Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 15. igandea - 2019.eko Uztailaren 14a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak ospakizun honetara, Jesusen mahai inguruan.

Jesusek gizaki guztiei egindako deia ekartzen digu Eukaristiaren ospakizunak. SAMARIAR ONAREN parabola da gaurko ebanjelioaren edukia. Horren bitartez, Jainkoak sorreratik emandako askatasun osotik, erantzun bat merezi duen deia jasotzen dugu.

Baina Kristo ere, Samariar on bezala, gure bila aterako da, gure zauriak eta ahuldadeak sendatzera. Galdera serioa egin diezaiogun geure buruari: gaur, nor dut lagun hurkoa? Izan ere, asko dira gure inguruan sofritzen ari direnak, lagundu eta altxatu…, sendatu beharrekoak, gure hurbiltasuna eskatzen dutenak. Nire lagun hurkoa nor den aurkitu behar dut.

Aurrera! Ongi begiratuz gero, guztiok dugu zeregina besteen zerbitzuan. Zorionekoak “hurbil” gertatzen direnak, lagun hurkoak.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Deuteronomioa 30, 10-14

Liburu zaharrak gogoratzen digu Legeko lehen agindua: “Entzun ezazu Jainkoaren ahotsa”. Beste guztiek hori dute ardatz. Jainkoaren ahotsari men egitea, zorionean bizitzea da. Aginduak ez dira kanpotik ezartzen, bizi egiten dira, bihotzean eramaten dira idatziak. Onar dezagun gogoeta hau.


2. irakurgaia: Kolosarrei 1, 15-20

Irakurgai honek, Kristoren omenezko ereserki honek, Pauloren beste ereserki batzuek bezala, Jesukristoren jainkotasuna abesten dute: sekulako berritasun hori deskribatzeko Kristo kreatzailea, Kristo eroslea, Kristo adiskidegilea elkartzen dira. Entzun dezagun bihotz onez eta arreta biziz.


Ebanjelioa: Lukas 10, 25-27

Ebanjelioko pasarte honek dioenez, beste pertsonengana hurbiltzen dena da lagun hurkoa. Laguntza beharrean dagoen hurkoaren aurrean hartutako jarreren azalpen harrigarria da parabola. Jesus da Samariar ona. Horren sentimenduak izatera, horrek egina egitera gonbidatzen gaitu. Onar dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jesusen etsenpluari jarraiki, goazen konfiantza osoz Aita-Ama Jainkoagana, eta aurkez diezazkiogun gure otoitzak eta premiak.

1.- Elizak Jainkoaren handitasuna, ez urrutiko hitzez, baizik Samariar on bezala hurbildurik adierazten, zauriak sendatzen, bihotz minduak pozten, solidario izaten jakin dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nazioetako agintarien, bereziki hurbilenak ditugunen alde: guztien artean, adiskidetzearen, zuzentasunaren eta bakearen alde egin dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Pobreen, behartsuen eta gaixoen alde: gure laguntzaz eta maitasunez, aurki dezatela Kristoren aurpegia. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Elizan zaharren eta gaixoen zerbitzu eta arretaren karisma dutenen alde: behartsuenganako konpromezua ilusioz eta bihotz zabalez bizi dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure parrokiako Elkartearen alde: guztiak maitatuak, onartuak sentitzen direnen topaketa-etxe izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ELKARTEKO NAHIGABEEN AURKEZPENA

(Elkarteko buru denak egiten du. Gaixo, zahar eta elkarteko kideen beharrizan ezberdinak aipa daitezke. Betiko hitzetan erori gabe, ongi prestatzea merezi du)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jauna eta Aita-Ama: elkarte honek pairatzen dituen nahigabe eta beharrizanak aurkeztu nahi dizkizut. Zuk bihotz onez har ditzazun zure Seme Jesukristoren oinazeekin bat egin nahi dugu. Besteen zauriak ikusteko eta osatzeko adi egon gaitezela eskatzen dizugu; samariar on bezala, bidean erorita daudenen ondotik ez dezagula beste gabe aurrera egin.


ORIOAZ BETETAKO ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Osasun pastoraltzan dabilen batek egitea ongi legoke; eta bestela, gaixo, adineko edo ezinduren bat zaintzen duen batek)

OTOITZA – AZALPENA: Orio ontzi hau dakarkizut, Jauna. Honekin batera nire eta nire elkartearen konpromezua agertu nahi dizut: zure Semearen Berpizkundearen testigantza hitzez eta egitez eman nahi dugu, batez ere gure beharrizana duten gizakien ondoan egonez. Jauna, lagun iezaguzu gizakien minak arintzen eta beraien gaitzak sendatzen.


MEDIKAMENTU BATEN AURKEZPENA

(Medizina kutxarekin nahikoa da. Ahal dela osasun arloan lana egiten duan batek aurkezten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, errukiaren ezaugarri izan nahi duen medizina hau dakarkizut; kristau elkartearen ezaugarri on bat da errukia. Hori nahi dugu: besteentzat medizina bizkorgarria bihurtu. Besteen zauriak sendatuko dituzten gantzu eta olio izan. Besteen arazoak arinduko dituzten entzuteko gaitasuna izan. Zure Seme Jesukristok egiten zuen antzera egin nahi genuke: lehen Berak, eta orain gure bitartez sendatzen jarraitu.


ESKU BETE GALGARAUEN AURKEZPENA

(Elkartean baserritar bat balego, berak egiten du eskaintza. Eliza atzean dagoen ontzitik esku bete gari ale hartu eta aldare inguruan dagoen beste ontzi baten uzten du)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzeko erabiltzen ditudan eskuekin eskaintzen dizkizut galburu hauek, Jauna; bizitzaren eta guk bizia izan dezagun zure Semeak egiten duen erein aldiaren ezaugarri bezala eskaintzen dizkizut. Ereintza horrek, Jauna, guregan lur ona aurki dezala eta zuk itxaroten dituzun fruituak eman ditzagula. Guretzat hain erraza ez den ekintza honetarako zure laguntza eskatzen dizugu.

Agurra

Senideok: entzuna dugu gure senide behartsuenak onartzera behartzen gaituen Jaunaren Hitza. Atera gaitezela elizatik gure inguruko behartsuenen bila abiatzeko prest, gure “hurbileko” lagun hurkoa zerbitzera. Samariar onak, Jesusek, sendatu dizkigu zauriak, indartu gaitu sofritzen ari direnen ondoan egon gaitezen. Samariar on bezala lan eginez, aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Zure hitzak espiritu eta bizi dira;
Zuk betiko bizitzako hitzak dituzu”




Jesusen mezua entzuteko eta onartzeko prestatzea beharrezkoa zaigu. Nahiz eta “ez ustekoak” izan. Berak, oporretan ere ez ditu uzten bakean beratarrak. Izan ere, Erreinuaren agertzea une oro eta egoera guztietan gauzatu behar da. Gogoan hartzekoak.

Jesus ez da galtzen ulertezineko hitzekin eta jendeak ulertu ezineko esaldiekin. Jesusek eguneroko konparaketa errazak ipintzen ditu, eta hortik, bere entzuleei, ZEIN BIDE JARRAITU agertzen die. Gaurko galdera argia da: “Nor da nire lagun-hurkoa?”. Eta Jesusek zuzen erantzuten du: “Gizon bat Jerusalemetik Jerikorako bidean zihoan... eta lapurren eskuetan erori zen...”. Historia hau buruz dakigu, baina bihotzez entzuten badugu, ziur gure barruan “dardara” bat sentiduko dugula.

Lagun-hurkoa aurkitu, gertu dagoena, nire beharrizana duena, horixe da KRISTOREN SAKRAMENTUA. Hauxe da gaurko liturgiaren irakatsia eta gonbidapena. Horrela ez bada... nire kristau izatea eta kristau ez den baten aldea non dago? Bere egoera kontuan hartu gabe (alkoholikoa, drogazalea, banatua, Sidaduna...) eta nire LAGUN-HURKOA bilatuz: hona hemen igande honetako liturgiak eskaintzen digun ERRONKA.

Zoriontsuak behartsuen lagun-hurko sentitzen direnak:
KRISTOREN SAKRAMENTUA aurkituko dute!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Nor da nire lagun-hurkoa?"

(Lk 10, 29)

 

 


bidean@bidean.net
orue