Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 27. igandea - 2019.eko Urriaren 06a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak fedearen ospakizun honetara.

Festa bakoitzean bezala, Aita-Amaren beraren seme-alaba gisa, aldarearen inguruan elkartu gara, beste senide batzuekin Eukaristia ospatzeko.

Fedea aipatzen digu gaurko ebanjelioak, sakramentuen bidez Kristo piztuak gizon-emakumeen bihotzetan sorrarazten duen dohaina. Opari bikaina da fedea, mendiak mugi ditzakeen oparia. Bizitzak, fedeak argitua, fedez asea egon behar du. “Jauna, gehi ezazu sinesmena guregan” da ikasleek Jesusi egiten dioten eskaria; badakite sinetsi eta zaindu beharrezko zerbait jaso dutela. Hauxe izan daiteke gure gaurko eskaria, guregan gehiarazteko eta zaintzeko guraria.

Ospakizun honek lagun diezagula fedearen oparia ikusten. “Jauna, gehi ezazu sinesmena guregan!”. Has dezagun.

Irakurgaientzako oharrak

1. Irakurgaia: Habakuk 1, 2-3; 2, 2-4

Bizia maiz zaila gertatzen da. Profetak ere ezagutzen ditu zalantzak eta neke-orduak; bidegabekerian, zapalketa giro sozialean bizi da; giro horretan krimenak egunerokoak dira. Zentzugabekeria horren aurrean, Jainkoarengana jotzen du galdezka, haren aurrean salatzen ditu gogorkeria eta jauntxokeria hori. Baina gauza guztien gainetik dator Jainkoaren erantzuna; guztioi eta bakoitzari esaten digu: “Zintzoa bere leialtasunari esker biziko da”. Entzun dezagun.


2. Irakurgaia: 2 Timoteori 1, 6-8. 13-14

Paulo apostoluak, Elizaren jazarpen garaian, Espiritu Santuaren laguntzaz, hartutako fedearen gordailua zaintzeko aholkatzen dio Timoteori, Kristorenganako leialtasunean sendo irauteko. Onar dezagun testigu zintzo honen aitorpena.


Ebanjelioa: Lukas 17, 5-10

Jesusek fedearen eta Jainkoagan fidatzearen indarra erakusten digu; jarrera apal eta erantzukizunez betea azpimarratzen. Fedea, kopuruan ez, jarreran adieraz behar den zerbait da, adibidez, txiki eta gutxietsiekiko konpromezuan erakustekoa. Fedea landu egin behar da guregan haz dadin. Bihotz onez, onar ditzagun Maisuaren proposamena.

Jainko herriaren otoitza

Maisuaren irakatsiak jarraitu nahi dituzten ikasleek bezala, eta seme-alaben konfiantzaz, premia guztien alde otoitz egiten diogu Jainkoari.

1.- Munduan zehar zabaldurik dagoen Jainkoaren Elizaren alde: gizaki guztientzat, bereziki bidegabekeriak nozitzen dituztenentzat, egiazko ezaugarri eta bide izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nazio eta herri guztien arteko bakearen alde: beren artean elkar ulertzea, elkarrizketa, senidetasuna eta zuzentasuna haz daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Kristauen alde: gure kristau sinesmenean leialak izanik, gure fedea behartsuenen alde eta geu garen guztia dohainik ematen bizi dezagula. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Zailtasunez eta bidegabekeriaz inguraturik sentitzean, fedean zalantzak dituztenen alde: suma dezatela bizkortzen eta pozten dituen Jainkoaren indarra. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure elkarteen eta ospakizun honetan gaudenon alde: sekula ere ez gaitezela lotsa aldi desberdinetan eta gure inguruan fedea aitortzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BATAIATZEKO ERABILTZEN DEN ONTZIAREN (OSKOLA) AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gutariko asko bataiatzeko erabilia izan den oskol hau dakarkizut. Zure graziaz eta Espirituaren laguntzaz gure pekatua barkatu eta santuen elkarteko, lurrean zure familia den Elizako kide egin gaituzu. Gure izate berria zintzotasunez eta duintasunez bizitzeko zure laguntza eta babesa eskatzen dizugu.


ARGIMUTILAREN GAINEAN PIZTUTA DAGOEN KANDELAREN AURKEZPENA

(Elkarteko beste edozein pertsona helduak egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, kandela piztu hau aurkeztean, zera agertu nahi dizugu: gure eguneroko bizitzan, kalean, lanean eta Elizan, zintzo jokatu nahi dugula. Mundu honen erdian zure ARGIA izateko konpromezua eskuratzen dugu.


MAHATSONDO ZATI BATEN AURKEZPENA

(Toki batzuetan ez da erraza izango; beste edozein enbor izan daiteke. Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Elkartearen izenean, enbor hau dakarkizut, Jauna; Elizaren sinboloa da: Zuk landatutako, zaindutako eta hesiz inguratutako mahasti berria da. Badakigu maitasunez eman diguzula. Badakigu baita ere gure erantzukizunaren zain zaudela. Zure laguntza eta indarra behar ditugu zure hitza eta gurariak bete ditzagun. Eliza honek, Zuk nahi dituzun maitasunezko eta zuzentasunezko fruitu ugari eman ditzala.


KARITAS TALDEAREN AURKEZPENA

(OHARRA: hurrengo domekatan ondo legoke Parrokiako pastoral talde ezberdinak aurkezten joatea).

(Gaur, Giza Ekintza edo Karitas taldearekin hasten gara. Ondo legoke urteko egitasmoa idatzita eroatea eta amaieran banatzea. Aurkezpen hau kartel handi batekin egin daiteke. Taldeko batek egiten du)


OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure taldea, inguruan agertzen diren egoera mingarriekin arduratzen da. Elkartearen izenean egiten dugun ezkero, gure EGITASMOA idatzi egin dugu gero banatzeko. Eta helburua hauxe da: denok hurbil gaitezela egoera horietara. Onar ezazu, Jauna, gure eskaintza hau eta lagun ezaguzu inguruko premietara zabalik egoten.

Agurra

Senideok: bukatu da ospakizuna eta gure eguneroko bizitzara bueltatuko gara, familiarekin, adiskideekin, lagunekin, auzokoekin elkartzera; ez da harrigarri izango zailtasunak, haserreren bat edo beste ere azaltzea. Fedeak lagun diezagula besteengan Jesus ikusten; bizi-ezaugarriak eman ditzagula; besteak zerbitzerakoan zabalak izan gaitezela. Aste zoriontsua, kristau testigantzaz betea!

Egun honetarako gogoeta

“Jaunaren hitzak betiko irauten du.
Eta hitz hori da zuei iragarri zaizuen Berri Ona”




Jesusekin batera “Jerusalemeranzko bidean” (azken igandeetako liturgia), gaur oinarrizko gai bat planteatzen zaigu: SINISTEN IKASI beharra. Ez da txantxetako gauza; gizakioi sinestea kosta egiten zaigu bai ekonomia arloan, baita politikan ere eta nola ez gure uste sakonenetan ere. Desengainatua edo uste gabekoa sentitzen da. Instituzioak, familiak edo Elizak eskaintzen diona eztabaidan ipintzen du. Argi dago sinestea zaila dela. Gaur egun dena krisi baten barruan dagoela dirudi: baloreak, konpromezuak, egiturak...

Eta gizakia “SALBATUA IZAN” beharrean aurkitzen da. Hau da: bizitza benetan hartzeko non aurkitu zentzuzko arrazoiak? Zer egin gizatasunez bizitzeko? Bizitzako lan eta borroka guztiak zertarako dira?

Krisi horren barruan, sinesmendunok SINESTEN ikasi behar dugu; gizatasunez bizitzen laguntzen diguna bakarrik onartuko dugu: Jesusengan sinesteak sakontasunez, zentzuz eta itxaropenez betetzen badu gure bizitza, gure sinesmena onartua eta benetakoa izango da.

Horregatik gaur, gurea egiten dugu apostoluen erregua: “gehitu iezaguzu sinesmena”; uste sendoagoz, gaurkotasunez eta poztasunez sinestu beharra daukagu; ebanjelioak daukan indar askatzaile eta salbatzailean sinestu. Bizitza gizatasunez betetzeko bide bakarra da.

Zoriontsuak EUREN SINISMENA sakontasunez bizi dutenak,
beraien bizitza ARGIZ JANTZITA egongo da!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Sinesmena bazenute, mostaza-hazia bezain txikia izanik ere..."

(Lk 17, 6)

 

 


bidean@bidean.net
orue