Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 33. igandea - 2019.eko Azaroaren 17a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak, senideok, fede topaketa honetara.

Liturgi Urtearen azkenaurreko igandean gaude; Jainko Semearen behin betiko etorreraren zain jartzen gaitu gaurko liturgiak. Hizkera apokaliptikoa gaurko Ebanjelioak darabilena: gerrateez, bukaerez, sasi-profetez ari zaigu... Baina ez da inor ikaratzera, izutzera, aztoratzera datorren hitza. Honelakoa da bere asmoa: eguneroko lanaren, zuzentasunaren eta egiaren bila egunero aritzearen garrantzia balioztatzen laguntzea. Besteengandik bereizten gaituena baino haiekin elkartzen gaituena gehiago lantzeko deia.

Zailtasunen eta giza tirabiren aurrean, bidegabekeriak nagusitzen direla dirudien munduan, Jesusek mundu berriaren, Jainkoaren Erreinuaren testigu izatera gonbidatzen gaitu. Horregatik bidaltzen gaitu beldurrak, bidegabekeriak, gerrek menderatutako mundu honen bihotzera.

Zoriontsuak iraunkorrak, lan horretarako Jesus kontuan hartzen dutenak!

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Malakias 3, 19-20a

Historiaren bukaerako azken gertaerak iragartzen ditu profetak. Irudi indartsu eta misteriotsuz deskribatzen du Malakiasek Jainkoaren azken esku hartzea. Aldien azkenean, lastoa bezala erreko da bidegabekeria, eta kreazio berria argituko du zuzentasunaren eguzkiak. Hau da mezua. Onar dezagun hemen eskaintzan zaiguna.


2. irakurgaia: 2 Tesalonikarrei 3, 7-12

Zenbait tesalonikar nagikeriari emanak bizi ziren, Jainkoaren etorrera berehala zelakoan. Gogor erasotzen dio Paulo apostoluak jarrera horri: egin dezatela lan, Pauloren beraren antzera, Jainkoaren etorrera prestatzeko. Entzun dezagun apostoluaren gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 21, 5-19

Ebanjelioko pasarte honetan, iraupena arriskuan jartzen duten sasi-mesias eta sasi-profeten iruzurraren aurka erne egoteko esaten die Jesusek bere ikasleei. Azkeneraino irauten duena salbatuko da eta horrek hartuko du parte Erreinuaren proiektuaren betetasunean. Onar ditzagun Maisuaren proposamena.

Jainko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amaren maitasuna oinarri, uste osoz beteta, otoi dezagun premia guztien alde.

1.- Mundu guztian zehar zabaldurik dagoen Elizaren alde: eguneroko lanaren bitartez, asma dezagula zuzentasunaren eta egiaren alde ari den Jainkoaren aurpegia gozotasunez eta adoretsu aurkezteko bidea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko agintarien alde: boterearen eta handikeriaren tentaldiak menderatuz, lehia daitezela guztientzako zuzenbidearen, askatasunaren eta bakearen alde. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Osasunik, lanik eta itxaropenik ez dutenen alde: behar dituzten laguntasuna, hurbiltasuna eta laguntza aurki ditzatela Jainkoagan eta kristauengan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Kristauen alde: Jainkoak gizakientzat onena nahi duela jakinik, Espirituari irekiak bizi gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Parrokiako gure Elkartearen alde: batasun egile izanik, besteen premietara adi bizi gaitezela, Jainkoaren Erreinuaren etorrera errazteko. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



PUZZLE BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpena elkarteko gaztetxo batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur puzzle hau dakarkizugu. Irudi bat egiteko zati asko behar dituen haurren joko bat dela badakizu. Beste andre-gizonekin batera gure denbora eskaini nahi dugunaren ezaugarri bezala eskaintzen dizut. Arazoren bat edo pertsonaren bat beharrizanean dagoen lekuan, han egon gaitezela gure denbora eskainiz eta ahal dugun neurrian lagunduz, guztion artean Jainkoaren Erreinua eraikitzen joateko.


ERLOJU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte edo heldu batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik erloju hau dakarkizut, denboraren ezaugarri eta bera neurtzeko tresna. Gaur historiaren gainetik zuk daukazun aginpidea gogoratzeko dakarkizut. Aitaren eskuin aldetik zuk zuzentzen duzu eta dena zureganatzen. Zuregan gauza guztiak bere betetasunera iris daitezen zure laguntzaile izan nahi dugu.


EGUNEROKOAK EROSTEKO PLAZARA ERAMATEN DEN POLTSAREN AURKEZPENA

(Elkarteko etxeko andre batek aurkez dezake. Kontsumokeriaren ezaugarri izan daiteke. Ez gaitezen lokartu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunero behar dudan tresna dakarkizut, baina era berean gure kontsumorako grina agertzen duen tresna da. Jauna, ez gaitezela erori kontsumoaren sareetan, ezta mundu honek bultzatzen dituen sasi-baloreetan. Zure argia behar dugu itzarrik egon gaitezen; emaguzu Jesusen Espiritua bere antzera bizi izateko.


GAZTE PASTORALTZAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Gazteak beraiek prestatzen dute. Ongi legoke ezaugarri batekin aurkezpena egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Parrokiako gazte pastoraltzan gabiltzanon izenean egiten dugu aurkezpen hau. Jauna, ez da erraza aurrean daukagun lana. Horregatik, zure eskuetan uzten dugu aurtengo egitasmoa, pentsatuta dauzkagun ekintzekin. Zure laguntza eskatzen dizugu, bai lanean zintzo irauteko, baita gure gaztetxo eta gazteen artean zure TESTIGU izateko ere.

Agurra

Senideok: Liturgi Urteko azkenaurreko igande honetan, eta ospakizun hau bukatzean, Jesusen jarraitzaileek alaitasuna eta itxaropena izan behar dituzte ezaugarri; ez dezagula norabiderik gal bizitzako ezbehar eta zailtasunen aurrean. Kristau testigantzetan aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Zure hitzaren argia eten gabe deika dugu;
egon zaitezte beti erne; maitatu azkenera arte”




Liturgi Urtearen azken aurreko igandean gaude eta liturgiak historiaren bukaerari buruz hitz egin eta bere argia eskainiko digu. Gure mundu honetan hainbeste hondamendi iragartzen diren unean, Jainkoaren Hitzak BIZIAREN JAINKOA guri eskaintzen jarraitzen du; Jainko horrek mundu honetako baztertuen eta ahulenen alde egingo du.

Jesus, Jainkoaren betiko hitza denak, azken horri begira dauzkagun beldurrak askatzera dator. Azken hori Jesu Kristorekin hasi da eta oraina biziarekin, geroa itxaropentsu hartzen irakasten digu. Jesusen bigarren etorrera mehatxurik gabe PROMESA bat den ezkero, ez da gu estutzeko edo beldurtzeko. Bera gure aurretik joan da tokia prestatzera. Kristau bizitza itxaropen honetan oinarritzen da.

Zein da sinesmendunaren ERANTZUNA? Jesusek berak agertzen digu ebanjelioan: “Zuon iraupenez salbatuko duzue zuen bizia”. Beldurra nagusitu eta ia dena kilikolo dagoela sentitzen dugun eguneroko bizitzaren eta ikusten dugunaren aurrean, norbere barruan Jesusen itxaropenezko hitzak entzutea oso garrantzitsua da. Hori bai: SINISMENEAN IRAUTEKO gonbidapena ere izan dugu. Jesusen esanetara, Jainkoa gure alde dago, Jainkoak BIZIA MAITE duelako (joan zen igandekoa). Betiko bizira daraman bidea den ezkero merezi du sinesmenean irautea.

Zoriontsuak Jesusen AGINTZARIAN sinesten dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia"

(Lk 21, 19)

 

 


bidean@bidean.net
orue