Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Garizuma - 5. igandea - 2020.eko Martxoaren 29a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak sinismen eta anaitasun batzar honetara.

Gaurko ospakizunak, gai nagusia BIZIA du. Lazaroren piztueraren kontaketa, piztuerari buruzko sinismen eta biziaren katekesi ederra dugu. Jesus heriotzaren gainetik dago; bere bizitza, betiko bizia emanez amaitzen du.

Egunero hainbeste heriotz ezaugarri entzuten eta ikusten ditugun garai honetan, itxaropenerako dei garrantzitsua dugu. Jaunak deitzen digu eta bere bizia eskaintzen; gure izatearen eraldaketa eta betiko piztuera dakarren bizia. Besteentzat bizia izan gaitezen, bizia ematen zaigu.

Ospakizun honen hasieran eska diezaiogun Jaunari, Beragandik datorkigun bizia onartzeko argitasuna eta grazia izan ditzagula.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ezekiel 37, 12-14

Israel herria erbestean aurkitzen delarik, egitekoak eginda daudelakoan, itxaropena galdu zuten. Ezekiel profetak, ezaugarriz beteriko hizkera erabiliz, bere espiritua isuriz herriari bizia eta bere lurra emango dion Jainkoaren indar askatzailean itxarotera deitzen ditu. Egun hura, sorkuntza berri bat bezala izango da. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Erromatarrei 8, 8-11

Kristau bizitzan Espirituak daukan eraginari buruzko katekesi bat entzungo dugu irakurgai honetan. Paulo apostoluak bereizten ditu: haragia eta espiritua; gizakiongan eragina daukaten indarrak ditugu. Haragiaren erara bizitzea, giza jokeraz bizitzea da; espirituaren erara bizitzea, Jainkoaren indar salbatzailearen eraginez bizitzea da. Jainkoak nahi duen bezala eta Ebanjelioa jarraituz bizitzera bultzatzen gaitu Espirituak. Onar dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Joan 11, 1-45

Lazaroren piztueraren kontaketa honetan, Garizumako Igandetan entzungo dugun hirugarren katekesi ederra dugu; aurreko biak, emakume samariarra eta jaiotzez itsu zenarena, Jesusengan sinistera eramaten gintuen. Gaur, Jesus horrek betiko bizia eta bizi oparoa dakarrela aldarrikatzen dugu. Lazaroren hilobi ondoan bizi hori aurkitzera hurbiltzen gara. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Apaltasunez eta seme-alaba bezala, Biziaren Jainkoari zabaltzen diogu gure bihotza eta gizadiaren premia batzuk aurkezten dizkiogu.

1.- Elizaren alde: bere keinu eta hitzakin Jainkoak eskaintzen digun biziaren iragarle izan daitela. Eliza, harrera eta bake leku izan dadila. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herri agintarien alde: baztertuen alde zerbait egin dezaten, eta heriotza dagoen lekuan bizia ipintzen erabili ditzaten beren gogoak eta buruak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Sufritzen dauden guztien alde: beren bizitzetara osasun pixka bat eta itxaropena eramango dizkieten pertsonak aurki ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Bizitzaren zentzua galdu dutenen alde; alkohola edo drogapen bizi direnen alde; irteera bakarra bizia kentzea ikusten dutenen alde: biziaren alde borrokatzeko arrazoiak eskainiko dizkieten pertsonakin aurki daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen Elkartu garan guztion alde: Erreinuaren ezaugarri biziak izanez, gure inguruan bizia eta bakea erein ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ESKUBETE GALGARAUEN AURKEZPENA

(Nekazari batek -Elkartean holakorik balitz- ospakizunaren aldare ostean dagoen ontzitik hartzen du esku bete galgarau, kontuz-kontuz aldarera eraman eta ospakizuneko buruak duen ontzi berri baten uzten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzen dudan esku berdinekin eskaintzen dizut gaur, Jauna, esku bete galgarau, bizitzaren eta piztueraren ezaugarri gisa. Zure Semeak erabili zuen metafora gisa, hauxe erakusteko: ez dagoela piztuerarik, heriotzarik gabe, ezta galbururik, lurrean hildako galgaraurik gabe. Guk gaur zure Semeak erabilitako konparaketa geuretzat hartzen dugu, gure bizitzak eskaintzerakoan, bizi betean berreskuratuko dugunaren itxaropenez.


LORE BATZUEN ETA LANDARE BIZI BATZUEN AURKEZPENA

(Elkarteko beste kide batek eskaintzen ditu orain lore edo landare batzuk, egunean bertan han edo hemen bildutakoak. Eta dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Gure zelaietako fruitu hauen bidez, gure itxaropena dakarkizut nik, Jauna. Itxaropen honen oinarria zera da: Jesusen eskaintza eta heriotza baliagarri izan zirela, Zuk, Aita, bere hatzaparretatik askatu zenezan. Horregatik, guk eskaintzen dizkizugu gaur gure sufrimenduak, oinazeak, destainak, burlak… Emaguzu zure grazia lagun dugula, geroko aintzaren itxaropena.


KOLONIA ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpen hau emakume batek egitea hobe legoke, gizonkeriaren keinutzat jo gabe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik kolonia ontzitxo apal hau aurkezten dizut eta ospakizun leku hau usain gozotzen dut. Bizi usaina da, Piztueraren lurrina. Eta Elkarte osoaren izenean eskatzen dizut, gutariko bakoitza eta guztiok, gure hizketen, gure bizitzeko eren eta jokabideen bitartez, Jesus berpiztuaren bizi berriaren usain gozo eta ezaugarri izan gaitezela.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsona nagusiak egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gatzontzi bete hau, elkartearen, militante guztien eta nire izenean dakarkizut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure ebanjelioa zabaltzen egiten dugun ahaleginaren ezaugarri bezala dakarkizut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, nahiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dugu. Emaguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez dadin gezatu.

Agurra

Senideok: gure sinismena bizia eta eragilea izan behar da. Lotura, zapalketa eta heriotz guztien kontra saiatuko den sinismena. Bizian sinisten duena, itxaropenez beteriko sinismena, mundua aldatzen ahalegintzen dena, biziaren Berri ona iragarten duen sinismena. Jainkoagandik datorkigun bizi hori gure inguruan iragarri eta zabaldu dezagula. Ekin lanean!

Egun honetarako gogoeta

“Ni naiz bizia eta Piztuera
nigan sinisten duena ez da betiko hilko”




ASTE NAGUSIA, ASTE SANTUA, kristauontzat asterik “nagusiena”, gainean dugu; aste bete bakarrik gelditzen zaigu. Honek esan nahi du gure “prestatzeko denpora” ere amaitzen doala, eta benetako ordua iristen zaigula: gure bizitza Jesusenarekin aurrez-aur ipintzeko ordua; gure JARRERAK (bizitza ikusteko era, maitatzeko era eta ekiteko era) bere jarrerekin argitu. Berari BEGIRATU, eta gure izatea berari LANTZEN utzi.

Aurreko igandetan, Jaunaren hitzak, gogoan eukitzeko KATEKESI ederrak eskaini dizkigu: “Ni naiz ur bizia” (emakume samariarraren zatia); “Ni naiz munduko argia” (jaiotzez itsu zenarena). Aurrekoak jarraituz eta osatuz, igande honetan Jesusek diosku: “Ni naiz Piztuera eta Bizia: nigan sinisten duena ez da betiko hilko” (Lazaro Betanian). Gure bizitzako unerik iluntsuena argitzera dator: heriotza eta betiko bizia. Bera da benetako BIZIA; bizia EMAN eta bizi berria SORTZEN duena.

Aste honetan mezu eder honekin geratzen gara, eta ASTE SANTUKO gure salbamenaren misterioak ospatzeko prestatu.

ZORIONTSUAK Jesus BIZI bezala
BENETAKO BIZI bezala onartzen dugunok!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ni naiz piztuera eta bizia"

(Jn 11, 25)

 

 


bidean@bidean.net
orue