Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - HIRUTASUN SANTUA - 2020.eko Ekainaren 07a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak sinesmen eta anaiarteko bilera honetara.

Senideok: gaur HIRUTASUN SANTUAren festa ospatzen dugu; Jainkoa bere misterioaren bihotzean eta agerpenik sakonenean ez dela bakardadea, FAMILIA dela gogorarazten digu gaurko festak. Jauna komunikazioa da, maitasunezko komunikazioa, seme-alaba egiten gaituen Maitasuna, senide bezala elkartzen gaituen Maitasuna, bere Espirituarekin munduan zehar bidaltzen gaituen Maitasuna.

“PRO ORANTIBUS” EGUNA:
KONTENPLAZIOZKO BOKAZIOEN JARDUNALDIA





Gaur Elizak, gainera, beren bizitzak otoitzari eta kontenplazioari sagaratu dizkien gizonak eta emakumeak gogora ditzagula nahi du; milaka gizonezko eta emakumezko gure alde eten gabe otoitzean. Gaur, batez ere, horietako bakoitzaren alde jasoko dugu gure otoitza.

Has dezagun gaurko ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Irteera 34, 4b-6. 8-9

Itun Zaharreko kontaketa honetan, Jainkoa Moisesi agertzen zaio, ez urrutiko eta Jainko beldurgarri bezala, Jainko errukitsu eta bihozbera, haserrerako nagi, eta errukian aberats baizik. Gainera, Jainkoa, lagun egiteko, herriarekin egongo da. Israel herria horrela joango da ulertzen Jainkoa nor den eta zer eskatzen dion. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: 2 Korintoarrei 13, 11-13

Paulo apostoluak Korintoarrei zuzentzen dien agurtzeko era honek, Jainkoak fededunekin duen erlazioa agertzen du: Aitaren, Semearen eta Espiritu Santuaren, indarrez, graziaz eta batasunez, kristauok -hartu dugun bokazioagatik- batasunean, maitasunean eta bakean bizitzera deituak gara, eta, horrela, munduaren erdian, Jainkoaren ezaugarri izan. Hauxe da kristau elkartearen helburua eta zeregina, lehen, gaur eta beti.


Ebanjelioa: Joan 3, 16-18

Jesusek Nikodemorekin eduki zuen harremana kontatuko digu ebanjelioko pasarteak. Jainkoak era askotara maite izan du gizakia baina batez ere gizadia salbatzeko bere Semea bidaliz. MAITASUNAK eraginda egin du hori Jainkoak; Jainkoaren bideak ezagutzeko giltz bakarra horixe da. Entzun eta onar dezagun Jesusen mezu hau.

Jainko herriaren otoitza

Biziaren Jainkoari gure bihotzak zabalduz, gizadi osoaren aldeko eskariak zuzentzen dizkiogu.

1.- Elizaren alde: bera ere bihotz-berrituz, amaigabeko maitasuna, barkamena, anaitasuna eta bakea eskaintzen digun Jainkoaren irudia izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herri eta erakundeetako agintarien alde: beren zeregin handiena, gizaki guztien arteko zuzentasuna eta bakea bilatzea izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gaixo, gartzelatu, baztertu eta gizarteak ahaztuta dauzkanen alde: elkarrengana hurbiltzeko zubiak eginez, banatzen gaituen trabak kendu eta bizitzan elkarrekin egin dezagun aurrera. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Lanean, otoitzean eta kontenplazioan bizi diren gizon-emakume guztien alde: beren testigutzak hurbil gaitzala kristauok Jainkoaren esperientzia pozgarria izatera. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Jainkoaren samurtasunak eta maitasunak eraginda, otoitzean elkartu garenon alde: berarengandik ikas dezagula txikienak maiteenak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



UME TALDE BATEK «AINTZA AITARI…» ABESTEN DU

(Elkarteko ume guztiak edo aukeratutako zenbait haurrek egin dezakete. Aurretik entseiatzea nahitaezkoa da. Abestu ondoren, harretako batek aurkezpena egiten du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur benetan pozik gaude eta gure kantua poz horren adierazgarri da. Hirutasun Santuan goratzen zaitugu, Jauna. Zuen artean dagoen maitasunaren ezaugarri izan daitezela gure familietako harremanak.


“PRO ORANTIBUS” EGUNEKO KARTELAREN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egin dezake. Eta azalpena egiten du:)

OTOITZA – AZALPENA: “Pro orantibus” eguna gogoratzen digun paretako kartela dakarkizut, Jauna. Horrekin batera, gauza ederrak utzi, eta isiltasunean eta otoitzean zure bila dabiltzan hainbeste gizonen eta emakumeren bizitza ederra eta isila aurkezten dizugu. Sendo itzazu, Jauna, eta zure Erreinuaren poza aurretiaz bizitzeko aukera eman iezaiezu. Eta gu, batez ere gazteok, zure deiari eta zure borondateari zabalik bizi gaitezela.


ELKARTEKO LANDAREAREN AURKEZPENA

(Bere indarra izan dezan Elkarteko Pastoral urtea bukatzen denean egitea komeni da. Elkarteko ekintzaile heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Pastoral urtearen hasieran eskainitako landara berbera dakarkizugu. Gure elkarte bizitzaren, gure IZATE eta EGITEAREN, gure amets eta errealitatearen ezaugarri bezala dakarkizugu. Gaur, berriro eskaintzerakoan, bihotz onez hartzeko eskatzen dizugu: gure eskaintza da. Guk iritsi ez duguna osa ezazu zure maitasunez.


PASTORAL URTEKO EBALUAKETA AGIRIEN AURKEZPENA

(Kontseiluko idazkariak, talde guztien laburpen bat egitea ongi legoke. Edo ta talde bakoitzeko arduradunak, baina labur eginez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Pastoral urtearen bukaerara heltzen goazenean, urtean zehar egindakoaren laburpen hau dakarkizugu. Ongi egindakoa, onar ezazu; zure maitasunez bedeinkatu eta osotasunera eramazu. Iritsi ez duguna zuzen ezazu, urte berriaren hasieran gogoan izan eta betetzen saia gaitezen. Eskerrik asko guztiagatik.

Agurra

Senideok: Jainkoarekin topaketa egiteak, Haren maitasun inguratzaileak, gure planteamenduak, jarrerak eta bizitza bera aldatzera gonbidatzen gaitu. Topaketak gure maitasun esperientziaz jabetzera eta horren berri ematera eragiten digu. Gure eguneroko bizitzara eta gure zereginetara bihurtzean, Jainkoak digun maitasuna zabaltzeko gai izan gaitezela munduan eta gizartean. Horrela izan dadila!

Egun honetarako gogoeta

“Jaun bakarra, sinesmen bera, Bataio bera,
Jainko Aita-Ama bakarra”




Bazko aldiko liturgia bizi izan badugu, AITA, SEMEA eta ESPIRITU SANTUA ere gogoratu zaizkigula konturatuko gara. Hainbat aldiz izendatuak izan dira. Gaurko festa honetan, hirurak BATERA kontenplatzen ditugu: HIRUTASUN SANTUAREN festa da. Hau da: JAINKOA ELKARTEA dela. Hauxe da egun honen mezu nagusia.

Norbaitek esango du: “misterio handi bat da”. Beste batzuek diogu: “Bai, MAITASUNAREN MISTERIOA da”. Horrelakoxea da gure Jauna eta horrelaxe agertzen zaigu: herriaren leialtasunik ezaren aurrean, Jauna leiala da; herria Harengandik urrundu arren, Jauna bere herriaren ondoan dago; bere seme-alaba egin gaituenez gero, “AITA”, “AMA” deitzen diogun Jainkoa dugu.

JAINKO HIRUTASUNA sinestea zaila dela? Ulertzea zaila dela? Jainkoa maitasuna dela onartzea beste; eta maitatzen duenak Jainkoa nor den badaki; eta maitatzen ez duenak (baietz pentsatu arren ere) Jaunari buruz oso gutxi daki.

ZORIONTSUA JAINKO MAITASUNEAN sinesten duena,
bere bizitzan argia izango baitu!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Bat bakarra Jauna, bat sinesmena, bat bataioa, bat bakarra guztien Jainkoa eta Aita”

(Ef 4, 5-6)

 

 


bidean@bidean.net
orue