Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Pazkoa - 3. igandea - 2020.eko Apirilaren 26a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak guztiok ospakizun hontara.

Jauna presente dago Elizan haren Hitzez, Gorputz eta Odol santuaz eta haren elkartea garenon bidez. Gaurko ospakizun honetan haren Gorputzaz elikatzeko deia jasoko dugu, ondoren Kristoren TESTIGUAK izan gaitezen.

Jauna ezagutzeko, harekin topo egiteko, bihotzeko begiak garbiak eta aurre-iritzi eta egoismoetatik aske izan behar ditugu. Bestela, Jaunaren presentzia oharkabean gal dakiguke, hasieran apostoluei bezala.

Jaunak ireki diezazkigula buru-bihotzak haren mezua gure baitan sakon sar dadin, eta ospakizun hau indartsu bizi dezagula. Has dezagun.



SARRERAKO IBILALDIA

(Gaur ere, handikiro egin behar genuke sarrera. Bi kandelaren (gero aldarean egongo direnak edo aldarea apainduko dutenak) erdian gurutzea joango da eliz bira egingo dutenen aurrean; intsentsu ontzia, jarraian. Gero, agiri-agirian irakurle batek eramandako irakurgai liburua. Azkenean, edo denen atzetik, ospakizunean buru egiten duena, bi laguntzaileei ondoan dituela. Presbiteriora iritsitakoan, gurutzea bere lekuan jarriko da; eta kandelak, aldare mahaiaren gainean. Irakurgai liburua irakurgai tokian edo anboian utziko da. Azkenik, ospakizun buruak, Bazko zuzia piztuko du. BAZKO ZUZIA eta IRAKURGAI LIBURUA INTSENTSATUZ amaituko da une hau. Bien bitartean, elkartea sarrerako kantua abesten ari da)


UR BEDEINKATUAZ ZIPRIZTINTZEA

Anaia-arrebok: ur hau bedeinkatu genueneko Bataio gaua ospatu ondoren, berrizta dezagun, berriz ere, geure Bataioa, Jaunak dakarzkigun barkamenari gure bihotzak zabal diezazkiogun, eta utz diezaiogun Jainkoari gure bataio grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Bazko gauean bedeinkatutako ur apur bat hartzen du urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten du, eta gero elkartea zipriztintzen du. Bien bitartean, denak abes dezakete Elkartean ezagutzen den kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jainko errukiorrak garbi gaitzala bekatutik eta, ospakizun honen bidez, gure egarria betiko bizitzako iturrian asetzeko duin egin gaitzala. E./ Amen.


AINTZA

(Bazko aldian, abestua)

Ogia zatitzean Jauna aurkitzen duten Emauseko ikasleen poza geureganatuz, gora dezagun gure bihotzeko begiak ireki eta salbatzen gaituen Jainkoa: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 2, 14. 22-33

Berpiztuaren lekuko direnen testigantza entzuten dugu. Pedrok aldarrikatzen du Jesus Nazaretarra, gurutzeratu zutena, Jainkoak bizira ekarri duela. Jesusen biziak heriotza menperatu du. Dena birsortzeko zorian dago; Jesusen antzera bizitzea dagokigu: Aitaren esaneko izanez. Onar dezagun gure bihotz barruan.


2. irakurgaia: 1 Pedro 1, 17-21

Gure itxaropena eta sinesmena Jainkoagan daudela esango digu Pedro apostoluak. Kristok bere bizia emanaz erosi gaitu. Gure historiaren zentzua, maitasunez bere bizia gurutzean josteraino ematen duenarengan aurkitzen dugu. Kristoren berpizkundearen ziurtasunak, kristauak poztu eta haien sinesmena eta itxaropena sendotzen du. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Lukas 24, 13-35

Jesus Berpiztua, Jerusalemdik beldurrez irten duten ikasle birekin aurkitzen da. Ikasle biak, itxura baten sinesmen gauzetan jakitunak dira: Itun Zaharra ezagutzen dute; baita Jesusen mezua, bere ekintzak eta gurutzeko heriotza; Piztueraren mezua ere entzun dute. Baina ezin dute onartu. Gaur, Jainkoa bide-lagun dugu, Idazki sakratuak argitzen dizkigu eta ogia zatitzerakoan eta banatzerakoan geure ondoan dago. Entzun dezagun testigantza bikain eta eder hau.

Jainko herriaren otoitza

Senideok: Jesus Jauna geure ondoan dago. Bere bitartez Jainko Aita-Amari zuzen diezagun gure eskariak eta gizadiaren premiagatik otoitz egin.

1.- Elizaren alde: guztiontzat onarpen leku, muga gabeko barkamen, benetako anaitasun leku, eta Berpiztuarekin bat egiteko era ezberdinak errespetatu ditzan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: euren aginpidea erabiliaz, gizaki guztien arteko berdintasun eta bakerako bideak urratu ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Jainkoaren presentzia aurkitzeko bide bila edo aholku bila dabiltzanen alde: gure hitz eta testigutzari esker, desiratzen duten hori aurkitu dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Baztertuen, ahaztuen eta gaixo guztien alde: errealitate eta bizi berri baten mezua haienganaino hel dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen gauden guztion alde: gurutziltzatuaren aurpegia gure gizarteko baztertuengan ikusi dezagun eta bizia eta itxaropena transmititzeko gai izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HAURREN EKINTZA

(Azkar-azkar jartzen da, aurretik umeekin gertatu edo prestatu dena: abestia, dantza edo ekintza laburra eta atsegina. Amaitutakoan, eskaintzaren aurkezpena egiten du haurretariko batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hor uzten dizugu elkartearekin batera eduki nahi izan dugun alaitasuna. Uste dugu Zeu zarela gure barruan poz hori piztu duzuna eta berari eutsi eta bera gehitzen duzuna, guk besteei zabal diezaiegun. Badakigu nagusiek, helduek, eragozpenak izaten dituztela eta horrek kezkak eta tristura sortzen dizkietela. Horregatik, euren aringarria izan nahi dugu, eta, noizean behin ez bada bere, irribarretxo bat atera nahi diegu.


BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko “pertsona on” batek egin dezake eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Zuk guretzat idatzi duzun Hitza, Biblia hau dakarkizut, Jauna. Emauseko ikasleei gertatu zitzaien lez, Zuk azaltzen badiguzu bakarrik zabalduko da gure bihotza eta ulertuko dugu. Zure Hitza sakonean ezagutu nahi dugu, Jauna, berak argitu gaitzan eta gure bizitzan egi bihurtzen ahalegindu; hau da: gure munduari eta gaurko kulturari ARGI lez eskain. Horretarako zure laguntza behar dugu, Jauna.


OGI ZATI BATEN ETA ARDO PITXAR BATEN AURKEZPENA

(Eskaintza hau egiteko ibilaldi antzerako bat gertatu edo prestatu behar da. Aurretik, banan-banan, eskaintzak daramatzanak joango dira; atzetik, irakurriko duena. Edozeinek egin dezake, nahiz eta hobe izan adin desberdineko pertsonak egitea, janaria eta ospakizuna elkarte guztiarena dela adierazteko. Eskaintzak buru egiten duenari emandakoan, hauxe dio aukeratuak)

OTOITZA – AZALPENA: Jesus Jauna: Emauseko ikasleengana Zu hurbildu zinen; haiekin ibili eta antzinako agintzariak ulertu zitzaten zure Hitza azaldu zien. Eta ogia zatitzerakoan ezagutu zintuzten. Ogia eta ardoa eskaintzerakoan, Zu guztiz ezagutzeko gogoa agertzen dizugu, baita zure Berri Ona anai-arreben artean iragartzekoa ere. Lagun ezaguzu.


SAREEN AURKEZPENA

(Irakurtzen duenak egingo du eskaintza, edota katekista batek nahiz helduren batek:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik sare hauek dakarzkizut. Zuk gizon-emakumeen arrantzale egin aurretik apostoluek utzi zituztenen irudi dira. Eurekin batera, gure ebanjelizatzeko konpromezua eskaintzen dizugu. Jakin ere badakigu eta, zuk eman dizkiguzun fedearen oparia ez dela gu bakoitzaren burua goratzeko, ezta, talde bakarra edo sekta bat bihurturik, gure elkartearen barnean sartuta egoteko, misiorako eta, hainbatetan ezer aurkitu gabe, bila dabiltzan gizon-emakumeekin gure fedea, alaitasuna eta zoriontasuna elkar banatzeko baino.


EGUNKARI BATEN AURKEZPENA

(Ofizioko batek edo herri mailan agirian ari den elkarteko batek edo eguneroko jazoerak ondo jarraitzen dituen batek, aurkeztu behar lezake eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik, gaur, egunkari hau dakarkizut. Gaur jazotzen denaren islada da. Gure ondoan eta gugandik urrun gertatzen dena, nahiz eta beste batzuei jazo edo gertatu. Berri ematea hain ugaria denez, ez gaitu kezkatzen, jakitunek diotenez. Egunkari hau eskaintzerakoan, konpromezu hau hartzen dut, denen izenean: albisteen eta eurak bizi dituzten edo jasaten dituzten gizon-emakumeen bihotzera begiratuko dugula orain zer gertatzen den irakurtzen dugunean. Eta Zuk ez gaitzazu utzi gure bihotz gogorkerian. Ireki itzazu gure bihotzak elkartasunera.

Agurra

Senideok: ikasleen zeregina, gure zeregina, Ebanjelioa iragartzea da, ikusi eta entzun dugunaren testigutza ematea, besteak ere ikusiz eta entzunez sinestu dezaten. Orain denok dakigu, Berbiztua, gizaki ez ezagun batengan ikusi genezakeela, bidean doan anai batengan, hurbiltzen zaigun erromes batengan, hurkoarengan; ogia zatitzerakoan, Mezatan, maitasunez bildutako elkartean, Jainkoaren Hitza entzuterakoan, behartsua onartzerakoan... Gure anaitasuna eta solidaritatea benetakoa den jakiteko, inguruko gizon-emakumeak guri begiratuz Berbiztua eta bere bizi eta itxaropen zeinuak ikusten dituztenak kontuan izan beharko dugu. Aste zoriontsu bat guztiontzat!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jainkoak bedeinka gaitzala Bazko honetan eta haren errukiak gorde gaitzala gaitz guztietatik. E./ Amen.

- Kristoren Berpizkundearen bidez salbatu gaituenak aberats gaitzala betiko biziaren sariarekin. E./ Amen.

- Eta bedeinka gaitzala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoeta

“Jesus Jauna, agertu iezazkiguzu Liburu Santuak,
sutu gure bihotzak hitz egiten diguzunean”




Pazkoa ospatzen jarraitzen dugu, eta sinesmendun izatearen oinarria hementxe dago: Pazkorik gabe ez dago federik, ez antzekorik. Eta Igande honetan hurrengo galdera hau egiten ausartzen gara: nire kristau fedeari izatea eta zentzua ematen diona Pazkoa ote da?

Galdera hau “lekuz kanpo” dagoela uste baduzu, zure sinestedun fedean baliteke zerbait gertatu izatea. Azken baten, lehen kristauen duda berdina da: “Jauna ikusi dugu” esatea ez zitzaien izan erraza; hori arriskutsua zen, Jaunarekin bat egiteak BIZITZA ALDATZEA eskatzen zuelako. Eta hau oso serioa da. Horregatik guretzat ere, galdera edo kezka berdina da: “Jauna ikusi dut” Pazko honetan benetan esan nezake? Berak bakarrik aldatu lezake nire bizitza.

Gaur gure munduaren eta pertsona askoren tentaldia beste hau da: “ez dugu behar salbamenik”. Eta horrela bada, Pazkoak ez dauka zentzurik, ez dugu behar Pazkorik. Pazkoak, Jesusen izatea jarraituz, GIZAKI BERRI EGITEN GAITU, eta benetako bizitza eskaintzen digu. Sumatzen dut nigan Jesus berbiztuarekin bat egitera naraman aldaketarik?

ZORIONTSUAK hori bizi dutenak:
BENETAKO BIZIA izango dute!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ogia zatitzean ezagutu zuten"

(Lk 24, 35)

 

 


bidean@bidean.net
orue