Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Abendua - 4. igandea - 2019.eko Abenduaren 22a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: ospakizunera ongi etorriak.

Egun gutxi barru, EGUBERRI ospatuko dugu, gizon egin nahi izan duen Jainkoaren jaiotza. Jainkoak gure kide izan nahi du bizitzaren abenturan, mundu honetan bizitzearen esperientzia izan. Gurekin batera gozatu, nozitu eta hazi, gurekin batera ibili.

“Jainkoa gurekin dagoela” aurkitzea da kristau izatea, gure bizitzaren bihotzean, gure giza historiaren barnean Jainkoa dabilela fedez antzematea, gure arazo eta nahietan Jainkoa partaide, bizikide dugula aurkitzea. Jainkoa gure solidario izate honek, gure historian partaide izate honek eusten dio gure itxaropenari.

Senideok: bakarrik ez gabiltzala jakitearen pozez, Jainkoa gure bizitzetan partaide baitugu, eman diezaiogun hasiera ospakizunari.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 7, 10-14

Dabiden dinastia arriskuan dago eta Akaz erregeak, Jainkoaren laguntza eskatu ordez, auzoko herriekin konponketak egiten dituela entzungo dugu. Profetak, Jainkoaren izenean, orakulu baten iragarpena egiten du: birjina batek haurra izango du. Iragarpen honekin, Jainkoa bere herriarekin dagoela agertu nahi digu profetak. Guretzako ere, mezu pozgarria da. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Erromatarrei 1, 1-7

Erromatarrei egindako eskutitzaren hasieran, Paulo apostoluak, kristau teologia laburbilduz, Kristoren misterioa agertzen digu. Guztiok Jainkoak maitatuak garan ezkero, bere egitasmoan sartzen gara; Berak, Kristorengan, santu izatera eta Berri Ona iragartzera bidaltzen gaitu. Onar dezagun, pozez beterik, apostoluaren gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 1, 18-24

Ebanjelio zati honetan zeinu bat eskaintzen zaigu: Espirituaren egitez, Mariak haurra izango du. Jose, Dabiden jatorrikoa den ezkero, Jesus ere legez eta profetaren esana betez, familia horretan sartzen du. Jainkoaren salbamen ekintzan gizakiak ere parte hartu behar du. Jainkoaren borondatea eta misterioa onartuz, Josek parte hartzen du. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Orain, Jainkoaren presentzia gure artean sumatzera garamatzan fedez bihotzak beteta, seme-alaben uste osoz aurkez diezazkiogun gure premiak eta otoitzak, entzunak izango garen ziurtasun osoz.

1.- Elizaren alde: hitzez eta keinuz, Jainkoak digun maitasunaren ezaugarri izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Oinazeak, drogek, bidegabekeriek, bazterketek itsututa Berri Onaren iragarpena onartu ezin duten gizon eta emakume guztien alde: horiek ere, gure jokabideari eskerrak, ikus dezatela posible dela mundu gizatiar eta solidarioago bat. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko eta gure herriko bakearen alde: guztion artean aurki ditzagula elkarrizketarako eta elkar onartzeko bideak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure ondoko eta herriko gaixo, ezindu eta baztertuen alde: beraiek ere Jainkoaren poza eta salbamena hurretik senti dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan elkartu garenon alde: egiaz eta benetan Jainkoaren presentzia iragartzera eta zabaltzera deituak senti gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN LAUGARREN KANDELA PIZTEA

(Laugarren kandela hau, batzar buruak pizten du. Erraz ikusteko tokian eta ahal dela apaingarri bakarra izan dadila)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Abenduko lau kandelak piztuta dauzkagu. Eta argia gure artean dago. Lehenago, Jaunaren Hitzari baietza eman zion sabelean, eta, gero, gizakioi eskaini zigun bizitzan egon zen. Gabonak bizitzekoak eta ukitzekoak dira. Gure itxaropena egia bihurtuko da. Jauna, errealitate eta itxaropen horren tartean, gure bihotzak ipini nahi ditugu; Mariaren antzera, bete itzazu zure argiz, gu ere zure lekuko izan gaitezen. Kontsumokerian erori gabe, benetako Gabonak ospatu nahi ditugu.


KATILU BAT AURKEZTEA

(Elkarteko gazte batek egin lezake. Berarekin, kristauon prestutasuna agertu nahi dugu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katilu hau dakarkizut; ni eta nire kristau lagunak prest gaude Zugandik datorkiguna onartzeko. Mariaren antzera, zure Hitza eta zure grazia onartzeko prest gaude. Haiek gabe ezer gutxi gara, eta gure norberekeriak zugandik aldendu besterik ez gaitu egiten. Jauna, bete itzazu gure bihotzak zure graziaz.


JAIOTZAN IPINIKO DEN SEASKA HUTSAREN AURKEZPENA

(Haur batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katilu hau dakarkizut; ni eta nire kristau lagunak prest gaude Zugandik datorkiguna onartzeko. Mariaren antzera, zure Hitza eta zure grazia onartzeko prest gaude. Haiek gabe ezer gutxi gara, eta gure norberekeriak zugandik aldendu besterik ez gaitu egiten. Jauna, bete itzazu gure bihotzak zure graziaz.

Agurra

Senideok: Jainkoa gurekin dugu. Zauden lekuan zaudela, Jainkoa zeure ondoan dago. Aski duzu Andre Mariaren antzera Espirituaren Misteriora irekitzea. Jainko hilezina gizon egina eta gugandik hurbil. Gutako bakoitzarengan jaio daiteke Jainkoa; gugan jaio nahi du Jainkoak. Egun batzuk dauzkagu gure bihotzak prestatzeko. Gutako bakoitzarengan gerta daiteke egiazko Eguberri. Etorrera-aldiko azken zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Begira, Birjinak sabelean sortu eta semea izango du,
eta Emmanuel ezarriko diote izena, hau da: Jainkoa gurekin”




ABENDUKO bidean azken igandera iritsi gara. Jai hauek kristau ukituz ospatu ahal ditzagun igande honetako liturgiak prestaketa azpimarratzen du; gure artera datorren Jainkoa (bera da “EMMANUEL”) eta gure ondoan bizi diren anai-arrebak onartzeko, zabalik.

Jai hauek gure inguruan, gure famili giroan solik bizitzeko arriskua daukagu; eta beti gogoan izan behar dugu guk bizi duguna ez dela guretzat bakarrik; gure anai-arrebei eta batez ere gehien behar dutenei eskaini behar diegula poz hori. Eta kanpoko giroak normalean guztiz kontrakoa eskaintzen digu. Hemen kokatzen dugu KARITASEN deia ere: gure artean gaizki pasatzen dutenekin bat egin, haiengana hurbildu, haien premiekin arduratu Eguberrietan eta urtean zehar.

Giro honetan Eguberri jaiak ospatzeko prestatzen gara. Jainkoa salbatzera dator, baina behartsu bezala dator. “Berarekin konektatzeko” sintonian egon behar gara. Horretarako prestatu behar gara. Benetan salbatu gaitzaken Harekin AURKITZEA egi bihur daitela.

BEHARTSUEI zabalik,
EGUBERRI ZORIONTSUAK!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Semea izango du, eta zuk Jesus ezarriko diozu izena"

(Mt 1, 21)

 

 


bidean@bidean.net
orue