Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 29. igandea - 2019.eko Urriaren 20a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: egun on eta ongi etorriak ospakizun honetara.

Sinesmen eta itxaropen berdinean elkarturik Eukaristia ospatuko dugu.

Igande honetan Jainkoaren Hitzak OTOITZAREN premia gogoratuko digu; Jesusek berak irakasten digun eta Espirituaren eraginez egiten dugun otoitza. Jainko Aita-Amaren maitasunean eta indarrean konfiantza jarriz, bere eskuetan gaudelarik anaitasunaren eta Erreinuaren alde lan eginez, atsedenik gabe, iraunkortasunez eta etsi gabe otoitz egitera deituak gara.

Jaunarekin eta anai-arrebekin bat egiten gaituen batzar hau benetan otoitz giroan ospatuko dugu poz eta alaitasunez. Eta giro berdinean, gure Elizak MISIOEN EGUNA (DOMUND Eguna) ospatzen du. Egun bat besteen alde bizia eskaintzen ari diren gizon-emakumeak gogoratzeko, horiekin elkartasunean sentitzeko. Besteek bizia ugaria izan dezaten beren bizitza oparotasunez urtzen ari dira. Egin dezagun otoitz horien alde.

Senideok, horrelaxe hasten dugu gaurko ospakizuna.

DOMUND eguna, MISINOEN eguna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Irteera 17, 8-13

Testamentu Zaharreko zati honetan agertzen den bezala, desertuan zehar agindutako lurraren bila doa Israel herria; erromesaldi horretan ezintasuna sentitzen du; Jainkoarekin bat eginda bakarrik egin dezake aurrera. Entzun dezagun pasarte hau.


2. irakurgaia: 2 Timoteori 3, 14 – 4, 2

Paulo apostoluak, Timoteori eta kristau guztioi, hartu dugun mezua leialtasunez bizitzeko diosku. Eta benetako leialtasuna hau da: hartu dugun mezuak Jainkoak damaigun Bizia dakar eta hori guztiei iragarri behar zaie. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Lukas 18, 1-8

Bizitzan agertzen zaizkigun egoera eta oztopo guztien aurrean, otoitzaren premia agertuko digu ebanjelioak. Alargun behartsuaren eta epaile zorrotzaren parabolak etengabe otoitzean eta konfiantzan sendo irauteko deia egiten digu. Jesusen proposamena entzuten dugu.

Jainko herriaren otoitza

Jesusek Aitarekin topo egiteko premia sentitzen zuenean, otoitzera jotzen zuen; guk, Jainkoa behar baitugu, Hari zuzentzen dizkiogu gure otoitzak.

1.- Jainkoaren Elizaren alde: otoitzean iraunkorra izan dadin eta arduradunek, fededunen onerako, otoitz-topaguneak sor ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Misiolari guztien alde: beren eguneroko buru eskaintza ez dadila erori lur agorrean, eta Jaunak emankor egin dezala; sentitu dezatela gure otoitza eta beren lana onartua izatea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Munduan zehar Ebanjelioaren zabaltzaile diren hainbeste apaiz, erlijioso eta laikoren alde: DOMUND egun honetan haiek gogoratzea, eta gure elkartasuna eskaintzea, pozgarri eta lagungarri izan dakien. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Bakarrik edo adorerik gabe sentitzen direnen alde: gure otoitzaren indarrak poztu eta adorez bete ditzan; Jesusen jarraitzaileen artean onartuak senti daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure elkarteak jakin dezala etengabe otoitz egiten, otoitz-eskolak sortzen eta eskaintzen; elkartearen bizitzarako Jainkoarekin topo egitea hain beharrezkoa dena errazten duten guneak, eta gazteei hau transmititzeko gauza izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



OTOITZ-ORDUEN LIBURUAREN AURKEZPENA

(Orduen Liturgia errezatzen duen batek egin dezake. Bestela pertsona heldu batek Salmoen liburua aurkeztu dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, salmo liburu hau aurkezten dizut; Zurekin bat egiteko, eta zuri otoitz egiteko gizakiak zure laguntzaz eta argitasunez idatzitako liburua dugu. Otoitza hobeki eta gehiago egiteko premia sentitzen dugun ezaugarri bezala aurkezten dizut. Jauna, otoitzaren premia gure bihotzean senti dezagula. Kontura gaitezela, Zeuk esandakoa dela otoitzik ederrena.


MISIOLARI BATEK ELKARTEARI EGINDAKO GUTUN BATEN AURKEZPENA

(DOMUND eguna girotzeko ongi legoke misio herrietako baten batekin harremana izatea eta berak idatzitako zerbait irakurtzea. Merezi badu, letra handiarekin kartulina baten uzten da denok irakurtzeko moduan...)

OTOITZA – AZALPENA: Gutun honekin hauxe agertu nahi dizugu, Jauna: beren herritik kanpora eta misio herrietan dauden hainbeste pertsonak egiten duten lana eskertu, onartu eta goratu nahi dugula. Zuk gizakioi diguzun maitasunaren jarraipena ikusten dugu ekintza horretan. Eskaintza hau zure gogokoa izan dadila eta gu ere, gure gizartean eta gure inguruan, zure maitasunaren lekuko izan gaitezela.


HIRUGARREN MUNDUKO ESKAINTZA

(Gazte batek edo GKE-ONGko kide batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure bihotza erdibitzen duen munduko beste sufrimendu bat aurkezten dizut. Hirugarren Munduko gosea, gabezia eta garapen-eza. Munduko pobreekin kezkatuta bizi diren Lehen Munduko pertsona askoren itxaropen hazi batzuk ere aurkezten dizkizut; gizartea eta mundua aldatzearen alde egingo dugun pertsonak gehitzen joan gaitezela.


MEDIZINA BATEN AURKEZPENA

(Keinua egiteko kanpoko azala nahikoa litzateke. Arlo horretan lana egiten duan batek egiten du eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, medizina hau, errukiaren ezaugarri lez aurkezten dizut; artzain onaren eta ebanjelizatzailearen ezaugarri ederra. Jauna, lagun ezaguzu besteentzat medizina izaten; besteen zauriak sendatzen dituzten olio biguna; besteen arazoak arinduko dituzten onarpen eta entzuteko gaitasuna. Zure laguntzarekin, zure Seme Jesukristorengandik ikasi duguna egiten jarraitu nahi dugu.


ESKUKADA BAT GALBURU AURKEZTEA

(Baserritar edo beste pertsona batek, elizan dagoen ontzi batetik esku bete galburu hartzen du eta aldare inguruan dagoen beste ontzi baten utzi)

OTOITZA – AZALPENA:Lurra lantzen duten esku honekin eskaintzen dizut, Jauna, eskukada galburu hau. Bizitzaren ezaugarri dira. Zure Semeak erakutsi zigun ez dagoela piztuerarik heriotzarik gabe, ezta gari alerik, garaua lurrean ez bada hiltzen. Anaia-arreben zerbitzura beren bizia eskaintzen duten MISIOLARIEKIN bat egin nahi dugu. Zure gustukoa izango delakoan eskaintzen dizugu.


MISIO EDO BOKAZIO PASTORALTZAN DABILEN TALDEAREN AURKEZPENA

(Urtean zehar jorratzeko egitasmorik balute, ongi legoke idatziz aurkeztea. Elkartearen izenean batek egiten du aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA:Jainkoa Aita-Ama ona: Jesus zure Seme maitearen jarraipenera deitu gaituzu, hori guztiontzat ona dela esanez. Eskerrik asko gure BOKAZIOAGATIK. Gure parrokian misio eta bokazio pastoraltzarekin arduratzen den taldearen egitasmoa aurkezten dizugu. Gure ahalegina eta gure ekintzak aurkezten dizkizugu. Zure DEIA entzunez, besteen ZERBITZURAKO beren bizitza eskaintzen duten pertsonak izan ditzagula beti gure elkarteetan.

Agurra

Senideok: eguneroko bizitza presaz, egonezinez, batetik bestera lasterka joateaz ari zaigun bitartean, entzun dugun Jainkoaren Hitzak otoitz egitera, adorerik ez galtzera, fededun bezala gelditzera, maite gaituen Harekin egotera gonbidatzen gaitu. Geldialditxo bat Harekin egitera. Aste zoriontsu eta betea guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Bizia da Jaungoikoaren hitza eta eraginkorra;
bihotzaren erabaki eta asmoak epaitzeko gai dena”




Gure kristau ibilbidean, erraz ahazteko arriskuan ditugun alderdi eta irudiak, sarritan gogoratzen zaizkigu. Izan ere, Jesus gure Maisuak, bide hori egokitasunez egiteko behar ditugun arrazoi eta uste sendoz prestatu nahi gaitu.

Gaurko lehenengo irakurgaiak eta ebanjelioak, OTOITZARI buruzko bi kontaketa eder eskaini dizkigute. Hain sekularizatuta (Jainkorik gabe bizi dena) bizi garan kultura honetan geroago eta zailago egiten zaigu otoitza; eta beste sentsazio batek inguratzen gaitu: gure premia eta erreguen aurrean Jainkoa isilik gelditzen ote den... Eta honen aurrean hurrengo galdera: zertarako otoitz egin?

Guzti hau aurrean dugularik, Jesusek -ebanjelioko kontaketan- otoitzean irauteko eskatzen digu. Izan ere otoitzaren ondorena ez da eraginkortasuna, momentuko egoera eta arazoak gainditzen dituen benetako KONFIANTZA baizik; Jainkoaren maitasunaren nahia onartzera garamatza otoitzak. Horrela izan zen Jesusentzat; horrela bizi izan zuen; horrela agertu zuen bere jarraitzaileei irakatsitako otoitzean.

Horrela dela, eskaerazko otoitzean gelditu gabe, gure otoitzaren ezaugarriak “oroitzapena egitea”, esker ona agertzea, gurtzea, goratzea eta erregutzea dira. Sinesmendunak, Moises eta Jesusen antzera, Bizitzaren Jainkoarengan konfiantza osoa jarriz horrela sendotzen dira.

Zoriontsuak konfiantza osoz
biziaren Jainkoarengana zabalik daudenak,
beren erromesaldia guztiz argitua izango da!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jainkoak egingo die zuzenbide"

(Lk 18, 7)

 

 


bidean@bidean.net
orue