Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Garizuma - 1. igandea - 2020.eko Martxoaren 01a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: asteazkenean, HAUSTERRE egunean, eman genion hasiera eraberritzeko eta Pazkorako prestatzeko aldi honi. GARIZUMA ALDIAN sartuak gaude. Jesusen jarraitzaileentzat interesgarria eta beharrezkoa da GAUR ere Garizumaren dinamikan sartzea.

Gaur, lehen igande honetan, Jaunaren Hitzak erne jartzen gaitu tentaldiaren arriskuaren aurrean; tentaldia, Jesusen garaietan bezala, benetako arriskua da gaur ere. Inguratzen gaituzten gauzak gero eta gehiago dira tentaldirako bide -komunikabideak, egitura sozialak, lehiakorkeria, boterea eta aberastasunak eskuratzeko grina, etab.-, eragozpenak ditugu, Jainkoarengandik, Jainkoaren Erreinutik aldentzen gaituzten tentaldiak. Tentaldian eror ez gaitezen borrokatzeko, Jainkoaren Erreinua onartzen eta eraikitzen lehiatzeko deia egiten digu Jesusek.

Has dezagun gure ospakizun hau eta berak lagun diezagula Pazkorako bidea pozik egiten. Pazkoa dugu helmuga.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 2, 7-9; 3, 1-7

Sorkuntzaren lehen pausoa entzungo dugu: denok gara Jainkoak eginak. Jainkoa da gure hasiera eta amaiera. Baina, Testamentu Zaharreko egileak dioenez, tentaldia ere hortxe agertzen da eta Jainko Sortzailearekin gizakiak daukan haustura. Gizakiak zenbat bider jainkotiar proiektua baztertzen duen eta berarengandik aldentzen den. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Erromakoei 5, 12-19

Paulo apostoluarentzat, Adan eta Kristo historiako bi mutur dira. Adan alderdi ezkor, hondatzaile eta bekatariaren irudia da; Kristo, alderdi baikor, grazia eta biziarena. Adanen pekatuak Jainkoarekiko harremana eten zuen; Kristok Jainkoa eta gizakien arteko harremana berreskuratzen du. Apostoluarentzat hauxe da heriotzatik bizitzara pasatzea. Entzun dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 4, 1-11

Jesus ere beste edozein gizaki bezala, tentatua izango da; etsaiari gogor egin beharko dio; galderen artean bere bidea aurkitu beharko du, baina Aita zirikatu gabe, bere izatean sendo sentitzen da. Hiru tentaldietan Jesusek ez du begiratzen bere interesik edo beharrizanik, jarraitu behar duen bidea baizik. Bilatzen duen gauza bakarra Aitarekin leiala izatea da. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jesusen inguruan bilduta gauden elkarte bezala, sinesmenez eta konfiantzaz biziaren Jainkoari gizadi osoaren premiak aurkezten dizkiogu.

1.- Elizaren alde: onarpen, barkamen eta anaitasun ezaugarri den Jesusen mezua leialtasunez bizi dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Agintarien alde: indarraren tentaldian ez daitezen erori eta zuzentasunaren alde joka dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Sufritzen daudenen andre-gizon guztien alde: Jainkoaren laguntzaz beren begiak Aita-Amarengana itzuliz, atsedena, indarra eta bakea aurki ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Egunero beren bizitza Jainkoaren Erreinuaren alde eskaintzen duten pertsona guztien alde: gure hurbiltasuna eta otoitzen laguntza ere izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Jainkoak deituta bere izenean elkartu garenon alde: kristau bezala bizi izanaz Jainkoaren Erreinua egi bihurtzen saia gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Parrokiako pastoral kontseilu buruak egin dezake eskaintza hau edo, horrelakorik ez balego, jende aurrean ondo ikusia den elkarteko kide batek)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna, Zeuk eman dizkiguzun Hitza dakarkizut nik, eta liburu edo liburu bilduma honetan agertzen da. Elkarte osoaren izenean egiten dizut eskaintza hau: Garizuman, batez ere, zure Hitza entzutera behartzen da; izan ere, ziur dago Hitz hori dela bere salbamenaren euskarri eta betiko bizitzaren hazi.


HOROSKOPO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko emakume batek egin dezake eskaintza hau. Eta eskaini ere horrela egin dezake: liburu bat, aldizkari eta egunkariren baten agertzen duenen bat, besterik gabe)

OTOITZA – AZALPENA: Nik gaur horoskopo bat dakarkizut, Jauna. Joko bat bailitzan irakurtzen dugu; baina ondo dakizunez, bera kontsultatzea eta “esoteriko” mundu honekin zerikusia duen guztia ere gure artean modan jarri zaigu. Jende asko itsuan doa bere atzetik, horietan uste ona jarririk, jakinik nahiz ez-jakinez, zure jauntasuna arriskuan jartzen dute. Guk, ostera, gaur hau Zuri eskaintzean, zera agertzen dizugu: ez dagoela Zu besteko Jaunik eta gure bizitzak zure eskuetan daudela.


HAUTESKUNDE PROGRAMA BATEN AURKEZPENA

(Honako hau, politika, sindikatu edo herri ekintzaren baten ekintzaile ari den pertsona batek aurkeztu behar luke; edo bestela, elkarteko edozeinek, beti ere pertsona heldu bat izan dadila)

OTOITZA – AZALPENA: Niri dagokit, Jauna, gaur Zuri gure arteko politiko alderdiren baten hauteskunde programa bat aurkeztea. Egia esan, gogorik onenarekin egiten dizugu eskaintza hau; baina argi edukita, ez dagoela honetan ez beste edozeinetan gorderik gure arazo guztien irtenbidea. Hori zure eskuetan dago, eta gu guztion elkarlanean, zure esanetara jarrita. Eta aurtengo Garizuman zure nahia jakin nahi dugu, eta gure bizitzan BIDETZAT hartu.


JANTZI, OGI ETA EDALONTZI BATEN AURKEZPENA

(Bi pertsona artean egin daiteke eskaintza hau; hirugarren batek ezaugarrion esanahia hitzez hitz azaltzen duen artean)

OTOITZA – AZALPENA: Begira, Jauna, bi bizimodu desberdinen ezaugarriak. Jantziarena zera da: guk gizon-emakumeok zer irabaziko eta zer jango dugun arduraren ezaugarria da. Kontua honako hau da: ez garela zoriontsu, gero eta gehiago kontsumitzen eta gauza gehiago pilatzen saiatu arren. Baina ogi hau eta edalontzi hau ere ekarri dizkizugu, Garizumako barauaren ezaugarri. Hona hemen modurik egokiena, zoriontasuna edukitze hutsean ez dagoela agertzeko, norberaren izatean baino, ogia eta ura hain gutxi eta txiki diren bezala.

Bizitzako jokabide hauek elkarren aurrez aurre jartzean, hauxe agertu nahi dizugu, hain zuzen ere Garizumaren hasieran: bihotz berritzeko ditugun gure asmo biziak eskaintzea. Lagun iezaguzu, arren, Zuk Jauna, zure pozaren eraginez, gure salbamen poza dastatzea lor dezagun.

Agurra

Senideok: igande honetako mezuak, Jainkoaren BIDEAK EZAGUTZERA gonbidatzen gaitu. Jesusengandik ikasi gure bidea zein den. Jainkoak zer itxaroten du nigandik? Jaunak gure konfiantza beragan ipintzera gonbidatzen gaitu; gu zoriontsu egingo gaituen bere nahia onartzera.

Eta Jainkoak mundu honen erdian nahi gaitu, tirabiren artean, bere Erreinuaren proiektua zapuzten den lekuan, behartsu eta baztertuen eskubideak gordetzen ez diren gizartean. Jainkoaren Erreinua eta bere Berri Ona iragarri nahi badugu bizi garan unean eta gatazka artean egin behar dugu. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
Jainkoaren ahotik irteten duen hitz guztiz baizik”




HAUSTERRE egunez, Kristau Elkarteak berriro ere PAZKORAKO BIDEA hasi du. Izan ere, Garizuma, Pazko ospakizunaren prestaketa aldia da. Jazoera handiak arduraz prestatu behar dian ezkero, liturgiak aukera hori eskaintzen digu. Hauxe da Jesusen jarraitzaile talde baten abiapuntua.

Bide horretan, Jesusekin batera, berak BIZI eta ESPERIMENTATU zuen prozesu berdina bizitzen ahaleginduko gara: Aitaren aurrean (tentaldiak izan arren) edozertarako prest dagoenaren bidea; Erreinuaren alde eskuzabaltasunez bere bizia ematen duenaren bidea; bere anai-arreba dian gizaki guztiekin solidarizatzen eta zabaltzen den bidea. Hona hemen PAZKORAKO BIDEA.

BIDE zehatz batzuk eskaintzen zaizkigu:

* otoitza: Aitarengana zabalik eta bere egitasmoa onartzeko prest egoteko;
* Hitza entzutea: “Jesusen antzeko” izateko;
* gogoeta: gure sinesmena sakondu eta era berrian bizitzeko;
* baraua: solidaritatea bizitzeko era bezala.

Honen ondorena: JESUSEN EBANJELIORA BIHURTZEA. Eta hauxe da Garizumako BIDEAREN helburua. Hau lortu ezik, alperrekoak lirateke gure penitentzi eta barauak.

ZORIONEKOA garizumako BIDEA egiteko gonbidapena
onartzen duena:
Horrek ospatu ahal izango du JESUSEN PAZKUA!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Izpirituak basamortura eraman zuen"

(Mt 4, 1)

 

 


bidean@bidean.net
orue