Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Garizuma - 3. igandea - 2020.eko Martxoaren 15a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak ospakizun honetara.

EMAKUME SAMARIARRAREN kontaketa entzungo dugu gaur; ebanjelioetan daukagun kontaketarik ederrenetarikoa. Kontaketa honek Jesusengana nola hurbildu daiteken agertzen digu.

Gure sinismena espirituz eta benetan ospatzeko gonbitea egiten digu Jesusek; ohiturazko eta zentzu gabeko gurtza garbitzera; gure batzarrak jai giroan elkartu eta ospatzera; Berak egunero eskaintzen digun bizi emankorraren agerraldiak izan daitezela. Berak deituta elkartu gara, sinismenak eraginda ospatuko dugun Eukaristia honetan parte hartzera.

Eman diezaiogun hasiera anaitasunezko batzar honi.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Irteera 17, 3-7

Kontaketa honetan, Israel herria desertuan aurkitzen da. Desertua beti da arriskutsua. Oasia gehien desiatzen dena da. Israel, nekeak eta egarriak eraginda, Jainkoarengan konfiantza galdu eta marmarrean dabil. Lehentsuago egindako harrigarriak azkar ahaztu ditu. Jainkoa berriz ere bere haunditasunean errukitsu agertzen zaio behar duen ura emanez. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Erromatarrei 5, 1-2. 5-8

Paulo apostoluak bere testigutza eskaintzen digu: bere Espirituaren dohaiaz batera, Jainkoak bere maitasuna isuri du gure bihotzetan. Jainkoa gizakiokin maiteminduta dago eta behin betiko salbatzeko bere Semea eman digu. Hauxe da apostoluaren bizia eragiten duen uste osoa. Onar dezagun gogoeta eder eta sakon hau.


Ebanjelioa: Joan 4, 5-42

Emakume samariarra eta Jesus aurkitzearen kontaketa entzungo dugu. Bere sakontasunean ulertzeko kontuan euki behar ditugu elementu batzuk: URA, Jainkoaren dohaiaren, bere Espirituaren ezaugarria da; Jesusek nahi duen eta bilatzen duen JANARIA bere Aitak hasitakoa aurrera eramatea da, bere nahia betetzea; bere ESPIRITUA norberen barruan onartzeak ematen dio ikasleari bere osotasuna. Onar dezagun gogoeta hau.

Jainko herriaren otoitza

Apaltasunez, biziaren Jainkoari zabaltzen diogu gure barrua eta gizadiaren premi batzuk aurkezten dizkiogu.

1.- Elizaren alde: ur biziko iturria izan daiten, mundu honetako behartsuenen egarriak aseko dituen iturburua. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gobernuetan arduraren bat daukatenen alde: herrien arteko ezberdintasun eta zuzengabekerien aurrean benetako irteerak aurki ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixo, bakardadean bizi diren eta gure gizarteko baztertu guztien alde: gutariko bakoitzarekin arduratzen den Jainko onaren Berri ona haiek ere ezagutu dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Misiolari, laguntzaile eta norberen denpora eta bizitza zati bat besteen egarriak asetzeko eskaintzen duten guztien alde: ekintza horietan Jaunaren laguntza eta bizi-poza senti dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: iluntasunean argi, nekean atsedena, etsipenean itxaropena eta zalantzan sinismena izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BATAIOKO OSKOLAREN AURKEZPENA

(Edozein pertsona helduk egin dezake, hurrengo hau esanez:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bataiatzeko erabiltzen den oskol hau dakartsut. Zure grazia eta Espiritua emanez elkarte berri baten sartu gaituzu, zure familiko egin gaituzu, zure Erreinuaren zerbitzari egin gaituzu. Duintasun hori zainduz, zure lekuko izan gaitezela.


KANDELEN AURKEZPENA

(Elkarteko bi gaztek aldare gainean ipiniko diren kandelak eramaten dituzte. Hoietako batek dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, batzar hau argituko duten eta zure Seme Jesu Kristogan dugun sinismenaren ezaugarri diren kandela hauek ekarri ditugu. Zure Espirituaren dohaiez eta zure esku zabaltasunez piztu dituzu gutariko bakoitzarengan. Gure esker ona agertu nahi dizugu eta gure bizitza argitzen eta zuzentzen duen sinismen horretan aurrera egiteko gogoa eskaini.


GURPIL AULKI BATEN PERTSONA EZINDU BAT AURKEZTEA

(Osasun pastoraltzan lan egiten duen batek edo gaixoak zaintzen edo laguntzen aritzen den norbaitek egin dezake aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Nik bi gauza era batera eskaini nahi dizkizut, Jauna: Neuk zaintzen dudan gaixo honen sufrimendua eta berarekin ditudan ardura guztiak. Bi esperientziak osatzen dute, Jauna, Zuk nahi duzun erlijioa: sufrimendua eta gaitza geureganatu, eta jakinaren gainean egon, guk eskaini geniezazukeen oparirik onena horixe dela: lagun hurkoaren alde emandako bizitza. Arren, eskatzen dizut, gure ahaleginak bat egin ditzazula Jesus zure Semearen Gurutzearekin, eta garbi ditzagula, gero eta Haren ahaleginaren antzekoak izan daitezen.


GAURKO MARTIRIEN KARTELAK edo DIAPOSITIBAK AURKEZTEA

(Gaurko munduko errealitatearen erakusgarri diren kartelak edo diapositibak: pobrezia, gosea, droga...; eta baita, lehenago nahiz gaur bertan justiziaren eta bakearen alde borrokatu dutenen kartelak edo diapositibak)

OTOITZA – AZALPENA: Aldare mahaiaren gainean jartzen dizkizugu, Jauna, gaurko gizateriaren jopukeriak eta borrokak: pobrezia, gosea, drogak...; eta baita eurak sustraietatik ateratzeko eta desagertzeko hainbeste ahalegin egiten duten gizon-emakumeen etengabeko borrokak ere. Gure eskaintza hau Jesus zure Semearen eskaintzarekin bat egin dezazula, Zuri atsegin zaizun sakrifizio bakarrean; onar ezazu, Aita, Jesusen heriotzarekin egin zenuen bezala. Era berean, bete itzazu gure bihotzak askatasun gurari biziz eta euren aldeko borrokara bultza gaitzazu; lasaikeriatik eta errazkeriatik askatu gaitzazu; gogo berotu gaitzazu eta emaguzu zure grazia, benetan bihotz berritu gaitezen eta maitasun fruitu garbiak eman ditzagun.


GOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE (GKE) BATEN AURKEZPENA

(Ez ezinbestekoa delako, hainbesteren artean BAT; gainerakoak urtean zehar aurkezten joango gara, igandeetan eta jai egunetan banatuta. Gaur beroni buruzko txosten bat edo GKE honen ekintzak azaltzen dituen proiektu bat aurkeztea izango da)

OTOITZA – AZALPENA: Hainbeste talderen giza giroko ekintzak aurkezten dizkizugu gaur, Jauna, gizarte mailan eta kultura mailan makalenak direnen alde ari direnenak. (Talde baten izena) talde honen ekintzaren bidez aurkezten dizugu. Onar ezazu, Jauna. Zure Erreinua gauzatzen da beren konpromezuari esker, fededunak zein fede gabekoak izan. Eta gu ere, egunetik egunera behartsuenekin sentiberago eta beraiekin lotuago bizitzera eraman gaitzazu, batez ere Garizumako bide honetan zehar goazela.

Agurra

Senideok: eguneroko bizitzara hurbiltzen bagara, horrelako desilusio antzeko bat agertzen da bai politika, giza mailan eta eliz giroan ere... Momentu hau baliteke aukeraz eta etorkizunez beterik etortzea ere; baliteke Jesusen hitzak bere gordintasunean hartzeko unea izatea: “Ur honetatik edaten duena egarri izango da; nik emango dizudan uretik edaten duenak ez du gehiago egarririk izango”.

Senideok: Jainkoa guk uste dugun baino hurbilago dugu; gugan dago. Gu irekitzen bagara, Bera irekita dago. Bere maitasuna onartzen badugu, salbatuak gara. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Jauna, zu munduaren Salbatzailea zara;
egarririk izan ez dezadan, emaidazu ur bizia”




Garizumako bidean aurrera goaz: Pazkorako BIDEAN goaz. Lehen zatia amaitu ondoren, bigarren zatiari gogoz heltzeko prestatzen gara. Horretarako jakin beharrekoa da nun aurkitzen garan:
- Jesusen bidea egiten nabil?
- Nire bihotz berritzeak, bere BIZITZEKO ERAREKIN eta berarekin BAT EGITERA narama?

Baliteke desilusioa, porrotaren sentsazioa, edo alperrik gabiltzala pentsatu izatea. “Betiko lekuan nago”; “denak berdin jarraitzen du”; “ez du merezi”; “edo ezinezkoa da” pentsatzea, porrota edo desilusioa agertzen duten esaldiak izan daitezke. Erne! Inguruak ere antzerako eskaintzak luzatzen dizkigu: gure nahigabeen irtenbide bezala, eukitzea, gozatzea, kontsumitzea, pilatzea... eskaintzen digu.

Aldarrikatu ditugum Jesusen ebanjelioko hitzak datozkigu aurrera: “Ur honetatik edaten duena egarri izango da; nik emango diodan ura edaten duenak ez du gehiago egarririk izango”.

- Jesusen proiektu hori “gozatzeko” eta bere esanahi sakonean ezagutzeko momentua ote da?
- Bestela Nork beteko gaitu bakez, ilusioz, bizitzeko gogoz, adiskidetze eta harrera ona egiteko jarreraz...!
- Berak, mundu gizakoiago baten alde, solidariagoa, Jainkoaren gogokoagoa baten alde lana egiteko indarberritzen gaitu.

Zoriontsuak saiatzen direnak:
orduan PAZKOA benetako JAIA izango bait da!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Nik emango diodan uretik edango duena, ez da sekula egarri izango"

(Jn 4, 14)

 

 


bidean@bidean.net
orue