Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 25. igandea - 2019.eko Irailaren 22a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ondo etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: hemen gara berriz ere, igandea dela-eta, Jaunaren aldare inguruan, gure erromesaldirako behar ditugun indarrak berreskuratzen lagunduko digun Ogi Bizia partekatzera etorrita.

Oporrak, familiarekin eta adiskideekin topaketak egiteko aldia, bukatzen ari dira; berriz goaz geure errealitatera, baina pozik, geu garena eta daukaguna beste batzuekin, beste errealitate eta giro batzuetan partekatzeko aukera izan dugulako.

Kristauak dirua eta beste ondasunak nola erabili behar dituen azaltzen digu Jesusek gaurko ebanjelioan. Eta hau da mezu nagusia: ezin garela izan, aldi berean, bi nagusiren morroi: edota onartzen ditugu Jainkoaren maitasuna eta errukia eta askatzen duen maitasun horren zerbitzari egiten gara; edota esklabu bihurtzen duen egoismoaren morroi egiten gara.

Giro honetan, hasten dugu Igande honetako ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Amos 8, 4-7

Hizketa gogorra darabil Amos, profetak, gizarte aberats eta bere buruaz seguru sentitzen zenaren bidegabekeria sozialak salatzeko. Irabazi berriak eskuratu nahiez, aberastasunak pilatzeko urduri aurkezten ditu Israelgo aberatsak. Amosen hitzak gaurkotasun betea dute gure gizartean ere. Fede bizitzak justiziaren alde egitea, senide behartsuari laguntzea eskatzen du. Onar dezagun gogoeta bizi hau.


2. irakurgaia: 1 Timoteo 2, 1-8

Paulo apostoluak zera eskatzen zien bere garaiko kristauei: boterearen egituren aurka ez jartzeko, baina besoak jasota otoitz egiteko agintari horien alde, agintzea zerbitzea dela aurkitu eta guztientzat bizitza duina lortzen saia daitezen. Ireki gaitezen proposamen hontara eta onar dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 16, 1-13

Ezinezkoa da, batera, Jainkoaren eta ondasunen morroi izatea. Administrari desleialaren zuhurtasuna goratzen du Jesusek, baina bere jarraitzaileei, hark gaizkirako duen trebetasuna eskatzen die ona egiteko, senidetasuna sortzeko, Jainkoa Jaun bakartzat edukitzeko. Hemen aurkituko dugu pasarte hau ulertzeko benetako klabea. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Salbatzen gaituen Jaunagan konfidantza osoa dugula, aurkez diezaiogun gure eta mundu osoaren otoitza.

1.- Elizaren alde: ez dezala beldurrik izan Ebanjelioaren egia osoa predikatzeko. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herri aberatsetako agintarien alde: beren bihotzak lurreko ondasunen interesetatik aske, behartsuenen eta baztertuenen interesen bila saia daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Fededunon alde: ez gaitezela lasai eta axolagabe geldi gizakien funtsezko eskubideen aurkako injustizien aurrean, eta bizi garen giro eta egoeretan testigantza ona eman dezagula. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Guztien artean, saiatu eta konprometi gaitezela gizakiaren egiazko duintasunaren alde ari direnekin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honen bidez gure begiak ireki eta gure bihotzak esna daitezela Jainkoaren deira, eta beti Jainkoaren eta senideen zerbitzuan joka dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



INGURU-GIROTZE (SPRAY) BATEN AURKEZPENA

(Parrokian zerbitzuren bat egiten duen pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gure etxeak txukun eta gozo ipintzeko gure etxeko andreak erabiltzen duten Spray hau dakarkizut, Jauna. Pastoral ekintzetan ari garen eta ospakizunetan elkartzen garen guztien izenean dakarkizut. Gure harrera ona eta gure jarrera egokia kontuan izanda, pertsonak ondo eta gustura sentitzen diren ingurugiroa sortu nahi dugu. Onartu, Jauna, gure guraria eta egia bihurtzen joateko, emaguzu zure Espiritua.

MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko heldu batek egin lezake. Ahal bada, itsu baten makila hobeto legoke)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, makila hau aurkeztean, ni eta elkarteko kideok, besteentzat lagungarri izan nahi dugula agertzen dizut. Itsuak zuzentzen ari den itsua izan ez nadin, ireki, Jauna, nire begiak. Iluntasunean ari den mundu honen erdian argi pixka bat jar dezadan, bete nazazu zure argitasunez.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsonak egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Irratia, ia denok daukagun aparatua dugu; pertsonak entzumena behar dute, eguneroko albisteekin bat egiteko. Entzumena behar dugu baita ere Jainkoaren Hitza entzuteko; hitz horren gainean eraiki nahi dugu gure bizitza. Zure Hitzak, Jauna, argi dezala gure bizitza.

Agurra

Senideok: beste fededun batzuekin batera pozez ospatu dugu Eukaristia eta pozez blai utzi gaitu Jaunaren Hitzak. Jaunak berak indar gaitzala eta aska ditzala gure bihotzak, Beren zerbitzutik eta senidearen zerbitzutik aldentzen gaituen diruaren esklabutzatik.Aste zoriontsua kristau testigantzatan oparoa!

Egun honetarako gogoeta

“Jesukristo, aberats izanik, behartsu egin zen,
Haren behartsu izatetik zuek aberastu zaitezen”




Jainkoaren Hitzak Jesusen jarraitzaileon barrua lantzen jarraitzen du, Maisuaren Eskolako ikasle finak izan gaitezen. Gaur, Jesusek garbi aurkeztu digu: “ezin zarete izan Jainkoaren eta diruaren morroi”. Sarritan “kontseilu on bat bezala”, edo “desio bezala”, edo “ongi legokeen gauza bezala” ulertu izan dugu. Eta ondoren, gure burua Jesusen jarraitzaile bezala daukagunok, gai hori ez dugu benetan hartu. Eta badakigu hau horrela dela.

Hori bai: “agindutako aginduak” bete ditugu: lehenengo eta behin igandetako eta jai egunetako meza; Garizuma bijilia bete dugu; gure seme-alabak bataiatu ditugu...; baina eguneroko bizitza bakoitzak bere erara darama: hor daude diru gosea eta neurri gabeko ongi-izatea eta sarritan lagun-hurkoa baztertuta edukitzea.

Jesusek, “bi nagusiren” morroi ezin garela izan dioskunean, zein ote da bere HELBURUA? Nola konpondu gure trikimainak? Ebanjelioko testua hartzen badugu, Jesusek gure “trikimaina” guztiei mozorroa kendu eta argi diosku: “EZIN DA”. Nire jarraitzaileak (kristaua) Erreinuaren alde jokatu behar du eta horrek argitu du bere bizia. Erreinua da kristauon “izarra”.

Jesusek AUKERATZEKO gonbitea egiten digu:
Nor da zure JAUNA?

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ezin zarete izan Jainkoaren eta diruaren morroi"

(Lk 16, 13)

 

 


bidean@bidean.net
orue