Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Pazkoa - 2. igandea - 2020.eko Apirilaren 19a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak, senideok.

Pazko zortzigarrenean gaude. Kristo piztuaren argiak aseta, gertaera pozgarri hori ospatzeko elkartu gara. Jesusen asmoak gurutzean bukatu zirela ematen zuen, baina argi ikusten dugu orain Jainkoak beti betetzen duela Berak agindua; gizakiaren bizitza behin betikoa da; ez dago ezer Jainkoak digun maitasuna baino handiagorik.

Egia hau pozgarria, kutsakorra da, dena hartzen duena. Hori dela eta, ilusioz, gorputz eta arima aritzera garamatza, elkarte alaian bihotz eta sentiera bat bizitzera, Kristoren Berpiztearen testigantza ematera.

Senideok: utz diezaiogun Jaunari gure bihotzak lantzen; ez gaitezen beldur esperientzia hau leialtasunez bizitzen.


ELIZ BIRA ETA PAZKO ZUZIARI INTSENTSUA

(Ospakizuna hasi orduko dago piztuta Pazko Zuzia. Ospakizun buruak eta laguntzaileek eliz bira egiten dute, udaberriko lorezko adarrekin eta “NIRE JAUN ETA NIRE JAINKO” dioen pankarta batekin. Pazko abesti bat abestuko du herriak. Tokira heldutakoan, Pazko Zuziaren ondoan jartzen da pankarta eta intsentsatu egiten da Pazko Zuzia)


UR BEDEINKATUAZ ZIPRIZTINTZEA

Anaia-arrebok: ur hau bedeinkatu genueneko Bataio gaua ospatu ondoren, berrizta dezagun, berriz ere, geure Bataioa, Jaunak dakarzkigun barkamenari gure bihotzak zabal diezazkiogun, eta utz diezaiogun Jainkoari gure bataio grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Pazko gauean bedeinkatutako ur apur bat hartzen du urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten du, eta gero elkartea zipriztintzen du. Bien bitartean, denak abes dezakete Elkartean ezagutzen den kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jainko errukiorrak garbi gaitzala bekatutik eta, ospakizun honen bidez, gure egarria betiko bizitzako iturrian asetzeko duin egin gaitzala. E/. Amen.


AINTZA

(Pazko aldiko domeka guztietan kantatua izango da)

Senideok: Pazko pozez beterik goratu dezagun gure Jainkoa: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 2, 42-47

Lehen kristau elkartearen bizimodua labur biltzen digu lehenengo irakurgai honek. Kristauak, otoitzean eta ogi zatitzean aurkitzen zuen elkarturik bizitzeko behar zuten indarra. Horrela, daukatena elkar banatuz, aldi guztietarako balio duen kristau elkarte eredua eskaintzen dizkigute. Adeitasunez entzun dezagun.


2. irakurgaia: 1 Pedro 1, 3-9

Pedrok, Asia Txikiko kristauei egiten dien lehen idazki honetan, erasoen aurrean adorez bete nahi ditu. Berbiztua, gure itxaropenaren bermea dela gogoratzen die; ez da itxaropen hutsa, bizia eta Kristoren berpizkundean oinarritua baino. Horren fruitua, aldi gogorrak datozenerako dugun poza eta konfidantza dira. Onar dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Joan 20, 19-31

Heriotza inguruan dagoenean, bizian sinestea ez da erreza. Apostoluak, Jesusen heriotzaren esperientzia bizi izan dute eta orain Piztueraren misterioa eta dohaina dute aurrean. Gurutziltzatua, nekaldiko eta heriotzako ezaugarriekin agertzen zaie. Eta mundu honetako lege eta muga guztien gainetik dago. Bere Bakea eta Espiritua eskaintzen dizkigu. Sinesgabea, sinestedun bihurtzen du. Entzun dezagun testigantza hau.

Jainko herriaren otoitza

Otoi diezaiogun Jainkoari, bere Espirituaren indarrez Jesukristo piztu eta gizaki guztienganako maitasuna azaltzen duenari. Erantzun dezagun: “EGIN BEDI, JAUNA, ZURE NAHIA”.

1.- Mundu osoan zehar zabaldurik dagoen Elizaren alde: Pazko poza gainezka bizi eta testigantzaren bidez zabal dezala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nazioetako agintarien alde: Jesusen piztuerak adimena argitu eta bihotzak irekita, errespeta ditzaten pertsona guztien giza eskubideak; eta mundu osoan bakea errealitate bihur dadin, bide berriak ireki ditzatela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Behartsu, gaixo eta gorputzean nahiz ariman sofritzen ari diren guztien alde: Kristo Berpiztuagan aurki ditzatela behar duten aringarria eta sendotasuna, eta guregan maitasuna eta solidaritatea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gerren eta indarkerien ondorioak izan dituzten herri guztien alde: bizi izandako edo bizitzen ari diren izua lehenbailehen arindua izan dadin, eta ez ahaztuak, baizik gogoan hartuak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Pazkoa ospatzeko hemen elkarturik gaudenon alde: gure bizitzetan esperimenta dezagun Kristo piztuaren indarra, eta inguratzen gaituzten guztiengana eraman dezagula berri pozgarria. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



SOINEKO ZURI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein nagusik egin dezake eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna: antzinako ohitura da Pazko Gauean bataiatuak euren bataioaren ezaugarritzat soineko zuriak eramatea. Soineko zuri hau ekartzen dizut, bada, nire izenean eta bataiatuen elkarte guztiaren izenean, bizi berriaren eta bataio graziaren ezaugarri gisa. Bestalde, gure bataio egunean urez Zeuk eman zenigun bizi berriari dagokionez bizi izaten hasi nahi dugu.


ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko nagusi batek egingo du eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Berpiztuaren ezaugarri den kandela piztu hau dakarkizut, Jauna. Bere argiaren inguruan bildu zituen Jesusek lehen kristauak, elkarte bizietan. Gure elkartean egiaz bizitzeko eta elkar banatzeko gogoa eskaintzen dizugu lehenengo, eta baita, bigarren, elkartetik irten eta, geure hitzen eta bizitzaren bitartez, zeu gizon-emakumeei aurkezteko gogoa ere. Horretarako, emaguzu, Jauna, zure grazia eta indarra.


LABORATEGIKO TRESNA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko nagusi batek egin dezake eskaintza; hobeto, irakaslea edo ikerkuntzan edo antzerako lanean ari dena izatea)

OTOITZA – AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, laborategiko tresna hau dakarkizut. Gure gizarteak lortu duen aurrerapen zientifikoaren eta teknikoaren ezaugarria da. Ezagutza zientifikotik harantzago begiratzeko gertu gaudela esan nahi dizugu, nahiz eta haren garrantzia ere aitortu. Zure aldetik, Jauna, garbi iezazkiguzu begiak eta bihotza, aurki zatzaizkigun eta zure aurpegia ikus dezagun.


"NIRE JAUN ETA NIRE JAINKO" IDATZI DEN PANKARTA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko bik egingo dute eskaintza: hasierako eliz biran ekarri bada, batek hartu eta Elkarteari erakusten dio; besteak, honako otoitz hau esango du:)

OTOITZA – AZALPENA: Elkarte honetako bakoitzaren banakako aitortza jaso nahi izan dugu, eta gure fedea eskaini nahi dizugu. Zuk egin diguzun emaitzarik onenari erantzuten diogu horrela. Izan ere, fedea ez da egia batzuen bilduma soilik, eta ez dagokio gure alderdi bati bakarrik. Zeugan jartzen dugun uste ona da fedea. Zeugandik bakarrik izatea, pentsatzea, bizitzea, harremanak izatea eta historia eta errealitatea ulertzea eragiten digu. Horregatik, Zure Semeagan dugun fedearen emaitza dela-eta, guk garen eta dugun guztia eskaintzen dizugu gaur.


GIZADIAREN ZAURIEN AURKEZPENA

(Elkarteko hiru gaztek egiten dute eskaintza hau. Gizadiaren eta bizi garen gizartearen arazorik sakonenen laburpena prestatu dute aurretik euretariko bik. Lehenengoak Hirugarren Munduko arazoen laburpena egiten du eta bigarrenak gugandik hurbilago dauden arazoena; mendebaldeko gizartearena, hain zuzen ere. Hirugarrenak eskaintza egingo du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, heriotzaren gainean zure Semeak izandako garaipena ospatzeko bildu den elkarte honen hiru kide gazte gara. Mundu honetan, aurkitu ditugun arazoen zerrendan azaltzen da heriotza. Ez dira horiek soilik gaurko munduko gizonengan eta emakumeengan eragina dutenak. Zatoz, Jauna, eta bizitza bilaka itzazu, eta euren aurka borrokatzeko eta zure gurariaren eta borondatearen arabera aldatzeko, egin ezazu maitasunean eta elkartasunean hazi gaitezela.


DIRUA BILTZEAREN AURKEZPENA

(Ondo iritziz gero, eta egun horretako lehen irakurgaiaren arabera, DIRUA BILTZEA egin daiteke. Elkarteko nagusi batzuek biltzen dute, ospakizunean daudenen artean. Artean, kantu egokiren bat abes daiteke. Dirua biltzea bukatzen denean, bildu dutenetako batek egiten du eskaintza, honako hau esanez:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hor duzu gure anai-arrebatasunaren fruitua. Ez du Jerusalemgo lehen elkartearen balioa eta sendotasuna, baina gure elkarteko behartsuenengan dugun ardura adierazi nahi du. Premia gehien dutenenganako gure sentiberatasuna gehi diezaguzula eskatzen dizugu. Ez diezagula ihes egin gure arteko nahigabe batek ere eta egon gaitezela beti beren ondoan, bai gorputzez bai behar dituzten ondasunekin ere.

Agurra

Senideok: Jauna presente izan dugu gure artean, lehen kristauen artean bezala; elkarte bezala sentitzearen poza eta grazia eta bakea eman dizkigu. Guztiok eta bakoitza itzul gaitezela eguneroko bizitzara hemengo esperientzia eramatera, eta eman dezagula fedearen testigantza, gizon eta emakume guztiek aurki dezaten Kristo Berpiztua. Pazko aste zoriontsua!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Jesukristoren berpizkundeaz erosi eta seme-alabatzat hartu gaituen Jainkoak, bere bedeinkapenez poztu eta egunen baten bere zeruko erreinuan onar gaitzala. E./ Amen.

- Jainko Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak bedeinka gaitzala eta beti lagun izan dezagula. E./ Amen.

Egun honetarako gogoeta

“Tomas, ikusi duzulako sinestu duzu.
Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenek”




Bere jaia eta gure jaia ospatzen jarraitzen dugu: Jesukristo berpiztuaren eta guk berarekin bat egitearen jaia; bere piztueran eta bere bizitza berrian bat egiten dugu. PAZKOA da. Ze poza eta alaitasuna!

Jesukristo piztuagan sinestea ez zen izan erreza eta GAUR egun ere ez da erreza. Aste honetan, Jesusen apostoluak ere bertan behera utzi eta beste zerbait pentsatzen hasita zeudela diosku Jainkoaren hitzak: Emauskoak alde egiten agertzen zaizkigu; besteak, “judutarren beldurrez” ateak itxita; eta hor dago Tomas, Jesus onartu eta sinestu ezinean dabiltzanen ezaugarritzat jarria.

Hemen gaude gu ere, sinesmen ezak jotako giro barruan, lasaikeri (erreza eta atsegingarria nagusi) eta utzikeria giroan, KRISTAU bezala zelan bizi behar dugun jakin nahian, batzuetan “ateak ixteko gogoarekin”, edo “besteen antzera bizitzeko tentaldiarekin”.

Jesus Piztuak beratarrak ALDATU zituan: Berak bakarrik aldatu ditzake. Berak bakarrik aldatu ditzakegu: ez dezagun ahaztu. Beharrezkoa da BERAREKIN EGOTEA.

Jesus Berpiztuarekin AURKITZEAREN esperientzia pozgarria!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak!”

(Jn 20, 29)

 

 


bidean@bidean.net
orue