Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 31. igandea - 2019.eko Azaroaren 03a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak guztiok.

Senideok: Eukaristiaren ospakizunak elkartu gaitu aste honetan ere; Jaunaren Hitza entzutera eta gure senideekin Jesusen Gorputz-Odolak partekatzera etorri gara.

Ebanjelioan Zakeoren bihotz-berritzearen kontakizuna entzungo dugu. Haren etxera joan da Jesus, bekatariak, gaixoak, ahulenak dituelako maiteen. Zakeo prest dago egindako kalte guztia ordaintzeko.

Eta gu, gaur... prest al gaude Jesusi gure bizitzan sartzen uzteko, guregan ere egiazko bihotz-berritzea gerta dadin? Hau da, prest al gaude Jesusekin egiazko topaketa egiteko; prest Hura eta haren Ebanjelioa onartzeko; gure ondasunak eta gure denbora behartsuenekin partekatzeko, horrela jokatzean gure segurtasunaren oinarriak lurrera botatzen ditugula ere? Beste hitz batzuez esanda, gure bizieran, ohituretan eta pentsaeran erabateko aldaketa eskatzen zaigu.

Aurrera! Topaketa zoriontsua! Zalantzarik gabe gonbida dezagula gurera.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakinduria 11, 22 – 12, 2

Idazleak Jainkoaren eskua ikusten du herriaren gertaeraz gogoeta egitean. Jainkoak gauza guztiak maitatzen ditu, guztiak maitasunez egin ditualako. Jainkoak maite du bizitza; maite du bere egite kreatzailea, hor dabilelako haren espiritua. Entzun dezagun bihotz apalez.


2. irakurgaia: 2 Tesalonikarrei 1, 11– 2, 2

Liturgiako azkeneko bi igande hauetan, Tesalonikako kristauei egindako idazkia entzungo dugu. Gai nagusia, Jaunaren etorrera eta Berarekin bat egitea da. Paulok sinesmena azpimarratzen du eta Kristoren etorreraren zain egoteko eskatzen die kristauei; eguna eta ordua ez da garrantzitsuena, Jainkoak nahi duen eran bizitzea baizik. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Lukas 19, 1-10

Ebanjelioko pasarte honetan ikusten dugunez, Jesusek alde batera uzten ditu bere garaiko ohitura erlijiosoak eta sozialak, eta Zakeoren etxean sartzen da. Garai hartan kritikak sortzen zituen keinua zen hori. Zakeoren antzera, Jesusen maitasuna esperimentatzen duena Ebanjelioaren eskakizunetara bihurtzen da. Onar dezagun Berri On hau.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoa Aita-Amaren aurrean, errukiorra eta gupidatsua baita, aurkez ditzagun gure otoitzak premia guztien alde.

1.- Kristoren Elizaren alde: Ama eta Kristoren jarraitzaile leial bezala, onar ditzala gizaki guztiak, bereziki aldenduak eta bekatariak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko agintari guztien alde: guztien ona lortzen saiatuz, zuzentasunaren eta solidaritatearen aldeko borroka egin dezaten, behartsuenen alde lehiatuz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Nahigabetuen eta bertan behera utziak sentitzen direnen alde: izan dezatela behar adina fede, eta topo egin dezatela onartuko dituzten eta premietan lagunduko dieten kristauekin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Egun hauetan gure hildakoak gogoratuko ditugu, eta gaur ere horrela egingo dugu: Jauna, eman iezaiezu betiko bakea; et Zurekin aurkituko garan itxaropena sendo ezazu guregan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure elkartearen eta gutako bakoitzaren alde: Jainkoaren Hitza oinarri dugula, Zakeok bezala Kristorekin topo egin dezagula, eta garena eta daukaguna, partekatzen jakin dezagula, bereziki, gutxien dutenei entzuten, haiek onartzen, haiei laguntzen saia gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KOADERNO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Pertsona batzuk beraien barreneko gauzen egunkaria egiten dute. Horren ezaugarri bezala dakarkizut, Jauna, koaderno hau. Zuk ongi ezagutzen duzu; zuretzat ez dago ezer ezkuturik. Berarekin, nire gogoa eta ezina eskaini nahi dizkizut: zure Semearen benetako jarraitzaile izan edo betiko sinesmen lasaian bizi. Zure Semearen benetako jarraitzaile izateko gogoa eskaintzen dizut eta horretarako behar dudan laguntza eta indarra eskatu.


MIKROFONO BATEN AURKEZPENA

(Parrokian giza mailan edo Karitas taldean lana egiten duen batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Pobreen eta ahots gabekoen negarrak eta eskabideak sarritan ez ditugu entzuten, Jauna. Haien egoera txarrak salatzea eta haien duintasuna zaintzea eta errespetatzea da gure konpromisoa. Haien ahotsa entzuten ez denez, guk izan nahi dugu ahots hori; mikrofonoa horren ezaugarria da.


PITXER BETE URAREN AURKEZPENA

(Ura ikusteko kristalezko pitxarra izan dadila. Elkarteko pertsona batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama: baso bete ur, maitasunez emana, saritua izango dela diosku Jesusek ebanjelioan. Gure artean eta munduan egiten diren maitasun eta anaitasun keinu guztien ezaugarri bezala dakarkizut ur pitxerkada hau; sarritan isilean egindakoak dira. Gure konpromisoa ere hemendik doa: hurbilekoak eta solidarioak izanez, gure bizitza apala elkar banatzen duten andre-gizonak izan nahi dugu. Jauna, zure laguntza behar dugu.


KANDELEN AURKEZPENA

(Bi gaztek eramaten dituzte aldara gainean ipiniko diren bi kandela. Haietariko batek egiten du aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Jesukristorengan dugun sinesmenaren ezaugarri bezala, gure ospakizunean bizturik edukiko ditugun bi kandela hauek dakarzkitzugu. Espirituaren dohain bezala eta zuk emandako erregalo bezala, zeuk isiotu duzu sinesmen hori gure barruan. Lehenengo eta behin eskerrik asko. Sinesmen horrek gure bizitza zentzuz bete du, eta sinesmen hori eskaini nahi diegu guk ere gure ingurukoei.


LITURGIAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Liturgian laguntzen eta arduratzen direnen aurkezpena egiten dugu gaur. Zerbait idatzita eroan ezkero, hobeto. Gero, jendeari banatu edo bestela denok irakurtzeko tokian utzi)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: zure Semearen bidez, zure izenean elkartzeko deia egiten diguzu. Sarri elkartzen gara zure izenean. Ospakizunak ahal diren ondoen prestatzen ahalegintzen gara. Gure helburua, ospakizunean elkartzen garenok Zurekin bat egitea da. Onartu eta zuzendu egizu gure lan apala. Gure zeregina aurrera eroateko konpromisoa eskaintzen dizugu. Eskerrik asko gurekin kontatzearren.

Agurra

Senideok: ospakizuna bukatzen ari gara; berriz ere etorri zaigu Jaunaren Hitza, gure bekatua dela eta mesfidakor geldi ez gaitezen. Haren Hitza eta Gorputza ditugu indarra eguneroko bizitzara itzultzeko, bihotz ireki eta zabalez ibiltzeko. Aste zoriontsua, kristau testigantzaz oparoa!

Egun honetarako gogoeta

“Hain maite izan du Jaungoikoak mundua:
bere Seme bakarra eman dio;
Hari sinesten dionak betiko bizia izan dezan”





Gure eguneroko bizitzan Jainkoaren Hitzak sarri uzten gaitu harrituta. Horrela da. Egunero eskaintzen zaigun mezuak, era askotara harritzen gaitu; gehienetan gainezka egiten digu, eta horregatik, batzuetan entzungor egiten dugu... bere proposamenekin “harrapatuak” izan ez gaitezen.

Igande honetako mezua honelakoa izan daiteke: biziaren iturria eta maitasunez sortutako gauzak maite duen Jainkoa aldarrikatuz (1. irakurgaia), galdutako bateri, zoritxarreko eta bere herriko etsaiei saldutakoari, SALBAMENA eskaintzen agertzen zaigu Jesus. Zakeo, nahiz eta barregarri geratu (gaurko kontaketan bezala), “zerbait” ezberdina bilatzen duten baztertutako guztien ezaugarria da.

Jesusen “jokatzeko era” ere hunkigarria da: jendez inguratuta egon arren, Zakeoren keinu horretan “zerbait” deigarria ikusten du: “begiak jaso” eta bere “etxean geratu” nahi du. Ez da besterik gabe txiripaz gertatutako zerbait. Ebanjelariak Maisu gazte honen sentiberatasuna eta fintasuna agertzen digu: “galduta zegoena aurkitzera eta salbatzera etorri da”. Hauxe da, Jainkoak horrela nahi izan da, bere misioa eta egitekoa; Jainkoaren nahia gizadi osoa salbatzea dela ez dago dudarik.

Zerbait “zakeorena” denok daukagu: aberatsak baina txikiak, egiaren bila gabiltzanak, salbamen begirada bat ikusteko pikondo batera igotzeko premian, nahiz eta gure ingurukoen aurrean barregarri geratu. Bere dohaina guregana iris dadin, Jainkoagandik datorkigun salbamenaren jabe izan gaitezen, Jesusek bere “begiak jasotzen ditu”. Gaur, “nire etxean geratzea nahi du”. Ez dago dudarik! Eta niregandik zerbait itxaroten du BIZIAREN DOHAIA niregan eta nire ibilbidean egi bihurtzeko; nire pekatuan ere bai. Horrelakorik! Baina... egia da!

Zoriontsuak beren bizitzan zerbaiten “bila” dabiltzanak,
Jesu Kristoren begiradarekin aurkituko dira!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da"

(Lk 19, 10)

 

 


bidean@bidean.net
orue