Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 16. igandea - 2020.eko Uztailaren 19a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Jesus Jaunaren mahai inguruan anaitasunean elkartu eta gure sinesmena ospatzera.

Gaur ere Jesusek, JAINKOAREN ERREINUA zer den, eta Jainkoak eskaintzen digun bizia nolakoa den ulertzen joan gaitezen, parabolen bidez hitz egingo digu. Berri Ona entzutea bakarrik ez da nahikoa; onartzera eta fruitu ematera deituak gara. Horrelaxe bakarrik erantzungo diogu Jainkoak guregan pentsatuta eginda daukan egitasmoari. Eukaristian bilduz, nahiz eta gu nekatuta eta gogorik gabe egon, bere arnasez eta Hitzez gu laguntzeko beti prest dagoen Jainkoaren presentzia ospatu nahi dugu.

Bizi izatera, bizitza zaintzera eta banatzera deitzen digun Jainkoarekin bat egiteko prestatzen gara. Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakituria 12, 13. 16-19

Itun zaharreko jakintsuak, historia begi berriekin ikusten du, bere gogoan erabiltzen du eta bizitzarako ondorenak ateratzen ditu. Atzerantz begiratuz, errukiaren eta zuzentasunaren oinarria den Jainkoaren eramapena ikusten du. Jainko hau gainera ulerkorra da eta bihotz-berritzen den bekatariari bere barkamena eskaintzen dio. Jakintsuaren arabera, Jainko harrigarri horrek, gizakia gizaeraz jantzirik, bere antzeko egiten du. Onar dezagun bere gogoeta hau.


2. irakurgaia: Erromatarrei 8, 26-27

Paulo apostoluak, kristau bizitzan Espiritu Santuak daukan garrantzia eta eragina gogoratzen digu. Gure ahultasunean Espiritua lagun dugu eta otoitz egiten erakusten digu, behar duguna eskatzen jakin dezagun. Gure bizia bere eskuetan dago. Guretzat lagungarri izan daiteken apostoluaren gogoeta hau onartzen dugu.


Ebanjelioa: Mateo 13, 24-43

Parabolen bidez, bere biziaz hasi berria den Erreinuaren berritasuna aurkezten jarraitzen du Jesusek. Kimu berri bezala agertzen zaigu; mostaza hazia eta legamiaren antzera, gauza txikia da, baina historian errotu da eta guztia eraldatuko duen indarra darama barruan, eta hazkunde hori inork ezin du gelditu. Jesusek dakarren Erreinuaren indarra eta ahultasuna hortxe daude. Adi egon gaitezen.

Jainko herriaren otoitza

Apaltasunez eta konfiantzaz Jainko Aita-Amagana joten dugu, gure premiak eta gizadiaren premiak aurkeztuz.

1.- Elizako kide garan guztion alde: besteak epaitzeko tentaldian ez gaitezen erori eta Jainkoaren maitasunaren eta errukiaren lekuko izaten saia gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gizon eta emakume legelarien alde: Jainkoaren zuzentasuna eta gizaki guztien berdintasuna bila dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Elizan ministeritzaren bat betetzen dutenen alde: beren eginkizuna bihotz onez eta errukitsuz bete dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Oporraldian, gizakien arteko harremanak sendotu eta gure arteko elkarrizketak bultzatuz, Jainkoak gizadi osoarekin pentsatuta daukan bizi egitasmoa egi bihurtzen joan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen elkartu garan guztion alde: azalera begiratu gabe, pertsona bakoitzak daukan barrua ikusi eta Jainkoak hor barruan egin dezaken lana erraztu eta onar dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALKARTEKO OINAZEEN AURKEZPENA

(Elkarteko arduradunak egiten du. Gaixoen, adinekoen eta premia batzuen aurkezpen laburra. Aurretik prestatuta eduki)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jaun eta Aita-Ama: gure elkarteko oinaze eta premia batzuk aurkeztu nahi dizkizut. Zuk onberatasunez onartu ditzazun zure Seme Jesukristoren oinazeen ondoan ipini nahi ditugu. Besteen zauriak ikusi eta sendatzeko hurbiltasuna eskatzen dizugu; samariar onaren antzera, bide bazterrean aurkitzen ditugun zaurituengana hurbiltzen jakin dezagula.


MEDIKAMENTU BATEN AURKEZPENA

(Medizina kutxarekin nahikoa da. Ahal dela osasun arloan lana egiten duan batek aurkezten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, errukiaren ezaugarri izan nahi duen medizina hau dakarkizut; kristau elkartearen ezaugarri on bat da errukia. Hori nahi dugu: besteentzat medizina bizkorgarria bihurtu. Besteen zauriak sendatuko dituzten gantzu eta olio izan. Besteen arazoak arinduko dituzten entzuteko gaitasuna izan. Zure Seme Jesukristok egiten zuen antzera egin nahi genuke: lehen Berak, eta orain gure bitartez sendatzen jarraitu.


KIMATZEKO GURAIZEN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek kimatzeko guraizeak aurkezten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Nik kimatzeko guraize hauek dakarzkizut, Jauna. Denok dakigu zertarako diren. Alperrik dagoena kenduz, bizi berria eta indartsuagoa sortzen da. Zure Seme Jesukristorekin bat eginez, guri ere kimaketa ordua iritsiko zaigula dakigu: bizteko hil beharra daukagu. Kimatzeak, Jesukristori lotuago egoten, berak hasitakoa jarraitzen eta Berarekin bat egiten lagun diezagula.


MUSIKA KASKOEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gazteok, musika entzuteko asko erabiltzen ditugun kasko hauek dakarzkizut, Jauna. Bata bestearengandik aldentzen gaituenez, bakardadearen ezaugarri dira. Gaurko gizaki askoren arazo gisa aurkezten dizkizugu. Bakardadea, laguntasunaz konpon daitekeenez gero, konpromiso hori geureganatu nahi dugu: besteen ondoan egotea eta laguntzea.

Agurra

Senideok: Jainkoaren Erreinuak egi bihurtzen joateko gizon emakumeon lanarekin kontatzen du. Gure bizitzak, gure konpromezuak, gure giza eta politika ekintzak, Erreinu horrekin zerikusia dute. Jainkoa lanean dabil ore barruan, historiaren bihotzean, eta ez giza errealitatetik aparte. Legamia ore barruan sartzen denean, Erreinuaren hasiera da. Gure gizartean, munduaren bihotzean legamia sartu ezik gizarte hau ez da jaikiko eta ez da Erreinua izango. Munduaren bihotzean gizadiaren legami izan! Jesusekin bete, berari jarraitu eta jarraitzen lagundu. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Bedeinkatua Zu, Aita-Ama, zeru lurren Jauna,
zure erreinuko misterioak jende apalari erakutsi baitizkiozu”




Maisuak bere ikasleak eskolatzen jarraitzen du. Aurreko igandetako gaia jarraituz, Jesusek Jainkoaren Erreinuaren egiazkotasuna aurkezten jarraitzen du, eguneroko bizitza edo baserri giroko adibide errazak erabiliz: garia/ologaiztoaren, mostaza hazia, edo orean ipinitako legamia.

Argi dago JAINKOAREN ERREINUA biziaz beterik dagoela. Baina erreinu berri horren fruituak (gaurko ebanjelioan “garia” agertu zaigu) eta galtzeko diren fruituak (gaur, “ologaiztoa”) nahastean datoz. Gehiago oraindik; gure ingurura begiratu eta bakoitza “bere lekuan” ipintzeko tentaldian erortzeko arriskua dugu: ni/gu gari garbia gara; besteak, “ologaiztoa” dira. Eta zirt edo zart egiteko gogoak eraginda, ebanjelioan agertu den bezala, hor goaz “ologaiztoa” ateratzera. Hori da gure jokatzeko era. Baina Jainkoarena bestelakoa da: beti errespetatzen du.

Pertsonak (pelikuletan bezala) “onak” eta “txarrak” sailkatzeko daukagun ohituraren aurrean, Jainkoaren Hitzak errespetu bat eskatzen digu; batez ere, nirekin bat datorren guztia “on” bezala hartzeko eta beste guztia “gaizto” bezala. Jesusen jarrera ITXAROTEA eta benetan MAITATZEA da. Zertarako? Pertsona bakoitzak osotasunean bizitzeko bidea aurki dezan (= zoriontasuna). Eta aholku bat ematen digu: guregan ere bi egoerak ematen diren ezkero, Jainkoaren soroa galtzen duen ologaiztoa ez gaitezen izan, beti zain egon gaitezela. Horregatik, gonbidapena egunero Ebanjeliora BIHURTZEA da.

Zoriontsuak EREITEN dutenak eta ERAMANPENEZ itxaron,
Jainkoaren antzekoak izango dira!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Utzi biak batera hazten uztaroa iritsi bitartean"

(Mt 13, 30)

 

 


bidean@bidean.net
orue