Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 22. igandea - 2019.eko Irailaren 01a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorri fede-topaketara zatozten guztiok!

Senideok: Jaunak gaur esango digu: “Zorionekoa zu, ez baitute zuri ordaintzekorik”. Dohaineko hizkera hori bitxia eta, nolabait, ulergaitza egiten zaigu. Ahaztu egin dugu zer den dohainik bizitzea, eta ez dugu asmatzen ez gurerik ezer ez geure burua dohainik ematen. Trukaketa, onura, interesa nagusitu dira gure gizartean. Ia ez dago ezer dohainik. Hala ere, gure bizitzako unerik gailenenak eta beteenak, dohainik bizi ditugunak dira.

Dohaintasunaren bidea gogorra da, kontrakarrean aritzea esan nahi du, eta geu ere Jainkoaren maitasunaren opari merezigabeak garela jakitea. Hori da Erreinuaren logika, Jesusen elkarte berriaren logika. Eta Jaunarekin egiten ari garen bilera honetaz baliatuko gara, gure bihotza alda diezagula eskatzeko, dohainik bizitzen erakuts diezagula.

Orain, bihotza erne, has dezagun ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Sirak 3, 17-18. 20. 28-29

Bizitzan apalak izatearen, Jainkoaren jakinduriara irekiak egotearen garrantzia oroitarazten digu Testamentu Zaharreko jakintsuak. Geure buruarekin ados bizitzea, bake eta ongizate-bidea da; geure burua, argi eta itzal guztiekin, den bezala, opari bezala onartzea proposatzen digu. Jainkoaren isla gara. Gogoeta xume eta eder hauek merezi dute gure harrera.


2. irakurgaia: Hebertarrei 12, 18-19. 22-24a

Irakurgai honek, Itun Zaharrean beldur santua zegoela gogoratuko digu; Itun Berrian, ordea, konfidantza nagusitzen da. Jainkoak, “Israelgo pobreak” Jerusalemera daramatza, eta bihotzez apal eta behartsu direnak lehen-semeen batzarrera. Entzun dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 14, 1. 7-14

Gizakiok gure burua goratzen zaleak gara. Apaltasunaren espirituan oinarritzen den gizartea eraiki nahi du Jesusek. Apaltasuna eta eskuzabaltasuna dira Jesusen ikaslearen bi ezaugarri. Benetan interesgarriak Maisuak egindako gogoetak.

Jainko herriaren otoitza

Jesusen antzera, jo dezagun uste osoz Jainkoa Aita-Amarengana eta aurkez diezazkiogun gure eskariak eta beharrak.

1.- Elizako kide guztien eta bereziki hierarkiaren alde: apaltasun espiritua biziz eta horrela jokatuz, behartsuenen alde egin dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Botere politikoa, ekonomikoa eta soziala beren eskuetan dituztenen alde: zuzentasuna izan dezatela eragile eta saia daitezela gizakien arteko desberdintasunak ezabatzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Babesgabeen onerako lanean saiatzen diren gizon eta emakumeen alde: Jaunaren Espirituak eta graziak lagun diezaiela eta zain ditzala beren zereginean. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Pastoral ikasturte berrirako prestatzen gauden sinesmendun guztion alde: behar den erantzuna eta laguntza emateko beti prest eta pozik egon gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: jakin dezagula behartsuak onartzen. Dugun guztia Jainkoarengandik hartua dugula konturaturik, behartsuen duintasunaren alde lan egin dezagula. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KATILU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egiten du. Katilua hutsik dago; sinesmendun bezala betetzen joateko konpromisoa hartzen dugu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, oparia ekarri ordez, neure burua eskaintzen dut. Eskuak bilduta, otoitz jarrera agertuz, apaltasunaren ezaugarririk ederrena bezala. Zuri eskaintzen natzaizu, Jauna. Esku hobeagoetan ezin naitekenez egon ezta duintasun handiagorik iritsi, egin, Jauna, nirekin nahi duzuna. Oso-osorik zurea nauzu, Jauna.


BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Ez da lehenbiziko aldiz egiten duguna. Otoitz talde edo arduradunik balego, ongi legoke bertako kide batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Biblia hau dakarkizut, Jauna; hemen dago guretzat idatzitako zure Hitza. Zuri entzuteko beti prest gaudela agertu nahi dizut. Jauna, ez zaitez inoiz ere isildu. Bidal iezaguzu gure bizitzak argitzen dituen zure Hitza. Eta uki itzazu gure bihotzak, zure Hitzetara beti zabalik egon daitezen.


ALBISTE ON BATEN AURKEZPENA

(Azkeneko egunetan egunkarietan edo telebistan agertu den zerbait. Pertsona heldu batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik albiste on hau dakarkizut. Gizakiok ez dugu dena gaizki egiten. Zure graziaz on egiteko gaitasuna dugu. Ez dadila izan salbuespen bakarra. Emaguzu, Jauna, albiste onak sortzeko gaitasuna eta gizarte hau eraldatuz betiko biziaren seinaleak sortu eta ikus ditzagula.


EZKONDU BATZUEN AURKEZPENA

(Parrokian bizi diren zaharrenak edo azken ezkondu direnak egin dezakete. Haietako batek dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, kristau andre-gizon bezala gure maitasuna eta konpromezua eskaintzen dizkizugu. Gauzak hain erraz puskatu eta maitasuna desagertzen den mundu honen erdian, Kristo eta Eliza betirako lotuta daudenen ezaugarri izan nahi dugu. Hain zuzen, gure maitasuna egunero bizitzeko, lotura horretatik hartzen dugu Zugandik behar dugun indarra. Egizu, Jauna, ezkonduok sakramentuaren graziari esker, gure seme-alaben benetako hezitzaileak izan gaitezela.

Agurra

Senideok: erratua litzateke bakez bizi garelako, adiskide eta senideen artean ongi moldatzen garelako, gonbida gaitzaketenekin ondasunak partekatzeko gauza garelako, hau da, aurrerago norberarekin eskuzabal izan daitezkeenekin bihotz handiko garelako, Jesusen elkarte berrikoak garela uste izatea.

Jesusek dohaintasunean bizitzeko, kontrakarrean jokatzeko, trukean hartu gabe ematearen testigu izateko dei larria egin digu. Jainkoaren maitasuna da GURE ESKOLA, guk merezi gabe gainera isurtzen zaigun Jainkoaren maitasuna. Dohainik hartua dohainik ematea da kontua. Bestearen onaren eta zoriontasunaren bila aritzea, hori da zoriontasunerako bide ziurra. Aste konprometitu eta zoriontsu bat!

Egun honetarako gogoeta

“Har ezazue nire uztarria
eta ikasi Nigandik: bihozbera naiz eta apala”




Berriro ere, munduko eskematan, eta nork jakin gureetan, ongi egokitzen ez den bidea proposatzen digu Maisuak. Izan ere... nori gogoratzen zaio “azkeneko lekua hartzea” edo “bere burua beheratzen duena goratua izango dela” eta antzerako gauzak esatea; edo bazkari bat ematerakoan behartsuak edo trukean ezin dutenak itzuli gonbidatzeko, DOHAKO MAITASUNAREN ezaugarria hori delako...

Guzti honekin, gure kristau izatearen oinarrizko bi alderdi eztabaidan ipintzen ditu:

+ DOHAKO MAITASUNA da gurea? Bai ala ez? Behartsuei egiten diegun mesedea inoiz ez digute itzuliko. Maite gaituena maitatzea, gurekin gozo direnekin gozoa izatea, norberekoi hutsaren konportamendua izan daiteke. Horren ordez, Jesusek beste hau diosku: “Hartzean ez baina ematean dago zoriontasun handiagoa”.

+ ZERBITZUA, APALTASUNA, nire bitzako jarrera nagusia da? “Igotzea”, ondo ikusia izatea azkeneraino borrokatzen den mundu honetan, zer esan nahi ote dute Jesusen berba hauek: “bere burua beheratzen duena, goratua izango da”?

Ulertu nahi duenak uler dezala. Eta berari jarraitzeko prest dagoenak, bere indarra eta gonbidapena sentituz, adi-adi entzun dezala: gure erantzuna horrela bakarrik izan daiteke benetakoa.

ZORIONTSUAK, ULERTUZ, JARRAITZEN DIOTENAK!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zorionekoa zu, ez baitute zuri ordaintzerik"

(Lk 14, 14)

 

 


bidean@bidean.net
orue