Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Pazkoa - 5. igandea - 2020.eko Maiatzaren 10a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak ospakizun honetara. Pazko aldian jarraitzen dugu.

Jesus dugu Bidea, Egia eta Bizia: hauxe da gaurko mezu nagusia. Gure barruan eragina duten hitzak dira. Pertsona asko noraezean bizi dira: gauza txikiekin norberen buruari bueltaka. Beti berdina eginez: urteak hartzen dituzte baina urteei bizitasunik eman gabe. Haien izateak ez dauka norabiderik ez helbururik: lagundua, zuzendua eta babestua izatearen esperientziarik gabe dijoaz aurrera; aurrera eta atzera pausoak eginez bizi dira....

Kristo egin behar dugun BIDE bezala aurkitu behar dugu; sakontasunez bizi izateko daukagun bide bakarra. Bide horretatik aurkituko dugu gure egia eta benetako EGIA, eta horrek eramango gaitu benetako BIZIA ezagutzera.

Senideok: ospakizun honetan Jaunak argi gaitzala Bera bide, egi eta bizi lez aurki dezagun.


BAZKO ZUZIA PIZTEA ETA INTSENTSATZEA

(Bazko aurreko igande guztietan bezala, sarrerako ibilaldia amaitutakoan, ospakizun buru egiten duenak Pazko Zuzia pizten du, argimutilaren gainean jartzen du eta intsentsatu egiten du jarraian. Bien bitartean, sarrera kantua abesten da).


UR BEDEINKATUAZ ZIPRIZTINTZEA

Anaia-arrebok: ur hau bedeinkatu genueneko Bataio gaua ospatu ondoren, berrizta dezagun, berriz ere, geure Bataioa, Jaunak dakarzkigun barkamenari gure bihotzak zabal diezazkiogun, eta utz diezaiogun Jainkoari gure bataio grazia gaurkotzen.

(Ospatzaileak Bazko gauean bedeinkatutako ur apur bat hartzen du urontzitik. Lehenengo, Aitaren egiten du, eta gero elkartea zipriztintzen du. Bien bitartean, denak abes dezakete Elkartean ezagutzen den kantu egokiren bat)

OTOITZA: Jainko Aita-Ama errukitsuak, Jesusengan benetako Bidea, Egia eta betiko Bizia agertu dizkigunak, bete gaitzala bere dohainez eta betiko biziaren iturrietan gure egarria asetu.
E/. Amen.


AINTZA

(Pazko igandetan abestua).

Senideok: Bere Semearengan bedeinkatu eta herri santu eta aukeratua izatera deitzen digun gure Jainko Aita-Ama onari zuzentzen diogu gorespen kantu hau: AINTZA ZERUETAN...

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Eginak 6, 1-7

Lehen kristau elkartearen bizimoduaren zati bat entzungo dugu. Jerusalemgo elkartean, greko eta hebertarren artean tirabira bat zegoen. Irtenbide bezala, elkarte barruan behar ziren zerbitzuetarako, apostoluak beren laguntzaileak izendatzen dituzte. Horrela, bakoitzak bere egitekoa eukan: hitza iragartzea, otoitza, karitatea, etab. Denak helburu berdinarekin: Jainkoaren Hitza zabaldu eta Jesusen mezua ezagutzera eman. Entzun dezagun arretaz.


2. irakurgaia: 1 Pedro 2, 4-9

Pedro apostoluak Eliza jauretxea dela esango digu, baina ez eraikuntza handi bat, eguneroko bizitzan Jaun berpiztuaren testigantza ematen duen kristau elkartea baizik. Jauretxe honetan, harri biziak kristauak dira eta oinarria Kristo da, bera da giltzarria; eta bere egitekoa Jainkoaren Erreinua eraikitzea. Onar dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Joan 14, 1-12

Entzungo dugun ebanjelio zatian, Joan ebanjelariak, Jesusen oinarrizko esaldi hau gogoratzen digu: “Ni naiz bidea, egia eta bizia”; ondoren guztiekin, bera da Aitarenganako atea. Ezin dugu esan Jainkoari buruz ezer ez dakigunik; Jesusi begiratu eta bere ekintzak ikusten dituena, Jainkoaren aurpegia aurkitzen du. Jesus Jaunaren jarraitzaile garenontzat mezu ederra! Onar dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Otoitz diezaiogun Jainko gure Aita-Amari, bere Espirituaren indarrez Jesukristo berpiztu zuenari, gizaki guztienganako maitasuna adierazten duenari.

1.- Bost kontinentetan zehar zabaldurik dagoen Elizaren alde: adieraz dezala, alaitasunez, Jainkoak digun maitasuna, gizaki guztiok Aita-Ama beraren seme-alaba bezala bizi gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko nazio guztietako agintarien, baina, bereziki, gure herrikoen alde: gizaki guztientzat bake eta askatasun-bideak sustatu eta bultza ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Familietako gurasoen alde: haien eginahal guztiek maitasun erantzuna izan dezatela, eta beren etxeetan maitasunaren, gorputz eta arima aritzearen, alaitasun eta batasunaren eredu izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Bazko aldi honetan Lehen Jaunartzea egingo duten neska-mutilen alde: kristau heldutasunerako bidean elkarteetan eta beren familietan onartuak eta lagunduak izan daitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen gauden guztion alde: maitasunaren agindu berria bizi dezagun, eta inguratzen gaituztenentzat atseden eta pausaleku izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALMENDRO LORE SORTAREN AURKEZPENA

(Edozein zuhaitzetako loreena izan daiteke sorta, eta elkarteko edozein helduk eskain dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, lore sorta eder hau dakarkizut. Baina Kristorekin bat eginik ez daudenei jazotzen zaienaren irudia da. Izan ere, instant baten joaten da bere edertasuna. Loreak ihartu egiten dira, eta adarrak biluzik geratzen dira eta heriotza bidean jartzen dira. Jauna, guk ez dugu nahi lore sorta hau bezalako ederrak izatea, baina bai, nahi dugu, Zure laguntzaz, Haren bitartez ematen diguzun graziaren bidez, zure Semea bizi zen moduan bizitzea.


INAUSTEKO GURAIZE BATZUEN AURKEZPENA

(Inausteko guraize batzuk aurkezten ditu beste heldu batek. Emakumea izan daiteke, aurreko eskaintza gizonezkoak egin badu, edota alderantziz)

OTOITZA – AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, inausteko guraize hauek dakarzkizut. Denok dakigu zein den beren zeregina: azalekoa hilik, bizitza berria eta indartsuagoa sortzen dute. Badakigu, baita, zure Seme Jesu Kristorekin egoteak inausteko zorian jartzen gaituela, hiltzeko eta berpizteko zorian, hain zuzen. Inausteko eragozpenak ez gaitzatela aldendu Jesu Kristoren moduan bizi izatetik, Haren antza hartzetik eta Harekin bat egitetik.


HAUR BATEN AURKEZPENA

(Haurraren amak berak egin behar du aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Neure erraietako fruitua dakarkizut, Jauna. Bederatzi hilabete luzean izan nuen neure barrenean, neure pentsura oso-osorik. Oraindik neure pentsura dago. Hain izaki makala izanik, ez litzateke izango bere kabuz bizitzeko gauza. Baina badakit haurra pertsona desberdin baten egitasmoa dela. Bere garapenak lagunduko dio horretan. Horrelakoxeak izatea nahi dugu gu guztiok ere, zure Seme Jesu Kristori lotuta bizitzeko. Harengandik hartu dugu bizitza, baina geuk izan behar dugu aske eta protagonista geure bizitzan. Hezi gaitzazu, Jauna, askatasunean eta erantzukizunean.


HIRI BATEKO MAPAREN EDO PLANOAREN AURKEZPENA

(Berdin da bideetako mapa edo hiri bateko planoa izatea. Elkarteko edozein kidek egin dezake aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bide bila dabiltzanentzat lagungarri izaten den mapa hau (plano hau) eskaintzen dizut gaur. Gaurko gizonak eta emakumeak ere, guk geuk, gogotsu bilatzen dugu gure izatearen eta gure bizitzaren zentzua; askok ez dute aurkitzen. Ezaugarri hau eskaintzean, Zure Seme Jesu Kristo dela gure bizitzako bideak zein diren jakiteko gure maparik onena eta bakarra aitortu nahi dugu agiri-agirian. Izan ere, Bera ibili zen bide horietatik lehendabizi. Baina hau ere eskatzen dizugu gaur: gure bizitzak iluntzen badira, edo ezbaia eta tentaldia sortzen badira, argi gaitzazula, zure Semearengan eta zure Semearengandik gure norabidea berreskuratzeko.


HARRI BATEN AURKEZPENA

(Ez dadila handiegia izan, baina suma dadila eraikuntzarako dela. Eraikuntzan lana egiten duen elkartekoren batek egin behar luke eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire lanagatik, ondo dakit zer dakarkizudan eta zertarako den. Harria da, eta sendotasunez eraikitzeko erabiltzen dugu. Horren antzerakoa, eta gehiago oinarria delako, da zure Seme Jesu Kristo gure elkartearentzat eta Elizarentzat. Berak eusten dio eraikuntza guztiari eta Harengan aurkitzen du honek bere izatea. Gaur eskaintza hau egitean, gure espiritu eraikuntza, gure elkartean haragi egiten den zure Semearen Gorputza, eskaini nahi dizut, elkarte guztiaren izenean. Gure arteko batasunaren eta munduari buruzko zerbitzuaren esperientzia izan nahi du gure eskaintza honek.

Agurra

Senideok: Jesusek bera “bidea, egia eta bizia” dela gogoratu digu. Norberen inguruan sortzen diren interesei begiratuz bizitzea ez da nahikoa; ez da nahiko gauza batzuk errepikatuz bizitzea. Zerbait handiagora deituak gara: gure urteak benetako BIZIAZ bete behar ditugu; gure biziak zentzua izan dezan, gure munduak benetako BIDEAREN eta EGIAREN erakusleak behar ditu. Badugu zeregina! Aste zoriontsua!


AZKEN BEDEINKAPENA

- Aita Jainkoak bedeinka gaitzala Bazko honetan eta haren errukiak gorde gaitzala gaitz guztietatik. E./ Amen.

- Kristoren Berpizkundearen bidez salbatu gaituenak aberats gaitzala betiko biziaren sariarekin. E./ Amen.

- Eta bedeinka gaitzala Jainko ahalguztidunak, Aitak, eta Semeak eta Espiritu Santuak. E./ Amen.

Egun honetarako gogoeta

“Ni naiz bidea, egia eta bizia.
Ez doa inor Aitarengana nire bitartez ez bada”




PAZKO aldian, -igandero eta egunero- gure artean bizirik dagoen JESUSEN PRESENTZIA ospatzen dugu. Maitasunez hil zen Jesus, berpiztu egin dela, BETIRAKO gure artean dagoela eta gure aurretik betiko bizirako bide-erakusle dugula ospatzen dugu.

Pazko aldiko bosgarren igandeko mezu kontsolagarria hauxe dugu: Jesusek bere lagunekin daukan solasaldian, Bera nor den eta Berarengan sinesteak zer eskatzen duen azaltzen die. Apostoluak etorkizuna ilun ikusten zuten eta noraezean aurkitzen ziren, eta Jesusek esango die: “Ni naiz bidea, egia eta bizia. Ni ikusten nauenak Aita ikusten du”. Hau da: berme bakarra, segurtasun bakarra, argitasun bakarra, aurrera egiteko argitasun bakarra Berarengan dago, Bera bezala bizitzean, Berarengan fidatzeaz, Berari jarraitzean.

Haien galdera eta zalantzei Jesusek eman zien erantzun honekin ez dakit ikasleak pozik geratuko ote ziren. “Argiago ikusteko” segurutik gauza konkretuagoak nahi izango zituzten. Baina JESUSEK BIZITZEKO ERA BERRI HORI eskaintzen die; eta hor “dena eskuetan” daukagula pentsatzea alperrekoa da. Bere hitzean fidatuz beti aurrera egitea da. Berak hasitako lana aurrera eramateko gaitasunez ikusten gaitu Jesusek; Ebanjelioa seriotasunez hartu eta Erreinua egi bihurtzeko gaitasunez; Jainkoaren maiteenak diren pobreak askatzeko gaitasunez. “Niregan sinesten duenak, Nik egiten ditudan lanak egingo ditu berak ere, eta handiagoak ere bai”.

Honetarako, bere ESPIRITUA ematen digu, bere lana jarraitzeko; IGANDERO bere mahai inguruan honetarako elkartzen gaitu.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Neu naiz bidea, egia eta bizia "

(Jn 14, 6)

 

 


bidean@bidean.net
orue