Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 24. igandea - 2019.eko Irailaren 15a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak senide arteko eta sinismen ospakizun hontara.

Senideok: bada fededunok sekula ahaztu behar ez genukeen zerbait: geure burua galduenik dugula ere, barreneraino eroriak, errudun huts sentitzen garela ere, badugula aterabiderik. Galdurik sentitzen garela ere, gauza bat da ziurra: Jainkoa bilaka ari zaigula. Eta hauxe da Jesusen berri ona: Jainkoa galduen bila ari dela. Jesusek gaur kontatuko dituen parabolek egia hauxe dakarte: Jainkoa gizakiaren alde ari da; Jainkoa gutako bakoitzaz, gure onaz arduratzen da.

Senideok: Jainkoaren maitasuna “gainean dugula” jakiteaz poztuta, ospakizunari hasiera ematen diogu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Irteera 32, 7-11. 13-14

Testamentu Zaharreko pasartean entzungo dugunez, Itunari desleial izatea da Israel herriaren eta gizadi osoaren ezaugarria. Jainkoa leiala da, beti dago prest barkatzeko. Guztiz fidatzen da damutzen den gizakiarekin. Onar dezagun mezu pozgarri hau.


2. irakurgaia: 1 Timoteo 1, 12-17

Paulo apostoluak bere esperientziaren berri ematen du: bekatari zela, Jainkoak apostolu ministeritzarako hautatu zuen. Eta jazarle sutsu izatetik, Jesusen ikasle leial izatera aldatu zen. Bekatua baino indartsuago ari den grazia goratzen du. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Lukas 15, 1-32

Jainkoaren aurrean geure burua zuritu nahirik aritzen garenean, eta Jainkoak besteekin nola jokatu behar lukeen uste dugunean, Jainkoaren maitasuna guk uste baino aurrerago joaten da. Hala diote parabolek. Pertsona maitalea maite duenaren alde saiatzen denaren antzera jokatzen du Jainkoak. Bera abiatu da lehenengo. Zerbait baliotsuak gara Jainkoarentzat. Gu bakoitza bakarra gara. Azalpen honek liluratu eta bizitza erabat aldatzera eraman behar gintuzke. Onar dezagun hemen eskaintzen zaiguna.

Jainko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amagana irekiak, handiak baikara Haren aurrean, aurkez diezazkiogun mundu osoaren eta gure senideen beharrizanak.

1.- Elizaren, elizkide bakoitzaren alde: Jainkoak gu bakoitzari barkatzeko eta ahulenak zaintzeko azaltzen duen arduraren testigu izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gobernuetako agintariak saia daitezela herri guztien artean elkarrizketa, bakea eta adiskidetzeko bideak aurkitzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gorrotoz bihotzak erreta bizi diren gizon eta emakumeen alde: Jesusen antzera barkatzen ikas dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4. Pastoral Urte berri honen aurrean, gure Elkartearen alde eskatzen dugu: aurrean dauzkagun erronkei erantzunez, Zuk nahi duzun Familia eratzen joan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Jaunaren Hitzari leialak izanik, Jesusen jarraitzaileen ezaugarri bezala bizi gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KATEKESIKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko katekista edo arduradun batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katekesiko liburu hau dakarkizut. Horrekin batera, urte honetako lana eskaintzen dizut. Zure deiari erantzunez, lanak prestatzen hasita gaude. Gure lana, zure laguntzarik gabe, ezerezean gelditzen da. Ukitu, Jauna, gure barruak, baita umeenak eta gurasoenak ere. Zurekin kontatzen dugu, Jauna.


GARBITASUNEAN DABILEN PERTSONA BATEN AURKEZPENA

(Garbitasunean dabilen pertsona batek egiten du, lan tresna bat eramanez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, eskaintza bat egitera natorkizu. Badakizu zein den nire lana: gustura sentitu gaitezen eliza ingurua garbi edukitzea. Badakizu gustura egiten dudana. Egiten dudana elkartearen alde eginez, ni ere horren kide sentitzen naiz. Ez nabil txaloen bila. Beste barik egiten dut. Gauza bat eskatzen dizut, Jauna: egiten duguna besteen zerbitzurako egiteko grazia. Niretzat eta elkarte osoarentzat eskatzen dizut, Jauna.


IRATZARGAILU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsona nagusiak egiten du; ondo izan ezkero aita batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, goizero lanerako eta zereginetarako esnatzen nauen iratzargailu hau dakarkizut. Famili bizitza ere martxan ipintzen du. Zure gauzetarako eta Zu gure inguruan ikusteko adi, esna egon behar garela gogoratzen digu. Elkarte osoaren izenean eskaintzen dizut. Badakigu hainbat eragozpen aurkituko ditugula eta sarritan gure gauzetan murgildurik, loak hartuko gaituela. Jauna, lagun ezaguzu zure gauzetarako esna egoten.

Agurra

Senideok: Ebanjelioan entzundako parabolen mezuetako bat, gizarteko baztertuenekin Jainkoak duen joera errukitsua. Jainkoak desegin egiten ditu gure moldeak, gure arauak eta ohiturak. Jainkoak Jesusen bidez erakutsi digun izateko eta jokatzeko erak, zalantzazkotzat jotzen ditu gure balioak eta portaerak, guk besteentzat ditugun arrazoiketak. Jainkoak dohain ematen du, eta hori erokeria iruditzen zaigu.

Guztiok ere zerbait “erotuko” ahal gara gure bizitzak eta testigantzak inguruko eskemak hautsi ditzan! Zeregin bikaina eskaintzen digu Jainkoak: nekatuen atseden, zalantza dutenen fede, atsekabetuen bake izatea, eta guztia dohainik eta apaltasunez egitea. Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Jainkoa mundua Berarekin adiskidetzen zebilen Kristogan,
eta guri eman zigun adiskidetzearen hitza”




Aurreko igandetan, bere JARRAITZAILEAREN irudia eta izatea moldatzen ibili zaigu Jesus: zerbitzailea, ondasunetatik askea, gurutzea hartu eta jarraitzeko prest dagoena... JARRAITZAILEAREN BIZITZA OSOA konprometitzen dituen erabateko eskabideak dira.

Gaur, Jainkoa nor den eta nola jokatzen duen aurkeztu nahi digu. GALDUTA dabiltzanen BILA dabilen Jainkoa; gure bizitzako pekatuaz inguraturik hainbeste zarata eta presa artean noraezean, “irteerarik gabe” edo galduta senti gintezken unean, gure bila dabilen Jainkoa. Hauxe da Jesusek gaur eskaintzen digun Albiste Ederra: galduta dabiltzan gizakien ONDOAN DAGO JAINKOA.

Ebanjelioak eskaini digun parabolan, Jesusek Jainkoa nor edo nolakoa den azaltzen duenean, “onak”, “legea betetzen dutenak” eskandalizatzen dira. Beraien ahaleginean uste osoa ipini zutenak, merituak biltzeko “legea zehatz betetzen saiatu zirenak”, zail egiten zaie DOAKOTASUN JAINKOA onartzea; bekatariarekin aurkituz jai egiten duen Jainkoa; ONTASUNA DEN JAINKOA. Izan ere... gizakiok giza-maila edo neurriekin mugitzen gara eta Jainkoa doakotasunez. “Zenbat eduki hainbeste balio duzu” esaera, Jainkoak beste honekin aldatu du: “maite duzun beste balio duzu”.

ZORIONTSUA Jainko hau benetan hartzen duena!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Poz handia izango da zeruan, bihotz-berritzen den pekatari bakar batengatik"

(Lk 15, 7)

 

 


bidean@bidean.net
orue