Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 23. igandea - 2019.eko Irailaren 08a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak, senideok. Geu garen eta dugun guztia eman digun Aita-Amak deituta, fede berean elkartzen gara ospakizun honetan.

Gaurko liturgiak Jesusen jarraipena proposatzen digu; Jesusen egiazko jarraitzaile izateko, hura “hobetsi” behar da guztien gainetik; ondoren, nor "bakoitzak bere gurutzea jaso eta ondasunei uko egin"; hori da baldintza. Jesusek, berriz ere, ustekabera garamatza; jarraipenak osoa izan behar duela azpimarratzen du; ez du azalkeriarik, erdi-merdiko aukerarik ametitzen. Proposamen argia: Jainkoaren Erreinuaren alde osorik eskainitako bizitza. Maitasuna, zerbitzua, besteen alde nor bakoitzak bere burua ematea da eskatzen zaiguna.

Ospakizun honetan Espirituaren indarrak lagun diezagula Erreinuaren bilaketan aurrera egiten.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakinduria 9, 13-18

Gogoeta sakon bat entzungo dugu. Uki dezakegunak, ikusten dugunak, kontrolagarriak ihes egiten digu eskuetatik; errealitatearen aldetxo bat baizik ez dugu somatzen. Nola jarraitu jainkotiar denaren, giza mugetatik kanpora dagoenaren arrastoari? Espirituaren jakinduriak bakarrik eraman gaitzake bide zuzenetatik. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Filemon 9b-10. 12-17

Paulo apostoluak gogoratuko digu: askatasunaren eta egiazko begirunearen dohaina da elkartearen oinarria. Ez dute balio boterearen eta esklabutzaren arrazoiketek, baizik lagun hurkoa maitasunez, senide bezala hartzeak. Maitasuna da gizakien artean bizikidetzarako arau nagusia. Bikaina, benetan, gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 14, 25-37

Ebanjelioko pasarte honek dioenez, ondasunei eta norbere buruari ere uko egin behar dio Jesusen ikasle izan nahi duenak. Egiazko jarraipenaren arauak eta ondorenak ezagutu behar ditu Jesusen ikasleak. Harretaz entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Bizia ematen duen Hitzak argituta, otoi diezaiogun konfidantzaz Aita-Amari, eta, itxaropen osoz, aurkez diezazkiogun gure beharrizanak.

1.- Elizaren alde: bizi garen gizarte honetan, saia dadila Jesusen aurpegi eta ispilu izaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Agintari guztien alde: egiazko giza askatasunaren alde elkarturik, saia daitezela ahulenak zapaltzen dituen esklabutzaren kateak hausten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Behartsuek, baztertuek, gaixoek ikus ditzatela kristauengan egiazko senidetasunaren ezaugarriak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Jesukristoren jarraitzaile bakoitza maitasunaren eta bakearen, onarpenaren eta barkamenaren, tolerantziaren eta solidaritzaren testigu izan dadila. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Elkarteek eta Eukaristia ospatzera etorri garen guztiok: jakin dezagula Jaunaren Hitza entzutea elkartzen ona egitearekin, justiziarekin, guztien bizitzaren aldeko konpromezuarekin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ORDULARI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du; aita batek egiten badu, hobeto)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, denbora zaintzeko eta neurtzeko erabiltzen dugun ordulari bat dakarkizut. Gaur, ikasturte berri baten aurrean gaudela agertu nahi dizut. Gure ibilbidean, pertsona bezala eta sinesmendun bezala aukera berri baten aurrean aurkitzen gara. Eskerrik asko, Jauna, zugandik hartzen ditugun mesede guztiengatik; Zurekin kontatzen jarraitzen dugu.


UME BATEN AURKEZPENA

(Haurra, meza-emailearen ondora dijoa eta eskuak otoitz egiteko bezala biltzen ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, beste ezer ez, baino, gaur ni neroni eskaintzen natzaizu. Apaltasun ezaugarri bezala eta otoitzerako keinu bezala, zure aurrean eskuak bildu ditut. Zuri eskaintzen natzaizu, Jauna. Esku hobeagotan ezin naitekeenez egon, egizu nirekin, Jauna, Zuk nahi duzuna. Oso-osorik zurea naiz, Jau.


ADREILU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, adreilu hau dakarkizut. Etxegintzan, oinarrizko elementua dugu. Gure elkartearen izenean dakarkizut; zeu zara elkarte honen oinarri eta euskarri. Zugan ipintzen dugu gure sinesmena eta konfiantza. Zu kontuan izanez ulertu nahi dugu gure bizitza, gure ingurukoena, inguratzen gaituen guztiarena, errealitate eta historia guztiarena... Eta hor, zure Seme maiteak egin zuen antzera, zure Erreinuaren alde jokatuko dugu.

Agurra

Senideok: igandeko ospakizunean elkartzeak pozturik, Jesusen ikasle izateko beharrezkoak direla ikusi eta entzunak bizitzara eramateko asmotan, bukatzera doa gure bilera. Jesusi jarraitzeak, bizimodu bezala, geure buruari uko egitea eta senidetasuna onartzea eskatzen du. Ez da gutxi. Aste zoriontsua Jesusen jarraipenean eta kristau testigantzan!

Egun honetarako gogoeta

“Dauzkan guztiak uzten ez dituena,
ezin daiteke nire ikasle izan”




Joan zen igandean, dohaineko maitasuna, apaltasuna eta zerbitzuari buruz hitz egin zigun Jesusek. Beharbada, igande honetako mezua deigarriagoa eta harrigarriagoa da: “Dauzkan guztiak uzten ez dituena, ezin daiteke nire ikasle izan”.

Jesusen proposamen hau saiatzen diren edo aukeratutako kristau batzuena dela esanez lasai geratuko ginen. Baina ez da horrela: KRISTAU GUZTION EZINBESTEKO BALDINTZA DA. Eta Jesusen hitzak argiak eta borobilak dira. Nahiz eta beldur pixka bat sartu eta atzera eragin. Dudarik gabe, ebanjelioko orrialde hau gogorra da.

Beste hau ere egia da: Jesus ez da, beratarrentzat eskakizun bereziak dauzkan bakarra. Gure inguruan adibide ugari dauzkagu. Ustez “gorenean” bizi diren (kirolari, zientzilari...) hainbeste pertsonengana hurbiltzen bagara, eta horretara iristeko zenbat gauza utzi edo baztertu behar izan dituen galdetu ezkero, ziur, exigentzia edo eskakizun gogorrekin aurkituko garela. Honako andre-gizonentzat eskakizun eta sakrifizio guztiak beharrezkoak dira eta aurretiaz onartzen dira. Hau horrela izanez... zer gertatzen zaigu KRISTAUOI?

Gaurko liturgiari buruz nahiko esan dugu honekin. Jesusen gonbidapena PROBOKATZAILEA da: bere antzera, bizitzaren sortzaile eta erreferentzia puntua den Jainko Aita-Amaren esanean bizi; baita anai-arreba bezala hartzen ditugun gizaki guztien zerbitzuan biziz mundu berri eta gizakoiago baten alde gure ahalegina egin.

ZORIONTSUAK JESUSEN mezuaz eskandalizatzen ez direnak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zuetako inor ez daiteke izan nire ikasle, dituen guztiei uko egiten ez badie"

(Lk 14, 33)

 

 


bidean@bidean.net
orue