Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 32. igandea - 2019.eko Azaroaren 10a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak, senideok.

Bizi beterako gonbidapena jasoko dugu gaurko ospakizunean. Izan ere, Jesusentzat ez du zentzurik hilen erlijioak. Kristauen Jainkoa bizien Jainkoa da, ez hilena. Gure Jainkoa ez da menderatzen eta iruzur egiten duen idoloa, gu mundu honetara bota eta hor konpon egiten diguna. Bizi oparoa, ugaria ematen digu. Alabaina, gure kristautasunak ez du beti zuzen asmatu, ez du beti bide egokia eraman Jainkoa BIZIAREN JAINKO bezala aurkeztean.

Senideok: ospakizunari hasiera ematera goaz, eta hauxe eskatuko diogu: Ireki ditzala gure bihotzak haren presentziara eta onar dezagula hark eskaintzen digun bizitza.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 2 Makabearrak 7, 1-2. 9-14

Helenismoa nagusi zenean hebertarren aurre egiteari buruz ari dira Makabearren bi liburuak. Gerkarren ohiturak nazioaren eta sinesmenaren nortasuna arriskuan ipintzen zuten. Makabear anaien martiri agiria entzungo dugu. Piztueran sinesten dute eta beren fedea galdu baino lehenago martiritza onartzen dute. Gizakiak bizia desegin dezake baina gizadiaren Jainkoak betiko bizia emateko indarra dauka. Onar dezagun testigantza hau.


2. irakurgaia: 2 Tesalonikarrei 2, 16 – 3, 5

Eman zaigun hitzari leialki atxikiak bizitzera gonbidatzen gaitu Paulo apostoluak. Jaunak dohainik eman digu bere burua, eta haren maitasuna dugu oinarri oraingo eta geroko bizitzan. Mezu itxaropentsua gure kristau ibilbiderako eta ekintzan irauteko..


Ebanjelioa: Lukas 20, 27-38

Saduzear batzuk (hauek ez zuten sinesten piztueran) Jesusengana hurbilduz eta denen aurrean lotsaturik uzteko gogoz, asmatutako kasu berezi bat aurkezten die. Jesusen erantzuna argia da: Jainkoa bizien Jainkoa da, ez hilena. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amaren maitasunean finkaturik eta uste osoz beteta, eske ari gara gizadiaren premia guztien alde.

1.- Elizaren eta fededun bakoitzaren alde: gure hitz eta keinuetan Jainkoak eskaintzen digun bizitza betearen eramaileak izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gobernu eta erakundeetan arduraren bat dutenen alde: mundu zuzenago eta senideagoaren alde lehia daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixorik, bertan behera utziak, baztertuak, askatasunik gabe pairatzen ari direnen alde: aurki ditzatela bidean bakea eta itxaropena emango dieten jendea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Haur gaztetxo eta gazteen alde: elkarteko katekesia eta nagusion testigantzari esker, biziaren Jainkoarengan sinesten duten kristau helduak izatera iritsi daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gaur hemen elkartu garen guztion eta bakoitzaren alde: gure bizitzak beste bizitza beteago eta zoriontsuago baten hazitxoak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KIMATZEKO GURAIZE BATZUEN AURKEZPENA

(Elkarteko nagusi batek kimatzeko guraizeak aurkezten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, kimatzeko guraize hauek dakarzkizut. Badakigu zertarako diren: adar batzuk ebaki ezkero, besteak indar berritzen dira. Jesukristo zure Semearengan sinesteak ere kimaketa edo heriotza dakar piztuerarako bide bezala. Itxaropen horrek eraman gaitzala Jesu Kristorekin bat eginda bizitzera.


MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin dezake. Makila, itsuak erabiltzen dena bada, hobeki)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik makila hau dakarkizut. Honekin agertu nahi dizut, ni eta elkarteko kideok besteen laguntzaile izan nahi dugula. Itsu gidarien itsua izan ez nadin zabal itzazu nire begiak, Jauna. Noraezean eta erdi ilunetan dabilen mundu honen erdian bete nazazu zure argiz, besteentzat ere argi izan nadin.


EBANJELIO LIBURUTXOAREN AURKEZPENA

(Katekesiko arduradun batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Ebanjelio liburu hau aurkezterakoan, haiek jarraitzeko eta iragartzeko konpromisoa agertzen dizugu. Zure Semearen ikasleen liburua dugu. Hortxe oinarritu nahi dugu gure bizitza. Hori jarraituz zure Seme Jesukristorekin bat egin nahi dugu, Berak osa dezan guk ezin duguna edo falta zaiguna. Jauna, gure gurariak egi bihurtzen joateko zure Espirituaren laguntza eta argitasuna eskatzen dizkizugu.


OSASUN PASTORALTZAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Holako talderik balego, bertako kide batek egiten du aurkezpena. Eta zerbait idatzita balego, eliztarrei eskaini)

OTOITZA – AZALPENA: Osasun Pastoraltzan gabiltzanon izenean, guk egiten dugun lana aurkezten dizugu, Jauna. Zure Seme Jesukristorengandik ikasi dugu gaixoen, behartsuen eta baztertuen ondoan egoten. Bere izenean hau da egiten duguna: gaixoengana hurbildu, haien ondoan egon eta haien premiak entzun. Jauna, lan eder hau aurrera eramateko, zure laguntza eskatzen dizugu.

Agurra

Senideok: biziki eraman dezagun ideia hau: egiazko Jainkoa beti da bizi iturri; bizia sortzen, babesten, betetasunera eramaten duen Jainkoa. Horregatik, Harengan dugun fedea egokien adierazteko bidea, geu ere besteentzat bizi eta ongizate iturri izatea da. Bizia dagoen lekuan, bizi nahia pilpilean den lekuan aurkitzen dugu Jainkoa. Bizia eta bizi zoriontsua kutsatzen badugu, Jainkoaren presentzia kutsatzen ariko gara. Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Jesu Kristo da hilen arteko lehen-semea;
Berari aintza eta agintea gizaldi eta gizaldietan”




Gure garaikide askorentzat, Jainkoa ez da BIZIAZ beterik dagoen NORBAIT. “Jainkoarengan sinesten dute”, baina “mundutik aparte bizi den” Norbait bezala; Jainkoa ez daukate bizi iturri bezala.

Kristauontzat, ordea, beste ezer baino lehenago, Jainkoa BIZIAREN LAGUNA da; norberaren izatearen barruan poztasuna eta itxaropena sortzen duena; bizitza zentzuz eta osotasunez betetzen duena. Joan zen igandeko lehenbiziko irakurgaiak horrela esaten zigun eta horrela azpimarratzen du gaurko ebanjelioak: “Ez da hilen Jainkoa, biziena baizik”; hau da, sinesten dutenen, itxaroten dutenen, bizitza hobeagoa eta beteago baten alde lana egiten dutenen Jainkoa da.

Horregatik, bizia dagoen lekuan, bizitza pilpilean dagoen lekuan, han dago Jainkoa; gizadiak gizakiago izatearen alde, zuzenago, anaikorrago izatearen alde borrokatzen duenean, han dago Jainkoa. Kristau Elkarteak biziaz eta itxaropenez beteriko mezu hau aldarrikatu eta ospatzen du. Biziaren erdian, sinesmendunok, Jainkoa bizi hori zaintzen duen bezala, indar berritzen duen bezala, bizitzera eta bizitzen laguntzera deitzen digun Jainkoa aurkitzen dugu. BIZIAREN JAINKOA dugu.

Sarritan kristauok, beste edozein pertsona bezala, gauza askoren baliotasuna onartzen dugu, eta Jainkoak eskaintzen digunaz ahaztu egiten gara; bere graziak eta indarrak ez dute izaten zer esan edo zer egin handirik. Baina benetako sinesmendunak beste hau bizi du: gure porrot guztien gainetik, egunen baten gure historia bere gailurrera iritsiko da, Jainkoaren betetasunean bat eginez.

Zoriontsua BIZIAREN JAINKOA onartzen duena,
guztiz argiturik geldituko da!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ez da hilen Jainkoa, biziena baizik"

(Lk 20, 38)

 

 


bidean@bidean.net
orue