Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 1 - 7. igandea - 2020.eko Otsailaren 23a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: ondo etorriak anaitasunaren Mahai hontara. Jesusek bere inguruan elkartu gaitu bere Hitza entzuteko eta bere Mahaitik parte hartzeko.

Bidean goaz eta gustuko dugu Jesusek Mendiko Hitzaldiaren inguruan eskaintzen digun ERREINUAREN EGITASMOA nondik nora doan jarraitzea eta onartzea. Bera dugu Maisua. Gaur ere horretan jarraituko du, bere irakatsiak eskainiaz.

Zein da gaurko berritasuna? Gauza ederra baina zorrotza: “Izan zaitezte on-onak, zeruetako zuen Aita on-ona den bezala”. Hemen datza bere sustraiko eskabidea: besteak zu onartzea nahi duzun eran onar itzazu besteak. Hori da guztia.

Jesusen Espirituak bere antzeko egin gaitzan gogoarekin, ospakizunari hasiera ematen diogu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Lebitarrena 19, 1-2. 17-18

Jainkoaren santutasunari begiratuz, santu izatera gonbidatzen gaitu Lebitarren idazle sakratuak. Santutasun hori lagun hurkoari begira bizi behar dugu. Gorrotoak eta haserreak heriotza dakarte; maitasunak bizia sortzen du, eta Jainkoa maitasuna da. Entzun dezagun gogoeta hau.


2. irakurgaia: 1 Korintokoei 3, 16-23

Paulo apostoluak Korintotarrei egindako idazkiaren zati bat entzungo dugu. “Jainkoaren etxe” garela esango digu apostoluak. Batasuna apurtuz besteen gainetik jarri nahi duanak, Jesukristogan agertzen zaigun Jainkoaren santutasun proiektuaren aurka doa. Entzun dezagun bere irakatsia.


Ebanjelioa: Mateo 5, 38-48

Mendiko hitzaldiko testu inguruan jarraitzen dugu eta Jesusen eskabideak zehatzak dira, arerioak ere maitatzeko eskatuz. Izan ere, zoriontasunak ez dira Jainkoagana bakarrik irekitzeko, baita anai-arrebak erruki handiz tratatzeko ere. Jesusen arabera, gaizkiari on eginez erantzutea, zoriontsu izateko eta betetasuna lortzeko bidea da. Bere mezua entzuteko eta onartzeko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Arerioen eta bera baztertzen zuten alde otoitz egiten zuen Jesusen eredua jarraituz, inguruan ikusten ditugun beharrizanak gogoan ditugula Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu eskari hauek.

1.- Kristau elkartea izatera deitua den Jesusen Elizaren alde: maitasuna BETI nagusi izan dadin eta onartzen ez dutenen alde ere otoitz egin dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: guda eta gogorkeria baztertuz, hartzen dituen erabakiak adiskidetzera eta bakera eraman gaitzan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gudan aurkitzen diren munduko herri guztien alde: elkarrizketan eta elkar errespetuan oinarriturik, egoera hori gainditzeko bideak aurkitu ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Droga, delinkuentzia edo kalterako diren bideetatik zoriontasun bila dabiltzanen alde: euren inguruan onartu eta entzungo dien pertsonen laguntzarekin zorion bide berriak aurki ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen elkartu garenon alde eta parroki osoaren alde: haserreak ahaztu, anai-arrebak onartu, eta Jesusek iragartzen duan Jainkoaren Erreinuan lankide izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BAKEAREN EZAUGARRIA AURKEZTEA

(Jainkoaren barkamena onartuz elkarri barkatzen diogun ezaugarri bezala gaur une honetan eman genezaioke bakea elkarri. Azalpen otoitza meza emaileak egingo du)

OTOITZA – AZALPENA: Maite diren eta barkatzen direnen aurrean pozten zaran Jainko Aita-Ama ona eta errukiorra. Guztiei barkamena eskainiz eta barkamen ezaugarri izan nahiez gaude zure aurrean. Zuk eskaintzen dizkiguzun barkamenaren ezaugarri bezala onar ezazu elkarri emango diogun BAKE zeinu hau.

- Bihotzez eman diezaiogun elkarri bakea eta barkamena.


JOSTAILU BELIKO BAT AURKEZTEA

(Ume batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik umeok hain gustuko dugun jostailu hau dakarkizut. Hemen aurkeztuz, uko egin nahi diot bizitzaren, gerraren eta indartsuenen ikuspegitik hartze horri. Lagun iezaguzu umeoi, gazteei eta nagusiei bakearen garrantzia geureganatzen; bihotz baketsu batetik bakarrik erein eta bizi genezakeela bakea besteekin eta gizartean uler dezagula. Eta hauxe da benetako zoriontasunerako bidea.


PUZZLE BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpena elkarteko gaztetxo batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur puzzle hau dakarkizugu. Irudi bat egiteko zati asko behar dituen haurren joko bat dela badakizu. Beste andre-gizonekin batera gure denbora eskaini nahi dugunaren ezaugarri bezala eskaintzen dizut. Arazoren bat edo pertsonaren bat beharrizanean dagoen lekuan, han egon gaitezela gure denbora eskainiz eta ahal dugun neurrian lagunduz, guztion artean Jainkoaren Erreinua eraikitzen joateko.


INAUSTEKO GURAIZEAK AURKEZTEA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, inausteko guraize hauek dakarzkizut. Denok dakigu zertarako diren eta sobra dauden adarrak moztuz gero fruitu ugariagoa datorrela. Zure Seme Jesu Kristorekin bat eginda gaudenok ere, inauste aroan gaude; berpizteko hil beharra daukagu. Inauste aroak lagun diezagula Jesu Kristorekin bat eginik bizitzen, bere antzeko izaten.


OGIA ETA PITXER BETE ARDOAREN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona biren artean egiten dute)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Semeak eman zuen gorputzaren eta isuri zuen odolaren ezaugarri bezala dakarkizugu ogi eta ardao hauek. Azken afarian batera eskaini zituen, bere Gizakundea heriotzan amaituko zela adieraziz. Gure eskaintza honetan, Jesusen antzera munduan zehar beren bizitza baztertuen alde ematen jarraitzen dutenekin bat egiten dugu.

Agurra

Senideok: ospakizunaren bukaeran gaude; Maisuak irakatsi gogorrak eskaini dizkigu gaur: norbera tratatua izatea nahi dugun bezala besteak tratatu, horrela... “On-onak izan zaitezte, zeruetako zuen Aita on-ona den bezala”. Hauxe da Jesus gure Maisuak markatzen digun egitekoa. Gure indarrak horretan erabili ditzagula! Har dezagun Jainko Aita-Amaren bedeinkazioa.

Egun honetarako gogoeta

“Kristoren hitza betetzen duenengan,
Jainkoaren maitasun betea dago”




Mendiko Hitzaldiaren testu inguruan jarraitzen dugu (katekesi ederra Mateo ebanjelariak eskaintzen diguna). Jesusek bere Maisugintzan dihardu eta biziaren GILTZAK eskaintzen dizkie bere jarraitzaileei; Erreinuaren proiektu berrian pozez eta osotasunez parte hartzeko, biziaren giltzak.

Berak planteatzen eta proposatzen duana UTOPIA dirudi, zerbait handia eta ez erreza hori lortzea. Jesusentzat, bere jarraitzaileen izatea eta egitea ez da zuzentasunean bukatzen; zerbait gehiago eskatzen du: lana egiteko eta zaindu beharreko BIZITZAREN GILTZAK lez, anai arteko karitatea, esku zabaltasuna eta eskaintzea nahi ditu... zeruko Aitaren “antzekoak” izatea. “On-onak izan zaitezte, zeruetako zuen Aita on-ona den bezala”.

Beste era batera esanda: gure buruarekin irekiak, esku-zabalak eta ulerkorrak garan antzera, besteekin ere jarrera berdina izan dezagula. Hementxe sustraitzen da ebanjelioaren “jakinduria”. Horregatik, Jesusen jarraitzaileentzat, Ebanjelioa maitasunaren eta karitatearen Gorenengo Gutuna da. Jesusen arabera, gure bokazioa ez da epaile izatea ezta borreroa ere. Alderantziz baino: elkarrekin aurkitzeko DEIA dugu, anai-arreba lez bizitzeko BOKAZIOA, gauza guztien gainetik, zeruko Aitari jarraituz, guztiekin on-onak izan nahi duten anai-arrebak. Kristau bokazioaren “sekretua” hementxe dago. Aurkitzen ez dugun bitartean... ez dugu aurkitu Jesusek (eta Jainko Aita-Amak berarekin) guretzat amesten duan ALTXORRA.

Arriskuak beti eskura izango ditugu; norberen interesen arabera jokatzea; “norberen onerako ez bada” ezerezean gelditzea... Jesusen proposamenak oztopo guztiak gainditzen ditu: “Izan zaitezte errukiorrak zuen zeruko Aita errukiorra den bezala”. Horixe da helburua. Ausartak izan behar! Baina gonbidapena, proiektua gogoan dugula, gutxienez BIDEAN jartzea da. Ados?

Zoriontsuak Jesusekin fidatu eta bere proposamena onartzen dutenak,
gizadiaren bedeinkapen izango bai dira!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Izan zaitezte on-onak, zeruetako zuen Aita den bezala”

(Mt 5, 48)

 

 


bidean@bidean.net
orue