Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 14. igandea - 2019.eko Uztailaren 07a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Jesusen mahai ingurura.

Sekulako eginkizuna da BAKEA, eta horren alde lan egitera deituak gaude. Bakearen alde aritzen direnak, bakegileak eskatu behar zaizkio Jaunari. Kristok, Jainkoaren Erreinua predikatzera bera joatekoa zen herrietara bidali zituen hirurogeita hamabi ikasleak. Bidean oztopo, harrotzeko edo distrakziorako arrazoi izan zezaketen ezer gabe joateko agindu zien. Eta, misio bezala, bakearen mezua aldarrikatu behar zuten.

Liturgia honek, hainbeste bider esaten eta desiratzen baitugu “bakea” hitza, lagun diezagula gure bihotzak eta bizitzak eraldatzen, besteenak ere hobe egin ditzagun. Eta, sari bezala, lor dezagula Jainkoak agindu digun bakea.

Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 66, 10-14c

Irakurgai honek Jerusalemera etorri diren erbesteratuak aurkezten dizkigu. Itxaropenak etsipen bihurtu ziran. Hiria berreraikitzeko oztopo ugari sortu dira. Giro honetan, profetak Jainkoa leiala dela gogoratzen die eta Jerusalem, ibaia lez isuriko da haren gainera bakea eta herrien ondasuna. Hitz hori onartzen dugu.


2. irakurgaia: Galaziarrei 6, 14-18

Paulok Galaziarrei egindako gutunean, zera eskatzen du: Jainkoaren bakea eta errukia jaitsi daitezela gizaki berri izan nahi duten guztien gainera. Jesusenganako leialtasunean bizitzea da, dituen ondorenak dituela ere, apostoluarentzat garrantzitsuena. Jainkoa gurekin bada, guztia eraman dezakegu. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Lukas 10, 1-12. 17-20

Hirurogei eta hamabi ikasleen misioa eta bidean ipini aurretik Jesusen oharrak kontatzen dizkigu Lukas ebanjelariak. Oharrak zuzenak eta argiak dira: pobretasuna eta bakearen mezulariak izatea. Egitekoa ez dela erreza diotse. Euren misioa Jainkoaren Erreinua iragartzea eta egi bihurtzea da. Gaur, guri zuzendutako hitzak dira hauek. Prestatu gaitezen.

Jainko herriaren otoitza

Jesusen portaerari jarraiki, hurbil gakizkion Jainko gure Aita-Amari eta aurkez diezazkiogun gure otoitzak eta premiak.

1. Elizaren alde: hitzez eta keinuz bakea iragar diezaien gizaki guztiei. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2. Lurreko nazioetan agintari diren guztien alde: gizaki guztien egiazko zerbitzari izan daitezen eta erraz ditzaten askatasuna, zuzentasuna eta bakea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3. Gorputzean nahiz espirituan sofritzen ari diren guztien alde: gu guztion eta bakoitzarengan maitasunezko eta itxaropenezko hitzak eta keinuak aurki ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4. Kristau eta Jesusen jarraitzaile guztien alde: Jainkoaren hitzaren entzule sutsuak izanez, gure inguruan iragartzen jakin dagigun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5. Hemen gauden guztion eta bakoitzaren alde: bakegileak, Erreinuaren alaitasunaren ezaugarri bizi eta hurbilak izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BAKEAREN ESKAINTZA

(Ospatzaileak bakea eskaintzen du. Eta bake kantu bat kantatzen den bitartean denok denori eskaini)

OTOITZA – AZALPENA: Senideok: bakea ematerakoan konpromezu hau hartzen dugu: familian, lanean, elkartean eta gizartean gure bakerako ahaleginak Jaunari eskaintzen dizkiogu.

- S/. Jaunaren bakea izan bedi beti zuekin.
- E/. Eta zure espirituarekin
- S/. Eman diezaiogun bakea elkarri.


EGUNKARI BATEN ESKAINTZA

(Sindikatu, herrigintza edo politikan sartuta dagoen batek egin dezake; eta bestela edozein pertsona helduak)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunkari hau ekartzerakoan ondorengo hau agertu nahi dizugu: zuzengabekeri guztien aurka gaudela eta zuzentasunaren alde borrokatzeko prest gaudela. Bakearen keinua egin berri dugu; bakea eta zuzentasuna elkarri lotuta daudela uste dugu.


BIDEETAKO MAPA BATEN AURKEZPENA

(Gazte batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Bideetan zuzen ibiltzeko lagungarri den bideetako mapa hau dakarkizut, Jauna. Elkarte osoaren izenean hau agertu nahi dizut: Aitarenganako eta bere Erreinurako bidean Zu zarela gure mapa eta gure gidatzailea. Zain gaitzazu bide zuzenetatik ibil gaitezen.


FRUITUZ BETERIKO OTZARA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko haur batzuk egin dezakete eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, fruitu gozo eta ederrez beteriko saski hau eskaintzerakoan, hurrengo hau agertu nahi dizugu: guk ere arbola on eta osasuntsuak izan nahi dugula. Gure bizitzak antzuak ez, baina emankorrak izan daitezela. Zure graziari esker, kristau fruituak eman ditzagula.

Agurra

Senideok: beharrezkoa da elkarte-zentzua duten gizon eta emakumeak izatea eta, Erreinuaren premiaz jabeturik, beharrezko diren baliabideak jartzea. Jainkoagan fidatzera deituak gaude, gure egitekoa erantzukizunez hartzera; elkarte misiolari gara. Jainkoaren Erreinua iragartzea eta presente egitea da gure misioa, batez ere, zerbaitetan edo norbaitengan sinestea eta itxarotea zailen egiten den lekuan. Ez gaude denbora galtzeko. Lanerako ordua da. Ez dugu denbora galtzeko betarik. Kristau testigantzan aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Kristoren hitzak, bere aberastasun guztian,
agindu beza zuen bihotzetan eta zuen artean”.




Argi dago: Jesusek bere arretaz bat egingo zuen TALDE BAT ERATZEA nahi izan zuen. Jainkoaren ardura berdina: bizia eta salbamena gizaki guztiengana irits zitela. Hauxe da Erreinuko Albiste Berria.

Horrelako baieztapenen aurrean gaur batzuk agirian barre egingo dute, baina kristauontzat oinarrizkoak dira, kristaua Jesusen jarraitzaile bezala hartzen badugu behintzat (batzuetan hau ere zalantzan ipintzen delako). Jesus kezkatuta, buruan sartuta dauka hori eta beretarrak binan-binan bidaltzen ditu iragartzera. Gaurko ebanjelioak hauxe agertzen digu.

Ez ditu bidaltzen esku hutsik, bere BAKEA ematen die, onartzen duten guztiei eman diezaioten; Erreinuaren ezaugarri eta presentzia bezala gaixoak osatzeko eskatzen die. Batzuk uste dute, “erreinua” zerbait “espirituala” eta “gerokoa” dela. Jesusengan ez da horrela: Erreinua era konkretu eta ikustekoetan agertzen da: osasuna, ongizatea, hurkotasuna, solidaritatea, anaitasuna...

Horrela sentidu izan zuen Paulo apostoluak (2. irakurgaia): “nire gorputzean Jesusen zauriak daramatzat”, bere mezua ulertzearen ondorena da: besteekin SOLIDARITATEAN bizi denak bakarrik eraikitzen du Erreinua.

“Otoiz egin soroaren jabeari langileak bidal ditzan”; Erreinua premiazko ekintza da, beharrezkoa, bizia dakarrena; Jesusen erreinua bada behintzat. Jainkoak nahi izan dezala zerbitzuan eta solidaritatean bizi izango diren gizon-emakumeak egotea.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ekin ezaiozue bideari"

(Lk 10, 3)

 

 


bidean@bidean.net
orue