Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Eguberriak - JAUNAREN BATAIOA - 2020.eko Urtarrilaren 12a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Eukaristia ospatzera.

Jaunaren Bataioarekin bukatzen dira Gabon aldiko egunak; hori da: Jesusek Nazareten eginiko bizitza ezkutuaren bukaera. Bataioarekin ematen dio hasiera agiriko bizitzari. Jesus Jordanera, Joan Bataitzailea bataiatzen zebilen tokira, joan zen.

Gu ere, Jesus bezala, bataiatuak izan gara. Jesus bezala gantzutuak, lagun hurkoaren zerbitzuan on egin dezagun, Jesusek hasitako lanari jarraipena eman diezaiogun. Gure bataioa, hor hartu dugun grazia, gure kristau konpromisoari eman behar diogun erantzuna eguneratu beharrean gaude.

Ospakizun honek lagun diezagula gure bataioa berritzen, Jainkoak maitatuak sentitzen; seme-alabak bezala bizitzera deituak gaudela ikusten; gure itxikerietatik irten eta senideei bidera irteten.

Has dezagun ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 42, 1-4. 6-7

Testamentu Zaharreko irakurgaiak eskaintzen digu koadroa honelakoa da: Israelera behingoan itzultzea itxaroten zuten Babiloniara erbesteraturikoek, adorerik gabe, herri-minez bizi ziren. Egunak aurrera eta ez zen iristen etxerako egunik. Giro honetan predikatzen zuen profetak erbeste aldiaren amaiera eta Israelen berreraikuntza. Eta hautatuak, Zerbitzariak, burutuko duen eginkizuna iragartzen du. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Apostoluen Eginak 10, 34-38

Orain entzungo dugunez, Kristo da Jainkoak gizakiei dien maitasunaren, Jainkoaren ontasunaren ezaugarri nagusia. Maitasun honek, Espirituak eraginda, izaki berri egiten gaitu, betiko bizitzarako gai. Jesus gauza guztiak ondo egiten eta zapalduak sendatzen aurkezten digu Pedro apostoluak. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Mateo 3, 13-17

Entzungo dugun zati honetan, Joan Bataiatzaileak Jesus bataiatuko du Jordan ibaian; Jesus dugu Jainko Aita-Amaren seme kutuna. Bide batez, urak ere bedeinkatuta uzten ditu, bataioko ura hartzen duten guztiak santutu eta Jainkoaren egon-leku izan daitezen. Jesusen bataioko kontakizuna entzuten dugu.

Jainko herriaren otoitza

Jesus da «Aitaren Seme maitea». Bera da gure Anai nagusia eta guk daukagun Bitarteko bakarra. Egin diezaiogun otoitz biziaren Aita-Amari, Jesu Kristo bere Semearen bitartez.

1.- Mundu osoan zehar zabaldutako Elizaren alde: onar ditzala bere barruan seme-alaba berriak; iragar dezala beldurrik gabe salbamenaren bataioa, eta pobreak defenditzeko prest bizi dadila. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Bataiatuak izan garen guztion alde: berrizta dezagun gure kristau konpromisoa, eta gure bizitzan zehar egiaren eta guztien onaren bila saia gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Seme-alaben bataioa eskatzen duten gurasoen alde: hartzen duten konpromisoarekin jabeturik, fedearen hezitzaile izan daitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Munduko eta gure herriko BAKEAREN alde: kristauok izan gaitezela Zuk, Jauna, eskaintzen diguzun bakearen ereileak eta bake egileak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean elkartu garenon alde, gure erlijioso elkarteen alde, gurasoen alde: bataioan eskuratutako bokazioa poztasunez bizi dagigun eta gure sinesmenaren berri ematen jakin dezagula. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



UR ONTZI BAT AURKEZTEA

(Urtean zehar bataiatu baten guraso batek egin lezake. Aurkezpenaren ondoren, apaizak urez zipriztintzen ditu elizan daudenak. Tartean zerbait abes daiteke)

OTOITZA – AZALPENA: Zure ura aurkezten dizugu, Jauna. Bedeinkatua da, eta aitaren egitean gure Bataioa gogoratzeko ipinia. Gure egiazko eskaintza bezala aurkezten dizugu. Bete ditzagun gure bataioko konpromisoak, indartu gaitzazu zure bedeinkazioaz.


ARGIA AURKEZTEA

(Ondo legoke bataioko pastoralean dabilenen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, elizan gauden guztion izenean, argi hau eskaintzen dizut, aldarean dagoenarekin bat eginik. Bataioak gugan duen eragina agertu nahi dizut. Zure Seme Jesu Kristo Berpiztuak piztu du gure barrenean, eta munduaren erdian gu ere argi izatea nahi du. Emaguzu iluntasunean ere beti argia izateko grazia.


ONTZITXO BATEN OLIOA AURKEZTEN DUGU

(Karitasen dabilen batek edo baztertuekin arduratzen den batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, denon izenean olio ontzitxo hau aurkezten dizut. Zauriak osatzeko sendagai bezala ere erabilia izan da. Beharrizanean aurkitzen direnengana hurbiltzeko eta arduratzeko konpromiso bezala aurkezten dizugu. Ikusten ditugun arazoen aurrean, inoiz ez gaitezela geldi besoak gurutzatuta.

Agurra

Senideok: ospakizun honekin batera Gabon aldia amaitzen da. Egunokin bizi izan dugun eta ospatu dugun guztia, eguneroko bizitzarako lagungarri dugu: mundu honen erdian, bakoitzak hartu dugun bokazioan zintzo aurrera eginez, Jainkoaren seme-alaba eta gizaki guztien zerbitzari bezala bizitzera deituak gara. Gure bizitza, bila dabiltzanentzat Argia gertatu dakiela. Gure Bataioaren testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Zerua urratu zen eta Aitaren ahotsa entzun:
hauxe da nire Seme maitea; entzuiozue”




“Jainkoa gurekin” kontenplatu dugu Gabon egun hauetan. Hauxe da gure bermea eta segurtasuna. Hauxe ospatu dugu: JAINKOA BIDE LAGUN DUGU. Oso ondo bizi izan dugu guztia.

Baina… nork ezagutzen eta onartzen dute? Gauza bitxia!: artzainak, jende apala, gizarte hartako baztertuak. Beste inor ez daukatelako eta edozein hartzen dutelako izango ote da…? Sortaldetik etorritako Magoak ere aurkitu eta gurtu egin zuten (hauek pagano edo “erlijio gabeko” bezala zeuzkaten beren herriko agintariek).

Gabon aldiaren amaiera gisa, JAINKO BERAK aurkeztu digu Jesus: “Hauxe da nire Seme maitea; entzuiozue”. ONARTZEKO eta hari ENTZUTEKO gonbitea egiten zaigu; Jesus dugu Jainkoarenganako bidea dakien bakarra. Besterik ez! Ez dezagun zapuztu daukagun aukera!

Eta igande honetan, URTEAN ZEHARREKO ALDIAN sartzen gara: Jordanen Bataiatuak, -bere ekintzekin eta hitzekin- egiazko bidea erakutsiko digu. Egon gaitezen adi, erne eta prest!

BIDE ZORIONTSUA
JESUSEN ARRASTOEI jarraituz!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Hau da nire Semea, nire maitea"

(Mt 3, 17)

 

 


bidean@bidean.net
orue