Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 1 - 4. igandea: JAUNAREN AURKEZPENA - 2020.eko Otsailaren 02a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ondo etorriak, senideok.

Direla 40 egun, pozez gainezka ospatu genuen JAUNAREN JAIOTZAREN FESTABURUA. Jainkoa gu bezalako bat eginda. Herriak argitzen dituen ARGI aitortu genuen.

Gaur, JESUSEN TENPLUKO AURKEZPENAREN jaia ospatzen dugu. Legezkoak betetzeagatik bakarrik ez, baizik, eta batez ere, herri fededunarekin topo egiteko aurkezten dute. Han Simeonek eta Anak, Espiritu Santuak eraginda, herri guztien ARGI izatera Jainkoaren izenean etorritako Salbatzailea antzeman zuten haur txiki harengan.

Guk, era berean, Espiritu Santuak familia bakarrean elkartuta, Jesusengan, gure bizien ARGIAgan dugun fedea berretsiko dugu. Eta indartsu senti dezagula Hark egiten digun deia; pertsona guztiei bizitzan behar duten argia aurkitzen lagun diezaiegun.

(Guk bedeinkatu egingo ditugu eskuetan dauzkagun kandela hauek; TESTIGUA hartuko dugu. Kandela hauek, gure kristau konpromisoa bizi nahi dugula adierazi nahi dute).

Eukaristia honek lagun diezagula Jauna ARGI bezala aurkitzen, guztientzat argi izan gaitezen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Malakias 3, 1-4

Beste profeta guztien misio eta lan bera ditu Malakias profetak: herriaren fedea eta itxaropena suspertzea, Jaunak, hurbil delako, bere mezulariak bidaltzen baititu. Horrela gerta dadinean, inor ere ezingo da gelditu sorgor; itxaroten den agindutako zuzentasuna errealitatea bihurtuko da. Onar dezagun gogoeta hau.


2. irakurgaia: Hebertarrei 2, 14-18

Jainkoaren Semea gizon egin zelako, guztiok gaude familia bakar bat osatzera, elkarturik eta elkar zerbitzen bizitzera deituak. Jesusek gaizkia eta heriotza desegin zituen, ongia bidegabekeriaren gainetik dagoela frogatzeko; eta hori ez zuen urrutiko zeruetatik egin, baizik xalotasunetik, zerbitzutik, bizia gure alde emanik. Entzun dezagun mezu pozgarria.


Ebanjelioa: Lukas 2, 22-40

Tradizioaren arabera, Jaunari tenpluan aurkezteko eraman zuten Jesus Jerusalenera. Hantxe antzeman zioten Salbatzaile bezala, guztiek bizi ugaria izan zezaten etorritako munduko ARGI bezala. Gure leialtasunaren, guk geure burua ematen dugun neurrian iritsiko da argi hau pertsona guztiengana. Benetan PROPOSAMEN interesgarria guretzako, gaur eta hemen.

Jainko herriaren otoitza

JJesusen jarraitzaile eta borondate oneko gizaki guztiekin elkarturik, aurkez diezazkiogun Aita-Amari gure otoitzak, haren seme-alaba izatean uste osoa jarrita.

1. Jesusen Elizaren alde: edozer gauzagatik sufritzen ari direnentzat, Espiritu Santuak eraginda, bake, itxaropen eta maitasun iturri izan dadila. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2. Herri guztietako gobernuen alde: hain biziki nahi dugun eta berriz ere mehatxupean dagoen bakea salbatzeko bide berriak bilatzen buru eta bihotz lan egin dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3. Baztertuen alde egunero beren orduak eskaintzen dituztenen alde: lan eder horretan aurrera egin dezaten eta gure hurbiltasuna eta solidaritatea ere senti dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4. Pertsonen eta herrien arteko bakearen eta adiskidetzaren bila ari direnen alde: sekula ere aspertu gabe, itxaropenerako arrazoiak bilatzen eta aurrera egiten jarrai dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5. Gure (Parrokiako) Elkartea Jainkoaren argiz bete dadila, eta asma dezala Jesusek dakarkigun itxaropena eta argia guztiengana helarazten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIA AURKEZTEA

(Ondo legoke bataioko pastoralean dabilenen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ospakizun honetan gauden guztion izenean, argi hau eskaintzen dizut, aldarean dagoenarekin bat eginik. Bataioak gugan duen eragina agertu nahi dizut. Zure Seme Jesu Kristo Berpiztuak piztu du gure barrenean, eta munduaren erdian gu ere argi izatea nahi du. Emaguzu iluntasunean ere beti argia izateko grazia.


EBANJELIOEN AURKEZPENA

(Pastoraltzan dabilen batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Ebanjelioak aurkezterakoan zure Seme Jesu Kristoren jarraitzaile izaten jarraitzeko dugun gogoa agertzen dizugu. Zure ikasleen liburua dugu. Gure izate osoa haiei loturik dago. Ebanjelioa jarraituz eskaindu nahi dugu gure bizitza osoa. Gure bizitzak Jesu Kristonarekin bat egin dezatela; berak osotu ditzala gure hutsak eta berdindu gure zuloak. Gure gogo hau egi bihurtzeko emaguzu indartuko gaituen zure Espiritua.


ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Emakume batek egin lezake. Esku hutsak erakutsirik dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen naukazu, Jauna, esku hutsik. Nire ezereza agertzen dute, baina zuk beteko dituzun konfiantza daukat. Elkarte osoaren izenean, gure bihotz apala eskaintzen dizut, Zuk zure graziaz beteko dituzun itxaropenez. Jauna, zure Semeari zintzotasunez eta leialtasunez jarraitzeko emaguzu behar dugun laguntza, emaguzu bere Gorputza gure bizitzen janari gisa.


GOSEAREN AURKAKO KANPAINAREN HORMA IRUDIAREN AURKEZPENA

(Gosearen aurkako kanpaina hori prestatzen joateko egiten dugu hau. Karitasen edo beste talde baten konprometituta dabilen batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Muga guztien gainetik dagoen ekintza honek, maitasunaren eta karitatearen unibertsaltasuna agertzen digu. Gosearen aurkako Kanpaina honetan parte hartuaz, mugarik ezagutzen ez duen maitasunaren agindu horrekin bat egiten dugu. Gizaki guztiak zure seme-alaba diren ezkero, haiengana hurbiltzeko bide bat dugu ekintza hau.

Agurra

Anai arrebok: liturgiak Jesusen pausoak jarraitzera konbidatzen gaitu; Jordaneko Bataioan “Seme kutun eta maitea” bezala aldarrikatua izan zena. Hori bera, BIDERAKO ARGI bezala eskain zaigu gaur. Horrela aurkitu zuten Simeon eta Anak eta guk ONARTZERA konbidatzen gaitu besteentzat ARGI izan gaitezen. Zeregin ederra gure ibilbidean!

Berak argitu ditzala gure bihotza eta burua, eta berak gugatik egindakoa guk besteen alde egin dezagula. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Herriak argitzeko Argia
eta Israel herriaren Aintza”




Jesusen Bataio egunean berari ENTZUTEKO gonbidapena jaso genuen: horretan gabiltza. Joan zen igandean ebanjelariak laburpen eder hau egin zigun: Jesusek Jainkoaren BERRI ONA iragartzen zuen (hau da, “Jainkoaren ebanjelioa”) eta eginbehar hori garrantzitsua zen ezkero, beste batzuek deitu zituen, Pedro, Andres, Juan, Santiago… eta berehala berekin bizitzen hasi ziren.

Jesusen bidea jarraitze horretan, igande honetan liturgia lagun dugu eta jai berezi eta esanguratsua aurkezten digu: JAUNAREN AURKEZPENA. Gure artean Kandelaria edo Argiaren eguna bezala ezagunagoa dena. Jai honek Eguberritan bizi izandako zerbait gogorazten digu: bere zain eta bere bila dabiltzanen bihotzak argitzen dituen ARGIA dugu Jesus.

Elizan egoten ziran Simeon eta Ana izango dira Ume honengan Jainkoaren presentzia berria eta betiko ikusiko zutenak; Simeon zaharra pozik dago bakean hiltzeko bere begiak Salbatzailea ikusi ondoren. Eguberritan gertatuaren antzekoa da: behartsuak eta xumeak, zain daudenak aurkitzen dute benetako presentzia salbatzaile bezala.

Gure eguneroko bizitzan behar dugun ARGIA Beragan aurkituko dugunaren itxaropenez, Bere oinatzak jarraitzea da bere jarraitzaileoi egiten zaigun PROPOSAMENA. Horregatik, gaur, kandelak eskuan harturik, bere argiak gure bihotzak eta buruak argitzen dituela aldarrikatuko dugu.

Esperientzia hori bizi dugun neurrian helduko gera besteengana, eta Kristoren Argiak duen esangura eta sakontasuna eskaintzeko gai izango gera. Hau da egiten zaigun deia: Beragandik hartu besteei eskaintzeko.

ZORIONTSUAK KRISTOREN argitan dabiltzanak:
BIZIAREN ARGIA izango bai dute!
Zoriontsuak bere EGITASMOAN sinesten dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Orain bai, Jauna,… utz diezaiokezu zeure morroi honi bakean joaten"

(Lk 2, 29)

 

 


bidean@bidean.net
orue