Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Garizuma - 4. igandea - 2020.eko Martxoaren 22a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: Pazkora garamatzan garizumako bidean goaz. Gaurko liturgian, ebanjelioko itsua zenaren sendaketaz lotuta bataioan erabiltzen dugun beste ezaugarri bat agertzen zaigu: ARGIA.

Gu ere sarritan itsuak gara. Bata bestearen ondoan bizi gara baina ez dugu elkar ikusten, ez gara arduratzen, gurean jarraitzen dugu; nik nirea eta besteak hor konpon. Ingurura begiratzen dugu, baina gauzen misterioa eta zentzua ez dugu ulertzen. Eta arazoa ez dago begietan bihotzean baizik; bihotza dago itxita, hartuta, nekatuta, iluntasunean...

Gaur, senideok, Jesusek diosku: “Ni naiz munduko argia”. Guri biziz beteriko bihotz berri bat eta begirada berri bat emateko gugana hurbiltzen da. Ospakizun honetan Bera ikusi dezagula, Berarekin eta anai-arrebekin bat egin.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Samuel 16,1b. 6-7. 10-13a

Dabid hiru aldiz igurtzia izan zela kontatzen digu Testamentu Zaharreko historiak: lehenengoz gazte zela gurasoen etxean, eta beste bietan Israelgo hegoaldeko eta iparraldeko gizonen bidez. Gaur lehenengoa entzungo dugu. Profetak itxurari begiratzen dio baina Jainkoak bihotzera begiratzen du. Aukeraketa eta igurtzia, Jainkoaren nahia jarraituz egiten da. Kontaketa entzuten dugu.


2. irakurgaia: Efesotarrei 5, 8-14

Paulo apostoluak esanahi sakona duten bi irudi erabiltzen ditu: iluntasuna eta argia. Argiak sinismenera garamatza, bizia ematen du eta gure ekintzak argitasunez jantzi. Argitasunean ibiltzea, ontasunean, zuzentasunean, egian, tolerantzian ibiltzea da. Apostoluak argia izatera eta egiaren bidetik ibiltzera gonbidatzen gaitu. Gogoeta hau entzuten dugu.


Ebanjelioa: Joan 9, 1-41

Naturaren edertasuna, koloreak, pertsonak ikustea dohain eder bat da. Jaiotzaz itsua zenak, dohain hau Jesusen eskutik hartu zuen. Itsuak ez daki nork sendatu duen. Jesus beragana doa, nor den agertzen dio eta sinismenera darama. Orain bai benetan argi ikusten duela. Ez da nahikoa argitxo bat edo egi batzuk aurkitzea, benetako Argian eta Egian egotea da garrantzizkoa. Jesusek hori eskaintzen digu. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Gure bihotzetan eta munduan bere maitasunaren eta egiaren argia ipini duen Jainkoari zuzentzen dizkiogu eskari hauek.

1.- Elizaren alde: handikeri eta norberekerietan itsutu gabe, gizaki guztientzat argi eta salbamen, onarpen eta guztiok elkartzeko leku izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Sinismena galdu duten edo giza presioa dela-eta galtzeko arriskuan daudenen alde: Garizumak lagun ditzala Jainkoa munduan dabilela sentitzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Aita santu, Gotzain eta kristau guztion alde: gure ekintzekin ager dezagula munduko Argia den Kristoren egia, eta Ebanjelioaren lekuko eta iragarle izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Berezko hondamendiak (lurrikarak, uholdeak) sufritu dituzten pertsonen alde, eta gogorkeria, gerra, terrorismoa eta tortura sufritu dutenen alde: bizimodu normala egiteko behar duten laguntza izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure kristau elkarteen alde: entzutea, onarpena, barkamena, bihotz-berritzea eta beharrizanean daudenei nola lagun behar zaien ikasteko maitasun eskolak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIAREN AURKEZPENA

(Ongi legoke bataio pastoraltzan dabilen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hemen elkartuta gauden guztion izenean aurkezten dizut argi hau. Bataioko ezaugarria eta bertan hartu genuen konpromisoaren oroigarria dugu. Zure Seme berpiztuak piztu zuen eta gure bihotzak argitzen ditu; gure ekintza eta hitzekin munduko iluntasunak argitzera bidaltzen gaitu. Zaindu ezazu argi hori gugan, besteentzat argi izan gaitezen.


SENAR-EMAZTEAK BEREN SEME TXIKIA AURKEZTEN DUTE

(Senar-emazteak euren eserlekutik jaikitzen dira ume eta guzti, eta aldarera hurbiltzen dira, eskaintza egiteko. Biek hartzen dute parte, bata bestearen ondoren. Euren parte-hartzea buka ondoren, aldare aurrean bertan irauten dute, ospakizun denbora guztian)

OTOITZA – AZALPENA:

SENARRAK: Jauna, hemen gaituzu gure seme (alaba) honekin, zeure opari eta gure maitasun fruitua da. Zure errukiari erantzuna izatea nahi dugu eskaintza hau. Zurea da, bete beragan zure salbamen asmoa.

EMAZTEAK: Gure elkar maitasunari erantzuteko eta eusten jarraitzeko ditugun gogo nahiak ere eskaini nahi dizkizugu, horrek eraginda sortu, hazi eta hezi nahi ditugu ardura handiz. Hezi, baina ez helduak izateko aukerak eskainiz bakarrik; baita bete-betean pertsona izatea ere lor dezala lagunduz.

BIKOTEAK: Hala ere, zeregin horrek zenbat eragozpen sortzen dizkigun jabetzen gara eta, batez ere, pertsona erdipurdi eta manipulatzeko errazak nahi dituen gizartetik eta ingurutik sortzen zaizkigun eragozpenak. Horregatik, Jauna, emaguzu gure egitasmo eder hau betetzeko behar dugun grazia..


BOTIKA BATEN AURKEZPENA

(Azaleko kutxatxoarekin nahikoa litzateke. Osasun munduan dabilen batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Errukiaren eta bestea ongi ikusi nahi izatearen ezaugarria den botika hau dakarkizugu, Jauna. Hauxe da gure nahia: besteentzat sendagai izatea. Besteen zauriak osatuko dituan olioa izatea. Besteen arazoak arinduko dituen entzuteko gaitasuna izatea. Jesukristori begiratuz, berak egiten zuen antzera egiten jarraitu nahi dugu.


ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Emakume batek egin lezake. Esku hutsak erakutsirik dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen naukazu, Jauna, esku hutsik. Nire ezereza agertzen dute, baina zuk beteko dituzun konfiantza daukat. Elkarte osoaren izenean, gure bihotz apala eskaintzen dizut, Zuk zure graziaz beteko dituzun itxaropenez. Jauna, zure Semeari zintzotasunez eta leialtasunez jarraitzeko emaguzu behar dugun laguntza, emaguzu bere Gorputza gure bizitzen janari gisa.


ALKARTEARI MISIOLARI BATEK EGINDAKO ESKUTZITZAREN AURKEZPENA

(Aurretiaz izan edo egin beharko dira harremanak halako pertsona batekin, zein erlijioso zein laiko izan; hobe Elkartearentzat ezaguna bada. Ez dago karta osoa irakurri beharrik; nahiko da ataltxo bat irakurtzea, edota halako leku batean egongo dela adierazi, norbaitek osoan irakurri nahi balu. Horregatik letra handiz idatzita aurkeztu, kartulina sendo baten edo)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Elkarte honetako kide dugun eta senideengandik eta gugandik urrun misiolari ari den pertsona baten ESKUTITZA gaur Zuri eskaintzen dizugu. Munduan behartsuenak eta baztertuenak direnen artean beren bizia jokatuz ari den hainbeste gizon-emakumeren ahaleginak eskaintzen dizkizugu. Onar ezazu eskaintza atsegingarri hau, eta egizu geu ere zure maitasunaren testigu izan gaitezela hemen, geure gizartean eta kultura giroan.

Agurra

Senideok: ospakizunaren bukaeran gaude. Aste honetan Kristoren Argiak argiturik ibili gaitezela; itxurari begiratzen badiogu, erratuta ibiliko gara. Jaunarekin elkartzeak eraman gaitzala bihotzeko “begiekin” ikustera, eta gure familietan, auzoan eta elkartean bere argiaren lekuko izatera. Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Ni naiz munduaren ARGIA,
nire atzetik datorrenak bizirako argia izango du”




Oso-osorik Garizumako bigarren zatian gaude. Liturgiaren ospakizunak, Jesusen jarraitzaileok lantzen jarraitzen du. Garizumaren helburua, bere bizitzeko eraz BAT EGITEA DEN EZKERO, beharrezkoa dugu bere mezua sakontzen joatea. Hori egin nahi dugu eta horretarako gaude hemen.

Gure bizitzan begi-bistakoa da: sarritan sentitzen dugu argi eta ilun artean goazela aurrera. Batzuetan iluntasunak belztu egiten dira; dena ikusten gu beltz. Eskerrak, noiz behinka argiaren esperientzia pozgarria ere izaten dugula. Bizitza bere misterio eta guzti, sortzen zaizkigun galderak... heriotza bera, menperatzea nahi genuke... Baina gaurko aurrerapen eta gure ahaleginak ahalegin, gure bizitzan argitu ezinezko iluntasun asko nabaritzen dugu.

Gaurko liturgiak, guk sortu ditugun “giza itsukeriak” sendatzeko, kristau salbamena ARGI bezala aurkezten digu. Gertaerak eta errealitatea beste sakontasun batekin ulertzeko ikuskera berri bat: Jainkoak JESUKRISTOGAN eskaintzen digu. Gizakion iluntasunak argitzen dituen argia dugu. Paulo apostoluak horrela esan digu: “Lehen, bai, ilunpe zineten; orain, berriz, kristau bezala, argi zarete”; eta ebanjelioak: “Munduaren argia naiz”. Hona hemen gure bideko ARGIA.

ZORIONTSUAK KRISTOREN ARGIA onartzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Sinesten duzu Gizonaren Semearengan?"

(Jn 9, 35)

 

 


bidean@bidean.net
orue