Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 18. igandea - 2019.eko Abuztuaren 04a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: ondo etorriak sinesmen eta senidetasun bilera honetara.

Gure kristautasunak eskatzen digun erara bizi ahal izateko Jainkoaren Hitza lagungarri izango dugu gaur ere.

Ondasunak larregikeriaz ibiltzeak bere arriskua duela gogoratuko zaigu, Jainko Aita-Amaren seme-alabak eta gure artean neba-arrebak garela ahaztuz gure senide erlazioak apurtzeko arriskua duelako. Kontuan hartzekoa da: dirua eta ondasunak nagusi diren pertsona batengan, Jainkoak ezin du bere erregetza agertu.

Senideok: Jainkoak gutariko bakoitzari hitz egin nahi digu eta adi egotea dagokigu. Hasi dagigun gure ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Kohelet 1, 2; 2, 21-23

Mundu honetako gauzek hainbeste buruko min eta neke ematen digutela, horien bila arduratzerik balio ote duen galdetzen dio Israelgo jakintsuak bere buruari. Eta ondorio hau ateratzen du: dena da huskeria; ez du merezi horiek eskuratzeko eta geure egiteko horrenbeste nekatzerik. Gauza materialak ez digute behin ere zoriontasunik emango. Entzun dezagun beren gogoeta.


2. irakurgaia: Kolosarrei 3, 1-5. 9-11

Egiaz baliotsu direnetan, Jainkoaren gauzetan, bihotz-begiak jarrita bizitzera gonbidatzen gaitu Paulo Apostoluak. Baina Jainkoarengan eta Jainkoarengandik bizitzeko, bataiotik eta Kristorekin egindako topaketa pertsonaletik datorren bizi berria esperimentatu behar da. Hau da apostoluaren testigantza ederra.


Ebanjelioa: Lukas 12, 13-21

Irakurriko dugun ebanjelio zatia, Lukasen ebanjelioan mundu honetako ondasunei buruz Jesusek esandako irakatsiak dira. Eta ondorena argia da: ondasunak pilatzeak ez du ezertarako balio; ondasunak pilatzeaz bakarrik arduratzen dena burugabea da. Hauxe dugu gaurko ebanjelioaren mezua. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jesus eredu dugula, jo dezagun Jainko Aitarengana, eta aurkez diezazkiogun gure otoitzak eta premiak.

1.- Elizaren alde: Jainkoaren Erreinuko ondasunetan begiak dituela, behartsuenen alde bizia eman beharraren testigu izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nazioetako agintarien alde: elkarrizketarako bideak aurkitu eta zabal ditzaten, eta lor dezatela lurreko ondasunak guztien artean zuzentasunez banatzea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gure gizarteko gaixoen, baztertuen, aintzat hartuak ez diren guztien alde: senti dezatela hurbiletik Jesusen jarraitzaileen solidaritatea eta beroa. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Kristauok, Jesus hil eta berbiztuaren testigu izanez, gure ondasunak gizaki guztien onerako erabili ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Fededun guztion alde: gure ezaugarriak solidaritatea, senidetasuna, onarpena eta bakea izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



DIRU-POLTSA HUTSAREN AURKEZPENA

(Elkarteko gizonezko heldu batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Diru-poltsa hau hutsik dago, Jauna; Zu eduki ezkero beste dena bigarren maila baten gelditzen da. Dena dela, tentaldiak ere ugariak dira, Jauna, eta ez da erraza zuri bihotz-bihotzez eta adimen osoz jarraitzea. Jauna, zure grazia eta laguntza eskatzen dizkizugu.


EGUNEROKOAK EROSTEKO PLAZARA EROATEN DAN POLTSAREN AURKEZPENA

(Elkarteko etxeko andre batek aurkez dezake. Kontsumokeriaren ezaugarri izan daiteke. Ez gaitezen lokartu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunero behar dudan tresna dakarkizut baina era berean gure kontsumorako grina agertzen duen tresna da. Jauna, ez gaitezela erori kontsumoaren sareetan, ezta mundu honek bultzatzen dituen sasi-baloreetan. Zure argia behar dugu itzarrik egon gaitezen; emaguzu Jesusen espiritua bere antzera bizi izateko.


INAUSTEKO ARTAZI BATZUEN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek inausteko artaziak aurkezten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, inausteko artazi hauek dakarzkizut. Badakigu zertarako diren: sobra dagoena kenduz, bestea indarberritu. Zure Semearen jarraitzaileok ere gauza askori ezetza eman behar diogu, fruitu ugariak emateko gai izan gaitezen. Ebakitzeak min ematen du, baina zure Semeari jarraitzeko mesederako izan zaigula, bere Ebanjelioa bizitzeko.


JAI EGITARAU BATZUEN AURKEZPENA

(Familia batek aurkez dezake eta kide batek esaten du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure herriko jaien egitaraua aurkezten dizugu eta honekin batera gure herrietako jaiak gogoan ditugu. Ez gaitezela geldi kontsumoan, zaratan eta soinuan. Jaietan bizi dezagula famili giroa, elkarrizketa, bakea eta senideekiko adiskidetasuna. Herriko jaiak baikor eta pozez bizitzea emaguzu.

Agurra

Senideok: gizakiaren bizitza zentzuzkoa eta aberatsa da Jainkoaren aurrean, Erreinuaren premien araberako lehentasunak finkatzen jakin duenean. Gure bizitzaren ardatz honako honek jarri behar du: ebanjelioaren araberako helburu argiak edukitzea, Erreinuarekin nahasten den zeru ertza izatea, Jainkoaren nahiaren adierazpena edukitzea... horrek egiten gaitu aberats. Gainerako guztia, gure nahierarik sakonenetan bide galdutik ibiltzea da.

Baina Erreinuaren eskakizunen arabera bizitzeak, kontrakarrean aritzea eskatzen du, gure gizartean nagusi bezala azaltzen diren balioei bizkarra emanik bizitzea. Jaunaren indarra behar dugu leialki bizitzeko. Jaunak eutsi diezagula, bizkor gaitzala gure ibilian. Aste zoriontsua eta ebanjelio testigantza oparoa!

Egun honetarako gogoeta

“Zoriontsuak espirituz behartsu direnak
aiena da eta Zeruetako Erreinua”




Jainkoaren Hitzaren aurrean jartzen garenean, batzuetan zirikatu eta noizik eta behin zapaldu ere egiten gaitu. Eta ez zerbait berezia esaten duelako, esaten duena gordintasunez esaten duelako baizik. Eguneko edo esaldi arrunta egiten zaigu sarritan abesten dugulako “Jaunaren Hitza gure argia...”: Jainkoak horrela onartzen du baina baita ere astindu.

Igande honetako irakurgaiak, zuzen-zuzen, iruzurrean bizi ez gaitezen gure bizitzak argitzera datoz. Benetako gaia hau da: GURE BIZITZAREN ZENTZUA eta gauzek, ondasunek, lur-ondasunek, aberastasunek, kontsumoek eta abarrek duen lotura.

Alde batetik munduak diosku, “duzun neurrian balio duzu”; bizitzak sarritan agertzen digu, “kanpo eder eta barnean pobre”; gaurko Jaunaren Hitza egoera horrek salatzera dator. Larregikeriak eta aberastasunak egiten duen minarekin eta sortzen duen solidaritate ezarekin ohartzen gaitu Jesusek bere oinarrizko planteamenduan. Horregatik bere gonbidapena hau da: “Eman zure dirua pobreei eta jarraitu iezadazu”. Hau da, BANATU ETA BIZI: zure gordailurik ederrena bizia duzu eta bizi zaitez; eman egizu, ez gorde, gordetzen baduzu galdu egingo duzu.

Benetan, Jesusen planteamendua guztiz berria da. Ebanjelioa honela amaitzen da: “norberentzat aberatsa dena, Jainkoak nahi duenerako ez da aberatsa”. Guzti hau guretzat esanda dagoela, argi dago: ondasunak pilatu eta Jesusen bizitzako proposamena “ez dira lotzen”. Argi ibili!

ZORIONTSUA, BANATUZ bizitzen dakiena:
Jesusen egitasmoa BERE GOZAMENA izango da!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Norentzat izango da pilatu duzuna?"

(Lk 12, 20)

 

 


bidean@bidean.net
orue