Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 28. igandea - 2019.eko Urriaren 13a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak ospakizun honetara.

Kristauok maiz, Jainkoarekin harreman gozoak bizitzeko baino ardura handiagoa hartzen dugu fedearen eskaera etikoak zaintzeko. Erlijioarenak betetzea, erlijioa praktikatzea azpimarratu dugu, baina ez dugu ikasi Jainkoa gure bizi-iturri maitea bezala ospatzen. Bihotza prestatu gabe ospatzen dugu Eukaristia, egintza hau eskerrak emate handia dela egiaz konturatu gabe, gure bizia, gehienetan, goralpenik gabe baitoa.

Senideok: Nazareteko Jesusengan egiaz sinesten badugu, esna ditzagun gure bihotzak, Jaunak askatuak eta sendatuak sentitzeagatik igo bedi gure eskerrona. Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 2 Erregeen 5, 11-17

Jainkoaren Hitzak osasuna ematen dio Naamani (Israelgo herriko ez den bati) eta, bide batez, fedearen oparia jasotzen du. Jainkoak bere alde eginak eskertu beharra sentitzen du Naamanek, baina Jainkoaren grazia dohaintasun hutsa da, eta Naaman Jainkoaren maitasun samur eta sendatzailearen lekuko bihurtzen da. Entzun dezagun kontaketa hau.


2. irakurgaia: 2 Timoteori 2, 8-13

Apostolua kateatua eta preso hartua izango da, baina Jaunaren Hitza ezin da kateatu, Paulok esango digunez. Hitz horrek gizakion bizitza aldatzeko beste indar dauka barruan. Entzun dezagun apostoluak sakontasunez beterik egiten digun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 17, 11-19

Jainkoaren presentzia askatzailearen eta haren mesedeen dohaintasunaren zeinu nabaria da miraria. Hark ematen digu bizia, hark osasuna eta aukerak, ez onak garelako, aginduak betetzen ditugulako, baizik maitasun eskuzabalez maite gaituelako, guretzat osasun-iturri delako. Entzun dezagun ebanjelioko pasadizo hau eta ondorenak atera beharko ditugu.

Jainko herriaren otoitza

Maisuak irakatsiak jarraitu nahi dituzten ikasleek bezala, eta seme-alaben konfidantzaz, premia guztien alde otoitz egiten diogu Jainkoari.

1.- Gure Eliza Amaren alde: Jainkoaren dohaintasunaren zeinu eta eredu bizi izan dadila; sofritzen ari diren guztiak onartzen dituen gunea; maitasun eta bakearen iturri izan dadila. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gobernu, erakunde, elkargo eta elkarte guztietako gidarien alde: beren lana betetzean, bakearen eta zuzentasunaren alde saia daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Edozer arrazoirengatik sofritzen ari diren gizon eta emakumeen alde: Jainko sendatzailea, askatzailea, bizi-iturria aurki dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Kristau familia guztien alde: sinesmenean heltzen joan gaitezen eta bide horretan hazten beste batzuei laguntzeko beti prest egon gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Eukaristia hau ospatzeko elkartu garen guztion alde: etengabe eskerrak ematen bizi gaitezen eta gutako bakoitza ingurukoentzat osasun eta bake izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



SENAR-EMAZTEAK BERAIEN HAURTXOA AURKEZTEN DUTE

(Senar-emazteak haurtxoarekin presbiteriora doaz. Biak parte hartzen dute. Nahi izan ezkero ospakizun guztian bertan gelditu)

OTOITZA – AZALPENA:

SENARRAK: Jauna, hemen gauzkazu gure seme/alaba honekin zure oparia eta gure maitasunaren fruitua. Zure errukiari erantzunez eskaintzen dizugu. Zurea da eta jar ezazu salbamen bidean.

EMAZTEAK: Bera zainduz eta heziketan parte hartuz, bera sortzeko izan genuen maitasunean ere aurrera egiteko gogoa eskaintzen dizugu. Gure laguntza honi esker, bizitza osotasunean bizitzeko aukera izan dezala.

BIKOTEAK: Jauna, badakigu ez dela lan erraza; gure gizarteak pertsona ahulak eta errez manipulatzen dituenak nahi ditu. Horregatik, Jauna, gure egitekoa ongi betetzeko zure grazia eta laguntza eskatzen dizugu.


“DOMUND” EGUNEKO HORMA IRUDIAREN AURKEZPENA

(Aurreko igandean egitea ongi legoke. Gazte batek egin lezake. Ongi ikusteko lekuan jarri)

OTOITZA – AZALPENA:Jauna, datorren igandean ospatzen dugun “DOMUND” eguneko horma irudia dakarkizut. Gure elkarteak misiolaria izan behar duela gogoratzen digu. Guk baino aukera gutxiago duten herriekin “Elkartasun katea” egin nahi dugu. Horregatik, DOMUND-eko kanpaina honetan parte hartzeko konpromisoa eskuratzen dugu. Onartu, Jauna, gure senidetasuna eta elkartasuna agertu nahi duen ezaugarri hau.


ALDAREA PRESTATZEA

(Musika isila jarriz, bi emakumezkok aldarea jantzi eta apaintzen dute. Gauza gehiegikeriarik gabe baina lora ontzi eder bat ongi legoke. Haietako batek dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zu gure artean dagoen senargaia zaran ezkero, aldarea banketa ospatzeko prestatu dugu. Horrela zure Erreinuko ezteien aurrerapena ospatzen dugu. Har ezazu baita ere gure bizitzen eskaintzaren zeinu bezala.


LUNTXEAN HARTUKO DUGUN ZERBAITEN AURKEZPENA

(Meza ondoren zerbait hartzeko lekurik balego, elkarrekin zerbait hartzera gonbidatzen ditugu. Hemen patata poltsa bat eta edari bat aurkeztu daitezke)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Hitzaren eta Gorputzaren inguruan ospatzen gauden sinesmen batzar honen ondoren, jai eginez jarraitu nahi dugu. Maitasunean eta anaitasunean hazten joateko, elkarrekin zerbait hartuko dugu. Gure oztopo eta langak garaituz, sinesmenean eta giza mailan bat eginez jarraitu nahi dugu.


NAGUSIEN KATEKESIKO TALDEEN AURKEZPENA

(Elkartean dauden talde guztien aurkezpena egin daiteke. Egitasmorik eginda balego, ongi legoke horri baten bildu eta jendeari banatzea. Pertsona batek egiten du aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jainkoa Aita-Ama ona: eskerrik asko Jesus zure Seme maitea eta gure Anaia ezagutzeko dugun aukeragatik. Gure sinesmen horretan sakontzen jarraitu nahi dugu, gaur agertzen zaizkigun erronkei erantzun egokia emateko. Gure kristau elkarteari jakitera ematearekin batera, EGITASMO hori lantzen jarraituko dugunaren konpromisoa agertzen dizugu. Hauxe da gure eskaintza apala.

Agurra

Senideok: etekinik eta onurarik gehien ateratzeko baliagarria eta praktikoa baizik ikusten ez denean, zaila da bizia opari bezala ikustea. Ongizatea, berriak, sentipenak, bizitzako zenbait gauza kontsumitzeaz baizik arduratzen ez denean, ezin daiteke suma Jainkoa bizitza sakon eta pozgarriaren iturri dela. Gaur Jainkoak galdera egin digu bere Hitzaren bitartez. Zer harreman dugu Jainkoarekin? Konturatzen al gara nolako oparotasunez isurtzen ari den bere maitasuna?

Senideok: badugu aski gogoeta gai aste osorako, baita Jaunaren agindu argia ere: izan eguneroko bizitzan Jaunaren askapenaren eta sendaketaren lekuko. Besterik ez! Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Eman eskerrak beti:
hauxe da zuentzako Jaungoikoaren nahia, Kristo Jesusengan”




Batez ere aldi honetan gizakion bizitzetan honako gertaera hau daukagu: krisi egoera aurrean eta inguruan gertatzen diren aldaketen aurrean, lehena batzuk ahaztu egiten dute (“ez du balio” diote: gure guraso eta aurretikoak ez dute jakin baliozko gauzarik egiten); beste batzuentzat oraina nazkagarria da: momentu honetan ez dago ezer onik ez baikorrik.

Guzti honekin gure gizartea, gizaki nahigabetu eta garraztuekin jositako gizartea eraikitzen doa, ezkortasunez betea, gauza onak, gure bizitzako gauza eder eta baikorrak gozatzeko eta eskertzeko gai ez dena.

Une honetan, Jesusek ESKER ONEKO izatera egiten digun DEIA entzutera deituak gara. Gizakia gizaki da esker oneko denean; bizitza, besteengandik hartzen duen bizitza, esker onez hartzen duenean benetako gizakia izateko bidean dago; bizitza, jakinduria eta abar ez dira guk sortuak, hartuak baizik. Dohain ederrenak besteengandik hartzen ditugu gizakiok. Horregatik, osotasunera heldu nahi badugu, “ESKER ONEKO” izateko egiten zaigun deia.

Lepradun osatuaren adibidez, igande honetako mezua, Jainkoarekin eta gizakiekin esker oneko izateko daukagun gaitasuna garatzea da. Eta ongi begiratu ezkero... esker onekoak izateko zenbat arrazoi! Ea gure barruan esker oneko izateko gaitasuna esnatzen den! Erdarazko esaera batek honako zerbait dio: “Esker onekoa ez dena, ez da ongi jaioa”.

Zoriontsuak ONTASUNEZ ETA ESKER ONEZ jantziak,
mundua eta bizitza Jainkoaren begiz ikusiko baitute!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Atzerritar hau izan ezik, ez al da besterik etorri Jainkoa goratzera?"

(Lk 17, 18)

 

 


bidean@bidean.net
orue