Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 1 - 2. igandea - 2020.eko Urtarrilaren 19a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ondo etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: atzean gelditu da Gabon-aldia eta hemen gara berriz ere “Urtean Zeharreko” aldia deritzonean sartuta, Jesusen urratsen ondoren, haren eskolako ikasle.

Igande honetako ebanjelioak, Joan Bataiatzailea gidari dugula, Jesus nor den iragarriko digu. Bere esperientziatik ari zaigu: Nazareteko Jesusekin, Jainkoaren Bildotsarekin, Jainkoak gizadiari egindako dohainarekin, Jainkoak gizakiarentzat egindako ametsarekin eta biziaren opariarekin egindako topaketaren esperientziatik.

Bataiatzaileak Jesusi buruz egiten duen deklarazioa, aldi eta alde guztietako gizakientzako gonbidapena da: bizia Jesusengan dago eta Jesusek berak aska gaitzake bekatu eta zapalketaren kateetatik.

Has dezagun ospakizuna eta Jaunak esna ditzala gure bihotz-belarriak Jaunaren Hitza entzuteko eta haren presentziaz jabetzeko.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 49, 3. 5-6

Zerbitzariaren irudia ezaugarri berezi batzuekin agertzen zaigu Isaias profetaren gogoeta honetan; bere izatearen sustraietan, sufritzen dagoen herriaren askapenean lan egiteko Jainkoaren indarra sentitzen du; guztien salbamen ezaugarri bezala, “gizakien argi” ere izango da. Zerbait handia iragartzen da. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 1, 1-3

Korintotarrei egindako idazkia hasten dugu. Apostolu izatera deitua izan den Paulok Jainkoaren Eliza den Korintoko elkartea agurtzen du. Norberen indarrez inor ez da egiten apostolu, bere maitasunaren eta graziaren testigu izateko deitu duenaren bitartez baizik. Elkarteko kideak santu izatera eta bizitzako leku eta momentu guztietan Jainkoaren santutasunaren testigu izatera deituak dira. Onar dezagun apostoluaren gogoeta hau.


Ebanjelioa: Joan 1, 29-34

Desertuko ahotsa den Joan Batailariak, Jesus “munduko pekatua kentzen duena bezala” aurkezten digu; baita ere, gaitzaren aurrean Jainkoa gure alde dagoela diosku. Jainkoak, Jesusengan bere maitasuna, bere hurbiltasuna, gaitzetik askatzea eta osotasunean bizitzea eskaintzen digu. Jainkoari buruz hitz egitea ez da aski; bere Espiritua hartu behar dugu, Espiritu horretan bataiatuak izan, Espiritu horretan murgilduak. Entzun dezagun testigantza pertsonal hau.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoak gure bihotzean isurtzen duen Espirituagan elkarturik, otoitz diezaiogun Aita-Amari.

1.- Elizaren alde: bizia eta askatasuna sortzen dituen barruti izan dadila, eten barik eta baldintzarik gabe, gizaki guztiei barkamena eskaintzen dien gune. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrien gobernuetan eta erakundeetan gidaritzaren ardura dutenen alde: indar osoz saia daitezela gizaki guztien, bereziki behartsuenen ongizatea eta aurrerapena bilatzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixorik, bakarrik, baztertuak izatea, askatasunik eza nozitzen dituzten pertsona guztien alde: bizi-iturri den Jainkoak isur dezala bere oparotasuna haien gainera. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure herrian bakea izan dezagun: agintariak saia daitezela elkarri entzuten, bakoitzak bere ikuspuntuetan zerbait amore ematen, eta bakoitzaren ideiei begirunea izaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Jainkoarekiko harremana arreta bereziz landuz, Jainkoak eskaintzen digun askatasun eta barkamenaren ezaugarri izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



PANKARTA BATZUEN AURKEZPENA

(Nagusiak zerbait abesten duten bitartean, elkarteko haur, gaztetxo eta gazteak, katekista batzuk lagundurik, manifestazio bat egiteko bezala, eliza barrenean elkartzen dira. Hurrengo esaldi honekin, hiru pankarta prestatuta edukiko dira: “Hitzetatik ekintzetara”; “Otoitzetik konpromisora”; “Elizetatik kaleetara”. Presbiteriora hurbiltzerakoan pankarta meza-emaileari eman esanez:)

OTOITZA – AZALPENA:

“HITZETATIK EKINTZETARA”

Pankarta honekin, Jauna, salaketa bat egin eta gure konpromisoa agertu nahi dizugu. Gure hitz-jarioa salatzen dugu. Gure ahoa hitz ederrez beteta daukagu, baina gure bizitzak eta bihotzak ez dute bat egiten. Gaurko mundu honen erdian, Joan Batailariaren antzera, zure Semearen testigutza eskaintzeko, gure hitzak eta bizitza lotzeko gogoa agertzen dizugu.


“OTOITZETIK KONPROMISORA”

Bigarren pankarta honek, Jauna, “Otoitzetik konpromisora” dio. Hau ere salaketa eta konpromisoa da. Izan ere errazagoa da otoitz aldi bat egitea eta ez munduko arazoetan sartuta ibiltzea, horrek konpondu nahirik. Kontra egitekoak ugari dira eta laguntzekoak gutxi. Baina gure sinesmena eguneroko bizitzan gauzatzera deituak gara. Jesukristori begiratuz, gure otoitza benetakoa izan dadila; Berak eraginda hurbildu gaitezela gizaki guztiengana.


“ELIZETATIK KALEETARA”

Hirugarren pankarta honetan, Jauna, salaketa eta desio onak agertzen dira: “Elizetatik kaleetara”. Jauna, besteen zerbitzurako gaudela ahazturik, eliza barruan geratzeko tentaldiak sarritan ukitzen gaitu. Gaur egun, karitatea ere elkarrekin jorratu behar dugu; bakarka egiteak ez du balio. Gure maitasuna benetakoa bada sarritan egiturak aldatu beharrean aurkituko gara. Zure laguntza behar dugu, Jauna.


FAROL PIZTU BATEN AURKEZPENA

(Herrigintzan, politikan edo sindikatu baten sartuta dagoen batek egin dezake. Farola, meza-emaileari eman, eta honek aldare gainean uzten du. Eta gero dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Joan Batailariaren irudia gogoratzen dugun igande honetan, farol piztu hau dakarkizut. Argi hau, Jesukristo berpiztuaren irudia eta gizaldietan zehar hainbeste profetak izan zuten konpromisoaren ezaugarria da. Hau aurkezterakoan, mundua eraldatzen gaur egun hainbeste andre-gizonen ahalegina eskertu nahi dizut. Behartsuekin arduratzen zaran Aita-Ama ona, onartu egizu gure eskaintza apal hau.


KARITASEKO AZKEN HORMA IRUDIA AURKEZTEA

(Karitasen dabilen batek egin lezake. Ondo legoke, gero, ikusteko lekuan uztea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Karitaseko horma irudi hau dakarkizut; pobretasunaren arazoa gogoratzen digu, bai Elizari eta baita gizarteari ere. Ahots gabekoen ahotsa ez dadila isildu; gure elkartasuna gehitzen joan dadila. Beren arazoak eta salaketak Elizan eta gugan izan dezatela oihartzuna eta beren premietara hurbil gaitzala.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsona nagusiak egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gatzontzi bete hau, elkartearen eta nire izenean dakarkizut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure ebanjelioa zabaltzen egiten dugun ahaleginaren ezaugarri bezala dakarkizut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, nahiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dugu. Emaguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez dadin gezatu.

Agurra

Senideok: Jesukristoren testigantza ematea, Kristogan agertu zaigun Jainkoaren maitasun askatzailearen misterioa gizartean gauzatzea da Kristau Elkartearen egiteko nagusia. Ezin gaitezke Jainkoaren testigu izan, haren maitasun salbatzaile eta askatzailea azaldu gabe. Joan Bataiatzaileak, Jesukristoren egiazko testiguak, honelako galdera egitera garamatza: nire bizitzak laguntzen al dio inori Jainkoagan sinesten? Jesusi jarraitzea, haren Erreinua gure artean gerta dadin borroka eta ahaleginean konprometitzea da. Kristau testigantzatan aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Hemen nago, Jauna, zure nahia egiteko”




Eguberri jaiak bukatu ziren eta Jesusen Bataioa ospatu genuen honelako hitz ederrak entzunez: “Zu zara nire Seme maitea, nire aukeratua”. Aurrerantzean, BERE IKASLEAK IZATEKO bere hitzak ENTZUNEZ egin nahi dugu bidea. Maria eta apostoluen antzera, Jesusen “ezaugarriak” ikusiz eta bere mezua barneratuz. Horrela sortuko da SINISMENA Jesusengan. Bera da benetako ezaugarria.

Urtean zeharreko bigarren igande honetan, itxaropenez beteriko mezua dugu eta Jesus aurkezten zaigu. Lehenengo irakurgaian esan zaigu: “Zu, nire morroi zara, zuregan dut gorespena”; Ebanjelioan, Joan Batailariak esan digu: “Hona hemen Jaungoikoaren bildotsa, hona munduko pekatua kentzen duena”.

Joan zen igandeko ildo beretik, Jordanen bataiatua eta berari entzutea eskatzen digun “Jainkoaren aukeratua” nor den azaltzen jarraitzen du liturgiak; laster bera hasiko zaigu hitz egiten eta leialtasun osoz jakingo dugu, berak bizitza ulertzeko era, Jainkoarekiko ulermena, otoitzarena, anaitasunarena...

Mezu honek fededunongan ONARTZEKO jarrera eskatzen du; Jesusen izatearen aurrean, berak proposatzen eta eskaintzen diguna ENTZUTEKO jarrera. Horrela, Berak hasitako lanaren jarraitzaile izan gaitezen, Berak MOLDATUKO gaitu. Hau da: Jainkoaren egitasmoaren jarraitzaile.

Zoriontsuak Jesusi ENTZUTEKO eta JARRAITZEKO
prestatzen direnak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Hauxe da Jainkoaren aukeratua"

(Jn 1, 34)

 

 


bidean@bidean.net
orue