Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Garizuma - 2. igandea - 2020.eko Martxoaren 08a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak ospakizun honetara. Jesus bide lagun dugularik, aurrera goaz Garizumako bidean.

Gure bizitza, irten eta bila ibiltzea da. Norbaitek guretik irtetera eta gure oraina arriskatzera dei egiten digu. Abrahamen antzera, geldirik uzten gaituen segurtasunak baztertu eta gauza berrien bila jarraitu behar dugu; eta honek, beste erabatekoak egiten gaitu. Deika dabilen norbait hori Jainko gure Aita-Ama da; gure sinesmenaren abentura bizitzera deitzen digu, bere aurpegiaren argitasuna kontenplatzera, bere Semearen bidea egitera; iluntasunez eta itxaropenez, saminez eta aintzaz egindako bidea.

Gure sinesmenaren handitasuna eta seriotasuna Jesusi jarraitzean dago; horixe da gure bidea, bide zoragarria. Jainkoak esaten digun Hitza entzuteko zabaldu dezagun gure bihotza.

Hasi dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 12 ,1-4a

Abraham, Ur hirian bizi da; uri aberatsa baina jentila. Jainkoak, segurtasun guztiak uzteko eta Berak eskainiko dion lurraldera urtetako eskatzen dio. Abraham, Jainkoaren laguna eta sinesmendun leiala, bere segurtasun guztiak utzi eta bidean ipintzen da. Horrela, Patriarka agurea, Jainkoagan sinestearen eta konfidantza izatearen eredu dugu. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: 2 Timoteo 1, 8b-10

Ebanjelioa iragartzea bokazioa da; horrela agertzen dio Paulo apostoluak bere ikasle Timoteori. Beste edozein bokazio baino pozgarriagoa, baina baita ere bokazio gogorra eta mingarria, asko kontra agertzen direlako eta beste batzuk ez direlako arduratzen. Misio hori onartzen duanak, Jainkoagan ipintzen du konfidantza guztia. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Mateo 17, 1-9

Jesus, nekaldia eta heriotza aurkituko dituen Jerusalemerantz doa, eta Tabor mendian antzaldatua ikusiko dugu. Ebanjelariaren arabera, Tabor esperientzia argitsu eta ederra da; Jainkoa bere aintzan agertzen da; Jainkoaren hurbiltasunak zorabiatu egiten du. Ikasleak esperientzia hori beharrezkoa izango dute, Jesusek egingo duena ulertzeko eta onartzeko. Guk ere onar dezagun esperientzi hori.

Jainko herriaren otoitza

Bere hitzaren argitasunean, on eta errukitsua den Aita-Amari zuzentzen dizkiogu gure eskariak.

1.- Eguneroko bizitzari eta borrokari zentzu bila dabiltzan hainbeste andre-gizonentzat, Eliza Jainkoarekin aurkitzeko lekua izan dadila, eta behar duten poza aurkitu dezatela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gure kristau izatea benetan hartuaz eta Ebanjelioa biziaz, sufritzen daudenentzat argi eta itxaropen izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Munduan eta gure herrian BAKEA egi bihurtu dadin: denok desia dezagun eta elkarrizketan, tolerantzian eta elkar errespetuan aurki dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure kristau konpromezuak eraman gaitzala sufritzen daudenen egoera ezagutzera, eurak diren lez onartzera, eta solidaritatean eta zuzentasunean oinarriturik, egoera hori aldatzera. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Kristau elkarteen alde, gure familien alde, hemen elkartu garenon alde: Eukaristiaren ospakizuna guztiok elkartzeko bide izan dakigun, eta Jainkoaren Hitza entzutea eta onartzea aldatzen joateko lagungarri. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



FAROL PIZTU BATEN AURKEZPENA

(Elkartean konpromezuren bat daukan pertsona heldu batek egin dezake. Meza emaileari ematen dio eta honek aldara gainean uzten du)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Semearen Antzaldatzea gogoratu dugun domeka honetan farol piztu dakarkizut, Jauna. Argi hau, Jesu Kristoren ezaugarria da. Argi apala da, baina bere piztueraren aurrerapen lez onartzen dugu. Garizuma honetan bere arrastoak jarraituz, Zuregana doan bidea ezagutu nahi dugu.


GURUTZE BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gaixo edo adineko batek egin dezake eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Nik, Jauna, Gurutzetxo hauxe dakarkizut, gaixotasunaren eta munduan honegatik edo hagatik sofritzen dutenen adierazgarri lez. Nire ustea hau da: Zu zure Seme Jesukristoren Gurutzearekin bat egina hartzen duzula, munduaren salbamena haren bidez heldu zaigula sinesturik; izan ere, horixe duzu opari atsegingarri bakarra. Lagun iezadazu, Jauna, honi buruz gero eta gehiago jabetzen: Gurutzea dela bizitzaren ernamuin bakarra, eta zure Semearekin elkar banatzea itxaroten dugu. Gaixoen pozezko testigantzaren bidez, erakuts iezaguzu osasuntsuei gurutzea zein beharrezko den antzaldatze osorako.


ELKARTE ERRETIRO baten edo BIBLIARI BURUZKO IKASTARO baten erabilitako GAIEN TXOSTENAREN AURKEZPENA

(Elkarteko ekintzaile kide batek aurkeztuko du erretiroko edo ikastaroko gaien karpeta hau)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jaun eta Jainko, Zuk zeure Seme maiteari begiratzera eta gogoz entzutera gonbidatzen gaituzu. Benetan nahi dugu, Jauna. Hori dela-eta, gure Elkarteko azken ERRETIROko (edo Bibliari buruzko ikastaroko) langaiak aurkezten dizkizugu. Hobeto ezagutzen lagundu digu, baina hasitako bidean jarraitu beharra dugu. Garizuma honetan ere horixe egiteko konpromezua hartzen dugu.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko kide batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Komunikabideetan batez ere gure entzumena eskatzen duen irrati hau aurkezten dizut, Jauna. Baina gaur, zure HITZAREN entzule garela agertu nahi dizut; zure eskakizunetara adi egon nahi dugu. Joan Zure deiei zabalik egon nahi dugu.

Agurra

Senideok: ospakizuna bukatzera goaz. Jesusek Tabor mendira gonbidatu gaitu; bere aintzan eta poztasunean bat egitera. Aste barruan, elkar aurkitzearen esperientzian sakontzen joan gaitezela; irakurgaiak eta ebanjelioak, errukitsuak eta abegitsuak izatera gonbidatuko gaitu... Norbait onartzea, bizia ematea da, lurretik altxatzea, poza eta itxaropena ematea; besoak zabaldu eta Jesusek ematen digun Jainkoaren Barri ona eskaintzea. Aste zoriontsua eta Jesusekin topaketa zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Laino izpi artean Aitaren ahotsa entzun zen:
«Hauxe da nire Semea, nire maitea; entzun egiozue»”.




Joan zen igandean “irteteko agindua” hartu genian: GARIZUMA hasten genian. Eta PAZKORAKO bidean jartzen ginen. Jesusen arrastoa jarraituz egiteko proposamena egiten zaigun; berak ere zalantzaren, nekearen, aginpidearen, “gauza errazen”... tentaldia nozitu zuelako. Baina Berak tentaldiak gainditu zituen. Bera bidaide edukitzea, egoera horiek zelan gainditu behar dian jakiteko bermea edukitzea da. Berak jarraitu zuen bidea hau izan zen:

* “Aitaren aurrean prestasun osoa”;
* Jainkoaren gauzetarako, “eskuzabaltasuna eta izate osoa eskaintzea”;
* bere senide gizakiekin “solidaritate bidea”.

Bigarren igande honek hurrengo hau azpimarratzen digu: Jesusekin HARREMON ZUZENEAN bakarrik etorri ditzatela aldaketa. Berari “ENTZUN” beharra dugu (hala diosku ebanjelioak), Abrahamen edo apostoluen antzera bere deiak “harrapatu gaitzala” (lehen irakurgaia eta ebanjelioa). Horretara, Kristoren maitasunetik ezerk ez gaitu aldenduko (bigarren irakurgaia).

Mezu ederra igande honek eskaintzen diguna. Naiz eta Berarekin bat egiteak GURUTZEA onartzea ere eskatu: Gurutze eta heriotza gabe ez dago Piztuerarik; nekaldi gabeko aintzarik ez dago.

Zorionekoak Berarekin TOPO EGITEN dutenak!
Ongi ibili PAZKURANTZ bidean!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Aurpegia eguzkia bezain distiratsu bihurtu zitzaion"

(Mt 17, 2)

 

 


bidean@bidean.net
orue