Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 14. igandea - 2020.eko Uztailaren 05a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak sinesmendun arteko ospakizun honetara.

Igande honetako mezu nagusia Jesusek bere Aita Jainkoari buruz daukan esperientzia da. Bere harremana, bakarra da. Tradizioan agertzen diren Jesusen otoitzetatik ederrenetarikoa, poza, mirespena eta esker ona agertzen duen hau da: “Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde, eta jende apalari erakutsi dizkiozu eta”. Jesusengan, gorespena eta esker ona, berezko hitzak dira; Jainkoaren dohaineko maitasun askean duen esperientzian oinarritzen da bere izatea.

Senideok: jarrera berdinarekin hasten dugu ospakizuna eta Jaunari eskatzen diogu, Berarekin aurkitu eta bere hurbiltasuna eta maitasuna gozatzeko grazia izan dezagula. Honek, bere egitasmoan bat egitera eta Bera esker onez goratzera eramango gaitu. Hasi gaitezen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Zakarias 9, 9-10

Zakarias profetak, errege apal, bakezale eta xume baten irudia dakarkigu; asto gainean dabil eta munduaren azkenak berarenak dira. Iragarpen mesianiko baten aurrean aurkitzen gara; etortzekoa den Mesiasen irudia agertzen zaigu. Kristo izango da iragarritako Mesiasen irudia: Espirituaren indarrez gidatuko du herria eta ez indarkeriaz. Entzun dezagun iragarpen hau.


2. irakurgaia: Erromatarrei 8, 9. 11-13

Paulo apostoluak Erromatarrei egindako gogoeta bat entzungo dugu. Kristoren ikasleak espirituaren arabera bizitzera deituak dira. Haragia eta espiritua bizitza ulertzeko eta bizitzeko bi era dira: haragiaren arabera bizitzea, Jainkoarengandik aparte bizitzea da, eta heriotzarako bidea da. Espirituaren arabera bizitzea, berriz, bizitza osotasunean bizitzeko Kristo Jaunak egiten digun proposamena onartzea da. Bake giroan entzuten dugu gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 11, 25-30

Entzungo dugun ebanjelio zati honetan, Jesusen bihotza nolakoa den agertuko zaigu. Mezu hau, apalak direnak ulertu eta onartuko dute; baina, beraien jakindurian oinarritu eta Jainkoaren ezkutuko gauzak jakin nahi dituzten jakintsuak, bizitzako proposamen honekin ez dira konturatzen. Bizitzako bidean nekatuta doazenei ere Jesusek dei bat egiten die; bihotz zabaltasunez hartzen dutenentzat, bake eta atseden bezala agertzen zaigu. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Ongi dakigu Jainkoaren eskuetan gaudela; konfiantza osoz Berari zuzentzen dizkiogu gure eskariak.

1.- Elizaren alde: Jaunaren bila dabiltzanentzat eta gure gizartean nekatuta eta azkeneko sentitzen direnentzat toki egoki bat izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- “Txiki”, baztertu eta gure herrian ahaztuak sentitzen direnen alde: gure elkarteetan onartuak izanez Aitaren maitasuna goza dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Herrietako erakunde eta agintarien alde: aberats eta pobreen arteko mugak apurtu eta zuzentasuna eta bakea bilatzeko bideak zabal ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Jaunarengan sinesteko eta bera maitatzeko dohaina hartu dugunon alde: Jesusengandik ikas dezagun guztion Aita-Amarekin esker oneko izaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure parrokia elkarte honen alde: gutxien daukatenen ondoan egoten jakinez, hurbilekoa, abegikorra eta solidarioa izan, eta pertsona guztien arteko topagune izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



TEOLOGIAKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Eskaintza hau katekesiko arduradun batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Teologia edo Bibliako ezagutzaren ezaugarri bezala eskaintzen dizut liburu hau. Jakituria eta bihotzeko apaltasuna ez dira borrokatzen; benetako jakintsuak apala izaten daki. Jauna, guk, Zu ezagutzeko jakiturian eta esperientzian hazten joan nahi dugu, ingurua zure ikuspegiaz ikustera hurbil gaitezen. Bete itzazu gure bihotzak zure Espirituz, Zure antzera sentitu eta Zuretzako bizi gaitezen.


BIDEETAKO MAPA BATEN AURKEZPENA

(Eskaintza hau gazte batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, errepideetan zuzen ibili gaitezen, bideetako mapa hau aurkezten dizut. Baina gaur beste hau agertu nahi dizut: Aitarenganako eta bere Erreinurako bidean, Zu zarela gure norabidea eta zuzendaria. Biderik ez dezagula galdu.


OLIOAZ BETETAKO ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Osasun pastoraltzan dabilen batek egitea ongi legoke; eta bestela, gaixo, adineko edo ezinduren bat zaintzen duen batek)

OTOITZA – AZALPENA: Olio ontzi hau dakarkizut, Jauna. Honekin batera nire eta nire elkartearen konpromisoa agertu nahi dizut: zure Semearen Berpizkundearen testigantza hitzez eta egitez eman nahi dugu, batez ere gure beharrizana duten gizakien ondoan egonez. Jauna, lagun iezaguzu gizakien minak arintzen eta beraien gaitzak sendatzen.


FRUITUZ BETERIKO OTZARA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko haur batzuk egin dezakete eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, fruitu gozo eta ederrez beteriko saski hau eskaintzerakoan, hurrengo hau agertu nahi dizugu: guk ere arbola on eta osasuntsuak izan nahi dugula. Gure bizitzak antzuak ez, baina emankorrak izan daitezela. Zure graziari esker, kristau fruituak eman ditzagula.

Agurra

Senideok: ebanjelioan agertzen diren miresmen eta gorapen jarrerak baliteke galduak izatea. Gure bizitza Jesusen antzerakoa izatea nahi badugu, errekuperatu beharrean aurkituko gara. Txikiak izanez, Ebanjelioa gureganatuz, Jesusen Erreinuari zabalik egonez bere beharrizana sentitzen dugun neurrian, Jesusen hitzen esanahia ulertzen joango gara. Jaunak bere bideak ezagutzea eman digula guztioi. Ebanjelioko jarrera hauek biziz, aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
zure Erreinuko misterioak pertsona apalari erakutsi dizkiozulako”




Jesusek bere ELKARTEA biltzen eta lantzen jarraitzen du. Igande honetan ere bere hitzez eta irakatsiz, bakea eta baretasuna aurkitzeko aukera eskaintzen digu. Argi dago, Berarekin bat egitetik datorkigula hori.

Eta egia da: nekean eta lanpean bizitzea eguneroko ogia dugu. Hainbeste gauza dira. Eguneroko lanak, ardurak, laneko bereizketak, hobeagotzeak... ito egiten gaituzte; lanik ezak ere bere ondoren guztiekin ito egiten gaitu; politikoak ere betiko hitz hutsekin ito egiten gaituzte; legean oinarrituz, ebanjelio jarrera gutxi agertzen diguten zuzendari erlijiosoak ere ito egiten gaituzte. Seguruenik, beste gauza askok ere ito egiten gaituzte. Bakoitzak osoa beza itotzen gaituen zerrenda hau.

Giro honen erdian, goratzekoak eta gogoan izatekoak dira Jesusek gaurko ebanjelioan esan dizkigun hitzak: “Zatozte Nigana, nekatuok, lanpetuok; eta Nik arinduko zaituztet”. Zenbat fededunek bizi izan duten esperientzia hau...! “Lanpean eta nekatuta hil ez gaitezen”, esperientzia hori bizitzeko ahalegina egin beharko dugu. Bera gure ondoan dator, gure ibilbidearekin bat egiten du; ezin du albora begiratu. Hor dago gakoa.

Gaurko ebanjelioaren arabera egia da, guzti hau, “pertsona apalak” bakarrik ulertzen dutela. Horrelaxe NAHI IZAN du Aitak, diosku Jesusek.

Zoriontsuak BIHOTZ APALAK,
Jesusengan aurkituko duzue bai zuen atsedena!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Gozoa eta bihotz-apala naiz"

(Mt 11, 29)

 

 


bidean@bidean.net
orue