Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 34. igandea: JESUS KRISTO, UNIBERTSOKO ERREGE - 2019.eko Azaroaren 24a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak ospakizun hontara, Liturgia Urtearen amaierako igande honetan.

Gaur, JESU KRISTO ERREGEAren festaburua ospatzen dugu. Errege da, baina ez mundu honetako erara. Ez du mendekorik, ikasleak baino. Haren Erregetza ez da boterean oinarritzen, baizik eta zerbitzuan: “Gizonaren Semea zerbitzera eta bere bizia ematera etorri da”.

Errege apala, zerbitzaria, ikasleen oinak garbitzen dituen Erregea dela entzungo dugu Ebanjelioan. Errukia eta barkamena, egia eta gurutzea dira haren armak. Kristok gaur, garrantzitsuena ZERBITZEA dela gogoratzen digu jarraitzaileoi. Haren Espirituak indartu gaitzala eta lagun diezagula egiaren testigantza ematen munduaren aurrean.

Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 2 Samuel 5, 1-3

Israelgo historian momenturik garrantzitsuenetarikoa Dabid, aukeratutako herri horren errege bezala gantzutzea izan zen. Dabidek, bere agintepean, iparraldeko eta hegoaldeko leinuak bat egitea lortu du. Horregatik Kristo, betiko eta Errege berriaren aitzindari da. Entzun dezagun Testamentu Zaharreko pasarte hau.


2. irakurgaia: Kolosarrei 1, 12-20

Kolosarrei egindako gutunak dakarren ereserkian, Paulok zera gogoratzen digu: Kristok gurutzetik adiskidetu zituela gauza eta pertsona guztiak. Berak, bizia azkeneraino emanik, eskuratzen digu bere bakea eta agintzen maitasunaren eta errukiaren Erreinua. Gogoeta eta otoitz ederra benetan hemen eskaintzen zaiguna guri, bere jarraitzaileoi.


Ebanjelioa: Lukas 23, 35-43

Jesusek gurutzean esandako hitzek, Jesus beraren eta Jainkoaren errukia adierazten dute. Gurutzeak isurtzen die argitasunik distiratsuena bizitzeko eta Erreinua eraikitzeko funtsezko jarrerei: maitasunari, errukiari, barkamenari. Lukasek gogoratzen digunez, sekula ere ez da berandu Ebanjelioaren bideetatik abiatzeko. Edozein egun izan daiteke salbamenaren “gaur” hori. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amaren maitasuna oinarri dugula, eska dezagun, uste osoz, gizadiaren premia guztien alde.

1.- Elizaren alde: bere hitzez, keinuz eta egitez, eraman ditzala gizaki guztiak Jesusen Erreinura. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrialde guztietako Gobernuetako agintarien alde: asma dezatela beren boterea gizaki guztien askatasunaren eta zuzenbidearen alde erabiltzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Mundu honetako gurutziltzatuen, bereziki gure herrikoen alde: zaintzaileek zauriak gozatzeaz gainera, maitasuna, bakea, eta itxaropena eman diezazkien. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Ekonomiaren, kulturaren eta zientziaren boterea dutenen alde: Jainkoak eman dien jakintza eta zuhurtzia ipin dezatela guztien onaren zerbitzuan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Kristo Erregearen jaia ospatzeak berri ditzala gure bihotzak, Jesusen jarraitzaile leialak egin gaitzala, eta borroka gaitezela Jainkoaren Erreinua egia bihurtzeko. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ELKARTEAREN LANDAREA AURKEZTEA

(Elkarteko pertsona esanguratsu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: Pastoral urtearen hasieran (badira igande batzuk) landara eder baten aurkezpena egiten genuen konpromiso hau gogoratuz: Zuk gure barruan ereindako Hazia, urtean zehar zaintzea. Lehen etaparen amaieran eta Liturgi Urte berriaren hasieran, LANDARA berbera aurkezten dizugu. Zaindu dugu eta Jesusen urratsak jarraituz zaintzen jarraituko dugu. Aita-Ama ona, gure konpromisoa betetzeko zure laguntza eskatzen dizugu.


LUR GLOBOA AURKEZTEA

(Ebanjelizatze arloan dabilen batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur Lur globo hau dakarkizut. Hainbeste naziotan, herritan, kulturatan eta hizkuntzatan banatutako gure munduaren ezaugarria da. Gizaki guztien gurariak eta interesak biltzen dituen bakarra Zeu zarela aitortzen dugu. Gizadiaren batasunaren alde lanean jarraituko dugun ezaugarri gisa dakarkizugu.


OTARRE BETE FRUITU AURKEZTEA

(Fruitu ugarirekin betea. Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake. Amaieran, premian dagoen familia bati eraman liezaioke)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, otarre bete fruitu dakarkizut. Naturaren bidez, gure onerako eta gozamenerako ematen dizkiguzu. Sortutako gauza guztien Jaun eta Errege zarela aitortuz eskaintzen dizut. Eskerrik asko, natura zaintzea, erabiltzea eta ekoiztea gure eskuetan utzi duzulako. Ondasunak behar diren bezala erabiltzen eta banatzen ikas dezagun.


LITURGI URTEKO EGUTEGIEN AURKEZPENA

(Igande honetan amaitzen den egutegia eta berriaren aurkezpena. Balego, Liturgi taldeko batek egiten du; bestela elizako arduradun batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, elkartearen izenean LITURGI URTEKO BI EGUTEGI hauek aurkezten dizkizut: urtean zeharreko ospakizunak prestatzeko orain arte erabili duguna, eta datorren igandetik aurrera erabiliko duguna. Urteko ospakizunen bidez zure bila jarraitu nahi dugu, Jauna; zure esku maitagarria gure eguneroko bizitzan nabaritu. Gure orainak eta geroak zentzua izan dezan, uneoro zure laguntza behar dugu. Zurekin kontatzen dugu, Jauna.

Agurra

Senideok: Kristo Erregeren festa ospatzen dugun egunean, gurutzetik errege den Jesusen irudia ematen zaigu fededun guztioi. Biziaren erreinua, justiziaren eta bakearen erreinua bere odolez ezartzen duen erregea. Bada gurutzean beti ozen entzuten ez dugun mezua: nor bakoitzaren odola isuriz salbatzen da gizakia, ez besteena isuraraziz. Jesusek, gurutzean hilak, gizaki osoarenganako begirunez kentzen digu mozorroa, guztiok interpelatzen gaitu. Bide luzea oraindik aurrean duguna... Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena.
Bedeinkatua datorren erreinua, Dabid gure aitarena”




Liturgia Urtearen amaiera bezala, Kristau Elkarteak JESU KRISTO SORTUTAKO GUZTIEN ERREGE festaburua ospatzen du. Kristo atzo, gaur eta beti. “Errege ahaltsuak” entzute onik ez daukaten mundu honetan, ausardia behar da festa hau ospatzeko.

Festa honetan, zer ospatzen du Kristau Elkarteak? Mundu honetako erregeekin badu zerikusirik (= boterea eta aberastasuna)? Eta erantzuna: INONDIK INORA ERE EZ. Kristoren erregetza ulertzeko “beste giltza” bat sartzea beharrezkoa da. Horrela esanez, benetako baieztapen bat egiten gabiltza: Berak kristau bizitza guztia ukitzen du. Bere ikusteko erak, maitatzeko edo jarduteko erak, bere jarraitzaileari ere NORTASUN berezi bat eman behar dio: eguneroko bizitza, zuzentasun gogoak, egia zaletasunak, elkartasun zeinuak, bizitza bihurtu eta bizitza sortzen doazen eremua.

Erregetza honek ez du zer ikusirik “biba Kristo erregea” oihukatzeaz. Gauzak bere tokian ipintzea bere jarraitzaileoi dagokigu. Kristoren erregetzaren giltzak GURUTZEA eta ZERBITZUA direla munduari agertzea geuri dagokigu.

Ez ahaztu: “Egiaren testigu izatera etorri naiz. Egiarena denak, entzuten du nire hitza”.

Zoriontsuak ERREGE eta JAUN bezala onartzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jesús, oroi zaitez nitaz zure Erreinura iristean"

(Lk 23, 42)

 

 


bidean@bidean.net
orue