Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 15. igandea - 2020.eko Uztailaren 12a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Jaunak elkartzen gaitu bere aldara inguruan, bere seme-alaba egin eta maitasunean bat egiten gaituen Eukaristia ospatzeko.

Jesus, Maisuak, JAINKOAREN ERREINUAREN aurrean hartu daitezkeen jarrera ezberdinak agertzen jarraitzen du. Gaurko ebanjelioan ereile baten irudia agertuko zaigu; baina lur guztiak ez dira berdinak. Maisuak esango digu hazia hartzeko lurra ongi prestatu behar dela. Bestela, nahiz eta hazia ona izan, bizi berri gabe, agor geratzeko arriskua dago.

Gutariko bakoitzarengan bizi berria sortu nahiez Jainkoaren Hitza indarrez datorkigu. Has dezagun sinesmen eta anaitasun batzar hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 55, 10-11

Jainkoaren Hitza entzuteko prestatzen gara. Gizakiok hitzaren bidez dauzkagu gure harremanak. Horrela agertzen ditugu gure ezkutuko gauzak eta gure bihotzeko sentimenduak. Jainkoa ere Hitzaren bidez ipini da harremanean gizakiokin. Jainkoaren hitza, bizia eta geldi ezina, emankorra eta eragilea delako, mundua sortu eta gizakia salbatu du. Gainera, profetak dionez, Jainkoa beti leiala da eta esandakoa beti betetzen du. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Erromatarrei 8, 18-23

Oraingo egoera ona izan ez arren, itxaropena ez galtzeko eskatzen die Paulo apostoluak Erromako elkarteari. Izan ere, orain nekeak, lanak eta sufrimenduak izan arren, kristauak baikortasunez begiratzen du mundua. Gogoeta ederra guretzat ere.


Ebanjelioa: Mateo 13, 1-23

Ebanjelioko pasartean, Jesusek, bera ekarlea den eta “Jainkoaren Erreinua” deitzen dion berritasuna aurkezten jarraitzen du. Jainkoaren Erreinua soroan ereindako haziaren antzekoa da; nolako lurra, halako fruitua. Lurra, fededunaren bihotza den ezkero, adi egotea dagokigu. Onar dezagun mezu eder hau.

Jainko herriaren otoitza

Apaltasunez eta konfiantzaz Jainko Aita-Amagana joten dugu, gure bizitzako premia batzuk aurkeztuz.

1.- Jainkoaren Hitza agertzen digun Elizaren alde: gure inguruan agertzen diren premia berrien aurrean, behar den bezala erantzuten jakin dagian. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Jainkoaren Hitza hobeki ezagutzen saiatuz, gure barrua lantzen eta aldatzen utz diezaiogun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Oporraldian ere Jainkoaren Hitzarekin bat egiteko astia bila dezagun; eta familiarekin eta lagunekin gure harremanak sendotuz, Jainkoak nahi duen FAMILIA berria egiten joan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Uda aldian, atsedena hartuz, pertsona eta talde guztiak errespetatuz, BAKERAKO bide berriak eraikitzen saia gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Parroki Elkartearen alde: pertsonen berezko ezberdintasunak errespetatuz, gure harremanak elkarren onerako izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ESKU BETE GALGARAUEN AURKEZPENA

(Elkartean baserritar bat balego, berak egiten du eskaintza. Eliza atzean dagoen ontzitik esku bete gari ale hartu eta aldare inguruan dagoen beste ontzi baten uzten du)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzeko erabiltzen ditudan eskuekin eskaintzen dizkizut galburu hauek, Jauna; bizitzaren eta guk bizia izan dezagun zure Semeak egiten duen erein aldiaren ezaugarri bezala eskaintzen dizkizut. Ereintza horrek, Jauna, guregan lur ona aurki dezala eta zuk itxaroten dituzun fruituak eman ditzagula. Guretzat hain erraza ez den ekintza honetarako zure laguntza eskatzen dizugu.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsona nagusiak egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gatzontzi bete hau, elkartearen, militante guztien eta nire izenean dakarkizut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure ebanjelioa zabaltzen egiten dugun ahaleginaren ezaugarri bezala dakarkizut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, nahiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dugu. Emaguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez dadin gezatu.


PUZZLE BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpena elkarteko gaztetxo batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur puzzle hau dakarkizugu. Irudi bat egiteko zati asko behar dituen haurren joko bat dela badakizu. Beste andre-gizonekin batera gure denbora eskaini nahi dugunaren ezaugarri bezala eskaintzen dizut. Arazoren bat edo pertsonaren bat beharrizanean dagoen lekuan, han egon gaitezela gure denbora eskainiz eta ahal dugun neurrian lagunduz, guztion artean Jainkoaren Erreinua eraikitzen joateko.


EGUNKARI BATEN AURKEZPENA

(Idaztera dedikatzen den batek egiten badu, ongi; edo eguneroko berriak ongi jarraitzen dituen batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunkari batekin nator. Eguneroko gauzen islada da. Gure inguruan eta urrutiago gertatzen denaren islada. Jakintsuek diote, hainbeste albiste diren ezkero ez gaituela kezkatzen. Egunkari hau eskaintzerakoan konpromiso bat eskuratu nahi dugu: albisteak irakurtzerakoan, egoera horiek bizi eta sufritzen dituzten andre-gizonekin bat egin, gure bihotzean lekutxo bat egin. Jauna, ez gaitezela izan sentipen gabeak. Zabal itzazu gure bihotzak solidaritatera.


ATERKI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ni aterki batekin nator. Zure eskarien aurrean sarritan aterkia zabaltzen dugu ez “bustitzeko”, zure Hitzaren eskariak ez betetzeko. Sarritan beste leku batera begiratu dugu edo hori, beste pertsona batzuentzat dela pentsatu dugu. Jauna, alda ezazu gure bihotza, zure Hitza onartzeko eta zure eskakizunak betetzeko prestatuz.

Agurra

Senideok: Jainkoaren Hitza gure bihotzak aldatzera datorkigu, ondoren, ingurua aldatzen saia gaitezen, eta Jainkoak gauzak, mundua eta historia buruz daukan egitasmoarekin bat etorri daitezen. Eginkizun honetarako Jainkoaren Hitza eragilea dela esan zaigu eta lur onean ereindako haziak bezala fruitua emango duela. Ez dago nagikerian eskuak gurutzatuta gelditzerik. Aste honetan ere Jainkoak landu dezala gure barrua, gu bere testigu izan gaitezen!

Egun honetarako gogoeta

“Hazia Jainkoaren Hitza da, ereilea, berriz, Kristo;
Honi entzuten dionak, izango du betiko bizia”




“Egun hartan, Jesus etxetik atera eta itsas ertzean eseri zen. Jendetza handia bildu zitzaion inguruan, eta horregatik ontzitxo batera igo zen, eta han eseri. Jende guztia itsas bazterrean zegoen. Gauza asko esan zizkien parabolatan”. Ez da zail agerraldi hau irudikatzea: Jesusek ekiteko ohiko era zen. Gaur, gu itsas ertzean gaude; ENTZUTEN. Ezagutzen ditugun kontaketak dira. Eta Berak mezu nagusia, bidea aurkezten digu: JAINKOAREN ERREINUA.

Erreinu hau ez da zerbait magikoa: bere fruitua ematen duen ereindako haziaren antzekoa da. Hau da: Jainkoaren ekintza salbatzailea geratu gabe dabil. Jainkoak pertsonen bizitzan erein du, eta guri dagokigu fruitua ematea. Hazia, label kalitatekoa da, eta lur ona eta emankorra bakarrik behar du. Erreinua ez da Jainkoaren aztikeriazko ekintza bat.

Erreinuan sinestera eta lur ona izatera DEITUAK gara. Jainkoaren bizi hori nahi dugu? Jainkoaren deiak entzuteko prest gaude? Horrela bada, Jainkoak guregan ereiten duen ontasun, maitasun, zuzentasun, berdintasun... Erreinu horretan sinesten badugu, eta benetan nahi badugu, fruitu ugari emateko prest dagoen LUR ONA izango gara. Honako sinesmenez, honako nahi izateaz, JESUSEN HITZAK, Berak iragartzen duen Berri Onak bete gaitzala benetan.

ZORIONTSUAK bere HITZA sinetsi eta onartzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Atera zen ereilea hazia ereitera"

(Mt 13, 3)

 

 


bidean@bidean.net
orue