Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

- A ZIKLOA - ABENDUALDIKO 1. igandea - 2019.eko Abenduaren 01a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: Liturgi Urte berriaren hasieran gaude, Abendu-aldiaren lehen igandean. Grazia eta itxaropen aldia da, Jainkoaren presentzia, haren indar eragilea sumatzeko erne bizitzeko garaia. Horrela bizi behar dugu, azken etorrerari antzemateko prest.

Senideok: esnatu beharra dugu. Jainkoak Aita xamurraren hitza esaten digu. Inguratzen gaituzten zalantzen eta estutzen gaituen beldur-giro honetan, itxaropenaren esperientzia egitera gonbidatzen gaitu. Erne, ez baitakigu noiz etorriko den, erne bizitzera, Jaunaren etorreraren zantzuak irakurtzera gonbidatzen gaitu Ebanjelioak.

Jainkoak berriz eskaintzen digun AUKERAZ baliaturik, ematen diogu hasiera ospakizunari.

Aldarria

Oharra:Zentzu berezia dauka eta zaindu beharra dago. Bakoitzak ikusi ze momentutan egin: hasieran, Hitzaren ondoren...).

ABENDUKO PREGOIA - 1



Gaurko gizakia,
non daude zure begiak,
non zure itxaropena?

Gaurko gizakia,
zein da zure ibilbidearen helmuga?
Gose zara eta ezerk ez zaitu asetzen.
Eduki, eduki, eduki...
eta edukitzeak ez zaitu zoriontsu egiten.
Hainbeste eskaintza, eta buru makur jarraitzen duzu.

Gaurko gizakia,
zabaldu zure begiak zain ez zauden horretara!
Begiratu, mendietan zehar gizon ahul bat dator,
itxura handi gabekoa.
Bekatariekin bat egiten du,
haiekin batera bataioa hartu,
eta bere dohaina inork onartu ez.
Bataialariak bakarrik aitortzen du:
“Ni naiz bataiatu beharrean aurkitzen dena,
eta ez zu, Bataioaren egilea zarana”
.
Gizon ahul hau,
agindutako Erreinua ernetzeko
Jainkoak gizakien artean
ereindako kimu berria dugu.

Gaurko gizakia,
ase ezineko zure gose egarria entzunez
datorren berriak zure bihotza har dezala.
Berri guztia Bere barruan dago.
Ez bilatu edukitzean,
ezta inoiz beteko ez diren hitzetan.

Gaurko gizakia,
entzun zure bakardadea
eta isiltasun apalean,
eta bere agintzaria betez
zure bila datorrenarekin bat egiten saiatu:
“Jainkoak gizakia maite du. Gaur zurekin gogoratu da”.

Ulibarri, Fl.




Oharra: Musika eta diapositiba batzuekin osatutako abendualdiko pregoi hau PowerPointean prestatu dugu (Abendualdia 1). Erabili nahi izanez gero >>>sakatu HEMEN<<<.



ABENDUKO PREGOIA - 2



Abendua hasten dela iragartzen dizuet.
Jaso begiak, igurtzi eta begiratu ingurura.
Momentua bizi. Entzumena zuhur izan.
Entzun oihuak eta deiadarrak, haizea, bizitza…

Abendua hasten dugu,
Eta zeru-hertzean berriro itxaropena sortzen da.
Harantzago, Eguberria eta bere argi izpiak.
Eguberri baketsua, barnekoa,
anaikorra, solidarioa, gisatua,
baita azalekoa, apurtua, indarkeriazkoa…;
baina beti itxaropenaz ezkondua.

Abendua, denok barnean daramagun
itxaropen hazi sortzailea dugu;
su-gar mehea, itzali ezinekoa,
aldi guztietan agertzen zaiguna;
solidaritatezko bidea, ondo egina;
ibilaldi bakoitzean poza zainduz;
iruzurtzen ez gaituen oin-hatzak;
biziaz beteriko hazkundea;
berri onaren iragarpen neurtua;
gainezka egiten duen samurtasuna…

Zuhur egon eta entzun.
Isaiasen oihua itxaropenez beterik:
«Jaunaren argitara ibili gaitezen».
Joan Bateatzaileak itxaropenez deitzen du:
«Bihotz berritu zaitezte hur dagoelako Jainkoaren Erreinua».
Israelgo pobreen
eta munduko pobre guztien itxaropenaz,
Mariak bere onarpenaren hitza ahoskatzen du:
«Egin bedi nigan zeuk nahi duzun bezala».

Poztu zaitezte.
Jantzirik politena jantzi ezazue.
Usainik ederrenarekin lurrundu zaitezte. Ikusteko bezala!
Jainkoa dator. Poza, bakea eta itxaropena bizkortu.
Prestatu bidea. Salbatzailea dator.
Jainkoa dator… eta atean dago.
Bizitzara esnatu!

Ulibarri, Fl.




Oharra: Musika eta diapositiba batzuekin osatutako abendualdiko pregoi hau PowerPointean prestatu dugu (Abendualdia 2). Erabili nahi izanez gero >>>sakatu HEMEN<<<.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 2, 1-5

Politiko-erlijioso krisiz bat tarteko dela, Isaias profetak Jainkoak Israel herriaren historian edukiko duen eskuartzearen berri ematen du. Jerusalem, benetako jakinduria, zuzentasuna eta bakearen hiria ikusten du. Han, gudarako armak bake zeinu bihurtzen dira. Profetak ez du itxaroten gizakien salbamenik, Jainkoarena bakarrik. Horregatik herria Jaunaren argitan ibiltzera gonbidatzen du. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Erromatarrei 13, 11-14

Paulo apostoluak erromatarrei sinesten hasi ziran eguna gogoratzen diete. Oraina, Jainkoaren salbamen une lez bizitzera eta argiaren ekintzez betetzera gonbidatzen ditu. Sinesmena ez da behin betirako lortu duguna, eguneroko bizitzaz baieztatu behar duguna baizik. Onar dezagun gogoeta eder hau.


Ebanjelioa: Mateo 24, 37-44

Abenduaren hasiera honetan ziklo berri bat hasten dugu. Mateoren ebanjelioa irakurriko dugu. Gaurko mezua argia da: Jauna bat batean etorriko da. Horregatik, Jauna datorrenean zain aurkitu gaitzan, zuhur eta izarrik egotera gonbidatzen gaitu Jesusek. Onar dezagun Beren deia.

OHARRA: Mateoren ebanjelioari buruzko sarrera orokor bat eskaintzen dizuegu (gaztelaniaz) powerpoint formatuan, pertsona eta taldeen formakuntzarako erabili daitekeena. Behera kargatu nahi izanez gero >>>sakatu HEMEN<<<

Jainko herriaren otoitza

Gaur entzundako Jainkoaren Hitzari erantzunez, aurkez diezazkiogun Jaunari uste osoz gure premiak.

1.- Elizaren alde: itxaropen-aldi honetan erne bizi dadila eta pertsona bakoitzarengan ikus dezala Jainkoaren aurpegia. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Aita Santu, Gotzain, apaiz eta kristau konprometitu guztien alde: ekintzetan azal dezatela Kristoren etorreran dituzten fedea eta itxaropena. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Herrietako arduradunen alde: mundu zuzenago eta askeagoaren alde saia daitezen, eta susta ditzatela zuzentasunaren, bakearen eta herrien arteko solidaritatearen alde arituko diren mugimenduak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Bizitzan zehar desbideraturik eta ilusiorik gabe doazen gizon eta emakumeen alde: bizitza berriz bideratzen lagunduko dieten pertsonekin topo egin dezatela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Elkartearen eta ospakizun honetan bildurik gaudenon alde: Abendu-aldi honetan bihotza erne dugula eta senideengana irekiak bizi gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN AURKEZPENA

(Ohitura bihurtzen doan Abenduko koroiaz jarraitzen dugu. Norberak egina edo lorategian erosia. Pastoral batzordeko buruak egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, elkarte osoaren izenean, Abenduko ezaugarri hau aurkezten dizugu. Gabon aurreko egun hauek, sakontasunez bizitzera konprometitzen gara. Jauna, emaguzu zure indarra eta argia, zure gogokoa dena eginez bizi ditzagun egun horiek.


ABENDUKO KOROIAREN LEHEN KANDELA PIZTEN DA

(Buru egiten duena koroia dagoen lekura doa, eta lehen kandela pizten du)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama, Abenduaren hasieran, koroiko lehen kandela hau pizten dugu. Gure itxaropena argitzen duen argia izan dakigun. Berak lagun diezagula esnaturik egoten; zure etorrera ikusteko bihotzeko begiak erne izan ditzagun. Zure arrastoa ez dezagun gal. Zu zauden toki guztietan, Zurekin bat egin dezagun.


ELKARTEKO UMEEN AURKEZPENA

(Haurrak aldare aurrera doaz eta eskutik oratuta gelditzen dira; eta otoitza egiten da)

OTOITZA – AZALPENA: Abenduko koroiarekin batera gure itxaropena diren haur hauek aurkezten dizkizugu. Etorkizunari begira bizi dira. Gugan daukate beren konfiantza. Gu gara beren guraso, lagun eta gidariak. Gure bihotzean beti izan dezagula itxaropena; pozik bizi izaten laguntzen digun itxaropena.


AMETS BAT, GURARI BAT, ITXAROPEN BAT ETA OTOITZ BAT AURKEZTEA

(Eskaintza haur batek, gazte batek, gizon-emakume batzuek eta adineko batek egiten dute)

OTOITZA – AZALPENA:

HAURRAK: Jauna, nik haur amets bat dakarkizut: mundua gure jokoak bezalakoa izan dadila; berdintasun eta anaitasun tokia.

GAZTEAK: Jauna, nik gurari bat dakarkizut: gizakia eta gizartea, egiak eraginik bizi daitezela.

GIZON-EMAKUMEAK: Gure seme-alabei begira bizi garenok, itxaropen bat dakarkizugu, Jauna: gizakien arteko harremanak bakezkoak izan daitezela.

ADINEKOAK: Jauna, iraganak ukituta eta geroari begira bizi naiz. Otoitz hau egiten dizut: zure betiko etorrera oztopatzen duen guztia barka ezazu; eta haurraren ametsa, gaztearen guraria eta gizon-emakumeen itxaropena, zure graziaz egia bihurtzen lagun iezaguzu.

Agurra

Senideok: Bukatu da Abenduko lehen igandeko ospakizuna; emana dugu itxaroten eta desiratzen dugunaren jaiotzarako joateko lehen pausua. Tentsioan, bilaka, bizitzaren zentzua argitu nahirik, senideengan Kristo aurkitu haztamuka ari den gizakiaren lehen pausua. Erne bizi behar dugu, Jaunari gure bihotzean txoko bat prestatzen lehiatsu. Liturgi Urte berriaren hasiera zoriontsua! Itxaropenez betetako aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Erakuts iezaguzu, Jauna, zure errukia
eta emaguzu zure salbamena”




LITURGIAN URTE BERRIA hasten dugu gaur. Kristau elkarteentzat hau berezia da: hurrengo hilabeteetan, JAUNAREN MAITASUNAREN HISTORIA, bere “salbamen historia” hori bizitzeko, ospatzeko eta elikatzeko prestatzen gara. Kristau Elkarteak hauxe ospatzen du liturgian. Oinarrizko ideia hau ahazten edo baztertzen dugun neurrian… gure ospakizunak aspergarri bihurtuko zaizkigu.

Jaunaren maitasun historia horretan, oinarrizko momentua, NORBAITEN PRESENTZIA DA; desiratua eta itxarona izan den Norbaiten jaiotza da. Bila dabilen, bizitzaren zentzuaren bila, historiaren zentzuaren bila, heriotzaren zentzuaren bila, estu eta larri dabilen gizakiari, itxaropena emango dion Norbait. Horregatik, ABENDUA, ITXAROPENAREN ALDIA DUGU; Jaunaren BIDEAK prestatzen joateko aldia. Harengana irekitzeko eta onartzeko prestatuz bakarrik ezagutuko dugu. Hauxe da Gabonak ospatzea; Jesus gure artean egote hori, itxaropen gisa eta salbamen gisa bizitzea. Hauxe da gaur hasten dugun aldia.

Abenduko lehen igandeko deia hauxe dugu: “zaudete beti erne” (Ebanjelioa). Beharrezkoa da: “datorren Jaunagan” dugun sinesmenak eta itxaropenak bakarrik beteko dute zentzuz abendu aldia. Gure ITXAROPENA JESUS da.

Zoriontsuak bere ETORRERA itxaroten dutenak:
Gure gurari sakonenak HARK BETEKO ditu!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Hurbilago daukagu orain salbamena”

(Erm 13, 11)

 

 


bidean@bidean.net
orue