Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 1 - 3. igandea - 2020.eko Urtarrilaren 26a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorri Eukaristiaren jai handira.

Gaur entzungo dugun Jainkoaren Hitza, herriarentzako askatasun handiaz ari da. Ilunpean zihoan herriak argia ikusi zuen eta poztu egin zen. Jesusek Galilean eman zion hasiera bere Misioari. Bihotz-berritzea iragartzen zuen. Hortxe dei egin zien bere lehen ikasleei.

Gaur ere lankideak behar ditu Erreinuaren presentzia iragartzeko. Lankidetza horrek, zenbaitetan, erabateko bizi aldaketa (hori da bihotz-berritzea) eska dezake, iluntasun guztiak desager daitezen, gure bizitzak eta bihotzak argiari irekitzea.

Senideok: giro honetan emango diogu hasiera gaurko ospakizunari.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 8, 23b – 9, 3

Ilunpean doan Israelek erbestaldia pairatzen du. Profetaren hitzak biziago egiten ditu herri horren itxaropena eta alaitasuna, eta argira irekitzen begiak. ARGIA denari bihotza irekitzen dionak, askapen osoa sentitzen du bere baitan. Entzun dezagun profezi hau.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 1,10-13. 17

Korintoko kristau elkartea alderdikeriatan zatitua zebilen. Paulo apostoluak agirika egin eta batasunerako dei larria igortzen die. Berri Onaren iragarleen inguruan sortu ziren alderdikeria horiek. Kristo da batasunaren bidea, esango digu. Onar dezagun beren testigantza eta deia.


Ebanjelioa: Mateo 4, 12-23

Entzungo dugunez, Jesusek Galilean hasi zuen bere ministeritza eta hantxe dei egin zien bere lehen ikasleei. Lehen irakurgaian entzuna betetzen da Ebanjelioan. Jesusek bihotz-berritzea aldarrikatzen du, hurbil dagoela Jainkoaren Erreinua; Erreinu horren berri emateko deitzen die lehen ikasleei. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoaren Hitzak argituta, aurkez diezazkiogun Aita-Amari gure otoitzak premia guztien alde.

1.- Elizaren alde: Espirituaren deiari leial jarraituz, predika dezala gure mundu honetan Jainkoaren Erreinua, zuzentasunaren erreinua, behartsuenen alde jokatuz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nazioetako agintarien alde: elkarrizketaren bidez, ireki ditzatela hainbeste lekutan gerrek eta indartsuenen egoismoak desegindako bake-bideak, eta pertsona guztien duintasuna errespeta dadila. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztien alde: behartsuak kontuan hartzen dituen gizarte solidario eta senideagoa eraiki dezagula. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Jesus “Aitaren Seme maite” eta Berrionaren eramaile aitortzen dugun guztion alde: kristau Eliza guztien batasunaren alde lan eta otoitz egin dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Eukaristia honetan elkartu garenon eta kristau Elkarte guztien alde: onar dezagula Jesusek bihotz-berritzeko eta Erreinuaren Berriona iragartzeko egiten digun deia. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



SOKA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egin dezake. Azalpena egiten duenean, kontsumoaren loturetatik askatzeko gogoa agertuz soka hori ebaki egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, soka honekin kontsumoaz daukagun lotura agertu nahi dizut; baita gure gizarteak saldu nahi dizkigun azaleko baloreak. Aurkezpen honetan soka hau zure aurrean ebaki egiten dut; lotzen eta menperatzen gaituen lotura guztietatik aske bizitzeko konpromezua eskuratu nahi dugu eta Ebanjelioan agertzen diren baloreak onartu eta bizi.


HAUR MISIOLARIEN KARTELAREN AURKEZPENA

(Haur edo gaztetxo batek egin dezake. Ikusteko lekuan jarri dezala)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur Elizak ospatzen duen Haur Misiolarien eguna gogoratuz dakarkizut kartel hau. Beronekin gure ebanjelizatzeko gogoa agertzen dizugu. Dohainik hartu dugun fedea ez da ezkutatzeko, besteei argi egiteko baizik. Fedearen alderdi hau gogoan izanez, transmititzeko ahaleginean ez dezagula etsi. Jauna, emazkiguzu kristau bokazioak eta misiolari bokazioak.


SARE BATZUK AURKEZTEA

(Katekista batek edo pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, sare hauek apostoluak zuk giza arrantzale izateko aukeratu zenituenean itxitako sareen ezaugarritzat dakarkizugu. Horiekin, geu ebanjelizatzaile izateko konpromisoa aurkezten dizugu. Zuk eman diguzun sinesmenaren dohaina, beste batzuekin bizi nahi dugu. Sinesmena ez da niretzat edo nire taldearentzat, bizi duguna iragartzeko baizik. Gure poza, bila ari diren gizaki guztiekin bana dezagula eskatzen diguzu, eta zure eskaria bete nahi dugu.


GOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE (GKE) BATEN AURKEZPENA

(Ez ezinbestekoa delako, hainbesteren artean BAT; gainerakoak urtean zehar aurkezten joango gara, igandeetan eta jai egunetan banatuta. Gaur beroni buruzko txosten bat edo GKE honen ekintzak azaltzen dituen proiektu bat aurkeztea izango da)

OTOITZA – AZALPENA: Hainbeste talderen giza giroko ekintzak aurkezten dizkizugu gaur, Jauna, gizarte mailan eta kultura mailan makalenak direnen alde ari direnenak. (…Talde baten izena…) talde honen ekintzaren bidez aurkezten dizugu. Onar ezazu, Jauna. Zure Erreinua gauzatzen da beren konpromisoari esker, fededunak zein fede gabekoak izan. Eta gu ere, egunetik egunera, behartsuenekin sentiberago eta beraiekin lotuago bizitzera eraman gaitzazu.

Agurra

Senideok: ospakizuna bukatzera doa, eta Jesusek bere jarraitzaile guztioi berriren berri deitzen digu bihotz-berritzera, eta, senide elkartu bezala, Jainkoaren Erreinua indartsu iragartzera. Jaunaren Hitzak sendo gaitzala eginkizun hau pozez eta alai bizitzeko, eta Erreinu honek barnean daraman bizia errealitate egiteko MISIOAN lankide izan gakizkiola. Kristau testigantzatan aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Bihotz-berritu zaitezte hurbil bai da Jainkoaren Erreinua”
“Etorri eta jarraitu, eta giza arrantzale egingo zaituztet”




Jesusen pausoak jarraituz eta Berari ENTZUNEZ, Jainko Aita-amak Jesusen Bataio egunean egiten zigun gonbidapena onartzen dugu. Aurreko igandetan Jesusen “aurkezpena” entzun dugu; profetaren iragarpena izan zen; Joan Bataiatzailea zen Jordanen; Jainko berbera ere bai: “Hau da nire seme aukeratua”. Gaur Jesus dugu bere MISIOAREN hasieran: “herriaren minak eta gaitzak osatuz” JAINKOAREN ERREINUAREN Berri Ona iragartzera eta egi bihurtzera etorri da.

Jainkoaren Erreinu hori ez dator indarrez; Jainkoaren jarduera beste era batekoa da. Jesusek, ENTZUTEKO prest gaudenoi, bi gonbidapen luzatzen dizkigu:

  • “Bihotz-berritu zaitezte hurbil bai da Jainkoaren Erreinua”

  • “Etorri eta jarraitu, eta giza arrantzale egingo zaituztet”

    Bere DEIA eta GONBIDAPENA ENTZUN eta jarraitzen hasten garenean (bere ondoan gustura aurkitzen garelako), lehenengo irakurgaian entzundakoa egi bihurtzen hasten da: “ilunpetan zebilen herriak argia ikusi zuen”. Horrelakoxea dugu Jesus: ARGITU, ZENTZUNDU, jarraitzaileen bizitza ALDATU, eta Jaunaren misio lankidetzan bat egiten gaitu.

    Zorionekoak Jesusen MISIO LANKIDETZAN bat egiten dutenak!

  •  

    Elkartea Ospakizunean

     
    << aurrekoa

    "Zatozte nirekin"

    (Mt 4, 19)

     

     


    bidean@bidean.net
    orue