Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 16. igandea - 2019.eko Uztailaren 21a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Jainkoaren izenean ongi etorriak ospakizun honetara zatoztenak.

Sarritan bizi gara ezertarako betarik ez dutenen antzera, baina gure bizitza bete gabe. Gauza asko egiten ditugu, baina ez gaituzte egiaz asetzen. Marta dirudigu, eguneroko lanak itsututa. Jesusek, gaur, bizitza beste era batera, Beraren ERARA bizitzera gonbidatzen gaitu.

Jainkoari irekita egon (Abrahan bezala), edo-ta Jesus Bera onartu (Mariak egin zuen bezala) dira gaurko ospakizunaren exigentziak. Jainkoaren presentziaz jabetzeko, hari gure ostatua eskaintzeko, bihotza erne dugula bizitzeko eskatzen zaigu.

Hasi dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 18, 1-10a

Testamentu Zaharreko pasarteak dioenez, Abrahanek, sinesmendun gizona eta harrera onaren asaba, bere denda aurretik pasatzen diren hiru gizon onartzen ditu. Jaunak Abrahanen denda ikusten du eta bizitzaren dohain ederra ematen dio: seme bat izango du, agintzariaren semea. Eguneroko jazoeratan Jainkoaren eskua ikusteko kontaketa erreza eta ederra. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Kolosarrei 1, 24-28

Paulo apostoluak, Kolosarrei egindako gutunean, ezin du gorde Gurutziltzatuaren testigu izateak ematen dion poza eta alaitasuna. Paulo Elizaren zerbitzari bihurtzen da, Jainkoaren seme-alaben, senideen egiazko Elkartea baita Eliza. Entzun dezagun adi.


Ebanjelioa: Lukas 10, 38-42

Ebanjelioko pasarteak dioenez, Jesusen mezua entzutea, onartzea, horren berritasunez gozatzea, hori da alderik onena. Mariak ongi ulertu du Jesusek dakarren berri ona, eta horretan buru belarri sartzea nahi du. Marta ikaslea da, Hamabiak bezala, baina Martak Legeari, hura betetzeari lotua jarrai, hori ikusten du leial izateko bide bakarra. Oraindik ez da jabetu Jesusen mezuaren berritasunaz. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jesusen etsenpluari jarraiki, jo dezagun konfidantza osoz Jainko Aitagana eta aurkez diezazkiogun gure otoitzak eta premiak.

1.- Elizaren alde: hitzez eta keinuz Jesusen mezuaren berritasuna zabal dezala, eta horrela Jainkoaren Erreinuaren testigu argi izan dadila. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko agintari guztien alde: beren erantzukizuna betetzean, behartsuenen justizia eta ona bila ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Edozergatik sofritzen ari direnen alde: guregan aurki ditzatela onarpena eta poza. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure gaurko gizartean karitatea, harrera ona eta adiskidetasuna baloratzen eta bizitzen ikasi dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan elkartu garenon alde: gure eguneroko lanak otoitzarekin elkartzeko gauza izan gaitezela, gure bizitzak Jaunaren presentziaz bete daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAHATSONDO ZATI BATEN AURKEZPENA

(Toki batzuetan ez da erraza izango; beste edozein enbor izan daiteke. Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Elkartearen izenean, enbor hau dakarkizut, Jauna; Elizaren sinboloa da: Zuk landatutako, zaindutako eta hesiz inguratutako mahasti berria da. Badakigu maitasunez eman diguzula. Badakigu baita ere gure erantzukizunaren zain zaudela. Zure laguntza eta indarra behar ditugu zure hitza eta gurariak bete ditzagun. Eliza honek, Zuk nahi dituzun maitasunezko eta zuzentasunezko fruitu ugari eman ditzala.


ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek bi eskuak katilu antzera bilduta eta hutsik erakusten du eta hau dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, esku huts honekin, zu zarela gure betetasuna eta guk ez daukagula ezer agertu nahi dizut. Ebanjelioak agertu digunez, bakar-bakarrik gure borondatea zure grazia onartzeko. Zuk beteko dituzun itxaropenez, esku huts honekin horixe eskaintzen dizut.


ERLOJU BATEN AURKEZPENA

(Gizon heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, erlojupean, presaka, iritsi ezinik, “estresatuta” bizi diren hainbeste gizon-emakumeren ezaugarri bezala dakarzkizut erloju hau. Niretzat eta hemen gaudenontzat konpromiso hau eskuratu nahi dugu: arazo sortzailerik gabe, atseden eta baretasun sortzaileak izatea.


KIMATZEKO GURAIZEN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek kimatzeko guraizeak aurkezten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Nik kimatzeko guraize hauek dakarzkizut, Jauna. Denok dakigu zertarako diren. Alperrik dagoena kenduz, bizi berria eta indartsuagoa sortzen da. Zure Seme Jesukristorekin bat eginez, guri ere kimaketa ordua iritsiko zaigula dakigu: bizteko hil beharra daukagu. Kimatzeak, Jesukristori lotuago egoten, berak hasitakoa jarraitzen eta Berarekin bat egiten lagun diezagula.


MUSIKA KASKOEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gazteok, musika entzuteko asko erabiltzen ditugun kasko hauek dakarzkizut, Jauna. Bata bestearengandik aldentzen gaituenez, bakardadearen ezaugarri dira. Gaurko gizaki askoren arazo gisa aurkezten dizkizugu. Bakardadea, laguntasunaz konpon daitekeenez gero, konpromiso hori geureganatu nahi dugu: besteen ondoan egotea eta laguntzea.

Agurra

Senideok: ENTZUTEN ikasi beharra dugu, isiltzen ikasi beharra, hainbeste presari agur esaten, hainbeste larritasuni ihes egiten, gure barnean lasai gelditzen, geure buruari egia esaten, gure inguruan bizitza sentitzen, jendeekin bat etortzen, Jainkoaren dei isila entzuten.

Gure bizitzaren atal bat isilik egoteari, besteen poz eta atsekabeak entzuteari, Jainkoaren samurtasunaz jabetzeari emanak bizi behar dugu. Orain hasten den aste honetan, saiatuko ahal gara isiltasuna bizitzen, gure egiarekin topo egiten, Jaunaren aurrean egoteko beta bila aritzen?

Egun honetarako gogoeta

“Zoriontsuak bihotz handiz eta emankorrez
Jaunaren Hitza gorde eta zainduz fruitua ematen dutenak”




Igande honetan ere Jesus Jaunak deituak izan gara eta bere etxean onartu gaitu Berak. Bere mahai ingurura gonbidatzen gaitu, guk ere besteak onar ditzagula eskatuz (horrela agertu zaigu lehenengo irakurgaian). Berak, Mariaren jarrera eskaintzen digu: “Jaunaren oinetan jarrita, bere hitza entzuten zuen” (Gaurko ebanjelioa).

Laburpen hau, Jesusen jarraitzaile izan nahi dugunontzat, esanguratsua da eta gonbidapen bat dauka: kristau izatea horretan datza. Hortik Paulo apostoluak dioskuna: “Poza dut orain, zuen onerako eramaten ditudan nahigabeengatik; horrela betetzen ditut nire haragian Kristoren nekeak”. Inork dudarik balu, hain lotuta dago apostolu handi hori Jaunarekin, senideen alde bere izatea osoa eskaintzeko prest dago. Hauxe da Jaunarengandik hartu duen eginkizuna eta anai-arreben benetako askatasunerako bere osotasunera eraman nahi du.

Berari entzun eta bere hitzen indarrak gure barrua “har” dezala (Mariaren antzera); Kristok dakarkigun benetako askatasuna gauzatzen saiatu (Pauloren antzera): hauxe da igande honetako gonbidapena. “Ordago”! Nork hartuko du?

Besteak ONARTUZ aste zoriontsua!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Mariak, Jaunaren oinetan jarrita, bere hitza entzuten zuen"

(Lk 10, 39)

 

 


bidean@bidean.net
orue