Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - GORPUZTI EGUNA - 2020.eko Ekainaren 14a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak fede eta anaiarteko ospakizun honetara.

Elizak gaur Jesusen Gorputz-Odol Santuen festaburua ospatzen du. Bazko festen oihartzuna bezalakoa da gaurko festa eta, batez ere, Ostegun Santuko Afariaren eta Eukaristiaren eraketaren oihartzuna.

Kristok bere presentzia agindu eta Eukaristia utzi zigun, guk, orain, geure bizitzan, benetako maitasun zeinu bezala har dezagun. Eta horrelaxe gonbidatzen gaitu Jesusek testigu izatera; Jesusengan agertu den Aitaren maitasunaren ogi zatitua eta egiazko presentzia izatera daraman Jainkoaren bizi berria iragartzera.

Festaburu hau bizi dezagun pozez eta alaitasunez.

KARITAS EGUNA

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Deuteronomioa 8, 2-3. 14b-16a

Idazki honen egileak, historiako une bereziak dakarzkigu gogora. Israel herria Agindutako lurrean sartzeko zegoela, Jainkoak desertuan zehar egindako harrigarriak eta bidean aurrera egiteko emandako janaria gogoratzen dio Moisesek herriari. Bizi izandako esperientzia hori, gertatuko denaren iragarpen izango da. Onar dezagun kontaketa hau.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 10, 16-17

Paulo apostoluak, Jesusen bizitzako une garrantzitsu bateri begira jartzen gaitu, eta bere ikuspuntua eskaini: gure esker oneko ogia eta kaliza, Eukaristia, batasun eta elkartasun ezaugarri dira. Eukaristian parte hartzea, anai-arrebekin eta Jaun Berpiztuarekin bat egitea da. Gorpuzti egunerako mezu ederra.


Ebanjelioa: Joan 6, 51-58

Joan, ikasle maiteak, Kafarnauneko sinagogan kokatzen gaitu. Bertan, Jesusek Eukaristiaren dohaina eskaintzen digu; hau da: munduak bizia izan dezan bere Gorputz-Odolen eskaintza. Bere mahaitik parte hartzen dutenei, bizitza betea eskaintzen die Jesusek; Bera onartzen dutenei Jainko Aita-Amak nahi duen dohaina ematen die. Entzun dezagun gogoeta hau.

Jainko herriaren otoitza

Espiritu Santuaren indarrak eraginda, zuzen diezazkiogun gure eskariak eta premiak Jainko Aita-Amari, bere Semearen bitartez. Ziur egon gaitezke, bizitzarako behar dugun guztia emango zaigula.

1.- Elizaren alde: Jesusen Gorputz-Odolez elikatuta, Jainkoaren Berri Ona guztiei eramateari gogotsu ekin diezaion. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau guztion alde: pertsona guztiei, direnik txikienei ere, begirunea izan diezaiegun, jakinik haiek ere Kristoren Gorputza direla. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Eukaristia ospatzen dugun bakoitzean, ez dezagula egin ohikeria sozial edo erlijiosoz, baizik barneraturik eta elkartzen gaituen misterioa geureganatuz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Ogiaren eta kulturaren, bakardadearen eta maitasunaren, edo Jainkoaren gose direnek: aurki dezatela gugan solidaritatea eta izan daitezela aseak beren premian. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Elkartearen alde, Karitasen eta behartsuei laguntzen ari diren guztien alde: Jesusen Espirituak behartsuenenganako zerbitzuan eta maitasun ekimenetan haztera eraman ditzala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GARI ALEEN ETA MAHATS MORDO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko edozeinek aurkez dezake, baina ongi legoke garbitasuneko edo eliza eta aldarea prestatzen aritzen den norbaitek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Lurretik hartzen ditugun gauzarik ederrenetarikoak aurkezten dizkizu, Jauna: gari aleak eta mahats mordoa. Baserritarren izerdiaren fruitua dira. Ogi eta ardo eginez, gizakion jatekorik eta edatekorik oinarrizkoenak ditugu. Zure Semeak ere, beti gure artean geratzeko, bere Gorputzaren eta Odolaren adierazgarri gisa aukeratu zituen. Zure eguneroko eta amaigabeko maitasuna gogoratzen digute. Gaur, elkarte honen konpromiso gisa aurkezten dizkizugu: gizakion goseak eta egarriak asetzeko bidean saiatzea nahi dugu.


ODOL EMAILE KARNETAREN AURKEZPENA

(Elkarteko odol emaile batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Odol emailearen karnet hau eskaintzen dizut, Jauna. Zure Semeak gugatik bizia emanez eta gurutzean odola isuriz, jarraibidea eman digu guk ere besteen alde zerbait egin dezagun. Zure Semeari jarraitzeak, lagun dezaigula gure bizitza ere opari eta zerbitzu bezala hartzen. Bakarkerian eta norberekerian itxi den mundu honen aurrean, zure Semearen testigu izateko behar dugun indarra eta laguntza eskatzen dizkizugu.


PITXARRA ARDOAZ ETA OGI BIRIBILA AURKEZTEA

(Meza erasotzaileak egin lezake. Horietako batek dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Zuk emandako ogia eta ardoa eskaintzen dizkizugu, Jauna; lurraren indarrak eta gizakiaren lanak sortuak. Zuk, Espirituaren eraginez, guretzat zure Semearen Gorputz eta Odol bihurtuko dituzunak. Bakarka eta elkarte bezala guk behar ditugun elikagaiak dira. Bidean aurrera goazela, eta zure Erreinuaren betiko mahaian parte hartu arte, horiek mantentzen eta animatzen gaituzte.


BILTZEN DEN DIRUAREN AURKEZPENA

(Zerbait abesten den bitartean, diru-biltzea egiten da. Aldara aurrera eraman eta hurrengo otoitz hau egiten da)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, poltsa hau, elkarte honek behartsuekin daukan solidaritatearen ezaugarri bezala dakarkizut. Garena eman eta gure ondasunak banatu. Zuk eman diguzu, baina gure artean ondasunak gaizki banatuta daude: batzuk ugaritasunean eta besteak urritasunean aurkitzen dira. Zain itzazu, Jauna, zuretzat maiteenak direnak eta uki itzazu gure bihotzak beti zuzentasunaren eta solidaritatearen alde joka dezagun.


UDAKO PROIEKTU BATEN AURKEZPENA

(Udaleku, kanpamendu edo haur eta gazteentzako zerbait balego, horren aurkezpena izango litzateke. Parte hartzen duen laguntzaile batek edo begirale batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, beste ekintza batzuen bidez, uda aldian ere gure haur eta gaztetxoen ondoan jarraitu nahi dugu; gizatasunez eta kristautasunez hazten lagundu nahi diegu. (Haurren udaleku, irteera, gazte topaketa...) ekintza hau eskaintzerakoan zure bedeinkapena eskatzen dizugu, gure ahaleginak fruitua eman dezan, guztia ongi joan dadin, helburuak bete ditzagun eta dena familien eta Elkartearen onerako izan dadin.

Agurra

Senideok: Jauna gurekin izatearen poza ospatu dugu. Kristoren gorputzak bakean elkartzen gaitu eta suspertu egiten du gure itxaropen ahula. Ospakizun hau bukatzean, bana dezagun guztiekin gure eguneroko ogia, eta gure bizieraz susper dezagula, inguratzen gaituztenen artean, egiazko Biziaren Ogi den Kristoren gosea. Aste zoriontsu bat!

Egun honetarako gogoeta

“Zerutik jaitsitako ogi bizia naiz ni,
ogi honetatik jaten duena betiko biziko da”




Liturgiari jarraituz, KORPUZTI EGUNA ospatzeko elkartu gara; gure herriko festa ederrenetako bat. JESUSEK agurtzerakoan bere elkarteari utzi zion oparia dugu, hain zuzen ere; Jesusen azken guraria edo testamentua dugu.

Festa hau -kanpoko eta kaleko adierazpen eta guzti- ez da hor amaitzen. KRISTOREN GORPUTZA gurtzea, Harekin bat egitea da, bere izateaz, bere sentimenduekin eta jarrerekin.

Kristoren Gorputza gurtzeak honako hau ere eskatzen digu: Kristoren Gorputzaren zati direlako, anaia-arrebengana errespetuz eta prestutasunez hurreratzea. Kristoren Gorputza aldare gainean zatitu eta gure goseak asetzeko banatzen dugu; eta honek, gu ere zatitzera, banatzera garoaz; gure inguruan SOLIDARIOAK izatera. Hau egiten dugun neurrian Jesu Kristoren gurariekin bat egiten dugu, eta, horrela, Gorpuzti eguna ospatu.

Horregatik, KARITAS EGUNA ospatzen dugu gaurko egunez. Mesedez, ez dezagun ahantzi! Kristoren Gorputzari egin geniokeen eskaintzarik ederrena dugu.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du”

(Jn 6, 58)

 

 


bidean@bidean.net
orue