Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 19. igandea - 2019.eko Abuztuaren 11a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak guztiok.

Senideok: Eukaristian, Jesusez gure kristau bizitzako ogiaz, asetzen gara. Erne bizitzeko esango digu gaurko liturgiak; erne bizitzea da kristauaren ezaugarrietako bat, itxaropenera irekiak bizitzeko aukera ematen baitu.

Gure bizitzan, sarri, ohikeriaz jokatzen dugu. “Bizi gara-eta” esan ere esaten da, eta ez gara konturatzen noraino den jarrera ezkorra bi hitz horietan ematen dena. Fededunok gutxitan gelditzen gara zer eta zergatik egiten ari garen pentsatzeko. Gaur, Jauna berriz aterako zaigu bidera, eta "adi, erne egon" behar dugula esango digu, bizitzako gertaerei fede begiz begiratuta, egiten dugunari zentzua eman da, gure ibilia bizkortuta.

Pozez beterik, has dezagun ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakinduria 18, 6-9

Jainkoaren herriak Egiptotik atera aurretik ospatu zuen bazko afariaren oroigarria egiten du Jakinduriaren egileak. Israelek berriz irakurtzen du bere historia, fedean irauteko. Nor bakoitzak bere sustraiak aurkitzeak, lagundu egiten du fedearen bide horretan. Onar dezagun Israelgo jakintsuak eskaintzen digun gogoeta.


2. irakurgaia: Hebertarrei 11, 1-2. 8-19

Hebertarrei zuzenduta epistolaren egileak atal osoa eskaintzen dizkie fedeari eta iraupenari. Giza itxaropen guztien aurka, Jainkoaren agintzarietan sinetsi zuen Abrahan jartzen du eredu. Fedeak ez gaitu gelarazten, aurrera begiratzera eragiten digu. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Lukas 12, 32-48

Itxarotea da kristauaren funtsezko jarreretako bat. Jainkoa edozein unetan etor daiteke. Itxarote-aldia, erantzukizun pertsonala lantzen den aldi emankorra da. Beila iraunkorra da oraingo aldia, Jauna etorri arte. Entzun dezagun gogoeta hau.

Jainko herriaren otoitza

Jesusen jokaerari jarraituz, jo dezagun uste osoaz Jainko Aita-Amagana, eta aurkez diezazkiogun gure otoitzak eta beharrak.

1.- Elizaren alde: beti Jainkoaren Hitzari adi eta aldien zantzuetara irekia bizi dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nazioetako agintarien eta, bereziki, gertuenak ditugunen alde: saia daitezela giza eskubideen alde eta zuzentasuna ezartzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Egun hauetan oporretan dabiltzanen alde: familiaz, adiskideez eta izadiaz gozatzeko aukera izan ditzatela, baina ahaztu gabe, badirela bakarrik bizi diren pertsonak ere. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gehien pairatzen dutenen, bakarrik bizi direnen, gaixoen eta behartsuenen alde: aurki ditzatela beti gugan onarpena, maitasuna eta laguntza. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Elkarteak eta gu bakoitza fededun leialak izan gaitezen, eta bizia ez dezagula alferrik galdu ohikerian eta nagikerian. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



TELEBISTAKO EGITARAUA DAKARREN ALDIZKARI BATEN AURKEZPENA

(Gazte batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, telebistako egitarauen aldizkari hau dakarkizut. Honekin, gure munduak eta gizarteak goraipatzen dituen baloreak gogoratuz, horren aurka ezer gutxi egin dezakegula agertu nahi dizut. Ebanjelioko baloreak beste era batekoak dira eta zuk bizitzeko eskatzen diguzu. Bizi naizen, lana egin eta atsedena hartzen dudan tokian zure baloreen lekuko izateko konpromezua eskuratzen dut.


HONDARTZAKO TOALLA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte edo heldu batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure gizarte honetan, eguzkia hartzea, “itxura zaintzea” desio handi bat da eta horren bila gabiltza. Udaldiaren ezaugarri lez eskaintzen dizugu toalla hau. Atsedenaldiak, Zugana, munduaren Sortzailearengana hurreratu gaitzala, baita bake eta barne lasaitasuna beharrean sentitzen den norberen bizitzara. Opor aldian indar berriturik, gogo onez eta pozez ekin diezagula lan-urte berriari.


HAITZ HARRI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, harkaitz harri honekin, gure indarra eta aterpea zarela aitortzen dugu. Baretzen gaituen eta zure bakea dakarkigun hitza entzun nahi dugu. Inguruak ez digu eskaintzen giro hori, baina guk horrela bizi nahi dugu. Zure Seme maitearengan daukagun sinesmenean sakonduz, bere laguntza senti dezagula gure ibilbidean.

Agurra

Senideok: entzuna dugu erne bizitzera gonbidatu gaituen Jaunaren Hitza, senideen premietara begira jokatzeko eskatzen ziguna. Jarrera horri eutsi behar diogu gure gizartean; nire atera deitzen duenak, Jesusek berak egingo liokeen harrera aurki dezala: aurre iritzirik gabea, irekia, gertukoa. Aste zoriontsua, kristau testigantzaz oparoa!

Egun honetarako gogoeta

“Adi eta zuhur egon,
Gizonaren Semea gutxien uste duzuenean etorriko bai da”




Jesusen ikuspegian jartzen bagara, bere proposamena argia da:
+ sinesmenetik, bizi zaitez konfiantzan
+ “zure altxorra dagoen tokian, hantxe zure bihotza ere”
+ “prestu egon”: hau da, adi dagoenaren jarrera.

Igande honetan Jainkoaren Hitzak ematen digun mezua dugu. Eta ez dago ihesbiderik; lehen ere ez (Jesusen aldian), ezta gaur ere (gure egunotan); zintzoak izan nahi badugu, behintzat. Irizpide horrekin eta horrela bizitzea ez da batere erraza!

* Gaur egun, materialismoak, ondasunen egarriak irentsi gaitu... nola bizi gure konfidantza osoa Aita-Amagan jarriaz? Jesusek horixe eskatzen die bere jarraitzaileei: Aita-Amak Erreinua ematen digu.

* Gaur egun, hainbeste gauza behar ditugu bizi izateko... atsegin erreza, erosotasuna, “bizitza lasaia” sortzen duten gauzetan nola ez “jarri gure bihotza”? Eta Jesusen proposamena: “saldu zuen ondasunak eta limosna eman”.

* Gaur egun, askoren desio handi bat “utzi nazatela bakean” dugu... eta Jesusen proposamena beste hau dugu: Jaunaren zain daudenen antzera adi eta zuhur egon.

Argi dago: Jesus gure bizitza korapilatzera dator! Zer egin?

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Egon prest zuek ere"

(Lk 12, 40)

 

 


bidean@bidean.net
orue