Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 21. igandea - 2019.eko Abuztuaren 25a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak guztiok.

Senideok: Kristau elkarte garelako, gure fedea elkarren artean ospatzera etorri gara, Kristoren jarraitzaileak garela oso gogoan dugula.

Jesusi gaur jarraitu esaten dugu sarri, baina hari jarraitzeak dituen eskakizunek atzera eragin diezagukete, “giroak” maiz errazenera lerrarazten baikaitu. Adore gabezia eta ohikeria odolean sartuak bezala daramatzagu.

Igande honetako liturgia, berriz ere, eskakizunetan datorkigu; aldi berean, “Saia zaitezte ate estutik sartzen”; hau da, Jesusek eskaintzan duen Ebanjelioaren atetik sartzeko esango digu. Hori da Jainkoak egiten digun deia. Gizaki guztiak salba daitezela nahi duen Jainkoak dohainik egindako eskaintza da.

Jainkoaren Hitzaren galderak atxiki diezagula bihotzean, eta berehala sentituko dugu Jaunaren deiaren indarra.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 66, 18-21

Jainkoak gizaki guztiak batu eta salbamena orokorra den ezkero, inor baztertu barik, bere dohaina guztiei eskaintzeko ardura agertzen digu Isaias profetak. Aldiak betetzen direnean hauxe da Nazareteko Jesusengan egi bihurtuko den mezu itxaropentsua. Onar dezagun mezu eder hau.


2. irakurgaia: Hebertarrei 12, 5-7. 11-13

ZUZENKETAK dakartzan bi fruitu gogoratuko dizkigu Hebertarren egileak zati honetan: Jainkoaren bizi berdinean parte hartzea eta bere seme-alabei eskainitako ondarea lortzea. Bizi plan osoa eta zelan jokatu eskaintzen dizkigu. Ireki dezagun gure bihotza eta onartu proposamen hau.


Ebanjelioa: Lukas 13, 22-30

Jesus, Jerusalengo bidean agertzen zaigu ebanjelioko pasarte honetan; bizitza osorik eta borondatez eskaintzera doa. Salbamena guztientzat dela, eta Ebanjelioak jartzen digun bizitzako atetik sartzeko neurriak hartzea guztion egin beharra dela diosku. Bere proposamena dugu. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jesusen jokabideari jarraiki, jo dezagun uste osoz Jainko Aita-Amarengana, eta aurkeztu diezazkiogun gure otoitzak eta beharrak.

1.- Elizaren alde: maitasunaren eta herrien arteko elkartasunaren oholtza izan dadila, eta transmititu diezagula Jainkoak bakoitzari digun maitasuna. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Lehen Munduko nazioen alde: saia daitezela bakearen alde, beren aberastasuna partekatuaz eta Hirugarren Munduko herri guztien garapena bultzatuz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Arraza, ideiak edo erlijioa dela-eta sufritzen ari diren guztien alde: horien atsekabeak ireki dezala gizartearen bihotz erkina, eta garena eta daukaguna partekatzera eraman gaitzala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gehien pairatzen dutenen, bakarrik eta gaixorik daudenen, behartsuenen alde: kristauen artean aurki ditzatela onarpena eta solidaritatea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Elkarteen eta ospakizun honetan gauden guztion alde: gure maitasuna zabal dagian, eta inolako bereizketarik gabe, gure bihotzean gizaki guztiek aterpe beroa izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BATAIO AGIRIAREN AURKEZPENA

(Elkarteko heldu batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Bataioko AGIRI honekin, Zuk nahi duzuna eginez bizitzeko nire eta hemen gaudenon konpromezua agertzen dizut. Bataiatuta gaudelako edo zure Hitza entzuten dugulako ez dezagula pentsa salbatuak garenik, baizik zure Ebanjelioa gure bizitzetako bide bezala har dezagula. Gure eskaintza eta ahalegina onartzen dituzun ezkero lagun iezaguzu zure graziaz.


KOLONIA ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpen hau emakume batek egitea hobe legoke, gizonkeriaren keinutzat jo gabe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik kolonia ontzitxo apal hau aurkezten dizut eta ospakizun leku hau usain gozotzen dut. Bizi usaina da, Piztueraren lurrina. Eta Elkarte osoaren izenean eskatzen dizut, gutariko bakoitza eta guztiok, gure hizketen, gure bizitzeko eren eta jokabideen bitartez, Jesus berpiztuaren bizi berriaren usain gozo eta ezaugarri izan gaitezela.


MAHATS MORDO BATEN AURKEZPENA

(Bere familiarekin hurbiltzen den aita batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure familia eta munduko familiak irudikatzen dituen mahats mordo hau dakarkizut. Adar ahul batek ale ezberdinak bildu eta lotzen ditu; gure familietan ere ezberdinak gara, baina batasunean bizi nahi dugu. Gurari hau eskaintzerakoan, zure laguntza eskatzen dizugu bizitzan zehar egi bihurtzen joan gaitezen.


BATAIOKO OSKOL TXIRLAREN AURKEZPENA

(Elkarteko arduradunak edo Bataioetako arduradunak egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bataioetan ura botatzeko erabiltzen dugun oskol hau dakarkizut. Zeinu honekin, eskerrak eman nahi dizkizut, zure seme-alaba izateko eta zure zerbitzurako aukeratu gaituzulako. Gure meritu bakarra zure eskuzabaltasuna da. Horregatik, gure eskerrik beroenak.

Agurra

Senideok: Ospakizunean parte hartzea eta Ebanjelioko Jesusen hitzak ohar zorrotza dira kristauentzat: “Saia zaitezte ate estutik sartzen”; borrokatu beharra dago, ez gaitezela geldi besoak bilduta, dena arriskatu behar da. Ebanjelioa irekia dago Jesus Jauna dela sinesten eta aitortzen duten guztientzat. Berak lagunduko digu Jainkoaren Erreinua eraikitzen, gure senideekin, anai-arreba giroan bizitzen. Aste zoriontsua, kristau testigantzaz oparoa!

Egun honetarako gogoeta

“Ni naiz bidea, egia eta bizia;
ez doa inor Aitagana nire bitartez ez bada”




Aurrez jakin ezina dena irakasten du Jesusek; nondik irtengo duen ez dakizu. Eta sarritan deserosoa eta kezkagarria da bere mezua. Adibidez, “azkenak lehenak izango dira”. “Judutar izatea” Jesusentzat ez zen izan salbamen atea irekita aurkitzea (bere herritar askok uste zuten bezala); beste hainbeste esan dezakegu “bataiatuta egotearekin”, edo sakramentuak hartzearekin.

Guk Berarekin benetan eta barrutik BAT EGITEA bilatzen du Jesusek, horrek SINESMEN bizi eta arduratsua eskatzen duelako: hori da BIDEA. Salbamenari buruzko galderaren erantzuna hemen dugu.

+ Ez da Jainkoari buruz hitz egitea, Berari buruzko “gauzak” baieztatzea, baizik bere deiei IREKIAZ, Jaunaren ontasuna norberen barnean sentitzea eta edozein unetan Berarengana hurbiltzea.

+ Ez da etikako betebeharrak ezagutzea eta kristau aginduak zorrotz betetzeko eskatzea, baizik Jesusen jarraipena norberak bizitzea.

+ Ez da ortodoxia asuntoa, baizik Ebanjelioaren eskakizunak bizitzea.

+ Ez da “iraultza egitea”, baizik senideagoak izatea eta behartsuengana hurbiltzea.

“Azken batzuk lehen izango dira
eta lehen batzuk azken”

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik... eta Jainkoaren Erreinuko mahaikide izango dira"

(Lk 13, 29)

 

 


bidean@bidean.net
orue