzen digute. Aste zoriontsua hitza entzuten eta konpromisoei jarraitzen!

Egun honetarako gogoeta

“Zure morroi hau zure hitzen zain dago, Jauna;
Zuk, betiko bizitzako hitzak dituzu”




Honezkero familia asko opor giroan aurkituko dira: prestaketa, programaketa, zenbat gauza batetik bestera... udara eta opor ezaugarriak dira. Batean edo bestean egon, JESUS JAUNA beti gure ondoan izango dugu; gurekin arduratzen jarraitzen du, GUREKIN BATERA EGIN NAHI DU BIDEA.

Igande honetan Jesus BIDEAN eta SINESMENDUNENTZAKO bide bezala agertzen zaigu. Beretarrei zuzentzen digun hitz berezia eta esanguratsua, “jarrai iezadazu” da: beste irtenbiderik ez duela ematen du. Erabaki horrek aurreko gauzekin apurtzea eta ukatzea dakar; arriskatzea eskatzen du. “Jerusalemeko bidea” da, hau da: Aitaren nahia betetzea. Hauxe da Jesusen bidea.

Bide honetako oinarrizko osagaiak argiak dira: GUZTIZ PREST egotea eta Erreinurako ZERBITZUA eskaintzea. Hauxe da garrantzitsuena; garrantzizko gauza bakarra Jesusentzat. Hortik dator Kristau izatea, JESUSI JARRAITZEA (hauxe da “kristau izatea”) aukera bakarra eta betikoa dela, nahiz eta eguneroko bizitzan, urtero eta momentu oro egi bihurtzen saiatu behar.

Hauxe dugu igande honetako gonbidapena.

Zoriontsuak bere deia ENTZUN ETA ONARTZEN dutenak
bere ADISKIDETASUNAREN poza gozatuko dute!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jarraituko dizut, Jauna"

(Lk 9, 61)

 

 


bidean@bidean.net
orue