Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 26. igandea - 2019.eko Irailaren 29a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ondo etorriak Jaunarekin eta senideekin bat egitera.

Senideok: hemen gara Jesusen presentzia bizi eta haren mezua, Jainkoaren Berri Ona entzuteko etorrita.

Gaurkoan Jainkoak esaten zizkigun hitz zorrotzen aurrean, Jaunari barkamena eta errukia eskatzea izango da ospakizun honen ezaugarria. Erruki horrek lagun diezagula gure bihotza eta bizitza berritzen, Kristoren oinordeko izatera hel gaitezen.

Jesusek gaur ere hauxe esango digu: gure bizitzan zorrotzak izateko eta gutxien dutenekin partekatzen jakiteko. Jesus gure artean banatzen da gure gosea eta nahiak asetzeko. Jesusi jarraitu nahi diogunok, eskuzabalak izan beharko dugu, erantzun betea, asea, oparoa eman. Kristo osorik ematen bazaigu, zergatik gabiltza gu gure ondasunei loturik eta ez gara gauza partekatzeko?

Zoriontsuak partekatzen dakitenak! Aurrera! Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Amos 6, 1a. 4-7

Aurrera doa Amos profetak bere garaiko gizarteaz egiten duen deskribapena. Profetak bihotz berritzera deitzen die, sarritan pobreen duintasuna zapaldu eta lagun hurkoa atzipeturik, bapo jateari, edateari, ongi pasatzeari emanak bizi direnei. Merezi du gogoeta hau entzun eta hausnartzea. Bihotz zabalez, onartu dezagun.


2. irakurgaia: 1 Timoteo 6, 11-16

Munduko bidegabekeriei aurpegia eman nahi bazaie, fedearen arabera bizitzea da bide bakar baliotsua, esango digu apostoluak. Jainkoaren Erreinua onartzen duena, saia daiteke, bere bizi-giro eta ahalbideetatik, mundu zuzenago baten alde. Fedearen borroka ona egitea da Kristogan berritzea, Jaunaren aurrera aurkezteko unea iritsi bitartean. Hau da, guretzako ere, Paulo apostoluaren proposamena.


Ebanjelioa: Lukas 16, 19-31

Gaurko ebanjelioko pasarte honek, egoismo eta bidegabekeria, indarkeria eta gutxiespen egoerak salatzen ditu eta Jainkoaren epaia iragartzen. Bizitzako jarrera bezala bihotz berritzeko deia da, gainera. Entzun dezagun parabola hau, oso ezaguna, baina barnean indar handia duena.

Jainko herriaren otoitza

Aurkez diezazkiogun Jainko gure Aita-Amari bizitza zailago egiten diguten premiak, eta fida gaitezen haren maitasunean eta errukian.

1.- Eliz artzainen alde: zuzentasuna defendituz eta errukia praktikatuz, saia daitezela beti behartsuen eta apalen alde. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko aberats eta boteretsuen alde: gogora daitezela mundu honetan gosez eta eritasunez hiltzen diren hainbeste gizakiez eta, bihotz zabal jokatuz, aurki ditzatela gizarteko premiak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Fededunon alde: saia gaitezela onaren, zuzentasunaren, bakearen eta pertsona guztien arteko harreman senidekorra bilatzen, batez ere behartsuenak onartuz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Edozein egoeratako behartsu, apal, gaixo guztiak, beren pertsona duintasunari dagokion bezala, gizartean onartuak izan daitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Elkarteak eta ospakizun honetan gaudenak osoki bizi dezagula Ebanjelioa eta egiaz parteka ditzagula gure mahaia eta gure ondasunak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LANDARE BATEN AURKEZPENA

(Barruko landarea, ederra eta esanguratsua, urtean zehar erabiltzeko modukoa)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama: zure Semearen bitartez Zuk gure barruan zure biziaren eta maitasunaren HAZIA ereitea nahi izan duzu. Gure bizitzan hainbat pertsona ipini dituzu hazi hori zaintzeko. Gaur, gure alde egiten duzun guztia gogoratuz eta eskertuz, elkartearen izenean landare eder hau eskaintzen dizugu. Urtean zehar, Zuk jarritako HAZI hori zain dezagula, Jesusen laguntzarekin hazten joan dadila eta guk besteei eskain diezaiogula. Horrela izan bedi.


PITXERKADA URA AURKEZTEA

(Kristalezko pitxarra komeni da. Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama: maitasunez emaniko ur pixka bat ere saritua izango dela gogoratzen digu Jesusek. Elkartearen izenean pitxerkada ura aurkezterakoan, gure gizartean dauden maitasun eta senidetasun keinuak gogoratuz egiten dut; gehienak isilak eta ezezagunak dira; baita euren bizitza elkar banatzea nahi duten gizaki hurkoen eta solidarioen konpromisoa ere. Lagun iezaguzu eginkizun horretan.


PARROKIAKO KORUAREN AURKEZPENA

(Koruko zuzendariak edo kide batek egiten du aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure kantuekin Zu goratzea eta kristau elkarteari laguntza eta poza ematea bilatzen dugu. Jauna, kristau elkartearekin batera Zeu goratu zaitzagula beti. Kantuaren bidez, gure sinesmena sendotzen joan dadila eta itxaropenez bizitzen lagun diezagula.

(Nahi izan ezkero abestu daiteke «Aintza, aintza, aleluia»).


KRISMA ONTZIAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Sakramentuetan erabiltzen den krisma ontzi hau aurkezterakoan, bataioan eta sendotza egunean, mundu honen erdian zure lekuko izateko hartu genuen konpromisoa gogoratu eta gaurkotu nahi dugu. Sarritan kontrako indarrak, lotsak edo beldurrak gehiago egiten digute. Emaguzu, Jauna, zure grazia eta laguntza, mundu honen erdian, zure lekuko izan gaitezen.


TEOLOGIAKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko katekista batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Azken aldian agertu den Teologiako liburu hau dakarkizut, Jauna. Benetan fedea bizi nahi badugu, azaltzen ere jakin behar dugu. Testu berriak irakurriz, ikasten eta gaurkotzen goaz. Nahiz eta beste gauza asko egiteko eduki, heziketa iraunkorra ere beharrezkoa dugu. Horren ezaugarri eta Jesus benetan hartu nahi dugunaren ezaugarri da liburu hau.

Agurra

Senideok: bukatu da gure ospakizuna, baina oraintxe hasten da gure eginkizuna eguneroko bizitzan: lanean, familian, adiskideekin; baita gutxien dutenekin partekatzeko aukeran ere. Bizi dezagun jaso dugun mezua eta eraman dezagun hartutako zoriontasuna gure inguruetara. Aste zoriontsua kristau testigantzaz oparoa!

Egun honetarako gogoeta

“Jesukristo, aberats izanik, behartsu egin zen,
Haren behartsu izatetik zuek aberats zaitezten”




Gaur ere, Jaunaren Hitzak konpromezuz eta bizitzaz beteriko mezua eskaintzen digu; esan daiteke Jesusi ulertzea asko kostatzen zaigula eta berak, bere horretan ekin eta ekin jarraitzen duela.

Horrela da igande honetan ere: kontzientzia hartu beharra daukagu; gauza batzuk itsutu egiten gaituzte, bihotz-gabeko bihurtu, eta “bitarte handia” zabaltzen da; hori agertzen digu gaurko ebanjelioak Lazaro behartsua eta aberatsaren kontaketaz. Ebanjelioko aberats honi egiten zaion salaketa hau da: bihotz-gabekoa izatea, ikusten ez jakitea, ez hurbiltzea. Ez da agertzen zuzengabekeriarik edo zapaltzerik edo beste triskantzarik... Ez. Bakar bakarrik ez ikustea, ez sentitzea eta ondoren bezala, SOLIDARITATERIK EZA. Horra hor bere pekatua.

Argi dago gauza batzuk errealitatea ikusterakoan bihotz-gabeko egiten gaituztela; adibidez, aberastasunak. Gizakiok aberastasuna sarri jainko bihurtzen dugu, eta orduan benetako Jainkoa ilunduz gure bihotza norberekeriaz betetzen da. Hurrengo pausoa solidaritaterik eza da eta hori da gaurko ebanjelioak onartzen ez duena.

Gonbidapena ez da axolagabekerian eta solidaritaterik ezaren sareetan ez erortzea bakarrik, SOLIDARITATEA ETA MAITASUNA nagusituko diren inguru bat sortzen joatea baizik. Mundu honetako ondasunei gehiegi lotuta egoteak gizakion bihotzak usteldu eta anaitasunerako bideak desegiten ditu.

ZORIONTSUAK SOLIDARIOAK izatea aukeratzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Lazarok... atsegina aurkitu du"

(Lk 16, 25)

 

 


bidean@bidean.net
orue