Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Abendua - 3. igandea - 2016.eko Abenduaren 11a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak. Aurrera doa Abendu-aldia.

Aurreko igandeek erne ibiltzera, gure itxaropena biziagotzera deitzen ziguten. “Gaudete” izena darama gaurkoak. “Poztu zaitezte” esango digu. Alaitasunerako deia dakarren eguna. Hurbil dago Jainkoaren Semearen jaiotza. Eguberri jaiak ia eskumenera ditugu. Guztiak garamatza alaitasunera, zoriontasunera.

Gure artean dagoena, itxaroten duguna da gure bizitzei zentzua, gatza ematen diena, gure bihotzak alai ditzakeena. Hark bere presentziaren zeinuak azaldu nahi dizkigu. Hura bere Hitzaren, Elkartearen eta Eukaristiaren bidez, presente egiten da bihotzak gertu dituztenengan, egiaz onartu nahi dutenengan.

Jauna hurbil dugu! Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 35, 1-6a. 10

Irakurgai honetan, erbesteratuen herriratzea iragartzeko Isaias profetak hizkuntza poetikoa eta sinbolikoa darabil. Jainkoaren askatasun salbatzailean itxarotera eta fidatzera bultzatzen du herria. Izadiko irudiekin baliatzen da, Jainkoaren ekintza askatzailea deskribatzeko. Ireki dezagun gure bihotza profetaren mezu zoragarri hau onartzeko.


2. irakurgaia: Santiago 5, 7-10

Bigarren irakurgai honetan, Santiago apostoluak, bere erretolika oinarritzeko, egunero gertatzen den adibidea erabiltzen du: baserritarrak eramanpen handiz itxaroten du bere izerdiaren fruitua. Baserritarrak goldatu eta erein, ongarritu eta lurra zaindu, eta euriaren zain dago gero uzta biltzeko. Apostoluak, Jaunaren zain egotera bultzatzen gaitu. Onar dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 11, 2-11

Joan Bataiatzailea kartzelan dago eta Jesusen berri jakin nahi du. Bere bi ikasle bidaltzen ditu ia itxaroten gauden Mesias bera den ziurtatzeko. Jesusek, berezko esanahia daukaten zeinu eta hizkuntza sinbolikoa erabiltzen du Joani erantzuteko. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Gaur entzundako Jaunaren Hitzari erantzunez, aurkez diezazkiogun uste osoz Aita onari gure premiak.

1.- Elizaren, Aita Santuaren, Gotzainen eta eliz zerbitzari guztien alde: gizaki guztiei Ebanjelioaren Berri Ona iragartzera deituak baitira, hitzez eta egitez bete dezatela beren eginkizuna. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Lurreko herri guztietako agintarien alde: une oro guztien onaren alde eginez, pobreen mesedetan ari daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko bakearen eta hori errealitate gerta dadin lanean diharduen guztien alde: senti dezatela beren bizitzan eta bihotzean Jainkoaren sendotasuna. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gutxien duten pertsonen alde: Abendu-aldi honetan, fededunok solidarioak izanik, ondasunak behartsuenekin partekatzen jakin dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Elkartearen alde: apalak eta onartzaileak izan gaitezen, guztien onaren bila saiatzen direnak, itxaropena eta poza transmititzeko gai diren pertsonak izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO HIRUGARREN KANDELA PIZTEA

(Arduratsu eta kezkati bizi den edo erakunde zibil baten lana egiten duen batek piztuko du gaurko kandela)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, elkarteak aukeratu nau hirugarren kandela hau pizteko; hirurek batera argi hobea egiten dute. Gizartean dauzkagun konpromisoen ezaugarri izan nahi dute. Zugan sinesten dugunok, Jauna, gure politikak edo sindikalgintzak karitatea ere kontuan izan dezala. Jauna, esna gaitzazu lotatik, gure gizartearen erdian zure lekuko izan gaitezen. Zuzentasunaren, askatasunaren eta bakearen alde jokatuz, zure etorrera erraz dezagun.


UMEEN EKITALDIA AURKEZTEA

(Elkartearen poztasuna agertzeko haur talde batek kantu, dantza edo antzerki bat egiten du. Horren ondoren otoitza egiten da)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, haurren ekitaldi honekin gure elkartearen poza agertu nahi dizugu. Zu ere gurekin poztuko zarela uste dugu. Poz hau zaintzen lagun iezaguzu. Gure itxaropenarekin batera gehitzen joan dadila, zure Semeak hasi zuen Erreinu berrian denok bat egin arte, haurrak aurretik direlarik.


BAKERO PRAKA BATZUK AURKEZTEA

(Eskaintza hau gazte batek egitea komeni da)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna, praka bakeroak. Gazteen ezaugarri bat dira. Gure kontsumismo egarria ere azaltzen dute: moda, musika, motorrak, jolasak, alkohola, drogak… Hor bilatzen dugu gure zoriontasuna. Eta momentu hori azkarregi pasatzen zaigu. Praka hauek eskaintzeaz batera, Jauna, gure poztasuna eta zoriontasuna zugan aurkitu nahi ditugula agertzen dizugu. Bete gaitzazu, Jauna, zure bizi pozez.

Agurra

Senideok: bukatu dugu ospakizuna. Abenduaren bide honetan, itxaroten dugunaren jaiotzarako prestatzen ari gara. Pozez, alaitasunez beteko gaituena dator. Jesukristoren jaiotza alaitasunez transmititzeko gai izan gaitezela. Kristau testigantzaz eta alaitasunez betetako aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Jaunaren Espiritua niregan dago,
behartsuei Berri Ona ematera bidali nau”




Abenduko BIDEAN aurrera goaz. “Jaunaren bidea prestatu behar dugu” abesteak, ibilbide horren neurria markatzen digu. Zerbait berriarekin aurkitzeko itxaropenak, indar berriarekin, salbatzen gaituen Jaunarekin, ibilbide hori zentzuz betetzen du.

Irudirik ederrena, haurra edukitzeko dagoen amaren itxaropen tentsiozko, gozo eta samurra da. Ama haurraren zain dago baina ekinean dabil: bere izate osoan gertatzen dago jaiotzako momentu hunkigarri horretarako. Ama izango dena ez dago zeregin ezean: buru-belarri kezkatuta eta ekinean dago momentu eder hori prestatzeko.

Ama izango denaren irudi ederra. KRISTAU ABENDUA ere horrelakoxea da. Abenduko hirugarren igandeak horrela bizitzera gonbidatzen gaitu.

“gainezkako poza” (1go irakurgaia): Jainkoaren askapena horrela azaltzen dio profetak bere herriari; erraietatik aldatzen doa dena.

“hurrean dago Jaunaren etorrera” (2gn irakurgaia): nekatuta dagoen elkarteari, Santiago apostoluak egiten dion proposamena da.

"Jesusen ekintzak" (ebanjelioa): itsuak ikusten dute, elbarrituak badabiltza... behartsuei Berri Ona iragartzen zaie: hauexek dira Jesusek egiten dituen salbamen ekintzak. Salbamena egi bihurtu da.

BIDEAN AURRERA egin behar dugu.
Jauna HURREAN dugu!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zu al zara "Etortzekoa"?"

(Mt 11, 3)

 

 


bidean@bidean.net
orue